214. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

939E/2022 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Joluga haize parkearen eta horri lotutako energia ateratzeko azpiegituren proiektuaren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena. Green Capital Power SLUk sustatzen du proiektua Eslaba eta Ezporogi udal-mugarteetan.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedurari ekitea eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskatzea.

1.1. Aurretiazko jarduketak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluarekin bat, 2019ko otsailaren 4an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Green Capital Power SLU enpresak aurkeztutako eskaera bat bidali zion Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta ingurumen organo horri eskatu ingurumen eraginaren irismeneko dokumentua egin zezala proiektu hauetarako: Joluga haize parkea, Joluga haize parkeko 30/66 kV-eko transformazio azpiestazioa eta Joluga haize parkearen energia ateratzeko 66 kV-eko goi tentsioko linea elektrikoa. 2019ko otsailaren 18an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak dokumentazioa zuzentzeko errekerimendu bat bidali zion Green Capital Power SLUri, eta eskatu zion aurkez zitzala Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluko b) eta c) apartatuak, ingurumen eraginaren irismeneko dokumentua egiteko beharrezkoak baitira. 2019ko ekainaren 6an, eskatutako dokumentazioa jaso zen, eta 2019ko ekainaren 14an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion sustatzaileari, 34. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. 2019ko urriaren 24an, ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren berri eman zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, eta irismeneko txostena helarazi zitzaion sustatzaileari, egindako kontsultei emandako erantzunekin batera. Ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira kontsultatu ziren erakundeak, erantzun zuten erakundeak eta egindako irismeneko dokumentuaren laburpena.

1.2. Jendaurreko informazioa eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa (2021eko otsailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 32. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen II. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz. Jasotako alegazioak eta txostenak sustatzaileari igorri zizkion organo substantiboak, azter zitzan. Horren ondorioz, sustatzaileak zenbait aldaketa egin zituen proiektuan, eta dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen.

Sustatzaileak proiektuan eta ingurumen eraginaren azterketan sartu ondoren jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidearen ondoriozko aldaketak, eta Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren beste izapide bat egin (2021eko urriaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 239. zk.), eta kontsulta berriak helarazi zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei –ebazpen honen II. eranskinean bildutakoei–.

1.3. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera.

2022ko martxoaren 13an, Green Capital Power SLk aldatutako aurreproiektua eta Joluga haize parkearen ingurumen eraginaren azterketa bateratua aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko martxoaren 21ean dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskariz aurkeztutako proiektuak zenbait aldaketa eta murrizketa barne hartzen ditu, 2021eko urrian jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko bigarren prozeduran aurkeztutako proiektuari dagokionez. Aldaketa horiek, funtsean, hauek dira: haize parkeko haize-sorgailuen kopurua murriztea, eta energia ateratzeko goi tentsioko linearen aireko tartearen luzera murriztea eta, ondorioz, lurpeko tartea handitzea. Haize parkearen eta goi tentsioko linearen aurreproiektu aldatuekin batera, proiektuan sartutako aldaketen laburpen dokumentu bat aurkeztu da, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foruaren 10. artikuluaren arabera, bai eta ingurumen eraginaren azterketa (IEA) bateratua eta aldatutako aurreproiektuek sortutako eraginen beste azterketa eta balorazio bat ere; eragin horiek, hain zuzen, jatorrizko aurreproiektuetan bezain handiak edo txikiagoak dira.

Beste ingurumen eragin adierazgarririk ez dagoenez, hasieran aurreikusitakoez gain, aldatutako aurreproiektuen ingurumen eraginaren ebaluazioari dagokion izapidea hasi da.

2.–Proiektuaren laburpena.

2.1. Joluga haize parkearen oinarrizko proiektuaren aldaketen laburpena, bigarren kontsulta izapidearen xede den proiektuari dagokionez.

Lehenik eta behin, murriztu egin da posizio kopurua: 132 m-ko diametroko errotorea eta 114 m-ko altuerako abatza zuten 10 haize-sorgailu zeuden, eta 155 m-ko diametroko errotorea eta 105 m-ko altuerako abatza zuten 5 haize-sorgailu. Palen ekorketa osoaren azalera 13,68 ha izatetik 9,43 ha izatera igaro da. Palak muntatzeko, "just in time" estrategia aukeratu da; horrela, palak pilatzeko azalera kenduko da haize-sorgailuak muntatzeko plataformetatik, eta palen pilaketa aldi baterako azalera komun batean bateratuko da. 5 posizio kendu direnez, murriztu eginen da bai bideen luzera (1.300 m) bai zangena (2.000 m), eta, era berean, lur erauzketa, betelan eta bide zoru gutxiago eginen dira.

Bestalde, energia ateratzeko goi tentsioko aireko linearen 11. euskarriaren kokapena aldatu da, aztarnategi arkeologiko bati kalterik ez egiteko, eta 26. euskarria aldatu, Aragoiko Donejakue bidetik aldentzeko (euskarriaren altuera halako hiruko tartea utzi da). Energia ateratzeko linea elektrikoaren azken zatia ere aldatu da, eta airekoa izatetik lurpekoa izatera pasatu da: 27. eta 32. zenbakien arteko euskarriak kendu dira, eta aireko linea 26. euskarrian amaitzen da.

2.2. Proiektuaren deskribapena.

Joluga haize parkearen proiektuak 5 haize sorgailu ditu Eslaba eta Ezporogi udal-mugarteetan, 155 m-ko diametroko errotorekoak eta 105 m-ko altuerako abatzekoak.

Ezarri nahi diren haize-sorgailuen kokapena ondorengo taulan zehazten da (UTM koordenatuak: ETRS89, 30 N ardatza):

ID

UTM (ETRS89, 30 N ardatza)

X

Y

Z

J-01

627.864,00

4.715.531,00

854,20

J-02

627.368,00

4.715.596,00

845,50

J-03

626.952,00

4.715.747,00

853,30

J-04

626.357,00

4.716.008,00

856,30

J-05

625.583,00

4.716.678,00

823,00

Parkerako sarbidea NA-132 Lizarra-Tafalla-Zangoza foru errepidetik abiatuta proposatzen da, Eslabara doan NA-8605 errepidetik sartuz eta 0+150 kilometro-puntuan lotzen den bidea baliatuz. Parkera sartzeko bideak eta barruko bideak lehendik dauden bideen trazadurarekin gainjartzen dira, eta, ondorioz, berregokitu egin beharko dira. 8,3 km bide proiektatu dira, ezaugarri hauekin: gutxienez 6,8 m zabaleko errodadurako plataforma; 20 cm-ko bide zorua, zaborrezko azpioinarriarekin, eta 20 cm-ko zabor-legarra. Horrez gain, malda handieneko eremuetan, hormigoizko sendogarriak jartzea aurreikusten da. Hauek izanen dira bideei lotutako lur mugimenduak:

BIDEAK

NEURKETA

Luzera

8.282,19 m

Hartutako azalera:

103.885,33 m²

–Landare lurra kentzea

25.855,60 m³

Lur erauzketa

76.476,80 m³

Betelanak:

40.103,50 m³

–Lur erauzketa eta betelanak

36.373,30 m³

Bide zoruak:

20.059,20 m³

–ZH

1.283,90 m³

–Oinarria

10.273,90 m³

–Azpioinarria

8.501,40 m³

Halaber, zelaitze-lanak eta egoitzapenekoak eginen dira haize-sorgailuak muntatzeko plataformetan, eta hormigoi armatuzko zapatekin zimendatuko dira. Hauek izanen dira haize parkea muntatzeko plataformei lotutako lur mugimenduak:

PLATAFORMAK

NEURKETA

Hartutako azalera

35.132,13 m²

Belar sastrakak kentzea

10.593,05 m³

–Lur erauzketak:

53.471,35 m³

–Betelanak

27.659,74 m³

–Lur erauzketa eta betelanak

25.811,61 m³

Bide zoruak:

3.008,07 m³

–Oinarria

1.493,83 m³

–Azpioinarria

1.514,24 m³

Hauek izanen dira zimenduekin lotutako lur mugimenduak:

ZIMENDUAK

NEURKETA

Putzua induskatzea:

8.706,66 m³

–Betetze materiala

5.688,21 m³

–Hormigoia

3.020,45 m³

–Zapata

2.898,84 m³

–Idulkia

121,61 m³

Altzairua

166.600,00 kg

Horrez gain, obren fasean, aldi baterako hainbat zelai garbitu eta berdinduko dira, etxolak egiteko (23 x 30 m), materialak pilatzeko (110 x 35 m) eta palak pilatzeko (175 x 85 m).

120,9 m-ko altuerako dorre iraunkor autosostengatu bat instalatzea aurreikusten da, baliabide eolikoa neurtzeko.

Haize-sorgailuak erdi tentsioko zirkuitu elektrikoen sare kolektore batek lotuko ditu, eta zangetan lurperatuta igaroko dira, haize parkearen eta neurketa dorreko komunikazioetarako eta kontrolerako kableatuarekin batera. Zangek 3.598 m-ko luzera izanen dute, eta bideekiko paraleloan joanen dira.

Sortutako energia erdi tentsioko lurpeko sarearen bidez (30 kV) jasotzen da, Joluga haize parkeko azpiestazio elektriko eraldatzailean jasotzen da (AEE HP Joluga 30/66 kV), eta hortik aireko eta lurpeko linea elektriko bidez hustuko da ebakitze zentroraino (EZ Joluga 66 kV). Energia ateratzeko linearen lehen zatia zirkuitu bakuneko aireko linea da, 26 euskarri ditu eta 9,20 km luze da; bigarren zatia lurpekoa da, eta 2,86 km luze da. Ebakitze zentroan ere sarrera/irteera eginen da, lurpeko 40,5 metroko tarte batean, Iberdrolaren jabetzakoa den Zangoza-Cordovilla 66 kV-ko linea elektrikoaren 307. euskarriraino (aireko eta lurpeko bihurketa linea). Linea hori Zangozako AEEraino doa, parkean sortutako energiaren azken entrega puntua baita.

Instalazioa bere balio-bizitzaren amaierara iristen bada eta eguneratu ezin bada, eraitsi eginen dira haize-sorgailuak, energia ateratzeko azpiegiturak, eraikinak, sarbideak eta proiektua osatzen duten gainerako elementu osagarriak. Horiek eraisteko eta lurrak lehengoratzeko egin beharreko lanak eraispen proiektu batean bilduko dira, eta ingurumenaren arloan eskumena duten organoen txostena beharko da.

3.–Azterketa teknikoa.

a) Aukeren azterketa.

IEA bateratuaren aukeren azterketak hiru aukera aztertzen ditu, zero aukeraz gain. 1. aukerak 10 haize-sorgailu ditu, 114 m-ko altuerako abatzekoak eta 66 m-ko erradioko errotorekoak, 3,7 km baino gehiagoko lerrokaduran. 2. aukerak 5 turbina proposatzen ditu, 105 m-ko altuerako abatzekoak eta 77,5 m-ko erradioko errotorekoak. Aukera horrek lerrokaduratik mendebalderago dauden bi posizioak ezabatzen ditu; tarteko turbinak ere kentzen ditu, eta zenbait posizio mugitu. Horrela, 5 makinako lerrokadura geratzen da, 2,6 km-koa, gutxi gorabehera. 3. aukeran haize-sorgailuen kopuru eta eredu bera erabiltzen da, eta apur bat bakarrik mugitzen dira 2 posizio, lur mugimenduak eta landarediaren gaineko eragina murrizteko. Sustatzaileak irizpide anitzeko azterketa egin du proposatutako aukerei buruz, eta, ingurumenaren ikuspegitik, kontuan hartu ditu faktore abiotikoak, biotikoak, babes figurak, pertzepzioa eta alderdi sozialak. 3. aukera hautatu da, teknikaren eta ingurumenaren ikuspegitik onena delako. Halaber, parkeko azpiestazioa instalatzeko 3 aukera aztertu dira, eta 2.a hautatu da, konexio puntutik hurbilen dagoena delako eta, beraz, lur gutxiago mugitu behar delako.

Energia ateratzeko linearen aukeren azterketa konplexua izan da. IEAren irismeneko dokumentuan (I. eranskina) –ingurumen organo honek egin zuen aurretiazko jarduketen fasean– adierazi zen Oibarko gaina airetik zeharkatzen zuen energia ateratzeko linearen hasierako diseinuak arriskuan jartzen zuela proiektuaren ingurumen bideragarritasuna. Sustatzaileak teknikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarriak diren hiru aukera aztertu zituen IEA bateratuan, guztiak 66 kV-ko tentsio nominalean. 1. aukera goi tentsioko aireko linea bat da; 55 euskarri ditu eta 11.004,88 metro luze da. 2. aukeran, trazadura aldatzen da, Oibarko gaina saihesteko, eta zati bat lurperatzen da. Aireko bi zati geratzen dira (10.168,08 m luze eta 32 euskarri), eta lurpeko zati bat (1.835,50 m). Hautatutako aukera, 3.a, egokiena da faktore teknikoen, ingurumenekoen eta sozialen irizpide anitzeko azterketaren arabera. 3. aukera 66 kV-ko goi tentsioko aireko eta lurpeko linea batek definitzen du, 2. aukeraren trazadura berean; hala ere, lehen zatia 9.195,65 m luze da, eta azken zatia –2.195,65 m– lurpean dago.

b) Proiektuaren eragin nagusien azterketa.

IEAn detektatutako eragin nagusiak eraikuntza fasekoak dira, eta airearekin, lurzoruarekin eta hidrologiarekin daude lotuta. Horrez gain, florak eta faunak ere jasanen dituzte eraginak, bai eta paisaiak ere.

–Airearen kalitatea eta soinuak: Eraikuntza fasean, solido eta gasak isuriko dira atmosferara, obra zibilaren ondorioz. IEAk hainbat prebentzio neurri aurreikusten ditu ondorioak arintzeko, eta bateragarritzat jotzen du hondar eragina. Sustatzaileak ezarri beharreko turbinaren ereduak ustiapen fasean sortutako soinu presioaren igoeraren modelizazioa egin du, eta ondorioztatu du eragin ez adierazgarria aurreikusten dela, haize-sorgailuek biziguneetan sortzen duten soinu immisio txikia dela eta. Emisioak, gainera, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak zehaztutako mugen barruan daude beti (135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, soinua edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri dituena).

IEAk ekidin diren CO2 emisioei buruzko datuak aurkeztu ditu,maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluaren arabera. Haren bidez arautzen da Nafarroako haize parkeetarako baimena. Eraikuntza fasean 271 tona CO2 baliokideko karbono aztarna kalkulatzen da,(tCO2eq) eta 3.131 tCO2eq karbono hustubideak mozteagatik. Funtzionamendu fasean, balio-bizitza osoan, 15 tCO2eq isurtzea aurreikusten da, parkea ustiatu eta mantentzeagatik, eta 18.640 tCO2eq aurreztea, ekidindako emisio gisa. Eraiste fasean, egungo teknologia kontuan hartuta, aurreikusten da 289 tCO2eq isurtzea.

–Lurzorua, lurpea eta geodibertsitatea: Parkeko eraikuntza elementuek 198.971,49 m²-ko lurzorua okupatzea aurreikusten da, aldi baterako okupazioak barne. Okupazioaz gain, honako eragin hauek detektatu dira: lur mugimenduen ondorioz higadura arriskua areagotzea, eta makinen joan-etorrien eta balizko isurketen ondorioz, lurzoruen kalitatea trinkotu eta aldatzea. Proiektuaren diseinuan, lurren balantzea ahalik eta gehien konpentsatzen da, eta ezpondak 2H:1V maldan jartzen dira, bai lur erauzketetan, bai lubetetan, higadura ahalmena murrizteko eta landareztatzea errazteko. IEAk prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk proposatzen ditu, Ingurumena Lehengoratzeko Plana barne, hondar eragina murrizteko; eta, hain zuzen ere, neurrizkotzat jotzen da higadura arriskuak areagotzeko eta lurzorua trinkotzeko, eta bateragarria da lurzoruaren kalitatea aldatzeko.

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa elkarteak jendaurreko lehen informazio prozesuan alegatu duenez, proiektuak lur erauzketetatik datozen soberakinen lur mugimendu izugarria sortuko du, eta adierazi du, orduan aurkeztutako IEAn, ez direla baloratzen jarduketa horren ondorioak. Sustatzaileak jakinarazi duenez, aurreproiektuak ez du exekuzio proiektu baten azterlan topografiko eta geotekniko baten xehetasun-mailarik. Orain hautatutako aukeran, ukitutako lurren bolumenak nabarmen murrizten dira 10 haize-sorgailuk osatutakoarekin alderatuta.

–Hidrologia: Eragin handiena Elkea edo Lergabidea sakanekiko paraleloan doan sarbidea egitean sortuko da. Lehen zatian, gurutzatu egiten du, eta ibilguarekiko paraleloan igarotzen da, lehendik dagoen mendiko bide zabal batetik. Ibilbide horretan, eremu batzuetan, oztoporik gabeko azalerak behar dira bidearen bi aldeetan, eta horren ondorioz, beharbada, ibaiertzeko landaredia kendu beharko da. Aurrerago, sarbideak ibilgua gurutzatzen du berriro, aurretik biderik ez duen puntu batean. Goi tentsioko lineak ere hainbat gurutzaketa ditu ibilgu publikoekin. Aireko trazaduran ez da aurreikusten zortasunek ukitutako ibilguari edo eremuei zuzenean eragiten dien elementurik instalatzea. Santa Cilia sakaneko azken gurutzaketa lurpean eginen da, lehendik dagoen bidean zehar.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (EKH) egin beharreko jarduketen berri eman du, eta zenbait baldintza tekniko helarazi ditu; baldintza horiek errespetatu egin beharko dira sarbideetako drainatze lanak gauzatzean. Halaber, energia ateratzeko lineak ibilguak gurutzatzean errespetatu behar dituen gutxieneko altuerak eta zortasunak adierazi ditu. Eranskin bat gehitu da, jabari publiko hidraulikoan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak jasotzen dituena. EKH-k jakinarazi du, halaber, materiala pilatzeko plataforma Elkea edo Legarbidea sakanetako 5 metroko zabalerako zortasun-eremuan proiektatzen dela. Sustatzaileak metaketa eremu horren azalera murriztu du aldatutako aurreproiektuan, eta zenbait neurri aringarri jarri ditu sare hidrologikoaren eta uren kalitatearen gaineko eraginak murrizteko. Prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondorengo hondar eragina bateragarritzat jotzen da.

–Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia: Haize-sorgailuak zuhaitzez betetako sastrakadi mediterraneoko eremu batean proiektatzen da, mendilerroko iparraldeko aldean nagusi diren larizio pinuko baso landaketen mugan. Sastrakadia elorri-triskaz, ipuruz eta ezpelez osatua dago, eta zurbeltz oinak eta erkametzak ditu inguruan; zona batzuetan, gainera, zuhaiztiak sortzen dira eta oin garatuak daude. Abeltzaintzari esker, larre mesofitiko eta mesoxerofitikoen azalera irekiagoak sortu dira, eta sastrakadi handiak zein txikiak aurkitzen dira, baita soiluneak ere. Goi tentsioko linea Bizkaia sakaneraino edo Sada ibairaino jaisten da, larizio pinuko baso landaketetatik eta zuhaiztietatik. Aurrerago, lehorreko belar laboreen artean igarotzen da, mahastiz eta olibondoz inguratuta, eta sastrakadiak eta alepo pinuko landaketak ere zeharkatzen ditu. Lurpeko tarteak, funtsean, sastrakadien eta larizio landaketen baso azalerak gurutzatzen ditu; trazadura, baina, lehendik dauden bideetan zehar egiten da. Goi tentsioko aireko lineak (GTAL) ere ibai formazioak gurutzatzen ditu. Makal beltzez, zurzuriz, lizar hostotxikiz eta sahatsez beteta daude, eta GTALren eraikuntzaren eta zortasun-eremuko mantentze-lanen eraginak jasateko arriskua dute. Gurutzagune horiek Bizkaia sakanean edo Zare ibaian daude, Las Viñas sakanaren eta Teresianas sakanaren edo Balora errekaren arteko elkargunearen ondoan, eta La Plana edo Bizkaia sakanen bidegurutzean.

IEAk Baldellia ranunculoides (L.) Parl. espeziearen presentziari buruzko informazio bibliografikoa biltzen du. Espezie hori, hain zuzen, espezie ahul gisa katalogatuta dago Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoan (94/1997 Foru Dekretua). Sustatzaileak egindako landa prospekzioan ez da identifikatu babes bereziko erregimenean dauden espezie basatien zerrendetan edo arriskuan dauden estatu mailako edo erkidego mailako espezieen katalogoetan sartutako flora-espezierik. Sustatzaileak prospekzio botaniko bat egitea aurreikusten du, espezie babestuak identifikatzeko eta horien eragina saihesteko.

Espainiako Baso Maparen oinarri kartografikoaren arabera dagoen landaredia kartografiatu du IEAk, landa eremuan egindako prospekzio botanikoarekin batera. Baso unitateak, baso landaketak, sastrakak, zuhaitzik gabeko baso gaineko zuhaitz mosaikoa eta labore gaineko zuhaitzik gabeko mosaikoa identifikatzen dira. Eta, horrez gain, ibaiertzetako azalera txikiak, ur azalerak eta azalera artifizialak. Proiektuko eraikuntza elementu gehienak zuhaitzez betetako lursailetan daude: 17,03 ha basoko zuhaitz unitateetan eta 3,99 ha baso landaketetan. Kalkulu horretan, zuhaitz landarediko unitateak zeharkatzen diren kasuetan GTALren lurgainak ukitutako 8,23 ha sartzen dira.

Europar Batasunaren intereseko habitatei (EBIH) eta lehentasunezko intereseko habitatei (LIH) dagokienez, Ingurumen Eraginaren Atalak (IEA) eta Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak (NEBA) aldez aurreko jarduketen fasean eta kontsulta fasean jakinarazi zuten beharrezkoa zela IEAk azterketa sakon eta kartografiatua egitea, jardun eremuan dauden EBIHen eskala egokian, landaredian eta habitatetan izan daitezkeen eraginak behar bezala kuantifikatzeko. Aurreproiektu bateratuaren IEAk Europar Batasunaren intereseko sei habitat identifikatu ditu, eta sei landaredi unitatetan kartografiatu ditu: larre eta sastrakadi mosaikoa (6210-4090), ezki eta elorri-triska baso azpimediterraneoak (4090), Juniperus spp. ipar-ipuru basoak (5210), erkameztiak (9340), artederretak (9240) eta erkameztiak mosaikoan, ipar-ipuru eta sabina sastrakadiekin (9240-5210). Haize parkeko eraikuntza elementuek EBIHen 11,29 hektareari eragiten diote; bereziki, honako hauei: Juniperus spp. (5,37 ha) sastrakadi zuhaizkarak eta Quercus faginea hariztiak mosaikoan, Juniperus spp. (5,21 ha) sastrakadiekin. Energia ateratzeko lineak EBIHen 6,67 hektareari eragiten dio; bereziki, honako hauei: 9240-5210 habitaten mosaikoak (4,55 ha), erkameztiak (1,57 ha) eta ezki eta elorri-triska basoak (0,97 ha).

Zenbait alde daude 2021eko abuztuko IEAn eta IEA bateratuan aurkeztutako Europar Batasunaren intereseko habitaten kartografien artean, eta ebazpen honen baldintzetan ezartzen denez, beharrezkoa izanen da haize parkea eraikitzean kendutako landare naturalen eta EBIHen benetako azaleraren kartografia xehatua egitea.

IEAk prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk proposatzen ditu, eta, horietan, lanek ukitutako lursailetan landaredia eta fisiografia lehengoratzeko planaren proposamena jasotzen da. Konpentsazio neurri gisa, onura publikoko Los Fayales mendiko zuhaitzak birlandatzea proposatzen da; guztira, zuhaitzik gabeko 7,5 ha-ko azalera. Bigarren informazio publikoan aurkeztutako IEAk proposatzen du 12 ha lehengoratzea 9340 habitata (Quercus ilex eta Q. rotundifolia basoak) lehengoratzeko, ukitutako onura publikoko mendietako basoak lehengoratzeko planaren barruan. Floraren, landarediaren eta Europar Batasunaren intereseko habitaten gaineko azken eragina neurrizkoa da eraikuntza fasean, eta bateragarria ustiapen fasean. Txosten honen proposamen zatian, sustatzaileak kontuan hartu beharko dituen neurriak eta baldintzak biltzen dira, proiektuak landaredian eta EBIHetan duen hondar eragina murrizteko.

–Fauna: IEAk aipatutako faunaren inbentario bibliografikoa egin du proiektuak ukitutako 10 km-ko UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren laukietan. 40 ugaztun espezie, 131 hegazti, 13 narrasti, 10 anfibio, 7 arrain eta 19 ornogabe biltzen ditu.

Eraikuntza fasean, obra zibilaren ondorioz habitatak suntsitu, aldatu eta banatzeagatik faunari eragin diezaioketen kalteak detektatu dira. Eta horrez gain, harrapatzeek eragindako heriotzak eta portaera jarraibideak eta parametro demografikoak aldatzea, gizakien presentziak eta ibilgailuen eta makinen joan-etorriek ukitutako zaratagatik eta eragozpenengatik.

Ustiapen fasean, eragin nagusia fauna hegalaria haize-sorgailuekin eta energia ateratzeko aireko linearekin talka egitearen ondorioz hiltzeko arriskua da. Gainera, baliteke eragozpenak sortzea mantentze-lanetako langileen joan-etorriengatik baita habitata galtzea ere funtzionamenduan dauden azpiegiturek eragindako huts efektuagatik eta hesi efektuagatik.

2021eko otsaileko jendaurreko informazioaren izapidean, hainbat elkartek –besteak beste, Gurelur, Nafarroako Ekologistak Martxan, Ongaiz, SECEMU eta Sustrai Erakuntza– alegatu zuten gabezia metodologiko ugari zeudela abifaunak eta kiropteroek urteko ziklo oso batean espazioaz egin duten erabilerari buruzko azterketan, baita espezie horiekiko eraginen balorazioan ere. Ingurumen Eraginaren Atalak sustatzaileari jakinarazi dio beharrezkoa dela proiektuaren eremuan fauna hegalariak gutxienez urteko ziklo oso batean espazioaz egin duen erabilerari buruzko azterketa egitea, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikulua betez.

Sustatzaileak, 2021eko iraileko aurretiazko administrazio baimenaren eskaeran, hegaztiek eta saguzarrek urteko ziklo oso batean espazioaz egiten duten erabilerari buruzko azterketa espezifikoak aurkeztu zituen. Lan horietan gutxienez 14 kiroptero espezie hauteman ziren, eta guztira 81 hegazti espezie. Era berean, NEBAk Bonelli arranoak eta ugatzak espazioaz egiten duten erabilerari buruzko datuak eman zizkion sustatzaileari. Nafarroako Gobernuak GPS bidez jarraitzen ditu espezie horiek.

Saguzarrei dagokienez, ez da babesleku potentzialik aurkitu haize parkearen ezarpen eremuan. Dena den, iparraldeko gailurrean arrail txiki batzuk daude, baita haritz-orban batzuk ere, eta baliteke bertan espezie fisurikolak eta arborikolak babestea, hurrenez hurren. Interes handieneko eremuak J-01 eta J-02 posizioetatik hurbil dauden idoiak dira. Gailur osoan saguzarren jarduera adierazgarria dago urteko une jakin batzuetan, bereziki ekainean eta abuztuan. Espezie ohikoenak Kuhl pipistrelo (%37), saguzar arrunta (%23), saguzar buztanluzea (%13) eta baratze-saguzarra (%12) dira, eta, horrez gain, hauek dira haize parkeekiko kalteberenak: Hypsugo savii (%4), saguzar mediterraneoa (%3) eta gau-saguzar txikia (%2). Horiek guztiak babes bereziko erregimenean daude, baina katalogatu gabe. IEAk, zuzenketa neurri gisa, proposatzen du haize-sorgailua martxan jartzeko prozesua aldatzea haizea 5 m/s-tik gorakoa denean, eta aldi eta haize-sorgailu jakin batzuetan; eta, zehazki, ingurumen jarraipeneko planean ezarriko da. Kiropteroek haize-sorgailuekin talka egiteagatik edota barotraumagatik izaten dituzten heriotzen hondar eragina neurrizkoa da. Aldatutako aurreproiektutik hautatutako aukeran –2022ko martxoan aurkeztua–, kendu egin dira J-01 eta J-02 posizioak; saguzarrentzat balio handiena duten habitatetatik hurbilen daude, baina eragina, oraindik ere, neurrizkoa da. Prebentzio neurri gisa, III. eranskinean jasotako kiropteroen azterketaren ondorioak kontuan hartzea proposatzen da; besteak beste, haize parkeetan eta eguzki-instalazio fotovoltaikoetan fauna babesteko neurriak ikertzeko eta berritzeko I+G proiektu bat garatzen jarraitzea.

Abifaunak urteko ziklo oso batean espazioaz egiten duen erabilerari buruzko azterketak 15 espezie ertain eta handi erregistratu ditu haize-sorgailuen ezarpen eremuan. Horiek guztiak babes bereziko erregimenean daude. Esaterako, miru gorria, galzoriko espezietzat katalogatua Espezie Basati Mehatxatuen Espainiako Katalogoan. Zingira-mirotza, arrano beltza eta belatz handia, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan espezie ahul gisa katalogatua, eta amiamoko zuria, zapelatz liztorjalea, sai arrea, arrano sugezalea, gabirai arrunta, arrano txikia eta zuhaitz-belatza, interes berezikotzat katalogatuak Nafarroako katalogoan. Urubi arrunta eta hontz ertaina ere aurkitu dira. Azterketak ez ditu aurkitu IEAko faunaren inbentarioan aipatzen diren sai zuria, Bonelli arranoa eta mirotz zuria, ez eta ugatza ere. Espezie horiek guztiak estatu mailako eta autonomia erkidegoko katalogoetan daude sartuta.

Azterketan gehien aurkitu den hegazti handia kurrilo arrunta da (890 ale), baina ez da ohikoena, migrazioan zehar 4 aldiz ikusi baita. Espezie hori kenduta, tamaina handiko hegazti ugariena sai arrea da, 229 aldiz ikusi baita (%48,6, n = 470), eta, ondoren, zapelatza arrunta (73 aldiz ikusia; %15,5), belatz gorria (41 aldiz ikusia; %8,7) eta miru gorria (31 aldiz ikusia; %6,6). Arrano beltza 12 aldiz ikusi da (%2,5), zingira-mirotza 8 aldiz (%1,7), eta belatz handia, behin (%0,2). Aztertutako eremuan ikusitako tamaina ertain edo handiko hegaztien hegaldi altuerei dagokienez, %73,3k (n = 1.361) palen altueraren gainetik egiten zuten hegan (> 185 m); %14,3k altuera baxuan (< 43 m), eta gainerako %11,6ak tarteko altueran (43-185 m). Azken horiek talka egiteko arrisku handia dute. Azterketa eremuan, arrano beltza 7 aldiz ikusi zen (%58,3) tarteko altueran hegan egiten; 3 aldiz (%25,0) altuera baxuan, eta 2 aldiz (%16,7) altuera altuan. Sai arreak tarteko 95 hegaldi izan zituen (% 41,5); 53 baxu (%23,1), eta 81 altu (%35,4). Miru gorriak 9 hegaldi izan zituen (%29,0); 18 baxu (% 58,1), eta 4 altu (%12,9). Zingira-mirotzak altuera baxuan egin zituen hegaldi guztiak (8; %100), eta belatz handiak altuera altuan egin zuen bere hegaldi bakarra (%100). Arriskutsutzat jotzen diren hegaldi altueren ehuneko handiena izan zuen hegaztia zuhaitz-belatza izan zen, 3 aldiz ikusi baitzen (%60,0).

Sai arreak proiektatutako haize-sorgailuen kokalekuren baten gainetik egin zuen hegaldien %11,4a (26 arrisku egoera, n = 229). Zapelatz arruntak arrisku egoeran zeuden hegaldien %9,6 erregistratu zuen (73tik 7); belatz gorriak, %7,3 (41etik 3), eta miru gorriak, %6,5 (31tik 2). Arrano beltzak, zingira-mirotzak eta belatz handiak ez zuten hegaldirik erregistratu proiektatutako kokalekuetan, ez eta amiamoko zuriak, apelatz liztorjaleak eta arrano sugezaleak ere. Arrisku egoera gehien izan zituzten hegaztiak hauek izan ziren: zuhaitz-belatza (5 behaketako 2 egoera; %40,0), arrano txikia (10etik 2; %20,0) eta gabirai arrunta (25etik 4; %16,0).

Guztira, tamaina ertain eta handiko hegaztien 47 hegaldi detektatu dira haize-sorgailuen kokalekuetan. 9 hegaldi J-07 haize-sorgailuaren posizioan izan dira; 7 J-03 posizioan, eta 6 J-06 eta J-10 posizioetan. J-04 posizioan ez zen arrisku egoerarik antzeman. Aztertutako kokapenak bat datoz IEA bateratuko 10 haize-sorgailuren aukerarekin: 1. aukera.

NEBAk espazioaren erabilerari buruzko datuak eman dizkio sustatzaileari, kernel dentsitatearen analisi moduan; zehazki, Arbaiun-Leireko (ES0000482) eta Caparretako (ES0000151) HBBen eremuetako Bonelli arranoen eta ugatzen GPS geolokalizatzaileek erregistratutako kokapenei buruzkoak. Espedientearen azterketa teknikoa egin bitartean, ingurumen organo honek NEBAri eskatu dio ale horiek espazioaz egiten duten erabilerari buruzko informazio eguneratua eman diezaion.

Irrati ekipamendua duen Caparretako HBBko ugatzak (Ohian) bi kokaleku erregistratu ditu (n = 26.515) parkeko poligonalaren barruan. Bizi eremuaren barruan dago (kernel %90), eta larreratze eremutik kanpo (kernel %75). Abifaunaren azterketa egitean, lurralde unitateko beste alea, Úrsula, Galipentzun eta Lergan ikusi da, aztertutako eremutik 5 km hegoaldera.

Bonelli arranoari dagokionez, irrati ekipamendua duten Caparretako HBBko aleek modu aktiboan hautatutako eremu bat dute (kernel %75), Zare eta Ageza arteko eremu bat barne hartzen duena, lerrokaduratik 3 km ekialdera. Arbaiun-Leireko HBB-ko aleek eta Caparretakoek modu aktiboan hautatzen dute Santa Cilia-Salajones eta Burdisibar-Borda gaina gailurrerien arteko eremua, energia ateratzeko linearen azken trazaduraren eremuan.

Martxan dauden haize parkeen ingurumen jarraipenean lortutako hilkortasun datuak islatzen ditu IEAk. Parke horiek aurreikusitako proiektutik 20 km-ko erradioan daude. Aztertutako 615 haize-sorgailutan 3.805 hegazti eta saguzar aurkitu dira hilda.

Sustatzailea garatzen ari den I+G neurri batzuk proposatzen dira haize parkeko hegazti eta saguzarrengan duen eragina murrizteko, bai eta horien eraginak behar bezala ebaluatzeko ere. Abifaunaren hilkortasunagatiko hondar eragina larritzat jotzen da. Haize-sorgailuak bost posiziotan jartzeko aukera proposatu ondoren –IEA bateratuan hautatu da–, haize-sorgailuen funtzionamenduak eragindako hilkortasun eragina tartekotzat jotzen da.

IEAk abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruzko azterketa bat egin du, energia ateratzeko linea elektrikoak eragindako talkak/elektrokuzioak talde horri eragiten dion kaltea ebaluatzeko. Orotara 1.164 kontaktu izan dituzte 66 espeziek. Talken edo elektrokuzioen ondoriozko hiltzeko arrisku handiena duten tamaina handiko espezieak sai arrea eta miru gorria dira. Sai arrearendako gune gatazkatsuenak Albar gainaren edo Santa Cilia gainaren eta Burdisibar edo Burisibarren arteko bidegurutzean dauden aireko tarteak dira. Miru gorria aztertutako eremu osoan aritzen da, batez ere udazkenean eta neguan. Aztore-arranoaren espazioaren erabilerari buruzko datuek joera-eremu bat erakusten dute energia ateratzeko linearen azken trazaduraren inguruan. Azterlanak gomendatzen du trazadura Oibarko mendatetik ez igarotzea eta San Babil ingurutik –Santa Zilia eta Burdisibar artean– perpendikularrean ez gurutzatzea. Aireko energia ateratzeko linean izandako talka edo elektrokuzioen ondorioz hil diren hegaztien tasaren eragina larritzat jotzen da.

Espazioaren erabileraren lanean aztertutako trazadura IEA bateratuaren 1. aukerari dagokiona da. Goi tentsioko aireko linea horrek 55 euskarri ditu eta 11.004,88 metro luze da, eta Oibar/Santa Zilia eta Burdisibar gainak zeharkatzen ditu airetik. Hautatutako aukerak ekialdera desbideratzen du aireko trazadura, 19. euskarritik Zaraitzuko errege altxonbidearen eta Aragoiko Donejakue bidearen arteko bidegurutzera, eta handik lurpera sartzen da. Hala, ez da igarotzen abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruzko azterketan adierazitako eremu gatazkatsuetatik. Aukera horren eragina tartekotzat jotzen da IEA bateratuan.

Ustiapen fasean korridore ekologikoak edo migrazio ibilbideak zatitzeari eta funtzionalitatea galtzeari dagokionez, IEAk proiektuaren kokapena aztertzen du, WWF-Espainiak 2016an egindako konektibitate ekologikoaren sareari dagokionez, eta bateragarritzat jotzen du faktore horien gaineko eragina. IEA bateratuak haize-sorgailuen kopurua, kokapena eta horien arteko bereizketa hartzen ditu kontuan, hautatutako aukerako posizioak murriztu ondoren, eta ondorioztatu du iragazkortasuna handitzen duela eta espezieen desplazamenduen gaineko eragina murrizten duela.

–Naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko naturagune babestuak: Ebaluatutako proiektua Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen eta Natura 2000 Sareko eremu babestuen mugetatik kanpo dago.

Jendaurrean jartzeko faseetan, Tuterako Ekologistak Martxan taldeak eta Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan taldeak alegatu dute IEAk ez dituela garatu Natura 2000 Sareko espazioen arteko konektibitatearen gaineko ondorioak, ez eta espazio horien kudeaketa planetan jasotako funtsezko elementuen gaineko eragina ere. Ildo beretik doa Sustrai Erakuntza Fundazioa ere: azpimarratu du 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua osorik garatu behar dela, proiektuak Natura 2000 Sarean izanen dituen ondorioen ebaluazio egokiari dagokionez.

92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua honen bitartez egokitu zen Espainiako ordenamendu juridikora: Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikulua. Artikulu hori, era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.1 artikuluan garatzen da, planak, programak eta proiektuak Natura 2000 Sareko espazioen espezie, habitat eta kontserbazio helburuetan izanen dituzten ondorioen ebaluazio egokia egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeari dagokionez.

2021eko otsaileko kontsulta fasean, NEBAk eta IEAk jakinarazi zuten beharrezkoa zela IEAk proiektuak Natura 2000 Sareko espazioen arteko konektibitatean edo jarraitutasun ekologikoan zer ondorio eragiten dituen aztertzea, eta berariazko apartatu bat egin zuten, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.1 artikuluaren eta VI. eranskinaren A.8 zatiaren arabera. Bertan, proiektuak Natura 2000 Sareko guneak izendatzeko arrazoi diren habitaten eta espezieen gainean dituen ondorioak eta Kudeaketa Planean zehaztutako kontserbazio helburuak identifikatu, kuantifikatu eta baloratzen dira.

2021eko urrian jendaurrean jarritako IEAk II. eranskina du, Natura 2000 Sarearen gaineko eraginen azterketarekin. Natura 2000 Sareko eremu babesturik hurbilena Orbaibarko mendiak KBEa da (3,56 km), eta hurbilen dagoen HBBa, Kaparretakoa (6,80 km). 10 km-ko bufer batean muga hauek daude: Aragoi ibaiaren erdiko tartea KBEa (6,21 km); Itzaga HBB/KBEa (8,88 km); Arbaiun-Leireko HBBa eta Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila KBEa (10,10 km), eta Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai sistema KBEa (10,51 km).

Azterketak Natura 2000 Sareko guneen kontserbazio helburuak eta funtsezko elementuak identifikatzen ditu, baita proiektuaren faseetan eragina izan dezaketen ekintzak ere. Eraikitze fasean, identifikatu eta ez adierazgarritzat jo dira kutsatzaileen emisioak ingurune biotikoan eta atmosferan izan ditzakeen eraginak, zarata eta beste kutsatzaile batzuen igorpenak faunan izan ditzakeen eraginak, ingurune edafikoan eta ingurune hidrikoan izan daitezkeen eraginak eta landaredia kentzearen ondorioz habitatak suntsitu daitezkeenak.

Ustiapen fasean, ukitutako Natura 2000 Sareko guneak deklaratzeko arrazoi diren espezieen gaineko ondorioak ebaluatu dira, eta identifikatu eta eragin larritzat hartu da haize parkearen presentziaren eta funtzionamenduaren ondorioz faunako espezie garrantzitsuek habitataren balioa galtzea eta/edo balio hori narriatzea; halaber, eragin bateragarritzat jo da korridore ekologikoen/migrazio ibilbideen funtzionaltasuna zatikatzea eta galtzea. Ikerketak ondorioztatu du hondar eragin larria jasaten dutela ustiapen fasean dauden inguruko HBBek, aztore-arranoari eta ugatzari eragiten dielako, eta hondar eragina bateragarria dela KBEetan.

IEA bateratuak apartatu batean aztertzen ditu Natura 2000 Sareko espazioen kontserbazioko funtsezko elementuen gaineko ondorioak, eta eragin potentzialak eta hondar eraginak ebaluatzen ditu. Ustiapen faseko eragina identifikatu da, sortutako hesi efektuaren ondoriozko eragozpenei, hilkortasun arriskuari eta konektibitate galerari dagokiena, eta bateragarritzat jo da.

–Paisaia: IEAko paisaiaren azterketak guneko paisaia unitateak deskribatzen ditu, Paisaiaren Espainiako Inbentariotik lortutako informazioaren arabera. Haren ezaugarriak aztertzen dira, kalitatearen, ikusgarritasunaren eta hauskortasunaren arabera. Azterketaren helburu nagusia da proiektatutako azpiegituren ikuserraztasuna edo ikusgarritasuna aztertzea. Ez da egin gunean aintzat hartutako paisaia unitateen kalitatearen eta hauskortasunaren ezaugarririk edo deskribapenik. Paisaia eragina baloratzeko fasean, kaltea eragiten duten hainbat aldagai hartzen dira kontuan: 1) Arro bisualen azterketa, bai proiektuko haize-sorgailuena, bai 10 km-ko erradioan lehendik eta proiektatuta dauden haize parkeetako haize-sorgailuena (356 haize-sorgailu). 2) Haize parkerako distantzia eta 3) ukitutako paisaiaren kalitate bisuala. Ukitutako paisaiaren kalitate bisuala egiteko, Nafarroako Gobernuaren 2019ko laboreen eta aprobetxamenduen mapako datuen (1.25.000) aldez aurreko birsailkapena hartu da abiapuntutzat. Paisaiaren gaineko eraginaren azken balorazioa tartekoa edo larria da, eta proposatutako zuzenketa neurriak aplikatu ondoren geratzen den hondar eragina, tartekoa.

Ekologistak Martxan taldeko kolektiboek alegatu dutenez, zona hau da Mediterraneoko landaredi naturala duen eta azpiegitura horiez inguratuta egon arren haize-sorgailurik ez duen eremu bakarretako bat. Proiektuak, era berean, Santa Criz aztarnategi arkeologikotik ikus daitekeen paisaiari eraginen lioke. Sustrai Errakuntzak adierazi duenez, paisaia eraginak kalifikazio gorena izan beharko luke, gauzatu beharreko azpiegituren ezaugarriak eta kokapena direla eta; halaber, ez dago ados IEAren paisaia eraginaren balorazioarekin.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak kontsulta fasean ondorioztatu du beharrezkoa dela haize parkeen dimentsioa eta eragin bisuala kontuan hartzea. Horretarako, paisaia azterketa bat egin behar da, eta barne hartu beharko ditu honako hauek: kokalekuaren azterketa, kokatzeko beste aukera batzuk, gertatuko litzatekeen eraldaketaren ebaluazioa eta, ondorioz, horien balizko baimena baloratzeko aukera emanen duten integrazio neurriak.

3. aukera hautatu ondoren (haize-sorgailuen kopurua erdira murriztu da), IEA bateratuak paisaiaren beste azterketa bat jasotzen du. Bertan, zona paisaia unitateen deskribapen orokorra egiten da; proiektuaren arro bisuala zehaztu eta ezaugarritzen da; ukitutako paisaiaren ahultasun edo kalteberatasun bisuala aztertzen da, batez besteko hauskortasunarekin ezaugarrituta, eta paisaiaren kalitatea aintzat hartzen da. Kategorizazio bat ere egiten da, kalitate bisuala eta xurgatzeko gaitasuna integratuta, eta ondorioztatzen da paisaiak kalitate ertaina/altua eta ikusmen xurgapen aldakorra duela. Ondoren, proiektatutako azpiegituren, haize parkearen eta GTALren ikusgarritasuna aztertzen du azterketak, eta martxan eta sustapenean dauden haize parkeen, parke fotovoltaikoen eta linea elektrikoen etorkizuneko ikusgarritasunarekin integratzen du. Ondorioztatzen denez, gaur egun Joluga haize parkearen arro bisualean haize-sorgailuren bat ikus daitekeen azalera %88,36 da, eta horrek esan nahi du, gaur egun, azpiegitura horien intrusio bisual oso handia dagoela. Proiektu eoliko eta/edo fotovoltaikoren bat ikusteko moduko azalera %6,91 handitu da aztertutako proiektua gauzatu ondoren. Joluga haize parkearen presentziak intrusioaren ondorioz paisaian eragindako kaltea tartekotzat jotzen da. Zuzenketa neurrien artean, eraikuntzaren ondoren paisaia, ekologia eta estetika lehengoratzeko eta integratzeko plan bat dago, aurreproiektu mailan, aurrekontuan jasotako berariazko neurriekin, eta horiek eraikuntza proiektuan sartuko dira. Obra hasi aurretik, ingurumen organoan proiektu mailako zaharberritze plan xehatu bat aurkeztuko da, IEAn ezarritako neurriak jasoko dituena, organo eskudunak baimendu dezan.

–Mendi publikoak, abelbideak, Donejakue bidea eta kultur ondarea: Haize parkearen eraikuntzak onura publikoko mendien 8,9 hektareari eragiten dio. Eragina bateragarritzat jotzen da, eta zuzenketa neurriak proposatzen dira; konpentsazio neurri gisa, Los Fayales onura publikoko mendiaren 7,5 hektarea basoberritzea, gaur egun belardi den eremu batean.

Oibarko Udalak kalte-ordainak eskatu ditu alegazioan, GTALren eraikuntzak eta zortasunak herri zuraren aprobetxamenduan eragin ditzaketen galera ekonomikoengatik.

Ukitutako administrazio publikoei kontsultak egiteko fasean, Basoak Kudeatzeko Atalak (BKA) administrazio izapideen berri eman zuen, bai eta haize parke horren administrazio izapideekin aurrera jarraituz gero bete beharreko baldintzen berri ere. Espedientearen azterketa teknikoaren fasean, ingurumen organo honek BKAri eskatu dio txostena egin dezan Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legeak babesten dituen baso azaleretan eta onura publikoko mendietan izandako eraginen azterketari buruz, bai eta IEA bateratuan proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriei buruz ere. BKAren txostenen edukia ebazpen honen proposamen zatiko baldintzetan sartzen da.

Hautatutako energia ateratzeko linea elektrikoaren aukerak Murillo el Frutotik Zaraitzurako errege altxonbideari eragiten dio, zehazki, lurpeko zatiari, eta ia paralelismo osoa du abelbidearekin. Hauek dira abelbidean izandako eraginari buruzko datuak:

ELEMENTUA

MOTA

ABELBIDEAREN IZENA

ETRS89 H30

LUZERA

(m)

X

Y

LSAT

Paralelismoaren hasiera

Murillo el Frutotik Zaraitzurako errege altxonbidea

636.455,94

4.718.916,32

2.760,31

Paralelismoaren amaiera

637.377,83

4.721.153,92

Parkea eraikitzeak abelbidean duen eragina bateragarritzat jotzen da IEA bateratuan.

Espedientearen azterketa teknikoa egin bitartean, ingurumen organo honek txostena eskatu zion Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari. Bertan, lurperatzearen aldeko txostena eman zen, eta ebazpen honen proposamen zatian bildutako baldintzatzaileak eta okupazio kanonak xedatu.

2021eko urrian kontsultetara aurkeztutako energia ateratzeko lineak Aragoitik datorren Donejakue bidea lurpean gurutzatzea proposatzen du. Ondare Arkitektonikoaren Atalak aldeko txostena egin du, eta baldintza hau jarri du: Donejakue bidearen ertzaren eta 26. euskarriaren alboaren arteko distantzia euskarriaren altuera baino hiru aldiz handiagoa izan behar da gutxienez, dorre metalikoaren ikusmen eragina eta interes kulturaleko ondasun horretan duen eragin kaltegarria murrizteko. Sustatzaileak bere gain hartzen du ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskariz aurkeztutako aurreproiektu bateratuan 26. euskarria atzeraematea.

2021eko urriko kontsulta prozeduran, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak proiektuak ukitzen dituen aztarnategi arkeologikoen berri eman zuen, bai eta kontuan hartu beharko diren baldintzen berri ere:

  • Azterain II aztarnategia (09-31-094-0032), 3. kategoriakoa, J-07 haize-sorgailuak ukitua.
  • Azteraingo aurkikuntza bakana (09-31-094-9001), J-06 haize-sorgailuaren inguruan.
  • Menditxuri aztarnategia (09-31-146-0002), 2. kategoriakoa, 11. euskarriko GTALk ukitua.
  • La Frajineta aztarnategia (09-31-0009-0055), 3. kategoriakoa, 21. euskarriko GTALk ukitua.

Sustatzaileak adierazi du txosten horretan ezarritako neurri guztiak aplikatuko dituela.

–Biztanleria eta giza osasuna: Proiektuak giza osasunean dituen eraginak aztertzen ditu IEAk, eta bateragarritzat jotzen ditu aldizkako itzaltzeen edo "flickeringen" eta eremu irrati-elektrikoarekiko esposizioen ondoriozko hondar eraginak. IEAren arabera, baliteke biziguneek kalteak jasatea, proiektuko makinak eta langileak igarotzeko erabiltzen direlako; bateragarritzat jotzen da eragina. Proiektuaren eraikuntzak eta ustiapenak ekonomian duten eragina, langileen beharrizanarekin lotuta, positibotzat jotzen da. Eraikuntza fasean, bateragarritzat jotzen da lurzoruaren erabileren aldaketek eragindako kaltea; ustiapen fasean, baina, ez da halakorik aurkitu.

–Ondorio sinergikoak eta metagarriak: Ondorio sinergiko eta metagarriak baloratzeko, aztertutako proiektuaren 20 km-ko eremuan dauden proiektuak eta azpiegiturak hartu dira kontuan. Ondorioztatu denez, litekeena da ondorio sinergiko handia izatea landaredi naturalaren eta laboreen galeran, bai eta Europar Batasunaren intereseko habitaten gaineko eraginean ere, batez ere 4090 zenbakidunean. Ikusmen pertzepzioaren eta paisaiaren gaineko ondorio metagarria eta sinergikoa arina izanen da. Ondorio metagarri potentzial bat aurreikusten da haize-sorgailuekin talka egiteagatik eta hesi efektuagatik hiltzen den faunaren kasurako.

c) Proiektuaren kalteberatasunaren ondoriozko ingurumen ondorioen azterketa.

IEA bateratuaren 10. kapituluak proiektuak istripu larrien edo hondamendien aurrean duen kalteberatasuna aztertzen du, probabilitatearen, proiektuaren kalteberatasunaren eta gertaeren kalte potentzialaren parametroetan oinarrituta kalteberatasuna aztertu ondoren, ondorio hau ateratzen du: eragin guztiak bateragarriak edo ez adierazgarriak dira, eta horrek esan nahi du proiektuak kalteberatasun eta arrisku txikia duela hondamendi eta istripu larrien aurrean. Hala ere, arrisku batzuen aurrean arintze eta/edo babes neurri espezifikoak behar dira, eta arriskurik handiena sute arriskua da, proiektua sute arrisku handiko eremuetatik gertu baitago.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, baldintza jakin batzuekin. Hori dela eta, ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatzen da, eta Joluga haize parkearen eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua gauzatu ahal izatea ebazpen honetan eta ingurumen eraginaren azterketan jasotako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta gainerako baldintzak betetzearen baldintzapean, ebazpen honekin bat datozen alderdietan.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Joluga haize parkearen eta horri lotutako energia ateratzeko azpiegituren proiektuaren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea. Green Capital Power SLUk sustatzen du proiektua Eslaba eta Ezporogi udal-mugarteetan.

2. Ezartzea goiburuan aipatutako espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

I.–Proiektuaren baldintza orokorrak.

1.–Sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondoren onartutako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, 2022ko apirileko ingurumen eraginaren azterketa bateratuaren dokumentua barne, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, bai eta ingurumen eraginaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.

2.–Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia izan beharko du, aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan.

3.–Proiektua bertan behera uzteko eta desegiteko fasean, proiektu espezifiko bat aurkeztu behar du sustatzaileak, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena ere beharko du.

4.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

II.–Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak.

Ondoren, aldatu beharreko ingurumen eraginaren azterketako eta dokumentazio osagarriko neurriak adieraziko dira, baita prozeduran jasotako alegazio eta txostenetan ezarritako neurri gehigarriak ere, ingurumenaren babesa bermatzeko beharrezkoak baitira. Horrez gain, ingurumen organoak egindako azterketa teknikotik ateratako neurriak ere adieraziko dira.

–Lurzorua, lurpea eta geodibertsitatea.

5.–Proiektu exekutiboan, malda txikieneko eta lur mugimendu txikieneko eremuetan diseinatu behar dira haize-sorgailuen, muntaketa plataformen eta bideen maniobra eremuen kokapenak.

6.–Obrak ingurumenean integratzeko neurri hauek lehenetsiko dira:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da, eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Lur naturala edo soroak dituen jardute eremuetan dagoen landare lurraren geruzak aurretiaz kendu eta pilatu beharko da, amaieran obrak lehengoratzeko erabili ahal izateko.

–Haize-sorgailuaren plataformarako, bideetarako eta abarrerako lur erauzketetan eta lubetetan, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, landareztatzearen emaitza onartzeko modukoa izan dadin.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek ukitutako gainazal guztiak, aldi batez ukitutakoak barne, lur geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak amaitu baino sei hilabete lehenago, eremu horiek tokiaren bereizgarri diren larre hazi autoktonoen nahasketa batez ereinen dira, lurrak landatzeko erabili ezean.

–Hidrologia.

7.–Exekuzio proiektuak xehetasunez deskribatu beharko du Elkea edo Lergabidea errekastoa gurutzatzeko hartu den irtenbidea. Aztertutako aurreproiektuan X: 624.818, Y: 4.716.114 (ETRS89 30N) koordenatuan zegoen zehaztuta, eta gaur egun ez dago bidegurutzerik bertan. Berriro aztertuko da sarbidearen diseinua, errekaren gaineko bidearen egungo bidegurutzea erabiltzea posible den ikusteko. Koordenatu honetan dago: 624.651, Y: 4.716.201 (ETRS89 30N).

8.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoak kontsulta fasean (2021eko abenduaren 13an) emandako txostenean jasotako baldintza guztiak bete beharko dira. Eta horiez gain, jabari publiko hidraulikoan eta txosten horri atxikitako polizia-eremuan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak. Obrak hasi aurretik, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.

–Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia.

9.–Obrak hasi aurretik, miaketa botaniko bat eginen da, data egokietan eta langile kualifikatuen eskutik, babes bereziko erregimenean dauden edo katalogatuta dauden eta obren eragina jasan dezaketen flora -espezierik dagoen zehazteko eta, hala badagokio, horien eragina murrizteko beharrezkoak diren neurriak proposatzeko.

10.–Obrak hasi aurretik, kartografiatu xehatua eginen dute langile kualifikatuek, obrek ukitutako landaredi naturalaren eta Europar Batasunaren intereseko habitaten benetako azaleraren gainean. Europar Batasunaren intereseko habitatak eta intereseko landaredi naturaleko unadak seinaleztatu eta zuinkatu eginen dira, baldin eta jarduketen eragina programatu gabe badago, makinak eta materialak biltzeko eremuak ez igarotzeko eta horietan eragina izan dezakeen beste edozein jarduera ekiditeko. Ingurumen eraginaren azterketan eta dokumentazio osagarrian deskribatutako landaredi naturalaren gaineko eraginak murrizteko planteatutako prebentzio eta zuzenketa neurriez gain, ingurumena lehengoratzeko planak –eraikuntza proiektuarekin batera aurkeztu behar da– ukitutako Europar Batasunaren intereseko habitatak lehengoratzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak proposatuko ditu.

11.–Goi tentsioko aireko lineak zuhaitz landaredi naturalez zeharkatzen dituen tarteetan, horiek eraikitzeko eta zortasuna mantentzeko behar-beharrezkoak diren zuhaitz oinak bakarrik kenduko dira, eta altuerako inausketak lehenetsiko dira zurkaitzen aurretik.

12.–Obrak egitean 15 cm-tik gorako diametro normala duten oihan zuhaitzak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatu duen erregelamenduan.

13.–Energia ateratzeko linean barrena sakanak eta errekak gurutzatzen direnean, kontuan hartu beharreko neurriak proposatuko dira, goi tentsioko aireko linearen zortasuna eraikitzeko eta mantentzeko jarduketen ondoren, ibaiertzeko landarediaren konektibitate ekologikoaren funtzioari eusteko.

14.–Bideen eta zangen diseinuak eta eraikuntzak lehentasuna emanen diote trazadurari, lehendik dauden azpiegituren bidez. Zangak bide edo laborantza gainazaletan eginen dira, landaredi naturala duten gainazaletan egin aurretik. Materialak pilatzeko eremuak eta makineria parkeak nekazaritza eremuetan eta baso jabari publikotik kanpo kokatuko dira lehentasunez, landaretzarik ez duten eremuetan edo parkea edo bideak jartzeak eraginen dien eremuetan, eta ez dira areagotuko inguruan dauden landaredi naturalaren edo habitaten gaineko eraginak.

15.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, obrek ukitutako lursailen lehengoratze fisiografikoa eta landare lehengoratzea egiteko proposamen bat aurkeztuko da. Proposamen horretan, ereite eta landaketetan erabili beharreko azalerak eta espezieak zehaztuko dira, bai eta hazien dosia eta oin dentsitatea ere.

–Fauna.

16.–Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra arte handituko da haize-sorgailuak abiatzeko haizearen abiaduraren atalasea, horiek baitira kiropteroendako jarduera handieneko egunak eta orduak. Neurria berrikusten ahalko da saguzarren altuerako jarduera aztertzen bada, egiten dituzten hegaldiak noiz eta zer egoeratan egiten dituzten zehatz-mehatz zehazteko (egunak, baldintza atmosferikoak…); horretarako, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da. Lerrokadura osoaren luzera kontuan hartuta, azterketa adierazgarria izan dadin, elkarrengandik nahikoa urrun dauden bi haize sorgailutan egin beharko da, gutxienez.

17.–Aldatutako aurreproiektuan, 2022ko martxoan, J-05 izena eman zitzaion haize-sorgailuaren posizio jakin bati (x: 625.583, Y: 4.716.678, Z: 823, ETRS89 30N); bada, ingurumen eraginaren azterketa bateratuaren 1. aukeran (2022ko apirilekoa) J-04 izeneko posizioaren ingurura lekualdatuko da; izan ere, posizio hori izan zen abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruzko urteko azterketan arrisku egoera gutxien bildu zituena.

18.–Joluga haize parkeko haize-sorgailu guztientzat talken aurkako detekzio eta gelditze gailuak instalatuko dira. Gailu eraginkorrenak 3Dko zaintza-sistemak izanen dira; hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak, hegaztien desplazamendu bektoreak aztertzen dituztenak, haien ibilbideak aurreikusten dituztenak eta, talka egiteko probabilitatea dagoela uste izanez gero, denbora nahikoarekin geldialdi indibidualizatuko seinaleak bidaltzen dituztenak talka egiteko probabilitatea saihesteko edo murrizteko. Sistema horiek haize parkearen ingurumen jarraipenari buruzko informazio ugari ematen dute.

19.–Sustatzaileak haize parkeetan eta eguzki instalazio fotovoltaikoetan fauna babesteko neurriak ikertzeko eta berritzeko proposamenari buruzko I+G proiektua prestatu beharko du. Proposamen horren nondik norakoak saguzarren urteko zikloaren azterketan eta hemen azaldu dira: 7.7.3 apartatuko 31. eragina. Haize-sorgailuekin talka egiteagatik hiltzen diren hegaztien tasa (ingurumen eraginaren azterketa, 2021eko abuztukoa). Helburua izanen da hegaztiek eta kiropteroek talka egiteko arriskua murrizteko neurriak aztertzea, diseinatzea eta ezartzea. Neurriok ezartzeko, ingurumen organoaren onespena beharko da.

20.–Sustatzaileak etxeko gorpuzkiak proiektuaren ingurunean uztearen gaineko jarraipen zorrotza egitea proposatzen du, hegazti sarraskijaleak erakartzea eta kontzentratzea ekiditeko. Kontrol hori proiektuaren balio-bizitza osoan egin beharko da. Sustatzaileak animalien gorpuzkiak behar bezala kendu behar dituztela jakinaraziko die parke eolikoaren edo energia ateratzeko aireko linearen eragin eremuetan artzaintza eremuak erabil ditzaketen abeltzaintzako ustiategietako langileei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztiendako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.

21.–Jarraipena egiten den bitartean ikusten bada arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuak daudela hegazti edo kiroptero babestuen talkak/barotraumak eragindako hilkortasuna dela eta (IV. eranskinean ezarritako baldintzetan), eranskin horretan jasotako jarduketa protokoloari jarraituko zaio.

22.–Energia ateratzeko aireko lineak 1432/2008 Errege Dekretuan adierazitako neurriak jaso behar ditu, babes eremuetan hegaztien heriotza arriskuak prebenitzeko. Abifaunaren gaineko kalteak (elektrokuzioak) prebenitze aldera, lotura isolagailuetan bermatuko da metro bat egotea euskarriko pausalekuaren eta elementu eroalearen artean. Hegaztiak salbatzeko baliza birakari islatzaileak instalatuko dira energia ateratzeko aireko linearen ibilbide osoan, edo ingurumen organoak aurrez onartutako antzeko funtzionaltasuna duten beste baliza batzuk. Seinalatzea hari eroaleak jaso eta tenkatu ondoren eginen da, astebeteko epean. Balizajearen mantentze-lanak lineari dagozkion mantentze eta kontserbatze lanen barruan sartuko dira.

23.–Proiektatutako ebakitze zentroak isolatu eginen ditu harrapariek edo tamaina ertain edo handiko hegaztiek pausaleku gisa erabil ditzaketen tentsioko elementu guztiak. Gutxienez metro bateko tartea utziko da tentsioan dauden elementuen eta aurreikusitako pausatze eremuen artean.

24.–Ingurumena Zaintzeko Planak –eraikuntza proiektuarekin batera aurkeztu behar da– espazioaren erabilera aztertzeko eta hegaztien eta kiropteroen hilkortasuna kontrolatzeko metodologiari eta jarduketei buruzko gutxieneko jarraibideak jasoko ditu (ebazpen honen III. eranskinean daude jasota).

25. Ingurumen eraginaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada haize parkea eraikitzen hasten, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da abifaunaren eta kiropteroen espazioen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

–Paisaia.

26–Azpiestazioetako eraikinak eta haiekin lotutako beste edozein eraikuntza ingurunearekiko harmonia errespetatuz proposatu behar dira, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

27.–Aireko eta lurpeko bihurketa linearen amaierako euskarria, 26.a, Oibarko 3. poligonoko 447. lurzatira lekualdatuko da, Aragoiko Donejakue bideak eta Zaraitzuko errege altxonbideak bat egiten duten lekuan dagoen pausalekutik paisaia eragina saihesteko. Lurpeko lineak bidearen trazadurari jarraituko dio, errege altxonbidearekin bat datorrena. Beharrezkoa bada, ebazpen honetan jasotako altxonbidearen zortasuna okupatzeko kanona birkalkulatuko da.

28.–Ingurumena lehengoratzeko planak –eraikuntza proiektuarekin batera entregatu beharko da– paisaia lehengoratzeko eta integratzeko neurriak proposatuko ditu.

–Mendi publikoak, abelbideak, Donejakue bidea eta kultur ondarea.

29.–Sustatzaileak bete egin beharko du Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalak kontsulta fasean (2021eko apirilaren 19an) emandako txostenean ezarritakoa (espediente-zenbakia: 0003-0102-2021-000167–P.E. JOLUGA).

30.–Onura publikoko mendiaren okupazioa konpentsazio neurri gisa, zera proposatzen du sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketa bateratuan: Los Fayales onura publikoko mendian 7,5 hektareako landaredia jartzea, 1. poligonoko 456. lurzatian, Eslabako udal-mugartean, egun zuhaitzik ez duen eta belardia dagoen eremu batean.

Espedientearen azterketa teknikoa egin bitartean, kontsulta egin zitzaion Basoak Kudeatzeko Atalari, eta honako hau jakinarazi zuen:

Adierazitakoaren eta 2021eko apirilaren 19ko txostenaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalak gogoeta hauek egin ditu a priori:

1. Jarduerak bateragarriak dira mendi honen onura publikoarekin, eta haize parke honen administrazio izapideekin jarraituz gero, onura publikoko mendia okupatzeko eta zortasuna onartzeko administrazio prozedura izapidetu beharko da.

2. Basoberritze jarduketa aldatu beharra dago; izan ere, nagusiki basoa den ingurune batean, eta zonari eragin diezaioketen baso suteen arriskua kontuan hartuta, garrantzitsuagotzat jotzen da egungo baso masak babestea, baso suteak prebenitzeko eta itzaltzeko prozedurak hobetzea helburu duten jarduketen bidez.

Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko helburua Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluan islatzen da.

Horrenbestez, adierazitakoaren arabera, Basoak Kudeatzeko Atalak beharrezkotzat jotzen du jarduketa hauek gauzatzea baso suteak itzaltzeko eta prebenitzeko neurri gisa.

–Abeltzaintzako unitateak sortzea, abeltzaintzako itxituren eta ur puntuen bidez, Joluga haize parkearen inguruan. Hori dela eta, abeltzaintzako itxiturak instalatzea proposatzen da Eslabako udal-mugartean eta Agezako kontzejuan, Ezporogi udal-mugartean, bai eta ur puntu bat ere, abereei edaten emateko.

Abeltzaintza unitateak sortzeak bi helburu nagusi ditu:

  • Baso suteak prebenitzea/itzaltzea.
  • Abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa sustatzea.

Baso suteak prebenitzeko helburuaz gain (37. artikuluan aipatu da), abeltzaintza estentsiboa sustatzeko helburuak Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 68. artikuluan islatzen dira.

31.–Sustatzaileak bete egin beharko ditu Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalak 2022ko abuztuaren 31n emandako txostenean ezarritako estipulazioak, eta neurriak gauzatu (espediente-zenbakia: 0003-0102-2022-000840–P.E. JOLUGA). Zehazki:

–Bi abeltzaintza unitate sortzea:

  • Eslabako abeltzaintza unitatea.
    • Eslabako udal-mugartean egin nahi den abeltzaintza unitatea edo bazkalekua Basoak Kudeatzeko Atalaren txostenean adierazitako eremuan egonen da, eta ondoren jarduketa proiektu batean garatuko diren oinarrizko ezaugarri hauek izanen ditu:
      • 157 hektareako abeltzaintza unitatea.
      • 9735 metroko abeltzaintza itxitura, alanbre arantzaduneko 5 harirekin eta akazia zurez edo antzeko material batez egindako piketeekin, 2 metroko distantziara gehienez.
      • Ur hargunea idoi baten edo antzeko zerbaiten bidez, abereendako edanlekuarekin.
  • Abeltzaintza unitatea Agezako kontzejuan.
    • Agezako kontzejuan (Ezporogiko udal-mugartean) egin nahi den abeltzaintza unitatea edo bazkalekua Basoak Kudeatzeko Atalaren txostenean adierazitako eremuan egonen da, eta ondoren jarduketa proiektu batean garatuko diren oinarrizko ezaugarri hauek izanen ditu:
      • 26 hektareako abeltzaintza unitatea.
      • 3000 metroko abeltzaintza itxitura, alanbre arantzaduneko 5 harirekin eta akazia zurez edo antzeko material batez egindako piketeekin, 2 metroko distantziara gehienez.
      • Ur hargunea idoi baten edo antzeko zerbaiten bidez, abereendako edanlekuarekin.

–Baso suteen zaintzaileen kamerak.

Baso suteen prebentzioari dagokionez, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen aurreko artikuluen arabera, beharrezkotzat jotzen da kamera termografikoak proba gisa instalatzea. Kamera termografiko horiek irudia eta beroa konbinatzen dituzte errotaren baten dorretik baso suteak detektatzeko, hala, 360 º-ko ikuspegia lortzen baita. Kamerek georreferentziazioa ere izanen dute, eta ondoren zehaztuko den administrazio unitateari informazioa helarazteko sistema.

–Galipentzuko pista ertzetako sastrakak kentzea.

Baso suteak prebenitzeko helburuarekin jarraituz, eta ekainean gertatutako baso suteen arabera, beharrezkotzat jotzen da baso landaredi guztia garbitzea eta kentzea, zuhaitz ale garrantzitsuren bat izan ezik, aurrez 5.000 metroko baso pistetan adierazita, pisten bi ertzetatik 5-10 metrora.

Aipatutako jarduketa guztiak proiektu tekniko batean zehaztu beharko dira, eta kasuan kasuko toki erakundeekin adostu. Erakunde horiek dagozkien baimenak izapidetu beharko dituzte jarduketa horietakoren batek lursail partikularrei eragiten badie, eta ikuspegi teknikotik, Baso Administrazioarekin adostu beharko dira.

32.–Murillo el Frutoko errege altxonbideak Zaraitzun izan dezakeen eraginari dagokionez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude. Lubakiak altxonbidea eusten duen bidearen gainean eginen dira, tarte horretan halakorik balego.

–Altxonbideko zangen zabalera teknikoki bideragarria den gutxienekoa izanen da, eta kutxatilak lursailarekin eta dorre elektrikoekin berdinduta geratuko dira erabat; jartzerako orduan, zortasun-eremua ez ezik (3 metro alde bakoitzean), zimenduak eta erantsitako obrak ere errespetatuko dira.

–Lanak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, aziendendako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko material eta/edo landare lurra ez dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan uzten ahalko, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren ukituko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

–Hodiaren zatia abelbidearen gainean gainjartzen bada (landa lurzoruan), dagokion okupazio kanona kobratuko da. Behean azaldu bezala kalkulatuko da, eta obrak hasi aurretik ordaindu beharko da.

  • Tasazio balioak:

1.–Jabari osoko balioa: antzeko finken alderaketa metodoaren bitartez lortutako balioa, apirilaren 13ko ECO/805/2003 Aginduaren 22. artikuluaren arabera: 1 euro/m².

2.–Kalteak:

  • Bide-zortasuna: 1.750 m x 1,5 m x 1 euro/m² x 0,90 = 2.362,5 euro.
  • Aldi baterako okupazioa: 1.750 m x 13 m x 0,07 euro/m² = 1.592,5 euro.

3.–Kalte-ordainaren guztizkoa: handiagoa da:

  • Zortasunagatik eta okupazioagatik: 2.362,5 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 78,75 euro/urte izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 393,75 eurokoa.
  • Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 1.592,5 euro.

–Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean 393,75 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 1.592,5 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 1.986,25 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenetik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geratuko da.

–Altxonbideak okupatzen duen azalerak (lurzorua, lurpea eta lurgaina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

33.–Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei dagokienez, sustatzaileak bete egin beharko du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak kontsulta fasean (2021eko azaroaren 17an) emandako txostenean ezarritakoa. Txosten horretan geoerreferentziatuta daude hainbat aztarnategi arkeologiko.

–Azteraingo aurkikuntza bakanaren inguruan jarraipen arkeologikoa egitea (09-31-094-9001).

–Arkeologia zundaketa ebaluatzaileak egitea 3. kategoriako aztarnategietan, proiektua gauzatu aurreko fase batean. Haien emaitzekin, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia Erakundeak proiektuaren bideragarritasuna ezarriko du ukitutako bi aztarnategiei dagokienez.

–Menditxuri (09-31-146-0002) 2. kategoriako aztarnategiaren azalera guztia obra proiektuaren okupaziotik kanpo geratuko da.

–Legeak hala aginduta, arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek egin beharko dituzte jarraipen eta zundaketa arkeologikoak, proiektuaren sustatzailearen kontura. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion kalte guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

34.–Azkenik, adierazi da zaintza plan bat eta lehengoratze plan bat aurkeztu behar direla, eta, horrekin batera, proiektua eraginpeko eremuan integratzeko neurriak, bai obra faseetan bai jarduera amaitu ondoren.

III.–Ingurumeneko Jarraipen eta Zaintza Plana.

35.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako jarraipen eta zaintza plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, ebazpen honen III. eranskinean jasotako gidalerroak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Iruñean, 2022ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko jarduketetan egindako kontsulten tramitearen emaitza

Kontsultatu diren eta erantzun duten erakundeen zerrenda.

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna bidali dutenak adierazi dira:

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUN DUTENAK

Eslabako Udala

Bai

Ezporogiko Udala

Bai

Zareko Udala

Bai

Leatxeko Udala

Bai

Oibarko Udala

Bai

Irunberriko Udala

-

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

-

Herri-lurren Atala

Bai

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala.

Bai

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai

Ehiza Atala

-

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

Bai

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

Bai

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

Bai

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

-

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción

-

Gurelur

-

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

-

ANAN-Nafarroako Natura Lagunen Elkartea

-

Nafarroako Ehiza Federazioa

-

ADECANA-Nafarroako Ehiztarien Elkartea

-

Alaitz Mendizale Elkartea

-

Nafarroako Mendi Federazioa

-

Nafarroako Erdialdeko tokiko ekintza taldea

-

CEDERNA-GARALUR

-

Sustrai Erakuntza Fundazioa

-

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

-

Acciona Energía SAU

Bai

Gainera, San Martin Unxko Udalaren, Lergako Udalaren eta Eslabako Lagunen Elkartearen erantzunak jaso dira.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak emandako Joluga haize parkearen ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren laburpena.

Proiektuaren ezaugarrien laburpena egin da; fase horretan, 34,65 MW-ko potentzia nominaleko 10 haize-sorgailu eraikitzea barne hartzen zuen. Joluga transformazio azpiestazio elektrikoa (30/66 kV) eta energia ateratzeko aireko linea bat eraikitzea (66 kV eta 11 km luze), parkearen azpiestaziotik Cordovilla-Zangoza goi tentsioko linearaino.

Zenbait akats aurkitu dira ukitutako balio naturalei buruzko inbentarioan, eta zuzendu egin beharko dira ingurumen eraginaren azterketan.

Ohartarazi da egin nahi den haize parkea haize-sorgailuen kontzentrazio handiko eremuan dagoela eta hori oztopo handia izanen dela hegaztien tokian tokiko joan-etorrietarako eta migraziorako. Jakinarazi da proiektuaren eremua garrantzi handiko ingurunea dela abifaunarentzat, eta ugaltzen, elikatzen eta sakabanatzen ari diren espezie katalogatuak daudela. Inguruan martxan dauden haize parkeetako abifaunaren hilkortasun tasa handien berri eman da.

Bereziki nabarmendu da eremuak galzorian katalogatuta dagoen Bonelli arranoaren kontserbaziorako duen garrantzia. Espezie horrengan ez ezik, arrano beltzarengan eta sai zuriarengan ere dituen eragin metagarriak eta sinergikoak aztertu beharko ditu ingurumen eraginaren azterketak.

Parkea mendebaldeko paleartikoko hegazti populazioen ibilbideen eta migrazio fluxuen barnean dagoela adierazi da. Baita hegazti planeatzaileek Uxueko mendilerroa baliatu dutela ere. Parkea mendilerro batean dagoenez, baliteke multzoaren iragazkortasunean eraginak izatea. Ingurumen eraginaren azterketak garai egokian egin beharko luke jarraipena, proiektuak migraziorako ibilbideetan, eta pirinioaurreko mendien eta Erribera eta Bardearen arteko lotura eremuan zer-nolako ondorioak dituen baloratzeko.

Haize parkearen eragin eremuan saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten aztertu beharko da.

Adierazi da haize-sorgailuak lurralde konektibitaterako ingurumen balioa dela eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean daudela. Lurzoru horietako jarduketek bereziki izan beharko dute kontuan fauna eta florarendako oztopo gaindiezin gisa ez jardutea, eta eremu babestuen arteko konexioa galtzea saihestu beharko da.

Sarbideak egiteak eta azpiegiturak muntatzeak landaredi naturalari, Europar Batasunaren intereseko habitatei eta paisaiari nabarmen eraginen diela uste da. Era berean, paisaiaren gaineko eraginari buruzko azterketa bat egin beharko da.

Energia ateratzeko azpiegituraren diseinuak nabarmen areagotzen du abifaunaren gaineko eragina, eta proposatutako trazaduraren bideragarritasuna baldintzatzen du. Gainera, beste aukera batzuk aztertu behar dira, eskatutako parkearen iparraldean dagoen lerrokaduran haize-sorgailurik gabeko eremua airetik zeharkatzea saihesteko.

Ondorioztatu denez, baliteke haize-sorgailuak eta energia ateratzeko linea jartzeak izan ditzaketen eraginak adierazgarriak izatea eta proiektuaren ingurumen bideragarritasuna baldintzatzea.

Indarrean dagoen legeria gogorarazi da, nola estatu mailakoa hala foru komunitatekoa, ingurumen eraginaren azterketaren edukiak arautzen dituena, eta Ingurumen Eraginaren Atalak abifaunaren eta saguzarren urteko zikloko azterketak egiteko ezarritako protokoloak eransten dira, bai eta paisaia-azterlanaren edukiak ere.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko lehen izapidearen emaitza

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUN DUTENAK

Ondare Historikoaren Zerbitzua

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Basoak Kudeatzeko Atala

Bai

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala

Bai

Oibarko Udala

Bai

Eslabako Udala

Bai

Zareko Udala

Bai

Leatxeko Udala

Bai

Irunberriko Udala

Bai

Agezako Kontzejua

-

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

-

I-DE. Iberdrola Redes Inteligentes SAU

Bai

Enagás Transporte SAU

Bai

Retevisión I SA

Bai

Edistribución Redes Digitales SLU

Bai

Telefónica de España SAU

Bai

ALEGATZAILEAK

Asier Arsuaga Ugalde

Ana Gurbindo Cizur

Sustrai Erakuntza Fundazioa

María Luz Zaratiegui Ayape

Roberto Pascual Orcajo

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Nafarroako Ekologistak Martxan

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko bigarren izapidearen emaitza

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUN DUTENAK

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

-

Basoak Kudeatzeko Atala

-

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai

Oibarko Udala

-

Eslabako Udala

Bai

Zareko Udala

Bai

Leatxeko Udala

-

Irunberriko Udala

Bai

Ezporogiko Udala

-

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai

I-DE. Iberdrola Redes Inteligentes SAU

Bai

Enagás Transporte SAU

Bai

Nedgia SA

Bai

ALEGATZAILEAK

Javiera Pérez Esandi

María Luz Zaratiegui Ayape

Sustrai Erakuntza Fundazioa

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Andrés Javier Salinas Suescun

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

III. ERANSKINA

Ustiatze fasean hegaztiak eta kiropteroak ingurumenean zaintzeko plana

Haize parkeak ustiatzeko fasean, inguruko abifaunaren eta kiropteroen jarraipena egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

Gutxieneko neurrien dokumentu bat da, non parke guztiek bete beharreko jarraibide komunak ezartzen diren, horien guztien emaitzak konparagarriak izan daitezen.

1.–Espazioaren erabilera.

1.1. Abifauna:

Parkea martxan jarri eta 3 urtera, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, obren aurreko metodologia berarekin, metodologia berari jarraikiz. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen eraginaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Jarraipen osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 haize-sorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen haize-sorgailuren bat sartu beharko da. Lan hau parkea martxan jarri eta hurrengo 5 urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako zuzenketa neurriekin.

Koloniak berraztertzea: parkearen inguruko 5 km-ko erradioan haize-sorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde honetan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, bai eta parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO
GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2.–Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola.

2.1. Haize-sorgailuak:

–Haize parkea martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko haize-sorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira haize-sorgailuak.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako haize-sorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.

Haize-sorgailu bakoitzaren prospekzio eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izanen da gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, haize-sorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da prospekzio eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Haize-sorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten transekto paraleloen bidez eginen dira. Transektoak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Haize-sorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Haize-sorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo antzemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Antzemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Haize parkea.

–Ustez zer haize-sorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden haize-sorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Linea elektrikoak:

Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, jarraipena egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.

Prospekzioak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta. Luzera handiko linea elektrikoen kasuan, gorabeheren bilaketa 5 km-ko sekzioetan egin daiteke. Sekzio horiek sistematikoki aztertuko dira trazadura osatu arte.

2.3. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa haize-sorgailuetakoaren berdina da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Haize-sorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira prospekzioak.

3.–Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.

Gorpuzkien desagertze tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren "Haize parkeek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak" dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4.–Gorabeheren berri ematea.

Katalogatutako espezieak: berehala bidali mezu elektronikoa Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilean behin jakinaraztea: Ingurumen Eraginaren Atalak Accesseko datu base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

IV. ERANSKINA

Arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuekin jarduteko protokoloa

Jarraipenak erakusten badu haize-sorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1.–Espezie mehatxatuen estatu mailako eta erkidego mailako katalogoan "galzoriko espezie" edo "espezie ahul" gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten haize-sorgailuak.

1.1. Haize-sorgailu berak aurreko 5 urteetan arriskuan dagoen espezie batekin talkarik eragin ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta bi organoei neurri aringarri batzuk proposatuko dizkie, haize-sorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, bai eta konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari ukitutako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete iragan baino lehen. Halaber, haize-sorgailuak ukitutako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien egikaritzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu berak beste talka bat izan badu arriskuan dagoen espezieren batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak haize-sorgailuaren ingurunean ukitutako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio-pasabideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo haize-sorgailua eraistea) eta arriskuan dagoen espeziearen populazioari ukitutako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, haize-sorgailuak ukitutako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1. TAULA.–KATALOGATUTAKO ESPEZIEEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN
HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka antzeman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Haize-sorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk gertatu ezin diren baldintza berrietan.

2.–Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (estatu mailakoa edo foru komunitatekoa) espezieekin talka eragiten duten haize-sorgailuak.

2.1. Urte batean haize-sorgailu batek 2. taulan adierazitako hilkortasun atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko heriotza tasaren azterketaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, haize-sorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak azterketa bat eginen du haize-sorgailuaren talka arriskua aztertzeko, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu berrien arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak espresuki horretarako baimena ematen badio baino ez du haize-sorgailua berriz martxan jartzen ahalko. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri aringarri gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, urtebeteko hurrengo bost aldietan, sustatzaileak areagotu eginen du haize-sorgailu arriskutsu horiek ukitutako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri arintzaile gehigarrien gauzatzea eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako haize-sorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, haize-sorgailua behin betiko gelditu, eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitate-organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gerta ez daitekeen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2. TAULA.–HAIZE-SORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN BBEBZ-KO
ESPEZIEEN (MEHATXATU GABEKOAK) TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoa

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus)

5

Itsas hegaztiak (gaviiformeak, prozesilariformeak eta pelezaniformeak), uretakoak (anseriformeak, podicipediformeak, zikoniformeak eta phoenicopteriformeak), larolimikolak (txaradriiformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2213381