194. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144/2022 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2022ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Zerga sistema aplikatzearen ardura duen erakunde autonomoa denez, Nafarroako Foru Ogasunaren lana da baliabide pertsonal, material eta tekniko guztiak behar bezala koordinatzea, tributuen kudeaketa, ikuskapen eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortze aldera. Izan ere, azken helburua zerga arloko araudi orokorra zehatz-mehatz betetzea da, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz. Haren funtsezko helburuak dira Foru Komunitatean zergak ordaindu behar dituzten pertsona eta entitate guztiek zerga betebeharrak borondatez bete ditzaten erraztea eta sustatzea, bai eta iruzurra prebenitzea, kontrolatzea eta zigortzea ere, kasuan kasuko erantzun egokiena emanez.

Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak zergak kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, zertarako eta hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak ezarri eta koordinatu, helburuak finkatu eta lortzen diren emaitzen adierazleak ezarri ahal izateko. Prozesu horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, urtero zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Foru Ogasunaren jarduketarako ildo nagusiak.

COVID-19aren pandemiak markatutako bi urteko aldi baten ondoren, non Foru Ogasunak ere aparteko egoerara egokitu behar izan duen, haren eragina arintzeak egoera sozioekonomikoa egonkortzea ahalbidetzen du, inflazio handiak eta ziurgabetasunak jarduera ekonomikoan eragina izaten jarraitzen badute ere.

Aldi berean, fase berri honetan, aurrerapauso handia egin da gizarte osoaren, jarduera ekonomikoaren eta, bereziki, zerga administrazio honen digitalizazioan, eta horrek negozio berriak sortzea, merkatu berrietara irekitzea eta teknologia berriak eskuratzea ekarri du.

Aurrekoa kontuan hartuta, Zergen Kontrolerako 2022ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dira ebazpen honen bidez. Haietan gidalerro orokorrak ezartzen dira tributuen kudeaketaren, ikuskapenaren eta bilketaren faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz (ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua).

Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arloak gidatzen dituzten jarduketa ildoak, iruzur fiskala prebenitu eta kontrolatzeko.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Zergen Kontrolerako 2022ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea, jarduketa ildo hauek dituena:

1.–Zergadunarentzako laguntza eta argibideak.

Nafarroako Foru Ogasunaren funtsezko helburuetako bat da zerga betebeharrak borondatez bete daitezen sustatzea. Horrek zergadunari laguntza osoa ematea eskatzen du, zergadunak aurre egin beharreko zama administratiboak murriztea lortzeko.

2022an, honako jarduera hauen bidez, laguntza eta informazio bideen eta zerbitzuen aniztasuna eta kalitatea bultzatzen jarraituko da, teknologia berriak erabiliz, aurrez aurreko arretarako ohiko bitartekoak mantenduz, eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta eskuragarri dauden baliabideak modu eraginkorragoan esleituz:

a) Autolikidazioak eta informazio aitorpenak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aplikazioen bilakaera teknologikoan aurrera egitea. Azken urteotan egindako lanek aurrera jarraituko dute, aitorpen eta izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izateko. Hedapen progresibo hori nahiko aurreratuta dago jada, eta 2022an zehar lan eginen da ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarekin lotutako ereduak ezartzeko. Aldi berean, Internet bidezko aurkezpenerako inprimaki eta programa horien laguntza-funtzionalitateak hobetzen jarraituko da.

b) Zergadunari laguntza eta informazioa emateko tresna berriak ezartzea.

Urtearen lehendabiziko hilabeteetan horietako batzuk ezarri dira:

–Nafarroako Foru Ogasunaren webgune berria (martxotik), informazioa eta zergadunekiko komunikazioa hobetzeko, errazteko eta modernizatzeko. Izapide bat egiteko prozesu osoan zehar zergadunari lagunduko dion laguntza eredu batean oinarritzen da, bai eta nahi den informazioa bilatzean ere.

–Zergen inguruko gaiei buruzko kontsultak egiteko aukera, Foru Ogasunaren webgunearen bidez; bertan, inprimaki batzuk kontsultatuz, eskatzaileari bidalitako mezu elektronikoz ebazten dira. Sistema horrek kontsultak kudeatzeko eta ebazteko eraginkortasun eta arintasun handiagoa ahalbidetzen du. Tresna horren erabilera urteko azken hiruhilekoan zabalduko da Foru Ogasunaren erakunde laguntzaileei arreta espezifikoa ematera, 130/2009 Foru Aginduak aipatzen duen banakako arretaren bide bereziari eutsiz.

–Harreman egiaztatuko tresna berria, zergadunak bere harremanetarako datuak (telefono mugikorra eta helbide elektronikoa) gorde ahal ditzan Ogasunarekin harremanetan jartzeko. Sistema horren bidez, zergadunek kodeak jaso ditzakete dei, bideodei eta bulegoetan identifikatzeko, eta beste norbaitek haren izenean izapideak egin ahal izateko bide horietatik. Aldez aurreko identifikazio horren bidez, zerga arloan garrantzia duten datuak eman ditzake Ogasunak, behar bezalako segurtasun eta konfidentzialtasunarekin. Gainera, harreman egiaztatuko sistema horrek badu beste erabilera garrantzitsu bat zergadunei laguntzeko eta informazioa emateko. Izan ere, Ogasunak unean uneko informazio abisuak bidal ditzake (ez dira jakinarazpentzat hartuko), hala nola egutegi fiskala gogoraraztea, berrikuntzak eta abar.

–Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile birtual bat ezarri da. Webgunean eskuragarri dago, zerga arloko zenbait izapide eta aferatan laguntzeko tresna gisa, eta edozein egun eta ordutan erabil daiteke. Tresna hori mantentzeko eta pixkanaka indartzeko lanean jarraituko da.

–2022ko udaberrian egindako Errenta Kanpainan, Foru Ogasunak errentaren aitorpena telefonoz egiteko zerbitzua jarri zuen abian. Zerbitzu horren bidez, zergadunak hitzordua hartzen du, eta Ogasunak deitu eta aitorpena egiten dio. Etorkizunean laguntza sistema hori indartzea espero da, zergadunak Ogasuneko bulegoetara joan beharrik izan ez dezan.

Era berean, honako jarduketa hauek lantzen ari dira:

–Ikuskapen bidezko egiaztapenaren eremuan, izapidetutako ia jakinarazpen eta errekerimendu guztiak, legez aurreikusitako salbuespenezko kasuetan izan ezik, bide elektronikoz egiten dira, eta 2022an sinadura biometrikoko sistema bat ezarriko da eginbideak eta aktak sinatzeko. Hala, prozedurako dokumentu guztiak euskarri digitalean egonen dira jada, eta interesdunek telematikoki eskuratzen ahalko dituzte egiaztapen kode seguruaren bidez (CSV). Hori aurrerapauso handia da espediente elektronikoa sendotzeko.

–2022an, Ogasunaren webgunearen bidez, karpeta fiskal bat abian jartzeko lan eginen da. Karpeta horretan, zergadun bakoitzak bere betebeharren egutegiari, harremanetarako eta erroldako datuei, aurkeztutako aitorpenei eta beste datu fiskal batzuei buruzko informazio pertsonalizatua kontsultatzen ahalko du.

–Nafarroako Foru Ogasunaren lurralde bulego guztietan ordenagailu publikoak instalatzea, tributu betebeharrak betetzeko baliabiderik ez duten edo zailtasunak dituzten zergadunek Ogasuneko langileen laguntza izan dezaten.

c) Zerga zorrak ordaintzeko moduak hobetzeari dagokionez, 2022ko otsailetik, helbideratutako ordainketaren modalitatea erabil daiteke autolikidaziorako borondatezko epearen azken egunera arte. Lanean jarraitzen da ordainketa modalitate hori sustatzeko, argi eta garbi zergadunek gehien erabiltzen dutena baita. Gainera, 2022. urtearen amaieran banku transferentzia bidezko ordainketa sistema abian jartzeko asmoa dago, eta zordunketa edo kreditu txartelaren bidezko ordainketa ezartzeko lanekin jarraituko da.

d) Cl@ve-ren erabilera bultzatzen jarraitzea identifikazio bide gisa, Nafarroako Foru Ogasunean izapideak modu seguru eta arinean egin ahal izateko. 2022an zehar hainbat jarduketa eginen dira: Horrela, Errenta Kanpainaren hasieran milaka jakinarazpen bidali dira zergadunen helbideetara, baita csv kode bat ere, interesdunak administrazio bulego batera joan beharrik izan gabe kredentziala Internet bidez lortzeko aukera ematen duena. Era berean, identifikaziorako bitarteko hori sustatzen ari da hainbat bidetatik: zerga izapideak egitera Ogasuneko bulegoetara joaten diren zergadunei Cl@ve-n alta emanez, eta Cl@ve-ren berri zabalduz hainbat modutan; besteak beste, Ogasunak Nafarroako herrietako hirugarren adineko zentroetan administrazio elektronikoari buruzko prestakuntza ekintzetan parte hartuz, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, eta parte-hartzaileei alta emanez Cl@ve-n.

e) Zerga arloan ordezkaritza ezartzea, eta bultzatzea eta erraztea ahalordedunek beren ahalorde-emaileen izenean izapide elektronikoak egin ditzaten. Aurreikusita dago urteko azken hiruhilekoan arautzea eta abian jartzea.

2.–Informazioa lortzeko jarduketak eta prebentziozkoak.

Informazioa lortzeko jarduketak funtsezkoak dira iruzur fiskalaren aurkako borrokan, eta zerga arloan garrantzia duen informazioa lortzera, normalizatzera eta aztertzera bideratuta daude, informazioa zergadunaren esku jartzeko, ahal den guztietan, bere zerga betebeharrak borondatez betetzea errazteko, arrisku fiskalak eta aitortutako datuen inkongruentziak detektatzeko eta erregularizatuko diren zergapekoen hautaketa hobetzeko.

Prebentziozko jarduketak askotariko neurriak dira, iruzurra egitea zaildu eta iruzurra gertatzeko arriskuak murrizten saiatzen direnak. Zerga jardunbide egokiak sustatzeko jarduketetatik hasi eta balio zibiko-tributarioetan kontzientziatzeko eta hezteko beste batzuetaraino.

2.1. Informazioa lortzeko jarduketak.

Informazioa lortzeko eta normalizatzeko jarduketak zergadunen beren aitorpenetatik hasten dira –aitorpenetan, beren buruari eta haiekin harreman ekonomikoak dituzten hirugarrenei buruzko informazioa ematen dute–, bai eta arauak eskatzen dituen informazio-aitorpenetatik ere. Azken horietan, beste zergapeko batzuei buruz enpresa, lanbide edo finantza harremanen bidez ezagutzen diren zerga datu garrantzitsuen berri ematen da.

Horri gehitu behar zaizkio, batetik, gainerako zerga administrazioetatik eta erakunde publikoetatik jasotako informazioak, aldizkako hornidura betebeharrak edo sinatutako truke hitzarmenak betetzeko ematen direnak, eta bestetik, Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluei jarraikiz Nafarroako Foru Ogasunak erakartze jarduketen bidez bildu ditzakeen informazioak.

Estatuarekiko informazio trukeei dagokienez, Hitzarmen Ekonomikoak bi administrazioen arteko zerga eta finantza harremanak arautzen ditu. Hala, Hitzarmenak funtsezko printzipio gisa ezartzen ditu koordinazioa eta lankidetza, zeinek bere zerga araubidea aplikatzean, eta behar diren informazioak eta laguntzak eman behar dizkiote elkarri. Printzipio hori arlo espezifikoei buruzko lankidetza hitzarmen eta akordioetan gauza daiteke.

2022an zehar, Foru Ogasunak Estatuko Zerga Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundietako Ogasunekin batera lan eginen du, berriki haiekin sinatu dituen truke eta lankidetza hitzarmenen ondoriozko informazio trukeak hedatzeko. Era berean, Foru Ogasunak lanean jarraituko du truke horien ondorioz lortutako informazioa ustiatzea ahalbidetuko duten garapen informatikoetan.

Hitzarmen horietatik garrantzitsuena 2021ean Zerga Agentziarekin sinatu zena da, informazioa zerga helburuekin trukatzea eta zerga bereziak eta ingurumenarekin lotutakoak kudeatzeko aplikazioak erabiltzea helburu duena. Bertan, lankidetza esparru orokor bat ezartzen da bi zerga administrazioen arteko informazio trukea arautu behar duten baldintzei eta prozedurei buruz, bai eta elkarren datu baseetarako sarbideari buruz ere, eta aukera ematen da beharrezkoak diren informazio aitorpen guztiak trukatzeko, administrazio hartzaileari erraztasunak emateko zergadunei beren zerga betebeharrak betetzen lagun diezaien, eta zerga iruzurrari aurrea hartzeko eta jazartzeko. Horri gehitu behar zaizkio eragiketen bolumenaren arabera zergak ordaintzen dituzten erakundeei buruzko beste informazio truke batzuk, Europar Batasunaren barruko operadoreen erregistroa, Europar Batasunaren barruko eragiketak, erroldak, ekonomia jardueren gaineko zerga, higiezinak, talde fiskalak, aduanak, nazioartekoak, eta arrisku fiskalak kontrolatzeko eta diru bilketa kudeatzeko beharrezkoak diren beste batzuk.

Gainera, Zerga Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiekin hitzarmena sinatu zen 2021eko otsailean, Berehalako Informazio Hornidurarako (BIH) errolda instrumentala eratzeari buruz. Hitzarmenaren helburua da BIH hori aplikatzen duten zergapekoen eta erregistratutako eragiketen hartzaileen identifikazio datuak egiaztatzea, eta informazioa administrazio eskudunen artean banatzea erraztea.

Horrez gain, 2021eko maiatzean, hitzarmen bat sinatu zen Zerga Agentziarekin, zerga berezien kontabilitate liburuak berehala emateko sistema (SILICIE) Nafarroako Foru Ogasunean erabiltzeko ezarpen teknologikoari buruz eta hura funtzionamenduan jarri ondoren egin beharreko informazio trukeei buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiekiko eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekiko lankidetza honela ere gauzatuko da: bakoitzak zerga kontrolerako bere planak betetzean finantza entitateei eta beste erakunde batzuei helarazitako informazio errekerimenduen bidez lortutako informazioak trukatuko dira.

Nazioartean, beharrezkoa da Europar Batasunean eta ELGAren eremuan BEPS “Base Erosion and Profit Shifting” (zerga oinarria higatzea eta mozkinak lekualdatzea) proiektuaren esparruan bultzatutako informazio truke guztiak sendotzea. Azken urteetan, oso garrantzitsuak diren zenbait iturrirekin osatzen joan da informazio hori; esaterako, honako hauen bidez finantza kontuei buruz lorturiko informazioa: Foreign Account Tax Compliance Act (FATCA - atzerriko kontuen zerga betebeharren gaineko legea) legea ezarriz, nazioarteko zerga betebeharrak betetzea hobetzeko Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioa; Finantza kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna (2014ko urriaren 29an egin zen Berlinen), eta, Europar Batasunaren eremuan, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentaraua (DAC 2 izenarekin ezagutzen da), zeinak 2011ko otsailaren 15eko Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu baitzuen (zuzeneko fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzkoa). Bereziki, Espainiako egoiliarren titulartasunekoak diren atzerriko finantza kontuen gaineko informazio truke automatikoak nabarmen egin du gora azken urteotan. Zerga kontrolerako garrantzi berezia du, halaber, ondasun higiezinen titulartasunari eta errentei, lan errentei, kontseilarien errentei eta pentsioei buruzko informazioak, Europar Batasuneko estatu kideek emandakoak, DAC-1 izenaz ezagutzen den zuzentarauaren esparruan.

Azken urteotan, Nafarroako Foru Ogasuna lanean ari da bere datu baseetan automatikoki sartzeko nazioarteko jatorria duten eta tributuetan garrantzia duten informazio horiek, Zerga Agentziaren bidez jasotakoak, gure informazio sistemetan txertatzeko, arriskuen hautaketan kontuan hartu beharreko elementu gisa eta tributuak kudeatzeko, ikuskatzeko eta biltzeko prozedurak eraginkortasunez aplikatzeko.

Foru Ogasunak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak lankidetzan jarraituko dute 2002. urtean, arrisku eremu komunetan hautemandako gorabeherei buruzko informazioa trukatzeko, bereziki ezkutuko ekonomiaren indize handiak dituzten sektoreetan. Gainera, Zerga Ikuskatzailetzak edo Lan Ikuskatzailetzak enpresaren eta langilearen arteko merkataritza harremanaren itxura duen lan harreman bat hautematen dutenean erregularizazio espedienteetan, horiek aztertzeko igorriko dira.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek egindako transakzioei buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku dagoen informazioa ustiatuko da, zergapekoek benetan egindako eragiketekin bat datozela egiaztatzeko. Beken eta dirulaguntzen arloan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentuekin informazio trukeek jarraituko dute, pertsona fisiko edo juridikoek egindako iruzurrezko eskaerak antzemateko, euren benetako ahalmen ekonomikoa Administrazioaren aurrean aitortutako datuekin bat ez datorren kasuetan.

Zerga kontrolerako funtsezkoa da, halaber, finantza erakundeek Foru Ogasunari emandako informazioa. Izan ere, araudiak eskudiru mugimenduei, kreditu edo zordunketa txartelei, banku kontuei, txekeei eta finantza-aktiboekin egindako eragiketei buruz informazioa emateko betebeharra ezartzen die. Emandako informazio horri dagokionez, errekerimendu espezifikoak eginen dira honako hauek detektatzeko: ezkutuko ekonomiaren barruan egindako transakzioak, aitortu gabeko errentak, fiskalki ez-kengarritzat kalifikatutako gastuak eta jarduera ekonomikoekin loturarik ez duten kontsumo pribatuak. Zehazki, kontrol jarduketak eginen dira nazioko edo nazioarteko finantza kontuetan mugimendu garrantzitsuak dituzten pertsona fisiko edo juridikoei dagokienez, baldin eta mugimendu horiek ez badute loturarik beren zerga aitorpenetan adierazitakoarekin.

Foru Ogasunarentzat oso informazio-iturri garrantzitsua da Notarioen Indize Bakar Informatizatua, zeinak aukera ematen baitu, Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren bidez, eskritura publikoan formalizatutako transakzio ekonomikoen data, lekua, parte-hartzaileak, errealitatea eta edukia egiaztatzeko. Era berean, erregistro publikoetarako sarbideari dagokionez, Benetako Titulartasunen Erregistrorako sarbidea oso erabilgarria da pantaila sozietateen eta sozietate sare opakuen titularrak eta benetako onuradunak ezagutzeko. Izan ere, bertan identifikatzen dira kontuak aurkezten dituzten merkataritza sozietate guztien benetako titularrak.

Ildo horretan, gardentasun handiagoa lortze aldera, abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legeak informatzeko betebehar berri bat sartu du Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. artikuluan, edozein pertsona fisiko edo juridikori dagokion lankidetza betebeharrari buruzkoan, Zerga Administrazioak baloreen gordailuzain zentralei informazioa eskatu ahal izateko dibidenduen azken onuradunari buruz.

Ezin da bestela izan, Nafarroako Foru Ogasunak Justiziarekin lankidetza aktiboan jardunen du jurisdikzio organoen aurrean Ogasun Publikoaren aurkako delituengatik, kapitalak zuritzeagatik, bidegabe jabetzeagatik, kontrabandoagatik edo beste delitu batzuengatik irekitako prozesu judizialetan, baldin eta laguntza edo sostengua eskatzen bazaio. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola informazioa ematean epaitegi eta auzitegiei eta fiskaltzari, eta peritu lana egitean eta laguntza judiziala ematean prozesu penaletan.

2.2. Aurrea hartzeko jarduketak.

Zerga Administrazioaren helburu nagusia iruzurra prebenitzea da, eta horretarako beharrezkoa da ez-betetzeak detektatzeko eta galarazteko informazio eta tresna egokiak izatea. Baina garrantzitsua da, halaber, gizarteak bidezkotzat jotzen duen zerga sistema bat diseinatzea, eta borondatez bete dadin erraztea, laguntza eta informazio egokiaren bidez, zergadunei segurtasuna eta konfiantza emanez Zerga Administrazioarekiko harremanetan.

a) Software segurua.

Ildo horretan, 2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen 21/2020 Foru Legeak betebehar formal hau sartu zuen Zergei buruzko Foru Lege Orokorrean: fakturazio sistema informatikoak aldez aurretik ezarritako betekizun teknikoetara egokitu behar dira, erregistroen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzeko. Betekizun horien zehaztapen teknikoa erregelamendu bidez garatuko da. Betebehar berri horrek berekin dakar berariazko zehapen araubide bat, aplikatzekoa zaiena bai ziurtagiririk gabeko sistema informatikoen produktore edo merkaturatzaileei, bai sistemak behar bezala erabiltzen ez dituztenei. Neurri horren helburua prebentzioa da, diru-sarrerak ezkutatu ez daitezen eta kontabilitatea manipulatu ez dadin, batez ere Berehalako Informazio Horniduraren mende ez dauden eta eskudiru asko erabiltzen duten txikizkako sektoreetan, eta datozen hilabeteetan jarraituko du, betebehar hori garatuko duen eta fakturazio sistemek bete beharko dituzten baldintza teknikoak zehaztuko dituen erregelamendua onesten denean.

Bestalde, 2022rako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legeak irisgarritasun eta irakurgarritasun betekizunak gehitu dizkie jada eskatzen diren osotasun, kontserbazio, trazabilitate eta bortxaezintasun baldintzei, zerga betebehar formal berri hori betetzen dela kontrolatzea errazteko.

Berrikuntza horiek erabilera bikoitzeko software deritzonaren bidez sortzen den iruzurra murrizten lagunduko dute, eta, era berean, autonomoen eta enpresen administrazio kudeaketa digitalizatzea eta modernizatzea bultzatuko dute, haien betebehar formalak betetzea erraztuz fakturazio sistema seguruetatik abiatuta. Aurrerapen horiekin guztiekin batera, aplikatzekoak diren tributazio araubideak aztertu eta berrikusiko dira, interesdunen errealitate ekonomikora egokitzen direla ziurtatzeko eta segurtasun juridikoa bermatzeko.

Prozesu horretan, Nafarroako Foru Ogasunak informazio bilerak eginen ditu lanbide eta enpresa elkarteekin eta aldaketek eragiten dieten kolektibo edo sektoreetako gainerako ordezkariekin. Horrela, Administrazioaren eta Foru Komunitateko eragile ekonomikoen arteko lankidetza tresnak indartuko dira, zerga betebeharrak borondatez betetzea ahalik eta gehien sustatu eta errazteko.

b) Diru birtualak.

Kriptodiruetako inbertsioa eta trukea azkar hazi dira azken urteetan blockchain teknologiaren bidez. Hasiera batean, diru birtualak ordaintzeko modu anonimo eta seguru gisa iragartzen baziren ere, gaur egun gehiago erabiltzen dira aktibo edo inbertsio gisa, ordaintzeko bide gisa erabili beharrean. Inbertsio mota hori, aldakortasun handikoa, erabiltzaile espezializatuen kolektibo oso txiki bati zuzendutako produktua izatetik, gizarte osoan orokortzera igaro da, batez ere hedabideek ezagutarazi dutelako eta sortu diren Exchange plataforma ugariek sarbide erraza ematen dutelako. Ogasunarentzat garrantzitsua da aktibo mota horien edukitza eta haiekin egindako eragiketak kontrolatzea, arrisku handiko profila duten pertsonek nolabaiteko opakutasuna bilatuz balia baitezakete.

Lehenik eta behin, borondatezko betetzearen ondorioetarako, garrantzitsua da azpimarratzea kriptodiruekin egindako eragiketaren bidez lortutako etekinak, irabaziak edo ondare galerak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitortu behar direla, eta aktibo horiek edukitzea ere kontuan hartu behar dela ondarearen gaineko zerga aurkezteko betebeharra dagoen ala ez zehazteko orduan.

Transakzio horien kontrola eta gardentasuna indartze aldera, 2021erako zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Legeak informazio betebeharrak ezarri zizkien diru birtualen gaineko zerbitzuak ematen dituzten pertsona edo entitateei. 2022an, aurreikusita dago araudia garatzea eta ereduak egitea, atzerrian kokatutako diru birtualen titularrei eta diru birtualen truke zerbitzuen eta diru-zorro elektronikoak zaintzeko zerbitzuen hornitzaileei dagozkien informazio betebeharrak gauzatzeko.

Hornidurari dagozkion betebehar horiez gain, Zerga Agentziarekin koordinatuta, hainbat iturritatik informazioa biltzeko jarduketekin jarraituko da, bereziki finantza erakundeengana zuzenduz, Nafarroako zergadunek diru birtualekin egindako eragiketak ezagutzeko.

Zalantzarik gabe, etengabeko eguneraketa beharrezkoa da esparru horretan, eta ezinbestekoa da gure inguruko zerga administrazioek kontrolari dagokionez ezarritako azken berritasunei adi egotea. Gaur egun, Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren zazpigarren berrikuspena izapidetze fasean dago Europan. DAC-8 izenez ezagutzen da, eta ordainketa eta inbertsio bitarteko alternatiboei buruzko informazio trukeari buruzkoa da, hala nola kriptoaktiboak eta diru elektronikoa.

c) Plataforma digitalak.

Ekonomiaren digitalizazioak eta merkataritza prozesuak hobetzeko informazioaren teknologien aplikazioak negozio eredu berriak sorrarazi dituzte azken urteotan, Interneteko atarien eta sare sozialen bidez. Foru Ogasunak ezagutu eta aztertu behar ditu eredu horiek, Nafarroan tributazio egokia zehazteko.

Esparru digitalean jarduten duten pertsona edo erakundeei zuzendutako informazioa biltzeko jarduketa zehatzak alde batera utzita, Foru Ogasunak funtsezkotzat jotzen du ondasunak eta zerbitzuak trukatzea ahalbidetzen duten plataforma digitalek duten zerga arloko informazio garrantzitsua aldizka ematea. 2021ean, urrats garrantzitsua egin zen 179 eredua onartu zenean («Helburu turistikoko etxebizitzen lagapenari buruzko aitorpen informatiboa»). Eredu hori helburu turistikoetarako etxebizitzen lagatzaileen eta lagapen-hartzaileen artean bitarteko diren pertsonek eta erakundeek aurkeztu zuten, eta lehenengo aitorpenak 2022an hasi ziren aurkezten. Arlo horretan, gainera, Foru Ogasunak lankidetza mantenduko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiarekin, esperientziak erakutsi baitu Turismoak ezarritako erregistro betebeharrak ez betetzeak zerga arloko ez-betetzeak ekarri ohi dituela, baita alderantziz ere. Behar izanez gero, horrelako ostatuetan bertan eginen dira egiaztapenak.

Nazioartean, ildo beretik, 2021ean Kontseiluaren martxoaren 22ko 2021/514 Zuzentaraua onetsi zen. Zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentarauaren zazpigarren hedapena (DAC 7) dakar, eta 2023tik aurrera aplikatzekoak izanen diren betebehar berriak ezartzen ditu, plataforma digitalen bidez egindako salmentei buruzko txostenak aurkezteko eta informazioa trukatzeko. Arau horrek gardentasunerako eta informazioa emateko arau berriak ekarriko ditu, azken helburuan txertatuak: ekonomia digitaleko enpresa handiak zergapetzeko nazioarteko sistemaren erreforman aurrera egitea, zerga kargaren banaketa bidezkoagoa lortzen saiatzeko, eta diru-sarrerak lortzen diren estatu kideetan kargatzea, 2021ean argitaratutako BEPS 2.0 proiektuaren 1. eta 2. zutabeen ildotik.

d) Erregistro-liburu egituratuak, BIH eta SILICIE.

2021ean, Nafarroako Foru Ogasunak beste urrats bat eman zuen nahitaezko liburuak egiteko laguntzan. Horretarako, BEZaren eta PFEZaren liburuen formatu elektroniko normalizatu batzuk argitaratu zituen bere webgunean, biak batera eramateko. Liburuak batera eramateak ez du betekizun erantsirik bereiz eramatearen aldean; aitzitik, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 5eko 17/2021 Foru Aginduaren bidez lortu nahi den helburuetako bat da, segurtasun juridikoa eskaintzeko eta beren jarduera ekonomikoen erregistro liburuak eramatera behartuta dauden zergadunen kolektiboaren betebehar formalak murrizteko. Liburuetan dagoen informazioa normalizatzeari esker, halaber, Foru Ogasunak informazioa hobeki kudeatzen ahalko du bere sistema eta tresna informatikoetan.

Enpresa handiei dagokienez, berariazko tresna informatikoak garatu dira, BIHk ematen duen informazio kopuru itzela ustiatzeko eta zerga kontrolerako magnitude garrantzitsuenei dagozkien informazio sistemetan kargatzeko. Zergadunek beren aitorpenetan jasotako datuak eta BIHtik eratorritako informazioa alderatuz gero, bai aitortutako eragiketetatik bai kontrako alderdiek egotzitako eragiketetatik, aitorpeneko zerga betebeharrak betetzen ari ez diren subjektu pasiboak daudela antzematen ahalko da, eta BEZaren itzulketen kontrola areagotu.

BEZaren nahitaezko liburuak Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko sistema horrek ziurtasuna eta segurtasun juridikoa ematen die enpresei. Izan ere, Zerga Administrazioak jakinarazpen bakoitzaren baliozkotzeak egiten ditu eta zergapekoari berehala erantzuten dio, zein erregistro onartu diren eta zein erregistrok zuzendu beharreko akatsak dituzten adieraziz. Hala, BIHk zergapekoei aukera ematen die erregistratutako eragiketei buruzko datuak emateko, bai eta kontrako alderdiek jakinarazitako eragiketei buruzko datuak ere; hala, balio erantsiaren gaineko zergaren kontrola hobetzen du, eta aukera irekitzen du zergaren autolikidazioaren zirriborroak edo proposamenak bidaltzeko.

BIHren eredua 2020an esportatu zen SILICIErekin zerga berezien esparrura. Sistema hori finkatzen ari da, eta, aurrekoak bezala, hobetu egiten du zergapekoari eman beharreko laguntza, zeinak, beste alderdi batzuen artean, murriztu egiten baititu informazio aitorpenen betebeharrak, eta areagotu egiten baititu Zerga Administrazioak zerga berezien esparruan kontrolerako dituen aukerak, ezarritako erregistroak eta kalitate kontrolak azkar jasotzeari esker.

BIHren mende ez dauden erakundeentzat eta enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoentzat, fakturaziorako beren sistema informatikoak aldez aurretik zehaztutako baldintza teknikoetara egokitzeko betebehar formala, hurrengo hilabeteetan erregelamendu bidez garatuko dena, lotuta egonen da, halaber, software seguruko ekipamendu horiek jaulkitako fakturen erregistroak Foru Ogasuneko zerbitzarietara bidaltzeko aukera edo potentzialtasun teknologikoa izateko betebeharrarekin. Hala, helburua da Zerga Administrazioak, etorkizunean, egindako eragiketen erregistro guztiak izatea, eta horrek hobekuntza orokorra ekarriko du zergadun guztien laguntzan eta kontrolean.

e) Iruzur sareen prebentzioa.

BEZaren inguruan antolatutako iruzur sareak Nafarroan ezartzeari aurrea hartzea Foru Ogasunaren lehentasunetako bat da oraindik ere, iruzurrezko erakunde horiek Zerga Administrazioari epe laburrean kalte larria eragiteko gaitasuna baitute. Egitura horiek, normalean, hainbat pantaila-sozietateren bidez funtzionatzen dute, izen-mailegatzaileek kontrolatuta. Sozietate horiek Estatuko hainbat zerga administrazioren eremuetan eta atzerrian kokatzen dira, detektatzea eta kontrolatzea zailtzearren. Horregatik, funtsezkoa da administrazioen artean informazioa berehala trukatzea, eta edozein neurri eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru aldundiekin koordinatuta ezartzea.

Jatorrian iruzurra eragozteko lehen neurri gisa, norbaitek IFZ eskatzen duenean egiaztatuko da jakinarazitako datuak benetakoak direla eta adierazitako helbidea benetakoa dela, bai eta jarduera gauzatzeko giza baliabide eta baliabide material nahikoak eta araudiak eskatutako gainerako baldintzak betetzen direla ere. Hortaz, esleipena ukatuko da ez-betetze kasuetan. Halaber, arreta jarriko da IFZ esleitu zitzaien baina aktibo ez dauden erakundeetan. Jarduerarik eza arrazoi askorengatik izan daiteke, baina iruzurrezko jardueretarako tresna gisa erabiltzeko arriskua dago, eta, nolanahi ere, asko direnez, zerga kontroleko jarduketak distortsionatu edo baldintzatu ditzakete. Horren aurrean, IFZ errebokatu eginen da, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan aurreikusitako kausak gertatzen badira.

Europar Batasunaren barruko iruzur sareak ager daitezen saihesteko, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren gaineko kontrola zorroztuko da, jarduera ekonomiko erreala duten eta jardunbide irregularrik ez duten operadoreak baizik sar ez daitezen. VIESen erregistratutako Europar Batasunaren barruko eragiketak Nafarroako zergapekoek aitortutakoekin alderatuko dira.

Alkoholen sektorean, eta, bereziki, hidrokarburoen sektorean, BEZaren arloko iruzurraren aurka borrokatzeko, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren ereduari jarraikiz, 2022an Zerga Gordailuen Ateratzaileen Erregistroa (ZGAE) sortzea aurreikusi da. Erregistro horretan inskribatu beharko dira BEZaren subjektu pasiboak diren erakundeak, gordailu araubideko ondasunak irtetean edo uztean sortutako ondasun-inportazioekin parekatutako eragiketetan, bai eta eragiketa horiek egiteko baimenduta daudenak ere. Foru Ogasunak ZGAEan inskribatutako operadoreen sarrera eta ondorengo jarraipena kontrolatuko ditu. Era berean, gordailu fiskalen titularrak kontrol horretan inplikatze aldera, ondasunak gordailu horietatik irteteari dagokion zerga zorraren gaineko erantzukizun subsidiarioko kasu berri bat sortu da, zeina aplikatuko baitzaie ateratzailea edo hark baimendutako pertsona ZGAEan sartuta ez dagoenean.

Ibilgailuen sektoreko iruzur sareen aurkako borrokan, barne-iragazkiak aplikatuko dira zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren aitorpen-likidaziorako 576 eredua izapidetzean, eta ibilgailuak matrikulatu aurreko egiaztapenak eginen dira, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta. Gainera, ez-betetzeak egiaztatzen badira, matrikulazioa ukatuko da. Hori guztia ezkutuko salmentak, Erabilitako Ondasunen Araubide Bereziaren erabilera bidegabea edo ondasunen benetako titulartasuna ezkutatzeko eta balizko zerga erantzukizunak saihesteko bitarteko sozietateen erabilera detektatzeko. Era berean, eskualdaketak benetakoak baino prezio txikiagoetan egin ez daitezen, saldutako modeloa egiaztatuko da hala behar denean, batez besteko prezioa ezartzeko, eta baliorik handiena hartuko da baldin eta egiaztatzen ez bada aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Edozein sektoretan antolatutako iruzur sareen gainean egindako egiaztatze jarduketetan, auditoretza informatikoak eginen dira lekuan bertan, epailearen baimenarekin, Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 118. artikuluaren arabera bidezkoak diren behin-behineko kautela neurriak hartuko dira, eta dagokion kereila aurkeztuko da zenbatekoak Ogasun Publikoaren aurkako delituaren atalaseetara iristen direnean.

f) Prebentzioko beste neurri batzuk.

Foru Ogasunak hainbat arrisku-ezaugarri definitu ditu, eta zergapeko jakin batzuei esleitzen zaizkie aurretik hautemandako ez-betetzeen eta beste parametro objektibo batzuen arabera. Hortaz, iruzur arrisku berezia duen kolektibo horren kontrolean ardaztuko ditu bere ahaleginak.

Nafarroako Foru Ogasunak ikuskapen prozeduren esparruan egindako erregularizazioek aldaketa ekarri behar dute borondatezko aitorpenaren mailetan, egiaztatu diren ekitaldien ondorengo ekitaldietan, haien jarduera ekonomikoaren inguruabar ekonomiko eta objektiboek beren horretan jarraitzen duten neurrian. Horregatik, zergadunek ikuskapenaren xede izanarazi zituzten zerga portaerei eusten badiete, berriz ere haien gainean jardunen da, harik eta desbideratzeak zuzendu arte, eta, hala badagokio, zehapenak ezarriko dira berrerortzeagatik.

2022an, iruzur fiskaleko kasuen detekzioa eta ikerketa automatizatzea ahalbidetuko duen proiektu informatiko baten garapenean lan eginen da, grafo eredu baten bidez. Tresna horretan hainbat iturritako informazio bolumen handiak karga daitezke, eta, erabiltzailearen eskakizunei erantzunez, modu intuitiboan marrazten ahalko dira zergapekoen arteko maila desberdinetako harreman ekonomikoak. Harreman horiek nekez antzemanen lirateke osorik banakako kontsulten bidez. Tresna horren bidez, halaber, Foru Ogasuneko langileek egin beharreko kontrol lanetan egiaztatu beharreko zergapekoaren ingurunearen ikuspegia azkarra eta globala izanen da, arrisku edo ezkutatze egoera jakin batzuk egiaztatu gabe gera ez daitezen.

2022an, halaber, egiaztapen jarduketen emaitzak xehetasun handiagoz automatikoki eskaintzea ahalbidetuko duten funtzionalitate informatikoen inplementazioan lan eginen da. Horrela, bi helburu lortu nahi dira: zerga iruzurraren aurkako borrokan lortutako emaitzak behar bezala jakinaraztea eta egindako zerga erregularizazioen arrazoiak ezagutzea, egiaztapen eta ikerketa jarduketa horiek eragin zituzten arrazoiekin alderatzeko. Horrek berekin ekarriko du arriskuak hautatzeko eta jarduketak planifikatzeko prozesuak etengabe hobetzea.

Zerga Administrazioaren helburu nagusia zerga betebeharrak borondatez betetzea sustatzea denez iruzurra prebenitzeko, funtsezkoa da herritarren kontzientzia zergen inguruan indartzea, zergadunek positiboki balora dezaten zergen arrazionaltasuna eta progresibitatea, eta aintzat har dezaten horiei esker bermatzen dela guztiok baliatzen dugun gizarte egoerari eustea. Foru Ogasuna psikologia soziala aplikatzen saiatuko da kontzientziazio fiskaleko mezua helarazteko bere publizitate kanpainetan, bereziki, errentaren aitorpenaren urteroko kanpainetan.

Ildo horretan, gure haur eta gazteen heziketa zibiko-tributarioa bultzatuko da, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, hainbat ekimenen bidez. Nafarroako unibertsitateetako ikasleekin prestakuntza ekintzak ere egiten jarraituko da, fiskalitatearen arloan haien interesekoak diren gaiak jorratzeko.

3.–Zerga iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketak.

Nafarroako Foru Ogasunak ahalegin osoa eginen du iruzurra detektatzeko eta modu aktiboan borrokatzeko baliabideak optimizatze aldera hainbat jarduketa ildoren bidez. Horretarako, neurri berritzaileak ezarriko ditu, eta azken urteetan arrakastatsuak izan diren jarduketak garatzen sakonduko du.

3.1. Enpresa handien kontrola eta nazioarteko fiskalitatea.

Foru Ogasunak enpresa handien kontrola bultzatzen jarraitzen du, eta horretarako, 2021ean, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren barruan, enpresa handiak kontrolatzeko unitate bat sortu zen. Eginkizun hauek ditu, besteak beste: plangintza eta egiaztapena egitea bereziki garrantzitsuak diren eragiketetan edo berregituratze eragiketetan; doikuntzak egiaztatzea kontabilitate emaitzari eta onura fiskalei dagokienez; talde fiskalen tributazioa kontrolatzea; enpresa handiek aitortutako tributazio ehunekoak kontrolatzea; nazioarteko zerga informazioa aztertzea eta ustiatzea; eta talde multinazionalak kontrolatzea.

2022an, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean aurreikusitako bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen eta balio trukearen araubide berezian enpresak berregituratzeko eragiketak onartzeko eskatzen diren betebehar materialak eta formalak betetzen direla kontrolatzeko jarduketak eginen dira, zergen ordainketa saihestea helburu duten irregulartasun edo egitura artifizial posibleak detektatzeko. Era berean, eskuratutako ondasunen balorazio fiskala egiaztatuko da, geroko eskualdatzeetan lortzen diren gainbalioen aitorpen zuzena egiaztatzeko.

Nazioarteko fiskalitatearen arloan, lotutako eragiketak eta talde multinazionaletako erakundeen arteko transferentzia prezioak aztertze aldera, Foru Ogasunak, 2020an, mundu mailako nazioarteko informazioa duen datu base bat eskuratu zuen, arlo horren kontrolean aurrera egiten laguntzeko. Era berean, enpresa handiak kontrolatzeko unitate berriari atxikitako pertsonek nazioarteko fiskalitateari eta transferentzia prezioei buruzko prestakuntza jaso dute, Zerga Agentziako Finantza eta Zerga Ikuskapeneko Departamentuarekin lankidetzan.

Jada aurreratu den bezala, Espainiako Erresumak Estatu Batuekin sinatutako akordioak (FATCA) Nafarroan benetan aplikatzeak, ELGAren esparruan eta Europar Batasunaren esparruan (DAC-1, DAC-2), hobekuntza handia ekarri dio azken urteotan Foru Ogasunari zergadun nafarren zerga eta ondare analisirako aukeretan, Zerga Agentziaren bitartez iristen den atzerriko ondasun, eskubide eta errentei buruzko informazioaren fluxu etengabea baitu. Nazioarteko jatorria duten egozpenak Nafarroako zergadunek beren ondarearen gaineko zergan eta 720 ereduan (“Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa”) aitortutako informazioarekin gurutzatzeak aurrerapen handia ekarri du ezkutuko ondasun eta eskubideak eta zergadun deslokalizatuak detektatzeko aukeretan. 720 eredu hori indarrean dago Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak 2022ko urtarrilaren 22an eman berri duen epaiaren ondoren, baina hura ez betetzearen ondorioei buruzko araudia auzitegiak ebatzitakora egokitu beharko da. Horrela, Zergei buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusitako araubide orokorra izatera igaroko dira bai bete gabeko zerga betebeharren preskripzioaren araubidea, bai aitorpen betebeharraren ez-betetzeen zehapen araubidea.

Honako hauek ere trukatuko dira: mugaz haraindiko eragina duten aurretiko akordioak eta transferentzia prezioei buruzko aurretiko akordioak (DAC 3-ETR, Tax Rulings,), eta herrialdekako jarduera txostenak (DAC4, Country by country), 750 milioi eurotik gorako negozio zifraren zenbateko garbia duten talde multinazionalei dagozkienak. Txosten horiei esker, zerga administrazioek jakin dezakete zein den errenten, ordaindutako zergen eta jarduera ekonomikoa non kokatzen den erakusten duten gainerako adierazleen munduko banaketa talde handi horiek jarduten duten zerga jurisdikzioen artean. Informazio hori oso baliagarria da ebaluazioa egin ahal izateko errentak sortu diren lurraldetik tributazio txikiagoa duten lurraldeetara etekinak deslokalizatzeari buruz.

Nafarroan dauden talde multinazionalei informazioa eskatu zaie taldeko zerbitzu erkide jakin batzuei buruz, hala nola kudeaketari laguntzeko zerbitzuei, ukiezinen lagapenari, finantza zerbitzuei, merkataritza zerbitzuei eta Foru Komunitatean tributatu beharko lituzketen diru-sarrerak nabarmen murriztea eragin dezaketen beste zerbitzu orokor batzuei buruz. Nafarroako zergadunek ezarpen bikoitza saihesteko hitzarmenak eta Europar Batasuneko araudia behar ez bezala aplikatzearen ondoriozko balizko zerga saihesteari erreparatuko zaio, barne esparruko arau jakin batzuekin duten elkarreraginak ezarpenik ez egitea eragin dezaketen kasuetan. Ildo horretan, egiaztapenak eginen dira hautemateko Nafarroan ezarritako multinazionalek gehiegikeriarik egiten duten ez-egoiliarren araudian Europar Batasunaren eremuko dibidenduak banatzeko aurreikusitako salbuespena aplikatzean.

Halaber, informazioa lortzeko jarduketak ere eginen dira, atzerriko sozietateek aitortu ez dituzten Foru Komunitateko balizko establezimendu iraunkorrak hautemateko, eta, hala gertatu bada, establezimendu iraunkor horien tributazioa egokia dela egiaztatzeko, BEZaren zein sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako.

Orobat, Nafarroako zergapekoek paradisu fiskaletan, zergarik gabeko lurraldeetan edo gure inguruko zerga administrazioekin informazio truke eraginkorrik ez duten lurraldeetan egoitza duten pertsona edo entitateekin egindako eragiketei buruzko informazioa bilduko da, enpresek 232 ereduaren bidez emandako informazioa baliatuta.

3.2. Auditoretza informatikoa eta tokian bertan egitekoak diren jarduketak.

2020ko martxoan pandemia agertu izanak moteldu egin zuen egiaztatze eta ikerketa jarduketak egitea bulegoetan, negozio lokaletan eta jarduera ekonomikoak garatzen diren gainerako establezimendu edo lekuetan. 2021ean eta 2022ko hasieran jokaleku aldakorretatik igaro ondoren, eta osasun krisi larria pixkanaka gainditu ondoren, lekuan bertan egindako jarduketa horiei berriro ekiten ari zaie pixkanaka, eta, funtsean, auditoretza informatikoko kontrolak erabiliz eginen dira. Era berean, eta beharrezkoa denean, egoitzan sartzeko eta erregistratzeko baimen judizialaren eskaerak izapidetzea bultzatuko da iruzur fiskalaren zantzu sendoak dauden kasuetan.

Konstituzioak egoitza babesten du, eta egoitzetan egindako jarduketak, era berean, Auzitegi Gorenak 2020ko urriaren 1eko epaiaz geroztik ezarritako doktrinak baldintzatu zituen. Horren ondorioz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatu zen 2021ean, eta Zergei buruzko Foru Lege Orokorra ere bai 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako hau argitze aldera: jarduketaren helburua, beharra eta proportzionaltasuna behar bezala justifikatzen bada, egoitza babestura sartzeko baimena eskatu eta ematen ahalko da, baita ikuskapen prozedura hasi aurretik ere.

Hainbat zerga administrazioren eremuetan edo arrisku fiskal handiko sektore jakin batzuetan dauden iruzur sareen aurrean, ustekabearen efektua bermatzeko eta lantaldeen arteko sinergiak aprobetxatzeko, zergapekoaren egoitzako auditoretza informatikoko jarduketak aldi berean eginen dira negozio lokal desberdinetan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru aldundiekin koordinatuta. Horrelako jarduketak lekuan bertan arrakastaz egiteko, funtsezkoa da, halaber, Foruzaingoaren eta gainerako segurtasun kidego eta indarren laguntza logistikoa eta informatikoa, bai informazioa biltzeko, bai ondoren analisi informatikoa egiteko.

Nafarroako Foru Ogasunak auditoretza informatikoko tekniken erabilera bultzatzen jarraituko du 2022an zehar, aurretik edo egiaztapen prozeduretan lortutako informazioa aztertu eta kudeatzeko. 2021ean, ikuskapen informatikorako tresna berri bat sortu zen ikuskatzaileentzat. Tresna horrek nabarmen gainditzen ditu Foru Ogasunean lehendik zeuden aplikazioak, bai edukierari bai funtzionalitateei dagokienez. Aukera ematen du, gainera, egiaztapen-prozedura batean aurkeztutako kontabilitatean zergadunak aitortu dituen zerga datuak erkatzeko bankuen informazioarekin eta zergapekoak berak edo hirugarrenek emandako beste edozein zerrendarekin. Horrelako gurutzatze masiboek zergapekoen anomalia fiskalak hobeki atzematea ahalbidetzen dute eta arrazionalizatu egin daitezke erabakiak eta ikuskapen eta erregularizazio prozedurak. Era berean, irtenbide informatiko hori jauzi bat da Foru Ogasunak BIH sistemari esker lortutako datu kopuru handiaren tratamenduan eta kudeaketan.

Bestalde, Foru Ogasunaren esku dauden baliabideak ahalik eta gehien optimizatzeko, zergadunei gutunak bidaliko zaizkie beren aitorpenetan ez-betetze edo inkongruentzia zehatzak hautematen direnean, hasiera batean bidezkoa den erregularizazioaren berri emanez eta errekerimendu horri ez erantzutearen ondorioez ohartaraziz. Ondoren, egiaztatuko da zergapekoek egindako erregularizazioak bat datozela Foru Ogasunean eskuragarri dagoen informazioarekin, edo, zergapekoak abisuari erantzuten ez badio, egiaztapen jarduketak eginen dira, jakiteko ea benetan bidezkoa den erregularizazio administratiboa egitea eta dagozkion zehapenak aplikatzea.

3.3. Kontrolak eragiketen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean.

Lehenik eta behin, zergapekoak aitortutako zerga egoitza benetakoa dela egiaztatuko da, bereziki arrazoi fiskalengatik egoitza aldaketa faltsuak erregistratu ahal izan dituzten pertsonena. Hala, ahaleginak ondare handietara bideratzen dira, eta aitortutako egoitzaren eta itxurazko ohiko egoitzaren edo zuzendaritza zentroaren arteko inkoherentziak hautematen zaizkien enpresetara. Horretarako, Foru Ogasunaren esku dauden informazioak aztertuko dira, zergapekoek berek eta haiekin harremana duten hirugarrenek aitortutakoak, eta beharrezko diren informazio espezifikoak biltzeko eta lekuan bertan egiaztatzeko jarduketak eginen dira. Era berean, enpresa-sorlekuetan eta sozietate bat baino gehiago helbideratuta ageri diren guneetan, horien gaineko jarduketak eginen dira tokian bertan, legez kanpoko helburuekin sortutako egoitza faltsuak eta pantaila-sozietateak aurkitzeko.

Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren arabera zergak ordaintzen dituzten enpresa handiek sozietateen gaineko zergan eta BEZean aitortutako tributazio ehunekoak ongi aplikatzen dituztela egiaztatuko da; horretarako, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako lotura puntuak aplikatuko dira, Arbitraje Batzordearen ebazpenetan eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian ezarritako irizpideekin bat.

Kontrol jarduketen xede izanen diren sektore espezifikoei dagokienez, Nafarroako Foru Ogasunak kontuan hartuko du zein eragile ekonomikok izan duten beherakadarik handiena beren ondasun eta zerbitzuen eskarian, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Bestalde, kontuan hartuko du, halaber, ekonomiaren zein sektorek izan duten onurarik, ase beharreko premia berrien sorreragatik eta pandemiak agerian utzi dituen kontsumo ohituren aldaketengatik.

Zergapekoek aitortutako jardueren ratioak sektorearen indizeekin alderatuko dira, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak edo desbideratzeak antzemate aldera, batez ere azken kontsumitzaileei salmentak egiten dizkieten eta eskudiru anitz erabiltzen duten txikizkako sektoreetan. Arlo horretan, zergapekoen egoera aztertuko da, baldin eta behin eta berriz galerak aitortzen badituzte beste adierazle batzuek erakusten duten negozioaren benetako bilakaerarekin zerikusirik izan gabe.

Oro har, saltokiko terminalei eta diru ezarpenei edo funtsak eskudirutan erabiltzeari buruz Foru Ogasunaren eskura dagoen informazioa aztertuko da, aitortu gabeko edo gutxiegi deklaratutako ezkutuko jarduerak detektatzeko.

Azterketarako hautatuko dira aktibo gehienak itxuraz jarduera ekonomiko baten garapenari atxikita ez dauden elementuez osatuak dituzten sozietateak, ondasun eta eskubideen titulartasun formala izateko eta bazkidearen erabilera partikularrerako eta haren gastu pertsonalen ordainketarako soilik tartean aritu litezkeen sozietateak detektatzeko, sozietatean nahiz bazkide pertsona fisikoan gertakizunak guztiz erregularizatuta, eta, hala dagokionean, lotutako eragiketen araudia aplikatuta. Era berean, lan eginen da antzemateko ea tarteko sozietaterik erabili den baliabide materialik, giza baliabiderik eta benetako oinarririk ez duten lanbide jarduera guztiz pertsonalak gauzatzeko, sozietate horiek zerbitzuak ematen parte hartu gabe. Kasu horietan, pertsona fisikoari egotziko zaizkio bezeroarengandik jasotako errentak, merkatuko balio normalaren arabera, arauan finkatutako baldintzak betetzen badira.

Online jokoaren sektorean kontrol jarduketak eginen dira, bai operadoreei dagokienez, Zerga Agentziarekin eta foru aldundiekin lankidetzan, bai lortutako irabaziak aitortu ez dituzten jokalariei dagokienez. Halaber, apustu makinen sektorean egiaztapenak eginen dira, Foruzaingoarekin lankidetzan, titularrek eta makina horiek kokatuta dauden ostalaritzako, aisialdiko edo jokorako lokalek zerga betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Nafarroako higiezinen sektorean egindako eragiketa nagusiak ikertuko dira; arreta berezia jarriko zaie luxuzko etxebizitzen sustapen, salerosketa eta birgaitze-obrei, eta egiaztatuko da zuzeneko zein zeharkako zergak ordaintzen diren eta sortutako etekinak zuzen esleitzen diren. Partikularren errentamenduen eta azpierrentamenduen tributazioa ere zainduko da, zuzenekoak nahiz bitartekaritza agentzia espezializatuen bidezkoak izan, bai eta apartamentu turistikoen ustiapena ere.

Inportazioan jasandako BEZaren zenbatekoak, Nafarroako zergadunek aitortzen dituzten horiek, hain zuzen, alderatuko dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziak inportazioei buruz emandako informazioaren xehetasunekin, eta inkoherentziak antzematen badira, ikertuko dira. Era berean, subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen dituen egiaztatzeko jarduketak eginen dira, zerga aplikatzen den lurraldean egoiliar ez direnek edo eragiketan parte hartu ez duten establezimendu iraunkorrek egindako ondasun entregetan eta zerbitzu prestazioetan.

Kooperatibei egindako ekarpenen itzulketen eta eskualdatzeen ondorioz agerian geratzen diren ondare gehikuntzen tributazioa egiaztatuko da, bai betebehar hori 194 ereduan sartu ondoren aurten aitortutakoak, bai preskribatu gabeko aurreko urteetan gertatutakoak. Horretarako, kooperatibei eta bazkideei zuzendutako informazio errekerimenduak izapidetuko dira, eta, hala dagokionean, egiaztapen prozedurak hasiko dira.

Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, enpresaburuek eta profesionalek aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak aztertuko dira, Nafarroako Foru Ogasunaren datu baseetan ageri diren erosketa eta eskuratzeen egozpenen datuekin bat ez badatoz.

Foru Komunitatean eratutako interes ekonomikoko elkarteen jarraipen berezia eginen da, Zerga Agentziarekin eta foru aldundiekin lankidetzan, egoitza beste zerga administrazio batzuetan duten eta bazkide nafarrak dituzten elkarteen gainean. Helburua da erakunde horiek aitortutako eragiketen egiazkotasuna eta bazkideei egozten zaizkien zerga onuren baldintza formalak eta materialak betetzen direla egiaztatzea, erosteko ahalmen handia duten inbertitzaileentzako zerga pizgarriak bideratzeko tresna huts izan daitezkeen taldeetan fokalizatuz jarduketak.

Sozietatearen eta bazkidearen artean erregistratutako maileguak aztertuko dira, kasu askotan etekinak banatzeko bide bat izaten ahal baitira, mailegu edo aurrerakinen itxurapean. Horretarako, mailegu hartzailearen profila, horretarako sinatutako kontratua, haren kontabilizazioa, itzulketen egutegia, interesak, bermeak eta eragiketaren gainerako elementuak aztertuko dira.

Munta handiko likidazio oinarri negatiboak behin eta berriz deklaratzen dituzten erakundeen gaineko kontrol jarduketak eginen dira, baita aspaldiko aldietan sortu eta aplikatzeko dauden oinarri handiak metatzen dituztenen gainekoak ere, behar bezala egiaztatuta daudela eta etorkizunean aplikatzeko arauan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

3.4. Beste kontrol batzuk.

a) Zergen autolikidazioa aurkeztu ez duten zergadunen kontrola bultzatuko da, eta horren betebeharra izanen dute.

b) Kontrol jarduketak eginen dira atxikipenak eta konturako sarrerak egitera behartuta daudenak kontrolatzeko.

c) Onura fiskalen gaineko kontrola. Autolikidazioak kontrolatzeko jarduketak eginen dira, baldin eta horietan onura fiskalak egiaztatzen badira edo aurreko ekitaldietan egiaztatutako onura fiskalak kontsolidatzeko baldintzak betetzeko epeak amaitzen badira.

d) Ogasunak duen informazioaren arabera beren aitorpenetan inkoherentzia nabarmenak dituzten zergadunen gaineko kontrola. Kontrol horiek, bereziki, honako hauetan oinarrituko dira: PFEZa, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, BEZa, OEZ eta EJDa, oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga, bai eta zerga bereziak eta zeharkako beste zerga batzuk ere.

e) Ondasunak eta eskubideak aztertzeko jarduketak eginen dira, baldin eta horiek edukitzea ez badator bat zerga administrazioei aitortutakoekin edo zergaldian lortutako diru-sarrerekin.

f) Fabrikak, gordailu fiskalak eta biltegi fiskalak kontrolatzea, fabrikazioko zerga bereziei dagokienez.

4.–Kontrol jarduketak zerga bilketaren fasean.

Diru bilketa kontrolatzeko jarduketek helburu nagusi dute Nafarroako Foru Ogasunaren ardurapean dauden zorrak benetan kobratzea. Baina zerga iruzurrari pizgarria kentzen ere saiatu behar dute diru-bilketako fasean, eta borondatezko ordainketa sustatu.

Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2022ko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu beharko dutenak eta tributuak ordaintzeko tresnak gehitu beharko dituztenak.

Horrela, 2022an jarduketa ildo hauek gauzatuko dira:

a) Diru-bilketaren arloko berariazko programa informatikoak eta antolaketa neurriak garatzen jarraituko da, diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko, bai borondatezko bidean, bai epe exekutiboan.

–Proiektu informatiko espezifikoei dagokienez, lehentasun garrantzitsu bat da erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketa hobetzea.

–Zerga zorrak ordaintzeko moduak hobetzeko 2022an nabarmendu beharreko neurriak honako hauek dira: borondatezko epearen azken egunera arte banku helbideratzearen bidez ordaindu ahal izatea, eta banku transferentziaren bidezko ordainketa abian jartzea.

–2022an, gainera, NRC online proiektua ezartzeko lan eginen da. Erakunde laguntzaileen bidez kudeatutako diru-sarreren erregistro eta jarraipenerako sistema berri bat da. Informazio hori berehala ezagutzeko aukera emanen du, eta hobekuntza garrantzitsuak eskainiko ditu bilketako gainerako kudeaketa aplikazioetan jarraipenaren eta kontrolaren arloan.

–Gainera, 2022ko lehen hilabeteetan, ogasuneko 4 kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile gehiago jarri dira kontrol lanetan eta diru-bilketaren kudeaketan, Diru-bilketa Zerbitzua indartzeko.

b) Ordainketa zatikatzea. Zerga zorrak zatikatzeko baimenak bizkortzen jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten ote diren kontrolatuko da. Aurreko bi urteetan bezala, COVID-19aren pandemiaren ondorioak arintzeko onartutako geroratze bereziekin, 2022an arreta berezia eskainiko zaio apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege Dekretuak onartutako geroratze berezien kudeaketari, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

Era berean, lehentasunezko arreta izanen du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta zerga zorren ordainketa zatikatuz ohiko jarduera finantzatzen bada. Helburu horrekin, 2021ean Diru-bilketako Erregelamendua aldatu zen, zergak ordaintzeko betebeharra amarruen bidez berandu betetzea helburu duten jokabideei aurre egiteko.

c) Lankidetza handitzen jarraituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, informazioa trukatzeko Nafarroako Foru Komunitatearekin zorrak dituztenen ondare egoerari eta tributu kredituei buruz, baita nahitaezko diru bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetutako trukerako hitzarmenetan sartutako diru bilketaren alderdiak garatuko dira. Bereziki, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin batera lan eginen da, Nafarroako Foru Ogasunak Europar Batasuneko estatu kideekin diru-bilketaren arloko elkarrekiko laguntzarako mekanismoetara sarbidea izan dezan.

d) Enbargoen kudeaketari dagokionez, Foru Ogasuna 2022an hasi da kreditu eskubideen enbargoen kudeaketa arinago eta eraginkorrago bat egiten, Berehalako Informazio Horniduraren sistemak jasotako informazioa ustiatuz, eta enbargoa agintzen den unea aurreratuz, zordunentzako kreditu eskubide horiek sortzeari dagokionez. Horrekin batera, bide horretatik jasotako informazio goiztiar eta zabalari esker, zordunen jokabideak aztertzen ahalko dira erantzukizuna deribatzeko jarduketak aurreratzeko.

e) Kudeaketa eta ikuskapen sailekiko koordinazioa handitzen jarraituko da egiaztapen jarduketa hasten denetik, diru bilketarako arriskua goiz antzemanez gero, kautela neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributuak erregularizatzeko prozeduren ondoriozko tributu zorren kobrantza bermatzearren.

f) Foru Ogasunak kontrol jarduera kualifikatuak bultzatuko ditu diru-bilketako fasean, bereziki konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan:

–Likidatutako zerga zorren kobrantza ziurtatzeko kautelazko neurriak hartzea.

–Ondasun higiezinak edukitzea debekatzeko erabakiak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta Zergei buruzko Foru Lege Orokorrean horretarako aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.

–Erantzukizuna deribatzeko prozedurak. Ikerketa jarduerak bultzatzen jarraituko da, erantzuleei zerga zorrak ordaintzeko eskatzeko legez aurreikusitako egitatezko kasuak gertatzen direla egiaztatzeko.

–Diru-bilketako funtzionarioen aurrez aurreko jarduketak. Aurreikusten da gehiagotan egitea horrelako jarduketak, alegia, informazioa lortzeko eta enbargoak gauzatzeko jarduketak, beren egoera erregularizatzeko asmorik ez duten eta, kasu batzuetan, zorrak murriztu gabe edo are zorrak handituta jarduera ekonomikoan jarraitzen duten zordun jakin batzuei dagokienez.

–Gezurrezko kaudimengabeziak antzemateko bidea ematen duten ondarea ikertzeko jarduketak.

–Kaudimengabeziagatiko akzio penalak, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsa hobea den neurrian.

g) Era berean, diru-bilketaren kudeaketa areagotuko da zordunen oinordekoen aurrean, eta Zergei buruzko Foru Lege Orokorrak pertsona fisikoen ezkutuko oinordekoekin prozedura jarraitzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuko dira.

h) Enkanteen arloan, 2021ean Diru Bilketako Erregelamendua aldatu ondoren, 2022ko hasieratik Estatuko Aldizkari Ofizialaren enkanteen atarian txertatu da izapidea. Horrela, enkanteen sistema elektronikoa bultzatu nahi da, zerbitzuaren baliabideen eraginkortasuna hobetzeko eta lizitatzaile kopurua handitzeko, bai estatuko enkanteen atari nagusian agertuta enkanteek lortzen duten publizitate handiagoagatik, bai enkantearen prozeduraren beraren ezaugarriengatik, izapideak nabarmen arintzen baititu.

i) Konkurtso prozedurei dagokienez, Foru Ogasunak arlo horretako kreditu publikoa defendatzera bideratuko ditu ahaleginak, eta, ahal den guztietan, konkurtsopekoak izanen dira ordaindu gabeko kredituak kobratzeko tresnarik onenak. Horrela, eutsi egin behar zaie konkurtsopekoari eta haren administratzaileei buruzko kontrol jarduketei, prozedura judizial irekietan Nafarroako Foru Ogasunaren eskubideei kalte egin diezaieketen jokabideak prebenitzeko eta zigortzeko.

j) Gizartearen kontzientzia fiskala indartzeaz den bezainbatean, 2022an 120.000 euro baino gehiagoko zorra duten zordunen zerrenda argitaratuko da, Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 105.bis artikulua betetzeko.

k) Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoarekin lankidetzan, lanean jarraituko da Ogasun Publikoaren eskubidearen defentsan, titulartasun ezagunik ez duten higiezin enbargatuen okupazioa detektatzen den kasuetan, eta, horrela, nabarmen hobetuko da higiezinen besterentzearen emaitza itxaropena.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokiak diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 30ean.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

Iragarkiaren kodea: F2212164