252. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2335/2022 EBAZPENA, 2022ko azaroaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat (B maila) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko.

19/2022 Foru Legeak, 2022ko uztailaren 1ekoak, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako administrazio publikoetan gauzatzeko neurriak ezartzen ditu –2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa–.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2022ko irailaren 23an hartutako erabaki baten bidez, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatzeko neurriak ezarri zituen –2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa–. Erabakian espresuki arautuak ez dauden alderdi guztietarako, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan ezarria dagoena aplikatuko da, lege horri atxiki baitzaio Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Erabaki horretan adierazitakoa administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan eskaintza jakin batzuetan sartuak dauden lanpostuei aplikatu behar zaie –beheragoko zerrendako lan eskaintzetan daudenei– baldin eta lehenago ez bada egin lanpostu horietarako deialdirik edo deialdia egin eta ebazpena eman arren lanpostuak bete ez badira. Lan eskaintza horiek 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legean, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan eta enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean jasotako aurreikuspenak aplikatzeko onetsi ziren.

–2019rako lan publikoaren eskaintza, 2019ko abenduaren 13ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (2019ko abenduaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–C eta D mailei dagokien lan publikoaren eskaintza, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatzearen ondoriozkoa eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan ezarritako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko abenduaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2022ko maiatzaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Erabakiak xedatzen du egonkortze-prozesuan sartzen diren lanpostuak hornitzeko deialdia oposizio-lehiaketa bidezkoa izanen dela, salbuespen bakar honekin: enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aditzera emandako baldintzak betetzen dituzten lanpostuak. Bestetik, oposizio-lehiaketa bidezko prozedura horiek arautzen ditu, eta haien lehiaketa-faseari aplikatu beharreko merezimenduen baremoa finkatzen.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostu hori III. eranskinean dago zehaztua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat (B maila) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 22an.–Joaquín Romero Roldán, Kudeatzailea.

OL-KO KUDEAKETARI IZATEKO LANPOSTU BAT (B MAILA) OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1.–Deialdi honen helburua Unibertsitate Publikoko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat (funtzionarioen araubidekoa eta B mailakoa) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzea da. Oinarri hauen III. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, hartarako betebeharrak eta destinoa.

1.2.–Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.3.–2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1.–Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: gradua, diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.2.–Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3.–Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2.–Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.3.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

c) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

4.–Tasa.

4.1.–Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "OLko kudeaketaria, oposizio-lehiaketa" identifikazioa agertuko dira.

4.2.–Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3.–Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4.–Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzeko aginduko du.

5.2.–Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3.–Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira lehiaketatik.

5.4.–Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara daitezela aginduko du.

5.5.–Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6.–Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

6.3.–Epaimahai kalifikatzailea hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahai kalifikatzailearen osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5.–Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6.–Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7.–Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahai kalifikatzailearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

7.1.–Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

7.2.–Oposizio-fasea eta balorazioa.

7.2.1.–Oposizio-fasea 2023ko azarotik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2.2.–Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.3.–Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.4.–Oposizio-fasea baztertzailea izanen da. Oposizio-fasea osatzen duten probak ez dira baztertzaileak izanen. Oposizio-fasea gainditzeko, 30 puntu lortu behar dira.

7.2.5.–Probak.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.5.1.–Lehenbiziko proba:

Gai zerrendako parte orokorreko eta espezifikoko gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Nota = Erantzun zuzenak –

Akatsak

k - 1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez ere.

7.2.5.2.–Bigarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira.

Baliteke proba hau ordenagailuz egin behar izatea, Microsoft Officeko tresnekin, soluzioa txosten, taula, grafiko eta/edo aurkezpen grafikoen formarekin aurkezteko.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; 3 ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez ere.

7.2.5.3.–Hirugarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko ariketa praktikoak egin beharko dira.

Baliteke proba hau ordenagailuz egin behar izatea, Microsoft Officeko tresnekin, soluzioa txosten, taula, grafiko eta/edo aurkezpen grafikoen formarekin aurkezteko.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, proba egiteko zenbat denbora izanen den; lau ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez ere.

7.2.5.5.–Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.2.6.–Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahai kalifikatzaileak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

7.2.7.–Epaimahai kalifikatzaileak, oposizioa bukaturik, fasea gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

7.3.–Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

7.4.–Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

7.4.1.–Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizioa gainditu duten izangai guztiek, epaimahaiak ezarritako epean, modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharra dago, helbide elektroniko honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako zerbitzuak, epaimahaiari helaraziko baitzaizkio barema ditzan.

7.4.2.–Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

7.4.3.–Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

7.4.4.–Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahaiak izangaiei.

7.4.5.–Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

7.4.6.–Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.

8.–Azken puntuazioa.

8.1.–Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

8.2.–Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak iraunez gero, II. eranskineko merezimenduen baremoaren b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da, eta, puntuazio bera badute, a) apartatuan puntuazio handiena duenaren alde; irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahaiak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

8.3.–Lehiaketa-fasea eta oposizio-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

9.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

9.1.–Epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

9.2.–Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

e) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua.

f) Alegatutako merezimenduak eta baldintzak egiaztatzen dituzten gainerako agirien jatorrizko dokumentuak edo haien kopia konpultsatuak.

9.3.–Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

9.4.–Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

9.5.–Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1.–Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, OLko kudeaketari lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.

10.2.–Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.

10.3.–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza.

Egun horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4.–Izangaia funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

10.5.–Aurreko apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1.–Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira prozeduran parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Prozesua gainditu ez dutenen zerrenda. Lehenbiziko proban gehieneko puntuazioaren erdira ailegatzen direnak sartuko dira zerrendan.

Zerrenda horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko hautaketa-prozedura baten ondorioz eratzen diren kontrataziorako izangaien zerrenda indardunak osatzeko aplikatuko dira.

11.2.–Zerrendako ordena erabakitzerakoan, kontuan hartuko da nor ailegatu den proba gehiagotan gehieneko puntuazioaren erdira. Berdinketarik baldin badago, gehieneko puntuazioaren erdira iritsitako probetan lortutako puntuazioaren batura hartuko da aintzat zerrendako ordena erabakitzerakoan. Berdinketak iraunen balu, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketa-kasuetarako ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

11.3.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gaiak

Parte Orokorra.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

4. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio publikoen arteko harreman elektronikoak.

5. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

6. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

7. gaia.–Ikerketa-emaitzen komunikazioa eta dibulgazioa. Sarbide irekiko politikak. Open Science eta Open Data. Deialdi publikoetan finantzatutako proiektu eta jarduerak betetzeko betebeharrak.

8. gaia.–Administrazio Publikoak Digitalizatzeko 2021-2025 Plana.

9. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

10. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

11. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

12. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

13. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.

Parte Espezifikoa.

14. gaia.–Irakasle eta ikertzaileak: motak. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa; sarbidea; ordainsariak; bateraezintasunak.

15. gaia.–Unibertsitate publikoetako kontratupeko irakasle eta ikertzaileak: kontratazio modalitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen banakako merezimenduei dagozkien ordainsari gehigarriak. Plantilla antolatzeko jarraibideak.

16. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua: langile funtzionarioen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzeko eta galtzeko prozesua; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak.

17. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua: lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak finkatzeko parte-hartzea Lanpostuak betetzeko prozesua eta Langileen opor, lizentzia eta baimenen araubidea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

18. gaia.–Gizarte Segurantzaren araubide orokorra: aplikazio eremua; afiliazioa, altak eta bajak. MUFACE eta klase pasiboak: babes ekintza; prestazioen kontzeptua eta motak.

19. gaia.–Gizarte Segurantzaren araubide orokorra: aldi baterako ezintasuna; jaiotza eta adingabearen zaintza; erantzunkidetasuna haurtxoaren zaintzan; ezintasun iraunkorra.

20. gaia.–Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kotizazioa. Kotizazio agiriak. Oinarriak eta tasak: behartutako subjektuak, gerorapenak Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kuoten ordainketan.

21. gaia.–Ikerketarako Estatu Agentzia. Sorrera. Misioa, helburuak eta eginkizunak. Kide anitzeko organoak. Dibisioak.

22. gaia.–Kontratupeko ikerketa: kostuen eta kontraprestazioen kalkulua; konfidentzialtasuna; emaitzen jabetza eta ustiaketa. Esparru normatiboa eta haren arauketa NUPen.

23. gaia.–Nafarroako Gobernuaren I+G-rako laguntza-programak (I). Deialdi eta ekimen nagusiak.

24. gaia.–Gastuen hautagarritasuna ikerketa-proiektu eta -jardueretan. Hautagarritasunaren kontzeptua eta arau orokorrak. Gastuen hautagarritasuna Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-jardueretan.

25. gaia.–Elkarlanean egindako ikerketa. Partzuergoko erabakiak. Finantzaketa. Aldez aurreko ezagutza. Emaitzen jabetza, erabilera eta ustiaketa. Elkarlanean egindako proiektuen kudeaketaren oinarriak.

26. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuak finantzatzeko deialdi publiko nagusiak: IP, UIP, Nafarroako Gobernua, NUPeko barne laguntzak, doktoretza aurreko kontratuak finantzatzeko beste europar deialdi batzuk.

27. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-institutuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuen Araudia.

28. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-katedrak. Araudia. Garatzen dituzten jarduera motak eta jarduera horien kudeaketa.

29. gaia.–Ikertzailearen Europar Gutuna eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodea. Ikertzaileentzako Giza Baliabideen estrategia (HRS4R) eta HR Excellence in Research aitorpena. OTMR (Open Transparent and Merit Based Recruitment) ikertzaileak kontratatzeko praktikak.

30. gaia.–2/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 13koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa. Atariko titulua. I., II. eta III. tituluak. Xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena. Eranskinak.

31. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

32. gaia.–640/2021 Errege Dekretua, 2021eko uztailaren 27koa, unibertsitateak eta unibertsitate ikastegiak sortu, aitortu, baimendu eta instituzionalki egiaztatzen dituena.

33. gaia.–822/2021 Errege Dekretua, 2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena.

34. gaia.–99/2011 Errege Dekretua, 2011ko urtarrilaren 28koa, Doktoretzako Ikasketa Ofizialak arautzen dituena.

35. gaia.–11/2019 Foru Legea, 2019ko martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzkoa.

36. gaia.–21/2005 Foru Legea, 2005eko abenduaren 29koa, politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa.

37. gaia.–Mugikortasuna: NUPeko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia.

38. gaia.–Erasmus+ programa: egitura; programa gauzatzen duten erakundeak; parte-hartzaileak; herrialde onargarriak. Erasmus+ emaitzen plataforma.

39. gaia.–Erasmus + programaren 1. eta 2. ekintza giltzarriak. Goi mailako hezkuntza-erakundeetako ikasle eta langileentzako mugikortasun proiektuak. Lankidetzarako elkarteak. Erasmus Mundus ekintza.

40. gaia.–5/2001 Foru Legea, Nafarroako Garapenerako Lankidetzari buruzkoa.

41. gaia.–822/2021 Errege Dekretua, 2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena. Unibertsitateko ikasketen antolamendua: graduak, unibertsitate masterrak eta doktoretzak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen curriculumeko egitura espezifikoak eta kalitatea ziurtatzeko prozedurak.

42. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak ezartzeko eta iraungitzeko prozeduren arauak. Graduko eta masterreko tituluak ezartzea eta iraungitzea. Graduko eta masterreko ikasketa-planak iraungitzea. Ikasketa-planak egokitzea.

43. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta horien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak. Ikasketa-planen diseinua. Tituluak egiaztatzeko memoriak prestatzea eta aldatzea.

44. gaia.–NUPeko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa ofizialak antolatzeko jarraibideak. Prestakuntza-jardueren tipologia eta irakasgaien profilak. Irakaskuntza-programazioa. Irakaskuntza-mandatua.

45. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana. Irakaskuntza-, ikerketa- eta kudeaketa-jarduerak. Jarduera akademikoa aitortzeko prozedura.

46. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak. Egutegiak. Irakaskuntzaren antolamendua. Ikasleen kategoriak eta arduraldia. Sarbidea eta onarpena masterreko ikasketetan. Matrikula.

47. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudia. Onartua izateko prozedurak: ikasketak hasteko, Espainiako ikasketak parte batean aldatzeko, unibertsitateko atzerriko ikasketez aldatzeko.

48. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulazioak eta doktoretza programak: tituluen eskaintza, sartzeko bideak eta ikaspostu mugak. Ikasketak uztea eta berriz hastea. Ikasketetan irauteari buruzko arauak.

49. gaia.–Doktoretza-ikasketak eta irakaskuntza berekiak NUPen: arauak.

50. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ebaluazio prozesuen arauak. Printzipio orokorrak. Kalifikazio sistemak. Ebaluazio sistema. Ebaluazio prozesuak. Ebaluazio jardueren garapena eta plangintza. Komunikazioa, kalifikazioak berrikustea eta erreklamazioak. Iruzurrezko bitartekoak erabiltzea.

51. gaia.–Kanpoko praktikak eta Ikasketa Amaierako Lanak. Ikasteko bekak eta laguntzak.

52. gaia.–Unibertsitateko tituluak: ofizialak eta berekiak. Titulu ofizialak ematea. Atzerriko tituluen homologazioa, baliokidetza eta baliozkotzea.

53. gaia.–Kredituak aitortzea eta transferitzea: unibertsitate ikasketengatik, Lanbide Heziketako ikasketengatik eta esperientzia profesionalarengatik. Unibertsitate zabalpena eta haren kredituak aitortzea.

54. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirol-jarduera eta -instalazioen funtzionamendurako arau orokorrak. 933/2008 Ebazpena, 2008ko apirilaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Gobernu Kontseiluaren 2008ko apirilaren 24ko erabakia argitaratzeko agintzen duena. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 65. zk., 2008ko maiatzaren 26koa.

55. gaia.–971/2007 Errege Dekretua, 2007ko uztailaren 13koa, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoa: definizioak, kondizio hori eskuratzeko eta egiaztatzeko baldintzak eta balorazio-irizpideak. 9/2012 Foru Dekretua, 2012ko otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Goi Mailako Kirolariaren Arautegia (Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 8ko Erabakia).

56. gaia.–Espainiako unibertsitate txapelketak. Espainiako Unibertsitate Txapelketen 2022ko Arautegi Orokorra.

57. gaia.–15/2001 Foru Legea, 2001eko uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa. Kirola Nafarroan. Oinarrizko printzipioak. Kirol politikaren helburuak. Kirol jarduerak: oinarrizko kontzeptuak, tipologia eta sustapena.

58. gaia.–Nafarroako erabilera publikoko kirol instalazioak arautzea eta kirol instalazioak planifikatzea Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean. Nafarroako Kirol Instalazioen Errolda. 38/2009 Foru Dekretua, 2009ko apirilaren 20koa, kirol-instalazio eta -ekipamenduen oinarrizko betekizunak eta segurtasun neurriak arautzen dituena: xedapen orokorrak eta kirol instalazioen eta ekipamenduen oinarrizko betekizunak.

59. gaia.–Unibertsitate zabalpena Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Kultura eta dibulgazio zientifikoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kultura Zientifikoaren Unitatea. FECYTen Kultura Zientifikoaren Unitateen eta Berrikuntzakoen Liburu Zuria (2021). NUPen Kultura Zientifikoaren Unitatearen jarduera-ildoak eta programak.

60. gaia.–Unibertsitateen ondare artistikoa eta zientifikoa. Eskuratzea, katalogatzea, kontserbatzea eta zabaltzea.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak deialdia argitaratzen den egunera arte, 30 puntu gehienez, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste lanpostu batzuetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

3. Deialdiaren xede den lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,6 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

4. Beste lanpostu batzuetan beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,3 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

–30 puntukoa izanen da gehienez ere a) apartatuari dagokion puntuazioa.

–Langileak emandako zerbitzuak aldi baterako erlazio bakoitza hasi zen egunetik amaitu arte hartuko dira kontuan, lanaldiaren ehunekoa edozein izanik ere.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian aritu bada, egiatan bete duen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan egoera horretan egindako aldiak.

Izangaia beste motibo batzuengatiko zerbitzu berezietako egoeran edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari izan bada, egoera horretara sartzean izangaiak zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan aldi horiek.

–Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

b) Bestelako merezimenduak, 10 puntu gehienez ere:

1.–Deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana baina lanposturik lortu gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 7 puntu.

2.–Hizkuntzak, 3 puntu gehienez ere:

i. Frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

ii. Ingelesa jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 1,5 puntu gehienez ere.

iii. Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 2,5 puntu gehienez ere.

Oharrak 2. apartatuari buruz:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa lortuko du aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzean.

Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

–Euskara merezimendu gisa baloratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako "urrats" bakoitzari gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen zaio.

III. ERANSKINA

OLko kudeaketari izateko lanpostuak (B maila)

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZA

HERRIA

LANALDIA

613

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA

FUNTZIONARIOA

IRUÑEA

GOIZEZ

Iragarkiaren kodea: F2216334