252. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

8/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat eta hura arautuko duten oinarriak onesten baitira Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 6 zenbakiarekin identifikatutako lanpostua (gizarte lana) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Aurrekariak

1. 2021eko abenduaren 30ean indarrean sartu zen 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena. Lege horrek administrazio publikoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu berezi bat gaitu du, eta haren aurreikuspenak aplikagarriak zaizkio Fundazioari, zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

2. 20/2021 Legearen bigarren artikuluak ezartzen du deialdi bat egin behar dela, oposizio-lehiaketa bidez, aurrekontu-zuzkidura duten eta 2020ko abenduaren 31a baino lehenagoko hiru urteetan, gutxienez, aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazetarako.

3. Baldintza horiek betetzen direnez Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 6 zenbakiarekin identifikatutako lanpostuan (gizarte lana), Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioko zuzendari kudeatzaileak, bere ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DU

1. Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 6 zenbakiarekin identifikatutako lanpostua (gizarte lana) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

2. Oposizio-lehiaketaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzailea, Cristina Iribarren Gasca.

DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO GIZARTE LANEKO ETA GIZARTE HEZKUNTZAKO LANPOSTU BAT, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI LAGUNTZA EMATEKO NAFARROAKO FUNDAZIO PUBLIKOAREN (FUNDAPA) ZERBITZURAKO, ENPLEGU PUBLIKOAN DAGOEN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO PREMIAZKO NEURRIEN ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEAN XEDATUTAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO ETA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAREN BARNEAN

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea gizarte laneko eta gizarte hezkuntzako lanpostu bat, lan-araubidekoa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren (FUNDAPA) zerbitzurako, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 legean xedatutako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.

Prozesua gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Deialdi honen ondorioz hautatzen den pertsonari lan-araubideko kontratu mugagabea eginen zaio, probaldia gainditu ondoren, zeinaren gehieneko iraupena Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluak ezartzen baitu.

Lanpostuko ordainsariak indarreko hitzarmenean finkatutakoak izanen dira.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, une bakoitzean indarrean den hitzarmen kolektiboan ezarritakoa betez.

Era berean, deialdi honen xedea da kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea hautaketa-prozesua gainditu arren lanpostua lortzen ez duten hautagaiekin. Zerrenda horrek 5 urteko indarraldia izanen du.

1.2. Deitutako lanpostua da Fundazioaren 2021. urteko jardueraren oroitidazkian 6 zenbakiarekin identifikatutakoa.

2.–Baldintzak.

2.1. Hautapen-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, eta aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontideenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako diplomadun edo gradudun titulu unibertsitarioa edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ez aritzea deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan.

2.2. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, eta izendapenerako proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte, deialdiaren 7. oinarrian zehaztutako epean eta moduan; salbuespen bakarra 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioa izanen da, hori deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko da Fundazioaren bulegoetan (Abejeras kalea 1, behea, atzealdea, Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, 10 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidearen eredua Nafarroako Aldizkari Ofizialaren webgunetik hartu behar da: https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_OPOSICION_E.pdf

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.2.1. Nortasun agiri nazionalaren, gidabaimenaren edo pasaportearen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia.

3.2.2. Izena emateko eskubideengatik 25 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa ordaintzeko, ordainketa edo banku transferentzia egiten ahalko da Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren kontu zenbaki honetan: ES25 2100 5340 5922 0008 7742. Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

–Kontzeptua: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako tituludunaren oposizio-lehiaketaren deialdia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Tasa ordaintzetik salbuesteko, eskabidearekin batera eta dagokionaren arabera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Dagokion enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, non agertu behar baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Desgaitasuna aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek eskatzea. Hala bada, eskabide bat aurkeztu beharko dute, eskatutako egokitzapenak justifikatzeko egokitzat jotzen duten dokumentazioa erantsita. Eskabide horren eredua Fundazioaren webgunetik hartu behar da (www.fundapa.org), zehazki, webguneko iragarki-taulan ("Tablón") egonen den deialdi honi buruzko ataletik.

3.2.3. Egindako zerbitzuen ziurtagiria, administrazio publikoetako organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira emandako zerbitzuak, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Berariaz adierazi beharko dira honako hauek: lanpostuaren izena, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

Ez da beharrezkoa aurkeztea ez Fundazioan egindako zerbitzuen ziurtagiririk, ezta hartan sartzeko prozesu bat lanposturik eskuratu gabe gainditu izanaren ziurtagiririk ere.

3.2.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Fundazioaren patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadin Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) eta Fundazioaren iragarki-taulan.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 7 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Fundazioaren patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadin Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) eta Fundazioaren iragarki-taulan.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Cristina Iribarren Gasca, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko zuzendari kudeatzailea.

Ordezko epaimahaiburua: Olga Sala López, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea.

Epaimahaikidea: Isabel Zamora Aznar, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko gizarte langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Oroz García, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako gizarte langilea.

Epaimahaikide-idazkaria: Estefanía Urrutia Ayesa, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoko legelaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Alba Fernández García, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

6.1. Hautapen-prozesuak bi fase izanen ditu, lehenbizi oposizioaldia eta ondoren lehiaketaldia. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da proba egiteko tokia, eguna eta ordua. Proba 2023ko otsailetik aurrera izanen da.

Oposizioko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioaldia:

6.2.1. Oposizioko probak oinarri honetan adierazitakoak izanen dira, 6.2.3 puntuan adierazitako ordenan eginen dira, eta deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendan adierazitako gaiei buruzkoak izanen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.2.2. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.

6.2.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

a) Lehenbiziko proba.

Proba teorikoa izanen da, eta bertan test motako galderak erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko hiru aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzenaren balioaren erdia kenduko da.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

b) Bigarren proba.

Proba teoriko-praktikoa izanen da. Deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiekin loturiko galdera eta kasu praktikoak proposatuko ditu epaimahaiak, eta horiek garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei hura egiteko.

Ariketa hori egiteko ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere; bolaluma urdin edo beltza baino ez.

Bigarren ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Oposizioko proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

6.2.4. Oposizioaldia ez da baztertzailea izanen.

6.2.5. Proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek balorazioen gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Lehiaketaldian, kalifikazio epaimahaiak baloratuko ditu lehiatzaileek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:

1. Merezimendu profesionalak (gehienez 30 puntu).

Deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:

• Deialdi honen xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

• Beste lanpostu batean egindako zerbitzuak, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

• Deialdi honen xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).

• Deialdi honen xedeko lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoan: 7 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

• Deialdi honen xedeko lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan: 3 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei.

6.3.2. Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 40 puntukoa izanen da.

6.3.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.3.4. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, ebatziko dira oposizioaldian puntu gehien dutenen alde, eta, berdinketak jarraitzen badu, 6.3.1 oinarriaren a) atalean (merezimendu profesionalak) puntuazio handiena duenaren alde.

6.3.6. Epaimahaiak Fundazioaren webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko du egiaztatutako merezimenduen behin-behineko balorazioa, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek balorazioen gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta betebeharrak frogatzea.

Probak bukatu ondoren, kalifikazio epaimahaiak Fundazioaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, prozesuan lortutako kalifikazioekin, eta zerrenda hori Fundazioaren patronatuko buruari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Aipatu proposamena Fundazioaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko dira oposizioaldiko bigarren proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde.

Proposatutako izangaiek, proposamena argitaratzen denetik 7 egun balioduneko epean, dokumentazio hau aurkeztu beharko diote Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioari:

1. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

2. Deialdi honetan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua.

3. Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dela izan eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4. Gizarte Segurantzako zenbakia.

Ezarritako epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

Izendapenak eta kontratua sinatzeak nominako eta plantillako langileen izaera emanen die izendatutakoei, eta aplikatu beharreko araubide juridikotik datozen eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte.

Lantokia dagoen herritik kanpo bizitzeak ez du inolako konpentsaziorik ekarriko lantokira joateagatik.

Hautatutako pertsonek probaldia gainditzen ez badute, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den izangaiari deituko zaio.

Kontratua sinatzen ez duen izangaiak galdu eginen ditu lan-araubideko langile finko izateko eskubide guztiak eta, kasu horretan, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den izangaiari deituko zaio.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Fundazioaren iragarki-taulan eta webgunean (www.fundapa.org) argitaratuko da.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratuko da prozesuko probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten pertsonekin.

Prozesuan lortutako puntuaziorik handienak zehaztuko du aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien hurrenkera.

Langileak kontratatzeko izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei aitortzen zaienik deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; oinarri horren arabera frogatu beharko dituzte. Soilik deitzen zaien pertsonek frogatu beharko dituzte agirien bidez baldintza horiek.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira eskatzen diren baldintzak, eta, orobat, prozesua gauzatu bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

10.2. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntza Emateko Nafarroako Fundazio Publikoaren patronatura zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Fundazioaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–New Yorkeko Hitzarmena.

2.–Kode Zibila. XI. titulua: desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko neurriak. XII. titulua: xedapen komunak.

3.–Prozedura Zibilaren Legea. I. titulua: I. kapitulua (xedapen komunak) eta II. titulua (desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko neurri judizialak hartzeari buruzko prozesuak).

4.–Borondatezko Jurisdikzioaren Legea. II. titulua: III bis kapitulua, IV. kapitulua eta VIII. kapitulua.

5.–Nafarroako Osasun Mentalaren Plana (2019-2023). 5.3.1 puntua (Osasun mentaleko baliabide sanitarioen sarea); 5.3.2 puntua (Nahasmendu mental larria duten pertsonei arreta emateko baliabide sozial eta soziosanitario espezializatuen sarea) eta 5.4 puntua (Nafarroako osasun mentaleko sareko laguntza jarduera). Osasun Mentalaren Planaren helburuak.

5.–Nafarroako Desgaitasun Plana (2019-2025). Esparru estrategikoa eta jarduera eremuak.

6.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2019-2023). Nafarroako gizarte zerbitzuetatik espero diren misioa, ikuspegia eta balio erantsiak. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikorako funtsezko gaiak. Ildo estrategikoak. Aginte koadroa. Jarduketa estrategikoak.

7.–197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa. Honen bidez arautzen da zer prozedura eta familiako egoera baloratzeko zer baremo aplikatuko diren adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenak artatzeko egoitza plazetara sartzeko.

8.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua (I., II., III. eta IV. kapituluak).

9.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera baloratzeko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena.

10.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena. Artikuluak eta azken xedapenak. Helduentzako prestazio bermatuen eta bermatu gabeen identifikazioa.

11.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan. I. titulua; II. titulua (I. kapitulua); V. titulua; I. eranskina eta IV. eranskina.

12.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Atariko titulua eta I. titulua.

13.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena: atariko titulua; I. titulua; II. titulua eta III. titulua. 26/2028 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa: I. kapitulua; II. kapitulua eta III. kapitulua (1. ataletik 4. atalera bitarte, biak barne).

14.–8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Gizarte Segurantzaren babes-jarduna (xedapen orokorrak) eta VI. titulua (I. eta II. kapituluak).

15.–476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

16.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezartzen duena eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzen dituena.

17.–Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa: I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulutik IV. titulura bitarte, biak barne.

18.–Lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan (Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarearen dokumentuak).

19.–Bizi kalitatearen eredua (Schalock eta Verdugo). Kontzeptua, dimentsioak, adierazleak.

20.–Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea. Esku-hartzearen estrategiak eta teknikak: elkarrizketa eta etxean bisitak egitea (T. Rosesell eta P. Rodríguez; K. Cazorla eta J. Fernández).

21.–Arreta integralaren eta pertsonarengan zentratutako arretaren eredua (Pilares Fundazioa; Pilar Rodríguez Rodríguez).

22.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte hezkuntzaren kode deontologikoa.

Iragarkiaren kodea: F2216435