204. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

250/2022 EBAZPENA, irailaren 16koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Corellako udal-mugartean Navas eguzki instalazio fotovoltaikoa, 875 kW-ekoa (998,76 kWp), gauzatzeko.

1.–2020ko abenduaren 4an egindako eskabidea.

2020ko abenduaren 4an, Chilos Solar 2 SLk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen eguzki instalazio fotovoltaiko honetarako:

–Izena: - Navas eguzki instalazio fotovoltaikoa, 875 kW-ekoa.

–Instalazioaren titularra: Chilos Solar 2 SL

–Instalazioaren kokalekua: Corellako udal-mugarteko 8. poligonoko 800. lurzatia.

–Instalazioaren ezaugarri teknikoak:

  • Sorgailu fotovoltaikoa: Muturreko potentzia, osotara, 998,76 kWp (Potentzia nominala, osotara: 875 kW). MYK-36-5BB modeloko 2.436 modulu fotovoltaiko instalatuko dira (BYDren 410 Wp-ekoak edo antzekoak), serieko 28 moduluko 87 string-etan. Modulu fotovoltaikoak euskarri-egitura baten gainean ezarriko dira. Lursailean ongi ainguratua egoteko aukera emanen du, bai eta une oro inklinazio egokiena izatekoa ere; eguzkiari mendebaldetik ekialdera jarraituko diote, ipar-hego ardatzarekin.
  • Inbertsoreak: 7 string inbertsore, Sungrow SG125HV-20 markakoak eta bakoitza 125 kWn-ekoa.
  • Konexio instalazioak: Ekoitzitako energia ateratzeko, behe tentsioko instalazioaren lurpeko konexioa eginen da lurzati berean kokatutako 1.000 kVA-eko transformazio zentro bateraino, zeinak 13,2 kV-era igoko baitu tentsioa. Transformazio zentro horretatik 260 metro luze den 13,2 kV-eko aireko linea bat abiatuko da. Linea horrek hiru euskarri eta bi euskarriarte izanen ditu, eta urruneko agintedun ebakitze zentro batean amaituko da, "Corellako BTAren iparraldeko ingurabideko 1. zirkuitua" lineako euskarriaren ondoan. Lotura horrek azken euskarri bat izanen du lur-konexiorako, eta lurpeko lineatik aireko lineara pasatzeko konexio bat, sare orokorrarekin elkartzen deneko euskarrian. Espedientean jasota dago onartu egin dela I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak instalazio horretarako ezarritako sarbide eta konexio baldintza teknikoen txostena, 2020ko uztailaren 24koa (Esp.: 31-9038862290).

2.–Proiektuaren informazio publikoa.

Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen eskabide hori, iragarkia argitaratuz 2021eko martxoaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 56. zenbakian, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean ere.

Ezarritako 30 egun balioduneko epea amaituta, I. eranskinean adierazitako alegazioak jaso ziren.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Halaber, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zion Corellako Udalari.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Chilos Solar 2 SL enpresaren eskabidea eta hari atxikitako agiriak bidali zizkion Ingurumen Eraginaren Atalari.

Era berean, txostena eskatu zitzaien Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Lurralde Antolamenduaren Atalari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri.

4.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurreko informazio tramitearen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten eta alegazio hauek jaso zituen:

–Txostenak:

1. txostena. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena, 2021eko martxoaren 15ekoa.

2. txostena. Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2021eko martxoaren 12koa.

3. txostena. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena, 2021eko abenduaren 10ekoa.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. ERANSKINean laburbiltzen da.

–Alegazioak:

1. alegazioa. Ana Gurbindo Cizur andrearena.

2. alegazioa. Gurelur elkartearena.

3. alegazioa. Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena.

4. alegazioa. Ekologistak Martxan-Ongaiz elkartearena.

Corellako Udalaren, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren erantzunik ez zen jaso.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Chilos Solar 2 SLri 2021eko abuztuaren 24an.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena, 2021eko abenduaren 10ean jasotakoa, sustatzaileari bidali zitzaion ondotik.

6.–Ingurumen ukipenetarako baimena.

Espedientean jasota dago 175E/2022 Ebazpena, maiatzaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Ebazpen horren bidez, parke fotovoltaikoaren proiektu horri ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion, ingurumenaren eta hirigintzaren arloko neurri batzuk aplikatzeko baldintzarekin. Honako hauek nabarmentzen dira:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Aireko linea elektrikoak justifikaziorik gabe ugaritu ez daitezen, energia ateratzeko linea elektrikoa lurpeko tarte bakarrean eginen da.
  • Proiektuko gainerako jarduketak Corellako 8. poligonoko 800. lurzatiaren barnean ezarritako perimetroari lotuko zaizkio, tartean direla hornikuntzarako, material biltegietarako eta makineriaren parkerako beharrezkoak diren okupazioak. Ez da ukituko baso erabilerako B azpilurzatiko landaredi naturala.
  • Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta.
  • Instalazioaren paisaia-integrazioa errazteko, zuhaitzak landatuko dira instalazioaren perimetroan.

–Hirigintza arlokoak:

  • Instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun-eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Sarbideari eta NA-6810 errepidearen gaineko ukipenei dagokienez, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2021eko ekainaren 25ean emandako txostenean ezarritakoari jarraituko zaio.
  • Herri-lurren Atalaren 2021eko apirilaren 27ko txostenean ezarritakoa beteko da, lurren desakfektazioari dagokionez.

7.–Espedientearen azterketa teknikoa eta alegazioen eta txostenen azterketa.

Espedientean dagoen dokumentazio guztia aintzat hartuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Ebazpen honen II. ERANSKINean adierazitakoaren arabera informatzen du.

8.–Linea elektrikoaren proiektua aldatzea.

2022ko uztailaren 15ean, sustatzaileak IFV Navas (998,76 kWp) instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuaren I. eranskina aurkeztu zuen, hasiera batean proiektatutako energia ateratzeko linearen aldaketaren dokumentazio grafikoa aurkezteko. Linea hori airekoa izatetik lurpekoa izatera iraganen da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hala eskatuta, eta halaxe dago jasota ingurumen ukipenetarako baimenaren 175E/2022 ebazpeneko baldintzetan (ebazpena Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, maiatzaren 30ean).

9.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena proposatzea.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta kontuan hartuta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren VII. tituluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez arautu ziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak) eta ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez arautu zen energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko jarduera), eskatutakoa bete behar da.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko azaroaren 27ko NAO, 234. zk.), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Chilos Solar 2 SLri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, eta proiektu horren I. eranskina, Manuel Cañas Mayordomo nekazaritzako ingeniariak eta Antonio Misas Alcalde industria ingeniari teknikoak sinatuak, onestea, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak burutzeko.

3. Ana Gurbindo Cizur andreak eta Gurelur, Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ekologistak Martxan-Ongaiz elkarteek aurkeztutako alegazioak ezestea, II. eranskinean adierazitakoaren ildotik.

4. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuaren abiarazte agiria eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Chilos Solar 2 SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Ana Gurbindo Cizur andreari eta Gurelur, Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ekologistak Martxan-Ongaiz elkarteei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Corellako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko irailaren 16an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazio eta txostenak

Kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren txostenak eta alegazioak behean ageri dira zerrendatuta eta laburbilduta:

1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2021eko martxoaren 12koa.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena eman zuen 2021eko martxoaren 12an, eta jakinarazi zuen ez dagoela ukipenik atal horri dagokionez.

2. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena, 2021eko martxoaren 15ekoa.

2021eko martxoaren 15ean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk jakinarazi zuen baimena ematen zuela Chilos Solar 2 SL enpresak sustatutako IFV Navas eguzki instalazio fotovoltaikoa eta energia ateratzeko azpiegiturak izeneko dokumentuan zehaztutako lanak egiteko.

1. alegazioa.–Ana Gurbindo Cizur andrearena.

Ana Gurbino Cizur andreak, 2021eko martxoaren 15ean aurkeztutako alegazioan, honako hau adierazi zuen:

–Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako egoera energetikoa aztertzen.

–Ez da aztertzen proiektua eraikitzearen eta landare estalkia kentzearen ondorioz sortzen den CO2 isuria.

–Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.

–Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu naturaguneetan.

2. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

Gurelur elkarteak, 2021eko apirilaren 27an aurkeztutako alegazioan, nahitaezko ingurumen ukipenen azterketarik ez dagoela (bai 4/2005 Foru Legeak, bai 64/2006 Foru Aginduak eskatzen dute), eta horregatik proiektua ukatu behar da.

3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena.

Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak, 2021eko apirilaren 29an aurkeztutako alegazioan, alegazioak sei ataletan egituratu dituela adierazi du. Lehenengo hirurak baliagarriak dira jendaurrean jarritako proiektu guztietarako, azterketa orokor bat delako. Laugarrenak, proiektatutako IFV NAVAS eguzki instalazio fotovoltaikoa du ardatz, eta bosgarrenak eta seigarrenak, berriz, haren alternatibak azaltzen dituzte. Azkenik, ingurumen erantzukizunari buruzko Legea aldatzeko eskatzen dute.

Zehazki, Navas FVari dagokionez, alegazio-egileak honako hau adierazi du:

–Energia ateratzeko planteatutako 260 metroko aireko linea lurperatzeko eskatzen du.

–Proiektuarekin batera, ingurumen ukipenen azterketarik ez dagoela esan du.

4. alegazioa.–Ekologistak Martxan-Ongaiz elkartearena.

Ekologistak Martxan-Ongaiz, 2021eko apirilaren 29an aurkeztutako alegazioan, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearen 3. alegazioaren antzeko alegazio-dokumentua aurkeztu du.

Epez kanpo jasotako txostenak:

3. txostena.–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena, 2021eko abenduaren 10ekoa.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2021eko abenduaren 10eko txostenean, hauxe adierazten du: Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dagoen informazioa aztertuta, jakinarazten da proiektuak ez duela ukitzen inongo aztarnategi arkeologiko katalogaturik.

II. ERANSKINA

Alegazio eta txostenei emandako erantzuna

Jarraian, erantzuna ematen zaie kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren txosten eta alegazioei:

1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2021eko martxoaren 12koa.

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela Ondare Arkitektonikoaren Atalak egindako txostenarekin. Txosten horretan adierazten denez, Navas instalazio fotovoltaikoak ez du ondare arkitektonikoaren gaineko eraginik.

2. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena, 2021eko martxoaren 15ekoa.

Sustatzaileak adierazi du ezen, Nafarroako Eremuko Banaketa-buru Eduardo Ryan Murua jaunak egindako txostena aztertu ondotik, ados dagoela txosten horretan azaldutakoarekin. Txosten horretan baimena ematen da Navas instalazio-proiektuan zehaztutako lanak egiteko.

3. txostena.–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena, 2021eko abenduaren 10ekoa.

Sustatzaileak adierazi duenez, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologia Atalak egindako txostena aztertu ondotik, txosten horren aldeko edukiarekin ados agertu da, eta aintzat hartu ditu IFV Navas instalazio fotovoltaikoaren obra gauzatzeko gomendioak.

1. alegazioa.–Ana Gurbindo Cizur andrearena.

Sustatzaileak alegazio horien aurka argudiatu du ereduzko dokumentu bat dela, eta haize proiektuak aipatzen dituela, baina IFV Navas izenekoa proiektu fotovoltaiko bat da.

Proiektua eraikitzearen eta landare estalkia kentzearen ondoriozko CO2-ren emisioak izanen dituen eraginei dagokienez, Ana Gurbindo Cizur andreari jakinarazi behar zaio landarerik gabe gelditzen den estalki mugitua berriz hasierako egoerara itzuliko dela. Era berean, instalazioak eraiki bitartean sortzen diren CO2 emisioak ere hartu dira kontuan, proiektu exekutiboak jasotzen duen bezala.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, aurrekoaz gain, adierazi behar du proiektuak ingurumen ukipenetarako baimena duela, honen bidez emana: 175E/2022 Ebazpena, maiatzaren 30ekoa, Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariak emana.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Ana Gurbindo Cizur andreak aurkeztutako 1. alegazioa ezestea.

2. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

Sustatzaileak adierazi duenez, proiektu fotovoltaiko honen ezaugarriak direla eta, ingurumen ukipenetarako baimen bat izapidetu da.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak adierazi behar du, zegokion iragarkian jaso bezala, proiektua jendaurreko informazioaren izapidetik igaro zela, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluaren arabera (errege dekretu horren bidez arautu ziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak).

Ingurumen ukipenetarako baimena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 27. artikuluan arautzen zen (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak indargabetua), eta ez zen behartzen proiektua jendaurrean jartzera ingurumen-ondorioetarako.

Proiektuak ingurumen ukipenetarako baimena du, Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 30eko 175E/2022 Ebazpenaren bidez emana.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Gurelur elkarteak aurkeztutako 2. alegazioa ezestea.

3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena.

Alegazio hori ikusita, sustatzaileak elkarte horrek alegatutakoaren aurka argudiatzen du, eta berriz azpimarratzen du IFV Navas instalazio fotovoltaikoa ingurunean hobeki integratzeko egindako lana.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak adierazi behar du, zegokion iragarkian jaso bezala, proiektua jendaurreko informazioaren izapidetik igaro zela, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluaren arabera (errege dekretu horren bidez arautu ziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak).

Ingurumen ukipenetarako baimena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 27. artikuluan arautzen zen (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak indargabetua), eta ez zen behartzen proiektua jendaurrean jartzera ingurumen-ondorioetarako.

Proiektuak ingurumen ukipenetarako baimena du, Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 30eko 175E/2022 Ebazpenaren bidez emana. Ebazpenak adierazten duenez, energia ateratzeko linea elektrikoa lurpeko zati bakar batean gauzatuko da, alternatiba bideragarria ikusten delako, eta abifaunaren gaineko ingurumen eragin txikiagokoa.

Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen aldaketari dagokionez, adierazi behar da izapidetzen ari den espedientearekin zerikusirik ez duen gaia dela.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak aurkeztutako 3. alegazioa ezestea.

4. alegazioa.–Ekologistak Martxan-Ongaiz elkartearena.

Sustatzaileak alegazio horien aurka argudiatu du ereduzko dokumentu bat dela, eta haize proiektuak aipatzen dituela, baina IFV Navas izenekoa proiektu fotovoltaiko bat da.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 3. alegazioan hartutako erabaki bera hartu behar du, antzeko edukia baitute.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Ekologistak Martxan-Ongaiz elkarteak aurkeztutako 4. alegazioa ezestea.

Iragarkiaren kodea: F2212685