31. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldaketa eskaera bat onartzen baita Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana; gero, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zen, eta gerora, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1537/2011 Ebazpenaren bidez aldatu zen; azkenik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.

2020ko abenduaren 21ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hiru hondakin sartzeko, honako LER kode hauekin:

–160117: Ibilgailuen burdin piezen errefusei dagokie.

–200133*: Gehienbat langileen etxeetatik ekarriak diren eta Ecopilas fundazioarekin hitzartutakoaren arabera kudeatzen diren bateria eta metagailuei dagokie.

–200134: 200133 kodean zehaztutakoen bestelakoak diren bateria eta metagailuei dagokie (aipatu kodean gehienbat langileen etxeetatik ekarriak diren eta Ecopilas fundazioarekin hitzartutakoaren arabera kudeatzen direnak biltzen dira).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onartzea Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2201070