19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baitira Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako zenbateko eta portzentajeak, birgaitze babestuko jarduketak sustatzeko ezarritako laguntza ekonomiko batzuei dagokienez.

Nafarroan, birgaitze babesturako egungo laguntza-sistema irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen (61/2013 Foru Dekretua, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena). Beraz, 2022. urtea hasia dela, 8 urte baino gehiago igaro dira indarrean sartu zenetik.

2013ko irailetik hona, Estatuko KPI orokorra %9 igo da (2013ko irailetik 2021eko urrira arte, ezagutzen den azken datua), eta %14,5 etxebizitza taldean. 2022rako aurreikusitako modulu haztatua (1.325,71 euro) 2013ko modulua (1.246,53 euro) baino %6,35 handiagoa da. Eta 2022. urtean, Europako EEM funtsekin finantzatutako energia-efizientziarako laguntzen deialdi berriak onartu eta aplikatuko dira. Deialdi horiek nabarmen handituko dituzte Nafarroako herritarrek energia-efizientziagatik jasoko dituzten dirulaguntzak.

Horiez gainera, badira beste hainbat faktore birgaitze babestuaren arloan eman beharreko dirulaguntzak eguneratzea justifikatzen dutenak: denbora igarotze hutsa eta emandako dirulaguntzak termino errealetan eguneratzeko beharra; Europako funtsak onartzearekin sortutako agertoki berria; eta etxebizitza-politikaren ikusmoldearen aldaketa bera, non eraikita dagoena lehenetsi nahi den eraikitzeke dagoenaren aurretik, lehendik eratua dagoen hiri trinkoa berreskuratu nahi den hiri-garapen berrien aurretik, zirkulartasuna sustatu nahi den, energia-efizientziari buruzko kezka handia dagoen, eta agortu daitezkeen ondasunen –lurzorua, kasu honetan– kontsumo kontrolaezina saihestu nahi den.

Goian aipatutako 61/2013 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dagoeneko aurreikusten du eguneratzeko formula bat, honako hau aurreikusten baitu: “foru dekretu honetan jasotako alderdi hauek aldian behin eguneratzen eta berrikusten ahalko dira etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez:

(....)

b) Foru dekretu honetan jarduketa babesgarri ezberdinak sustatzeko ezartzen diren laguntza ekonomikoen zenbatekoak eta portzentajeak, baita horien balizko hartzaileen diru-sarrerak eta aurrekontu edo dirulaguntza ezberdinen mugak ere.

(.....)”

Proposatutako berrikuspenari dagokionez, etxebizitzen irisgarritasun-baldintzak hobetzearekin zerikusia duten jarduketetarako dirulaguntzak gorantz aldatzen dira. Era berean, laguntzak handitu eginen dira jarduketaren xedea baldin bada toki entitate baten edo enpresa publiko baten jabetzako etxebizitza bat birgaitzea gero errentamenduan jartzeko. Azkenik, pertsona fisikoentzako dirulaguntzei dagokienez, kobratu beharreko dirulaguntzen gehieneko mugak eguneratu dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Eguneratzea Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 55. artikuluko 2. apartatuaren taulan agertzen diren portzentajeak, honako honen arabera:

AUZOKIDEEN
ERKIDEGOAK

DIRUZ LAGUN DAITEKEEN AURREKONTUAREN GAINEKO DIRULAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

A) Etxebizitzetarako eraikina egitean ez bazen aplikatu Eraikingintzaren Kode Teknikoaren DB-HE delakoa, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzea isolamendu maila handitze aldera, baldin eta Eraikingintzaren Kode Teknikoan eraikin berrientzat ezarritako eskakizunak lortzen badira (CTE-DB-HE.1 Energia-eskaera mugatzea). Ondorio horietarako, eraikinaren inguratzaile termikotzat joko dira kanpoko aldearekin kontaktua duten eraikuntza elementuak. Hona, aipatu elementuak: kanpoko eta barneko fatxadak, estalkia eta ataripeetako eta hegaletako forjatuak.

%40

B) 25 urte baino gehiagoko eraikinetan igogailua paratzea, baldin eta ez bazuten, eta irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko araudi berariazkora osorik egokitzea, eraikinaren sarreratik etxebizitza guztien sarreraraino.

%60

C) Dagoeneko igogailua duten 25 urte baino gehiagoko eraikinetan, irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko araudi berariazkora osorik egokitzea, eraikinaren sarreratik etxebizitza guztien sarreraraino.

%40

D) Igogailurik ez duten 25 urte baino gehiagoko eraikinetan igogailua paratzea eta irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko araudira partzialki egokitzea, osorik egokitzeko ezintasuna edo zailtasun larria justifikatuta.

%40

E) Dagoeneko igogailua duten 25 urte baino gehiagoko eraikinetan, irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko araudira partzialki egokitzea, osorik egokitzeko ezintasuna edo zailtasun larria justifikatuta.

%20

F) Eraikinetako instalazio termiko zentralizatuen efizientzia hobetzeko jarduketen kasuan, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren eskakizunak betetzen badira (CTE-DB-HE-2. Instalazio termikoen errendimendua).

%40

G) Etxebizitzetako barne-instalazioaren eraztuna egiten den kasuan, horixe denean konponbidea indarreko araudiak ezartzen duen baldintza hau betetzeko: etxebizitza bakoitzeko kontsumo-erregulazio eta -neurketarako sistemak eta elementuak instalatzea.

%20

2. Eguneratzea Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 55. artikuluko 3. apartatuan agertzen diren zenbatekoak, honako honen arabera:

“3. Hona, birgaitze espediente bakoitzean emanen diren gehieneko dirulaguntzak:

–Auzokideen erkidegoek sustatutako espedienteen kasuan, gehieneko dirulaguntza honela kalkulatuko da: espedientean sartutako etxebizitzen kopurua bider 5.000 euro, salbu eta artikulu honetako aurreko apartatuaren taulako C) eta D) letretan sartutako auzokideen erkidegoen kasuan; izan ere, kasu horretan, gehieneko muga 6.000 eurokoa izanen da etxebizitza bakoitzeko, C) kasuan, eta 7.000 eurokoa etxebizitza bakoitzeko, D) kasuan.

–Igogailurik ez duten eta erabateko egokitzapena egiten duten eraikinen kasuan, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 10.000 euro bider espediente horretan jasotako etxebizitzen kopurua, salbu eta komunikazio gune bertikal bakoitzean dagoen etxebizitza kopurua 11tik beherakoa bada; kasu horretan, muga 13.000 eurokoa izanen da etxebizitza bakoitzeko. Igogailua duten baina erabateko egokitzapenera iristen ez diren eraikinen kasuan, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 3.000 euro bider eraikinaren etxebizitza kopurua.

–Xedetzat inguratzaile termikoa birgaitzea duten espedienteen kasuan, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 6.000 euro bider espedientean jasotako etxebizitza kopurua.

–Birgaitze espedientean onuradunak pertsona fisikoak badira, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 13.000 euro etxebizitza bakoitzeko, salbu eta lehentasunez birgaitu beharreko eremuetan dauden etxebizitzak badira edo familia bakarreko etxebizitzak (birgaitze-lanen ondorioz artean ere familia bakarrekoak izaten jarraitzen dutenak); kasu horretan, gehieneko dirulaguntza 26.000 eurokoa izanen da etxebizitza bakoitzeko. Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, familia bakarreko etxebizitzen kontzeptuaren barnean etxebizitza bakartuak edo horizontalki atxikitakoak sartuko dira, baita azken horiek beheko solairuan garaje edo trasteleku mankomunatuak partekatzen badituzte ere. Inola ere ez dira familia bakarreko etxebizitzatzat hartuko bertikalki gainjarritako eta bestelako erabilera duten unitateak dituen eraikin batean sartutako etxebizitzak, salbu eta horiek guztiak etxebizitza bakarrari lotuak badaude.

–Foru dekretu honen 57. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatzen diren birgaitze espedienteetan, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 12.000 euro bider espedientean jasotako etxebizitza kopurua.

–Xedetzat eraikinetako instalazio termiko zentralizatuen efizientzia hobetzea duten espedienteetan, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 6.000 euro bider espedientean jasotako etxebizitza kopurua. Etxebizitzen barne-instalazioaren eraztuna egiteko obren kasu zehatzean, hori denean konponbidea etxebizitza bakoitzak izan dezan bere kontsumoaren erregulazio eta neurketa sistema, eta modu horretan araudiak eskatzen duena bete dadin, hau izanen da gehieneko dirulaguntza: 3.000 euro bider espedientean jasotako etxebizitza kopurua”.

3. Eguneratzea Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 57. artikuluko 3. apartatuan agertzen diren zenbatekoak eta portzentajeak. Apartatu hori honela idatzita geldituko da:

“3. Nafarroako Gobernuak, etxebizitza arloan eskudun den departamentuaren bitartez, zilegi izanen du birgaitze-obren kostuaren %75eko dirulaguntza ematea (60.000 euro gehienez etxebizitza bakoitzeko), honako lan hauek egiteko beharrezkotzat jotzen bada:

–Toki entitateen jabetzakoak diren etxebizitzak birgaitzea, alokatu ahal izateko moduan jartzeko. Toki entitateak, behin-behineko kalifikazioa eskatzen den unean, frogatu beharko du etxebizitzak azkeneko urtean ez direla errentamendurako edo lagapenerako erabili.

–Toki entitateen edo sustatzaile publikoen jabetzakoak diren behe solairuko edo solairuarteko lokalen erabilera aldatzea etxebizitza gisa erabil daitezen, posible eginez bizigarritasun-zedula lortzea, aurretiaz betetzen badira bai hirigintzako araudia, bai bizigarritasun baldintzak, jasota daudenak Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren II. eranskinean.

Birgaitzen diren edo sortzen diren etxebizitzak errentamendu-araubidekoak izan beharko dira behin betiko birgaitze-kalifikazioa edo kasuko bizigarritasun-zedula lortu ondoko 10 urteetan. Dirulaguntza jasotzeko, errentamendu berrien kontratuak aurkeztu beharko dira, data horietatik aurrera urtebete igaro baino lehen. Etxebizitzen araubidea aldatzeak berekin ekarriko du jasotako dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli behar izatea, 10 urteko epea bukatu arte gelditzen den denboraren arabera”.

4. Foru agindu honek 2022ko otsailaren 1ean hartu du indarra, eta data horretatik aurrera behin-behineko kalifikazioa eskatzen duten espedienteei aplikatuko zaie.

5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 13an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2200515