191. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMOTZ

Aldaketa, Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Imozko Udalak, 2022ko irailaren 1ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aldaketa Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan. Hura hasiera batez onetsi zen 2015eko apirilaren 1eko osoko bilkuran. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik eta alegazioak aurkezteko epea iraganik, testu osoa ematen da argitara.

Imotzen, 2022ko irailaren 5ean.–Alkatea, Alfredo Alzueta Unzue.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTENEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzea. Horretarako beteko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), jasoko da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa (haren bidez desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren), eta beteko da Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 52/2022 Foru Aginduan xedatutakoa.

2. artikulua. Titularrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean bizi direnek, baldin eta honako baldintza hauetako bat betetzen badute:

1. Desgaitasuna duenaren izaera ofizialki onartua duten pertsona fisikoak, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta, horretaz gainera, honako egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun-maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren III. eranskinean jasotakoaren arabera. Mugikortasun murriztua dutela usteko da baldin eta honako egoera hauetakoren batean baldin badaude:

–Gurpil-aulkia nahitaez erabili behar badu.

–Ibiltzeko makila-parea nahitaez erabili behar badu.

–Ibil badaiteke ere, kontrolatzen zailak diren jokabide oldarkor edo jasangaitzak baditu, garraioko baliabide normalizatuak erabiltzea galarazten dioten desgaitasun psikiko astunak dituelako.

–Mugitzeko mugak baditu eta gutxienez 7 puntukoak badira 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskineko mugikortasun murriztuko baremoan.

b) Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua izatea, desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak hala erabakita.

2. Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, mugikortasuna modu larrian mugatzen duten laguntza-produktuak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) etengabe behar dituztenak; aparatu horiek ezinbestekoak dira beren bizi-funtzioetan. Egoera hori onartu behar du desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak eta egoera hori aitortu behar da desgaitasunaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenaren bidez.

3. Desgaitasuna izan eta mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako soilik egokitutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira Norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna dutenei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori–).

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Pertsona baten izenean eta haren onurarako emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izanen da eta, orobat, soilik erabiliko da titularra ibilgailua gidatzen ari denean edo hartan garraiatzen dutenean. Pertsona horrek 3. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Pertsonala eta besterenezina izanen da 3.3 artikuluan aipatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izenean emandako aparkatzeko txartel bakarra, eta mugikortasun murriztuko pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egonen da eta eraginkorra izanen da soilik ibilgailuak 3. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak modu eraginkorrean garraiatzen dituenean.

Aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

4. artikulua. Balio-epea.

Mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartelek eta garraio kolektiborako egokitutako ibilgailuetako aparkalekuetako txartelek bost urteko balioa izanen dute.

Epe hori bukaturik, txartela berritu beharko da, desgaitasunaren balorazioan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera (aldaketa horiek berekin ekar dezakete txartelaren indarraldia galtzea).

Aparkatzeko txartela berritzeko eskaera aurkezten bada haren indarraldiaren barnean, aurretik emandakoaren baliozkotasuna luzatuko da prozedura ebatzi arte. Eskaera aurkezten bada egindako azken txartelaren indarraldia bukatu eta hurrengo laurogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, uste izanen da indarraldi horrek bere horretan dirauela, txartela berritzeko behar den prozedura ebatzi bitartean.

Dena dela, aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak tarteko, salbuespenez emanen zaie ibilgailu automobilak aparkatzeko behin-behineko txartela mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskabide arrunta tramitatzeko.

Aparkatzeko behin-behineko txartela eskuratzeko, aurreko apartatuan adierazitako egoerak egiaztatu beharko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagile fakultatiboek emandako ziurtagiriaren bitartez; eskatzailearen bizilekuari dagozkion osasun-zerbitzuetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

Aparkatzeko behin-behineko txartela duten titularrek arau honetako eskubideak, beharkizunak eta erabilera-baldintzak izanen dituzte, kontzesioak irauten duen bitartean.

Aparkatzeko behin-behineko txartela gehienez ere sei hilabeterako emanen da eta urtebete luzatzen ahalko da, gehienez ere.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Txartela eman eta egiteko prozedura honako hau izanen da:

Espedienteari hasiera emateko, zein udalerritan dagoen erroldatuta, hango toki erakundeari egin beharko dio eskaera interesdunak edo haren legezko ordezkariak.

Hasierako eskaera horrek ez baditu exijitutako betekizunak betetzen, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eman beharko da.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Karnetaren neurriko bi argazki. Toki entitateak baliabideak jar ditzake argazkiak egiteko, interesdunak aldez aurretik baimena eman ondoren.

–Nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskabidea desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean, egiaztagiri ofiziala, zeinetan adieraziko den desgaitasuna duen pertsona dela, mugikortasuna murriztua duela edo begirik hoberenean ikusmen zolitasuna 0,1ekoa edo gutxiagokoa duela zuzenketarekin edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua duela. Egiaztagiri hori desgaitasun-maila kalifikatu eta aitortzeko talde multiprofesionalek emanen dute.

–Txartela eskatzen dutenean pertsona fisikoek eta juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboa egiteko, norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuak egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.

Txartela eman aurretik, udalak egokitzat jotzen duenean, arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari txosten bat eska diezaioke, zeinetan egiaztatuko baita eskatzaileak betetzen dituela txartela izateko eskubidea ematen duten baldintzak; bai eta, orobat, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.

Udalak eskabidea ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera behar den erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori beti eskabidea ontzat emateko izanen da.

Eskabideari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen, eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

Aparkatzeko txartela eman ondoren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren datu-baseari jakinaraziko zaio, eranskinean ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan editatu eta eman dezan aparkatzeko txartela. Horrekin batera, Europar Batasuneko estatu kideetan hura erabiltzeko baldintzen laburpena emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Foru agindu honetan ezarritako prozeduraren arabera eman den txartelak Nafarroako Foru Komunitatean balioko du, inolaz ere galarazi gabe hura Europar Batasuneko estatu kide guztietan erabiltzea, organo eskudunek ibilgailuen antolamenduari eta zirkulazioari buruz ezarritakoarekin bat.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

Aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako tokietan gelditzea edo aparkatzea, udalek ezarritakoarekin bat, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean.

e) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzako agenteek emandako jarraibideak betez betiere.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoentzako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibiak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan (“bigarren ilarak”).

9. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularra behartuta dago honako hauetara:

a) Txartela behar bezala erabiltzera, 6. artikuluan ezarritako erabilera-baldintzen arabera eta betiere foru agindu honetan ezarritako txartel-formatua erabiliz.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean paratzera edo aurreko haizetakoaren barnean itsastera, txartelaren aurrealdea kanpotik argi ikusteko moduan utziz.

c) Bere burua identifikatzera agintaritzaren agente batek hala eskatzen dionean, bere nortasuna egiaztatzeko erakutsiz, hartara, nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskalaren zenbakia, bizileku-txartela edo bestelako identifikazio-agiri ofizialen bat. Halakorik ez badu, ez du aparkatzeko txartela erabiltzen ahalko. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna egiazta dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.

d) Agintaritzako agenteekin elkarlanean aritzera, ahalik eta gehien saihesteko aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak gauzatzean gerta daitezkeen trafiko-arazoak.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztera aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizilekua aldatu izana, edo txartela hondatu, galdu edo lapurtu izana. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da.

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Betebehar hauek betetzen ez badira, aparkatzeko txartela sei hilabeterako erretira daiteke, eta betebehar horiek behin eta berriz betetzen ez badira, aparkatzeko txartela ken daiteke, ordenamendu juridikoan ezarritako zehapenak galarazi gabe.

3. Pertsona fisikoek zein juridikoek aparkatzeko txartela erabiltzen badute iruzur eginez, hura baliogabetuko da, ordenamendu juridikoan ezarritako zehapenak galarazi gabe.

4. Txartela baliogabetzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, baliogabetzen den egunetik hasita urtebeteko epean.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ERANSKINA

Eskaera eredua (PDFa).

Erantsi beharreko agiriak:

–Karnetaren neurriko bi argazki.

–NANa.

–Erroldatze-ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik hoberenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emaniko agiriak izanen dira nahitaez.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

–Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonentzako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela frogatzeko agiriak.

Iragarkiaren kodea: L2212040