19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

296E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Erriberriko udal mugartean, 11. poligonoko 134. lurzatian, baliabide eolikoa neurtzeko dorre bat jartzeko. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen direnetakoa da. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren bidez, dorre meteorologiko bat instalatuko da, sekzio triangeluarreko saretaz osatua, 100 metroko altuerakoa, elkarren artean 120º-ko tartea duten hiru planotan kokatutako euste tiranteen bidez txarrantxatua; 11 tirante izanen ditu plano bakoitzean, 9 metroko altuerako tartearekin dorrera ainguratuta. Horietatik lau dorrearen oinarritik 25 metrora ainguraturen dira, beste lau 45 m-ra, eta azken hirurak oinarritik 60 m-ra. Dorrea lurrean loturen da 1,9 x 1,9 x 0,4 m-ko hormigoizko zapataren gainean kokatutako altzairuzko plaka baten bidez. Tiranteen ainguraketak altzairuzko piken bidez eginen dira, 1,5 x 1,5 x 1,7 m-ko hormigoizko zapatetan sartuta; guztira tiranteek 9 zimendu izanen dituzte.

Dorrea gorriz eta zuriz margoturen da, eta, gainera, tirante guztietan neoprenozko zerrendez osatutako balizak jarriko dira (35 x 5 cm-koak, gutxienez), hegaztiak babesteko, elastomerozko baraila bidez eutsiak eta zerrenda luminiszenteak dituztenak, hiruzuloka ezarriak, eta 10-15 metroko distantziara tirante bakoitzean.

Espedientean Erriberriko Udalaren aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko udal mugartean, 11. poligonoko 134. lurzatian, baliabide eolikoa neurtzeko dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

• Azpiegitura egiteko beharrezkoak diren obrak bukatzean, okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbitu eta ukitutako eremuak leheneratuko dira. Ukitutako lurrazalak leheneratu eginen dira; horretarako, aldez aurretik kendu eta metatuko den landare lurra erabiliko da. Soberako lurren eta obra materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, nolakotasunaren arabera.

• Dorrea funtzionatzen ari den bitartean, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiren dituena:

  • Aurkezten den ingurumen eraginaren azterketak dakarren ingurumena zaintzeko programan ezarritakoaren arabera, astero bisitaldiak eginen dira, gutxienez urte oso batez. Horietan, hegaztiak babesteko balizak erori baldin badira horiek berriz jarriko dira eta instalazioak faunaren gainean duen eragina kontrolatu eginen da, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuta.
  • Txostenak eginen dira lau hilean behin, neurketa dorrea instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze lanez, bai eta faunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), ale kopurua, urte sasoia, etab.

• Dorrea gehienez bi urtez egonen da instalatuta, eta ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokien araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

• Herri-lurren Atalaren 2021eko ekainaren 2ko txostenari jarraikiz, “Neurketa eolikoko azpiegitura berria herri-jabetzako lurrak okupatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Erriberriko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek desafektatzeko eta horien erabilpena lagatzeko eta/edo karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan. Bereziki, instalazioak 100 metroko altuera gainditzen badu, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.

• Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriren du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara leheneratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3.–Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Erriberriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2118040