19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ELORTZIBAR

Eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen 47. udal ordenantzaren behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2021eko azaroaren 9an egindako osoko bilkuran, aho batez, hasiera batean onetsi zuen eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen 44. udal ordenantza fiskala.

Iragarkia 2021eko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 23an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Hona hemen testua osorik:

Noain Elortzibarren, 2021eko abenduaren 23an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

NOAIN ELORTZIBARREN ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

47. ORDENANTZA

Atarikoa

Noain Elortzibarko Udalak bere udalerrian sustatutako jarduketak eta ekimenak bultzatu eta babestu nahi ditu, hiri-berroneratze eta -berrikuntzako prozesuen bidez auzoak eta etxebizitza-parkea hobetzeko, batez ere, eraikinak birgaitzeko obrak egiten direnetan, haien energia-efizientzia eta -eraginkortasuna hobetzeko, udalerriaren irudia eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz, eta, gainera, bigarren mailako helburu gisa, baina era berean garrantzizko helburua izanik, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politika aktiboak egitea eta eraikuntza-sektorea berroneratzearen alde egitea ahalbidetuz.

Prozesu horiek askotan baldintzatu edo gelditu egiten dira etxebizitzen titularren egoera ekonomikoaren ondorioz; Noain Elortzibarko Udalak uste du jarduketa horiek interes orokorrekoak eta lehentasunezkoak direla, klima-larrialdi globaleko egoera dela eta; horregatik, beharrezkotzat jotzen da toki erakundeak parte hartzea, proiektu horiek gauzatzen lagunduko duen bultzada ekonomiko baten bidez.

Gauzak horrela, izapidetzen ari den ordenantzaren helburua da laguntza berezien lerro bat ezartzea, egoera ekonomiko ahulenean dauden bizilagunek ordaindu beharreko kuotaren zati bat finantzatzeko. Horrela, bizitegi-eraikinen eta haien instalazioen energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egin nahi dituzten jabe erkidegoek beharrezkoa den quoruma lortzen ahalko dute.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Noain Elortzibarko Udalaren laguntza berezi batzuk emateko prozedura eta laguntza horien araubide juridikoa ezartzea, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak bizi diren eraikinetan etxebizitzetako energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egin nahi dituzten jabe erkidegoek sustatutako hiri-berroneratzerako jarduketak egin daitezen bultzada emateko.

Ordenantza honetako laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten eta antolamenduz kanpo ez dauden etxebizitza kolektiboen eraikinetako birgaitze-jarduketei aplikatuko zaizkie laguntzak, baldin eta esku-hartze orokorreko proiektu batean sartuta dauden jabe erkidegoen, etxebizitza-elkarteen edo kooperatiben ekimenez sustatzen badira, eta honako obra hauetan guztietan edo hauetako batzuetan zehazten badira:

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntzarako jarduketak, berotzeko edo hozteko behar den energia murriztearren, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentutan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsuneetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak barne.

b) Sistema zentralizatuak jartzea edo berritzea berokuntzarako, hotzerako, etxeko ur beroa sortzeko eta egokitzapen termikoa xede duen aireztapenerako, edo egungo sistemen energia-efizientzia handitzea honako hauek eginez: beroa edo hotza sortzeko ekipamenduak aldatzea eta energia kontrolatzeko, erregulatzeko eta kudeatzeko sistemak, kontagailuak eta energia-kostuak banatzeko gailuak jartzea berokuntza zentraleko instalazioetan; banatze eta garraiatze sareen isolamendu termikoa jartzea edo fluido bero-eroaleak mugitzeko ekipamenduak aldatzea; hondar-energiak berreskuratzeko gailuak jartzea; kanpoko airearekin dohainik hozteko sistemak ezartzea, baita berritzen den airetik beroa berreskuratzekoak ere, eta eraikinak lotzea egun dauden bero eta hotz sareekin, besteak beste.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipamenduak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Baita energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipamendua jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko osoko konponbideak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikineko instalazio komunetako energia-efizientzia hobetzea, besteak beste lanpara eta luminariak aldatuz energia-errendimendu handiagokoak jartzeko, honako hauek orokortuz: LED argiztapena, piztea kontrolatzeko eta argitze maila erregulatzeko sistemak eta argi naturala aprobetxatzekoak.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak erakinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

f) Inguratzaile termikoa hobetzeko proiektu batean sartzen badira edo inguratzaile termikoa lehenago egin duten eraikinetan egiten badira, irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako jarduketak ere diruz lagunduko dira, baldin eta desgaitasuna duten pertsonei eraikineko eremu komunetan sarbidea eta erabilera errazteko arkitektura-oztopoak kentzea badute helburu, bide publikotik etxebizitzen barrualderaino.

Baldin eta aurkeztutako proiektuak aldi berean garatzen baditu eraikineko beste obra mota horiek, artikulu honetan zerrendatuak baino ez dira kontuan hartuko laguntza kalkulatzeko.

Aldez aurretik, Eraikinaren Ebaluazio Txostena egin beharko da. Txosten horretan, laguntzen xede den birgaitze-proiektuaren bidez zuzenduko diren akatsak identifikatuko dira. EETan Gai izateko adierazitako obrak egitea jaso beharko da jarduketan.

3. artikulua. Laguntzen esparru subjektiboa.

Pertsona edo familia-unitate batek kalteberatasun-egoeretarako laguntzak jaso ahal izateko, etxebizitzaren titulartasuna edo gozamena frogatu beharko du, eta ordenantza honetan jasotako jarduketaren batean parte hartu beharko du.

Laguntzaren hartzekodun izan daiteke etxebizitzan gutxienez hiru hilabete lehenagotik erroldatuta dagoen titular edo gozamenduna, betiere ohikotasunez bizitzen bada etxebizitza horretan gutxienez 3 urtez, jarduketa amaitzen denetik hasita, 2. artikuluan zerrendatutako obrak eginen dituen jabe erkidego batean badago, eta familia- edo bizikidetza-unitatearen gehieneko diru-sarrerek ez badute gainditzen erreferentziako indizea (gaur egun ERREGEROSNA adierazlea, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna), behar bezala egiaztatuta.

Bi alderdi horiek, etxebizitzaren edukitze-erregimena eta kalteberatasun-egoera ekonomikoa, egiaztatu beharko dira eskabidean.

Kalteberatasun-egoeretarako laguntzaren onuraduntzat joko da ordenantza honetan xedatutakoaren arabera laguntzaren hartzekodun den titularraren edo gozamendunaren etxebizitza kokatuta dagoen jabe erkidegoa.

Emandako zenbatekoaren helburua izanen da ordenantza honen arabera eska daitezkeen baldintza objektibo zein subjektiboak betetzeagatik laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaien interesdun/eskatzaileei esleitutako obraren kostua murriztea. Laguntza hori aldi berean jakinaraziko zaie interesdun-eskatzaileei eta jabeen erkidegoari.

Ordenantza honetan araututako laguntza jaso nahi duen onuradunak berariaz baimena eman dio Udalari laguntza jabeen erkidegoaren banku-kontuan ordain dezan, ordenantza honen I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Finantzaketa.

Laguntza horiek Noain Elortzibarko Udalaren Aurrekontu Orokorreko aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira. Aurrekontu-departamentu hori ekitaldi bakoitzean jarriko da horretarako, Udalak diru-hornidura egiteko dituen benetako aukeren arabera.

5. artikulua. Dirulaguntzak kalkulatzeko oinarria.

Nafarroako Gobernuaren Birgaitze Babestuaren kalifikazio-espedientea duten jarduketen kasuan, laguntzak kalkulatzeko oinarritzat hartuko da espedientearen diruz lagundu daitekeen aurrekontua, eta, betiere, kanpo utziko dira industria-onura, gastu orokorrak, BEZa eta ordainsari teknikoak.

Gainerako kasuetan, exekuzio materialaren aurrekontua hartuko da laguntzak kalkulatzeko aplikazio-oinarritzat, eta 2. artikuluan aipatutakoez bestelako obrei dagozkien partidak egonez gero, ez dira kontuan hartuko ordenantza honetan jasotako laguntzak kalkulatzeko oinarria zehazteko.

Birgaitzeko jarduketen aurrekontu babesgarriaren barruan ez dira sartuko, inola ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga edo gastu orokorrak eta industria-onura gisa ordaindu beharreko zenbatekoak, ezta proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren ordainsariak ere.

6. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Banakako dirulaguntzak izanen dira, eta eskatzaileari dagokion kuotaren ehuneko seira (%6ra) iritsiko dira.

Ukitutako etxebizitzaren jabetzaren titularkidetasun-kasuetan, eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoak muga hau izanen du: jabe bakar batena den etxebizitzaren jabetzaren kasuan legokiokeena, eta jabe bat baino gehiago izanez gero, eskrituran agertzen den kalteberatasun-egoeran dagoen pertsonaren titularkidetasun-kuotaren proportzioan ezarriko da laguntza.

Birgaitzeko obra-proiektu bat aurkezten duen jabe erkidego bakoitzak jaso beharreko gehieneko zenbatekoa 5. artikulua aplikatuz kalkulu-oinarri gisa zehaztutako guztizko kostuaren ehuneko sei (%6) izanen da (Erkidegoko etxebizitzen titular guztiek laguntza hori jasotzeko eskubidea badute eta baldintzak betetzen badituzte, ordenantza honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira).

7. artikulua. Espedienteak izapidetzea eta ebaztea.

Aldez aurreko jarduketak.

Oro har, interesatuek Noain Elortzibarko Udalera joko dute, Udalaren webgunearen bidez edo udaletxean bertan, beharrezkoa den informazioa jasotzeko.

Udalak, hala badagokio, ikuskapen-bisita egin ondoren, alderdi hauen berri emanen die interesdunei:

–Egin beharreko obrak eta horiek gauzatzeko dauden laguntzen esparrua.

–Behar diren dokumentu teknikoak (EET, EHG, proiektu teknikoa...).

Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Jarduketak Nafarroako Gobernuaren edo Estatuaren laguntzetara biltzen badira, laguntzen eskabidearekin batera laguntza horiek lortzeko aurkeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, espediente-zenbakia edo eskaeren data adierazita.

1.–Laguntzetarako eskabidea, ordenantza honen I. eranskinaren arabera. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen inguruan:

a) Obra-lizentziaren eskaera edo obra-lizentziaren kopia, ordenantza hau indarrean jarri aurretik eman bada, betiere obrak bertan jasotako baldintzekin bat badatoz.

b) Jabeen erkidegoaren ziurtagiria, erkidego horretako partaidetza-koefizientearekin, banaketa horizontalaren eta bakoitzari esleitutako obraren kostuaren arabera.

c) Jabeen erkidegoaren edo entitate kudeatzailearen erabaki baliozkoa, bertan espresuki adierazita obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela.

d) Proiektuan edo memorian jasotako obrak kontratatzeko hiru aurrekonturen kopia –bakoitza enpresa batena– edo hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, gastu lagungarria laurogei mila euro (80.000 euro) baino gehiagokoa bada. Eskaintzarik onena hautatzeko jabe erkidegoak onetsitako balorazio irizpideak azaldu behar dira (prezioa, epea eta abar).

e) Banketxearen frogagiria, bertan azalduta jabe erkidegoaren izenean dagoen kontu zenbakia, laguntza sartzeko.

f) Erkidego onuradunak Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Noain Elortzibarko Udalarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Kalteberatasun-egoeretarako laguntzak eskatzen dituzten jabe titular edo gozamendun-eskatzaile bakoitzak aurkeztu beharreko agiriei dagokienez:

2.–Kalteberatasun-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa, ebazpen-proposamena egin aurretik aurkeztu beharrekoa:

a) Jabetzaren, gozamenaren eta birgaitu beharreko higiezinaren/higiezinen gaineko eskubide errealen egiaztapena, Jabetza Erregistroko informazio-ohar sinple eguneratuaren bidez.

b) Errolda-ziurtagiria edo bizileku-aldaketaren ezohiko inguruabarren egiaztagiriak.

c) Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen PFEZaren aitorpena(k), eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

Prozedura.

Ordenantza honetan araututako laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoka-erregimenean izapidetuko da, hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz dirulaguntzak emateko prozedura. Oinarri arautzaileetan eta deialdian aldez aurretik finkatutako balorazio-irizpideen arabera lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, eta, deialdian kreditu erabilgarriaren barruan finkatutako mugarekin, irizpide horiek aplikatuz baloraziorik handiena lortu dutenak esleitzeko.

Emakida emateko proposamena kide anitzeko organo batek eginen dio organo emaileari, instrukzio-organoaren bitartez.

Noain Elortzibarko Udaleko Hirigintza Arloko langileek osatuko dute instrukzio-organoa, eraikinak birgaitzeko laguntzak direlako.

Kide anitzeko organoa honako hauek osatuko dute: alkate udalburuak, hirigintza-arloko zinegotziak, udal idazkariak eta kontu-hartzaileak. Nolanahi ere, horietako edozein ordezten ahalko da, behar bezala erabakita, eta bermatuta kideen gaitasun teknikoa eta egokitasuna badirela.

Salbuespen gisa, organo eskudunak hainbanatu eginen du, laguntzaren onuradunen artean, dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoa.

Eskabideei buruzko txostena eginen da Udalak berariazko ebazpena eman aurretik, eta ebazpen hori obra-lizentzia emateko administrazio-egintzarekin bat etor daiteke. Hala ere, laguntza horiek ordaintzeko, udal espedientea behin betiko ebatzita egon beharko da, obra egin dela justifikatu ondoren.

Oro har, eta ordenantza honetan bereziki bildurik ez dauden eta tramitazioan gerta daitezkeen inguruabar berezietarako, Nafarroako Gobernuaren irizpideari jarraituko zaio, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzeari buruzko irizpideari, hain zuzen.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion guztian, ordenantza justifikatzen duten helburuak lortzeko ordenantza normaltasunez betetzen dela zainduko du udal organo eskudunak.

8. artikulua. Laguntza ekonomikoak ordaintzeko modua eta epeak.

Laguntzak emateko udal ebazpen berariazkoan ezar daitezkeen laguntzen zenbatekoa eta ehunekoa ezin izanen dira gorantz berrikusi; aldiz, obren amaierako kostuaren justifikazioa hasieran onetsitako espedienteko aurrekontu diruz lagungarria baino txikiagoa denean, beheranzko berrikuspena eginen da.

Obrak amaitutakoan, onuradunak laguntzaren xede den jarduketa bete dela justifikatu eta ordainketa eskatu beharko du, honako hauek aurkeztuz:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren bukaerako kostua frogatzen duten agiriak eta/edo gastua ziurtatzen duten fakturak.

–Jabe erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabe erkidegoa osatzen duten partaide-koefizienteak, banaketa horizontalaren araberakoak. Egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak zerrendatuko dira, modu antolatuan eta kontzeptuka sailkatuta.

–Laguntzak ordaintzeko eskabidea, interesdunak sinatua, ordenantza honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

–Jarduketak, laguntza hauetaz gain, bestelako dirulaguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduketari aplikatu zaizkiola.

Onuradunak eta interesdunak behartuta daude laguntzak ematen dituen organoak egindako jarduketak justifikatzeko eska diezazkiokeen beste edozein agiri aurkeztera.

Udaleko zerbitzu teknikoek aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin direla egiaztatu beharrez, baita eskatutako dokumentazioa zuzen aurkeztu ote den ikusteko. Egindako obra gauzatzean, kalifikazioaren elementu eta oinarri gisa aurkeztutako proiektu teknikoaren baldintzak eta edukia errespetatu beharko dira, eta, beraz, ez da aldaketarik egiten ahalko (batez ere, arkitekturaren, materialen edo egin beharreko tratamenduen kalitateari eragiten diotenean), udal zerbitzu teknikoen aldez aurreko baimenik gabe. Espedientea eta obrak aztertu ondoren, akta bat eginen da, eta, bertan, dirulaguntzaren oinarriekin bat datozen ala ez adieraziko da, dagokion laguntza likidatu dadin.

Behin betiko likidazioa bi hilabeteko epean eginen da, dokumentazioa behar bezala aurkezten denetik zenbatzen hasita.

9. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira, baita espedientean helburu bererako izaten den beste edozein laguntzaren osagarri ere.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere.

10. artikulua. Eskabideen atzeraeragina.

Laguntza hauek atzeraeraginez emanen dira, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuak aurkezten ahalko dira deialdira.

11. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Noain Elortzibarko Udalak zehazten ahalko ditu hedatzeari buruzko neurriak, diruz lagundutako helburuaren arabera hartu eta egokitu behar direnak, forman zein iraupenean. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea eta finantzaketa publikoari buruzko aipamenak egitea kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipuetan.

12. artikulua. Laguntzak galtzea edo itzultzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, edo aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan jasotako arrazoietako bat gertatzen bada.

Jabeen erkidegoen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, erkidegoko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, erkidegoari berari egozten ahal baldin bazaio.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

14. artikulua. Datuak babesteko klausula.

Interesdunek emandako datu eta informazio pertsonalak Birgaitze Pribaturako Laguntzen tratamendu-jardueran sartuko dira –Noain Elortzibarko Udala da horren arduraduna–, eraikinak birgaitzeko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatu eta izapidetzeko, bai eta horien ondoriozko jarduketak ere, besteak beste, laguntza eta dirulaguntza horien deialdien kudeaketa, aurkeztutako eskakizunen eta eskabideen ebaluazioa, laguntzak emateko datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketak, eta laguntzaren/dirulaguntzaren xede den birgaitze-obraren exekuzioa ikuskatzea. Datuen tratamendua beharrezkoa da legezko betebehar bat betetzeko, bai eta Noain Elortzibarko Udalari emandako botere publikoak gauzatzeko ere. Oinarri juridikoa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian oinarritzen da.

15. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta mugagabeko iraunaldia izanen du.

I. ERANSKINA

Noain Elortzibarren eraikinak birgaitzeko laguntzen eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Noain Elortzibarko eraikinak birgaitzeko jarduketetan kalteberatasun-egoeretarako laguntza jasotzeko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2118091