252. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

9/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat eta hura arautuko duten oinarriak onesten baitira Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 1 zenbakiarekin identifikatutako lanpostua (gizarte lana) merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

Aurrekariak:

1. 2021eko abenduaren 30ean indarrean sartu zen 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena. Lege horrek administrazio publikoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu berezi bat gaitu du, eta haren aurreikuspenak aplikagarriak zaizkio Fundazioari, zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

2. Abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren xedapen gehigarriak ezartzen du salbuespenezko deialdi bat egin behar dela, lehiaketa sistemaren bidez, aurrekontu-zuzkidura duten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazetarako.

3. Bestetik, lege testu beraren zortzigarren xedapen gehigarriak berariaz xedatzen du honako hau:

"Modu gehigarri batean, seigarren xedapen gehigarrian adierazitako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte egiturazko plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik".

4. Baldintza horiek betetzen direnez Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 1 zenbakiarekin identifikatutako lanpostuan (gizarte lana), Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioko zuzendari kudeatzaileak, bere ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DU:

1. Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 1 zenbakiarekin identifikatutako lanpostua (gizarte lana) lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

2. Oposizio-lehiaketaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzailea, Cristina Iribarren Gasca.

DEIALDIA, MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO GIZARTE LANEKO ETA GIZARTE HEZKUNTZAKO LANPOSTU BAT, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI LAGUNTZA EMATEKO NAFARROAKO FUNDAZIO PUBLIKOAREN (FUNDAPA) ZERBITZURAKO, ENPLEGU PUBLIKOAN DAGOEN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO PREMIAZKO NEURRIEN ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEAN XEDATUTAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAREN BARNEAN

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea gizarte laneko eta gizarte hezkuntzako lanpostu bat, lan-araubidekoa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren (FUNDAPA) zerbitzurako, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 legean xedatutako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.

Prozesua gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Deialdi honen ondorioz hautatzen diren pertsonei lan-araubideko kontratu mugagabea eginen zaie, probaldia gainditu ondoren, zeinaren gehieneko iraupena Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluak ezartzen baitu.

Lanpostuko ordainsariak indarreko hitzarmenean finkatutakoak izanen dira.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, une bakoitzean indarrean den hitzarmen kolektiboan ezarritakoa betez.

1.2. Deitutako lanpostua da Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 1 zenbakiarekin identifikatutakoa.

2.–Baldintzak.

2.1. Hautapen-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, eta aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontideenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako diplomadun edo gradudun titulu unibertsitarioa edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ez aritzea deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan.

2.2. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, eta izendapenerako proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte, deialdiaren 7. oinarrian zehaztutako epean eta moduan; salbuespen bakarra 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioa izanen da, hori deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko da Fundazioaren bulegoetan (Abejeras kalea 1, behea, atzealdea, Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, 10 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidearen eredua Nafarroako Aldizkari Ofizialaren webgunetik hartu behar da (https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_MERITOS_E.pdf).

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.2.1. Nortasun agiri nazionalaren, gidabaimenaren edo pasaportearen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia.

3.2.2. Izena emateko eskubideengatik 25 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa ordaintzeko, ordainketa edo banku transferentzia egiten ahalko da Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren kontu zenbaki honetan: ES25 2100 5340 5922 0008 7742. Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

–Kontzeptua: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako tituludunaren merezimendu-lehiaketaren deialdia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Tasa ordaintzetik salbuesteko, eskabidearekin batera eta dagokionaren arabera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Dagokion enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, non agertu behar baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Desgaitasuna aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek eskatzea. Hala bada, eskabide bat aurkeztu beharko dute, eskatutako egokitzapenak justifikatzeko egokitzat jotzen duten dokumentazioa erantsita. Eskabide horren eredua Fundazioaren webgunetik hartu behar da (www.fundapa.org), zehazki, webguneko iragarki-taulan ("Tablón") egonen den deialdi honi buruzko ataletik.

3.2.3. Egindako zerbitzuen ziurtagiria, administrazio publikoetako organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira emandako zerbitzuak, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Berariaz adierazi beharko dira honako hauek: lanpostuaren izena, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

Ez da beharrezkoa aurkeztea ez Fundazioan egindako zerbitzuen ziurtagiririk, ezta hartan sartzeko prozesu bat lanposturik eskuratu gabe gainditu izanaren ziurtagiririk ere.

3.2.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Fundazioaren patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadin Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) eta Fundazioaren iragarki-taulan.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 7 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Fundazioaren patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadin Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) eta Fundazioaren iragarki-taulan.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Cristina Iribarren Gasca, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzailea.

Ordezko epaimahaiburua: Olga Sala López, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea.

Epaimahaikidea: Isabel Zamora Aznar, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko gizarte langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Oroz García, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako gizarte langilea.

Epaimahaikide-idazkaria: Estefanía Urrutia Ayesa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko legelaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Alba Fernández García, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak (merezimendu-lehiaketa).

Hautapen-prozesuak fase bakar bat izanen du, alegatutako merezimenduen baloraziokoa, eta irizpide hauen arabera eginen da:

1. Merezimendu profesionalak (gehienez 30 puntu).

Deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:

–Deialdi honen xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–Beste lanpostu batean egindako zerbitzuak, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–Deialdi honen xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

–Deialdi honen xedeko lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 7 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

–Deialdi honen xedeko lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan: 3 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei.

Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 40 puntukoa izanen da.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, ebatziko dira Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren zerbitzura, deialdi honen xedeko lanpostu berean, denbora gehien egin dutenen alde.

Epaimahaiak Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko du egiaztatutako merezimenduen behin-behineko balorazioa, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek balorazioen gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

7.–Behin betiko balorazioa eta betebeharrak frogatzea.

Erreklamazioak egiteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak Fundazioaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko du behin betiko balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta zerrenda hori Fundazioaren patronatuko buruari igorriko dio, puntuazio handiena duen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Aipatu proposamena Fundazioaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da.

Proposatutako pertsonak, proposamena argitaratzen denetik 7 egun balioduneko epean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dio Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioari:

1. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

2. Deialdi honetan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua.

3. Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dela izan eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4. Gizarte Segurantzako zenbakia.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

Izendapenak eta kontratua sinatzeak nominako eta plantillako langileen izaera emanen diote izendatutakoari, eta aplikatu beharreko araubide juridikotik datozen eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

Lantokia dagoen herritik kanpo bizitzeak ez du inolako konpentsaziorik ekarriko lantokira joateagatik.

Kontratua sinatzen ez duen izangaiak galdu eginen ditu lan-araubideko langile finko izateko eskubide guztiak eta, kasu horretan, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den izangaiari deituko zaio.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Fundazioaren iragarki-taulan eta webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko da.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren patronatura zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Fundazioaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Iragarkiaren kodea: F2216434