194. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

296E/2022 EBAZPENA, irailaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Oibarko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazioaren titularra Beriguistáin del Castillo, Klara y M.ª Arantzazu da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, aplikaturik abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak); izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.2 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumentu bat biltzen dituena instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da jarduera sailkatuaren udal lizentziaren emakidetan eta aldaketetan oinarritzen den dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, apirilaren 8ko 7/2022 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa ekonomia zirkularra bultzatzeko, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraituta, eta erabilita Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Eguneratzea Oibarko udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honetako eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Beriguistáin del Castillo, Klara y M.ª Arantzazu da.

Bigarrena.–Mantentzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen inskripzioaren indarraldia; Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 221E/2013 Ebazpenaren bidez instalazioari emandako ingurumen baimen bateratuan jasotzen da inskripzio hori.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0090011236/1/3 plana onestea.

Bosgarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Seigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea Beriguistáin del Castillo, Klara y M.ª Arantzazuri, Oibarko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2212202