19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1334E/2021 Ebazpena, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, Lodosako Machorras eta Cascajo parajeetan eremu ureztatua 17,5 ha-z handitzearen ingurumen eraginaren txostena egiten duena. Ekimena Francisco Javier Aguirre Rojasek, María Teresa Aguirre Rojasek eta María Jesús Aguirre Rojasek sustatzen dute.

2021eko ekainaren 21ean bidali zitzaion Biodibertsitatearen Zerbitzuari “Lodosako Machorras/Cascajo alderdian eremu ureztatua handitzeko azaleko uren emakidaren aldaketa” izeneko dokumentua, espedientearen ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera.

Proposamen horrek 10 ha-tik gora lur idor lur ureztatu bilakatzea dakar; beraz, abenduaren 9ko Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. taldeko c) 2 multzoan sartzen da.

Ingurumen eraginaren ebaluazio erraztua izapidetzea.

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera.

Ondokoak barne hartzen ditu: proposamenaren justifikazioa; alternatiben azterketa; ingurunearen deskribapena; obra eta ustiapen faseko eraginen ebaluazioa; obra faserako eta ustiapen faserako prebentzio neurrien proposamena, hondakinen (plastikoak, landare hondakinak, etab.) kontrolari eta kudeaketari dagokienez, bai eta fitosanitarioen eta ongarrien erabilerari dagokionez ere. Dokumentuak ondorioztatzen du ingurumen eragina bateragarria dela, kokatuta dagoen nekazaritza ingurunea kontuan hartuta.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Ebazpen honen I. eranskinean izapidea laburbiltzen da, zeinean Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena jaso baita, bai eta Lurraren Defentsarako Elkartearen (Lurra) ekarpen idazki bat ere, proiektua ez onartzeko eskatzen duena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten honetan ezartzen den bezala.

Aurrekariak:

Sustatzaileak emakida zahar bat du Ebro ibaiko urak erabiltzeko, Cascajo udalerrian 25,22 ha ureztatzeko. Azalera hori uholde bidez ureztatzen zen lehen, eta, orain, presiopean edo era lokalizatuan egiten da. Horregatik, sustatzaileen asmoa da, emakida berarekin, eremu ureztatuaren azalera handitzea, eta, horretarako, 17,5 ha eremu ureztatu bihurtzea presiopean edo era lokalizatuan, gaur egungo eremu ureztatuaren ekialdeko muga den NA-123 errepidearen ekialdean.

Eremu ureztatua handitzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskatzen dute sustatzaileek, eta kontsulta egiten diote Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Azken horrek adierazi du ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua izapidetu behar dela.

Proiektuaren deskribapena:

Proposamena da presiopean ureztatzea Lodosako katastroko 9. poligonoko 395., 399., 402., 404. eta 411. lursailak eta 2. poligonoko 1000. lursaila. Proposamenean sartuta daude baso, larre, eta pinudi erabilera duten lurzati horien azpilurzati txikiak. Osoki hartuta, lurzati horien kokapena hau da: pinudi ezpondaz banandutako bi ibai terraza eta gaur egun ureztatzen diren lurzatiekiko 20 metroko desnibela duten hegal batzuk.

Egungo eremu ureztaturako ez da jarduerarik proposatzen, hau da, Lodosako 2. poligonoko 848., 849., 722., 723., 724., 725. eta 726. Lurzatietarako. Lurzati horiek ur hargunea dagoen Ebro ibaiaren zatiaren eta NA-123 errepidearen artean daude.

Ureztatutako labore berrien ur hornidura egiteko, egungo eremu ureztatuaren hargunea eta ponpaketa erabiliko dira (ez dira aldatuko), eta ura hodietatik bideratuko da, errepidea gurutzatuz horretarako galtzadaren azpian egin diren hiru pasabidetatik. Errepidea gurutzatu ondoren, hodiak proiektuko lursailetara iritsiko dira, eta beharrezkoa izanen da terrazak banantzen dituen pinudiko ezponda zeharkatzea. Hoditeria horren instalazioa erabat edo partzialki gauzatuta dago.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren mugak hauek dira: mendebaldean Ebro ibaia, eta, ekialdean, Gurugú, Calderín eta Las Machorras gainen baso hegalak, “Pinus halepensis” espezieko pinuz birpopulatuta daudenak. Baso hegal horien hegoaldeko zatia “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuan (KBE) sartzen da. Proiektuak ez dio zuzenean eragiten KBE honi, ezta babestutako inolako naturaguneri edo katalogatutako basa faunaren intereseko ezein eremuri ere.

Baso hegal horiek alde batera utzita, aipatzekoa da “Pinus halepensis” espezieko pinuzko baso erabilera duen 10 bat metroko desnibeleko ezpondaren garrantzia ingurumen, baso eta paisaia aldetik. Proiektuko lurzatiak iparretik hegora gurutzatzen ditu eta Ebro ibaiaren ezker bazterreko bi terrazak banantzen ditu. Hoditeriak ezponda hau zeharkatzen du, zuhaitzik gabeko drainatze lerro bati jarraituz. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ezponda horretako 900 m² pinudi ureztatu nahi dira, Lodosako 9. poligonoko 402B azpilurzatiari dagozkionak.

Ingurumen garrantzia duten beste elementu batzuk honako hauek dira: Lodosako 9. poligonoko 399., 401. eta 411. lurzatietako laborantza lurren aldameneko hiru sakan, larre azpilurzati batzuk (1400 m² arte) –proposamenean ureztatu eginen liratekeenak– eta Lodosako 9. poligonoko 399. eta 411. lurzatiak gurutzatzen dituzten 2 m-ko alturarainoko ezpondak. Gainera, eraldatu beharreko lursailetan, dagoeneko laborantzarako erabiltzen ari dira Lodosako 9. poligonoko 404B azpilurzatiko larreak, 1800 m² ingurukoak.

Egungo eremu ureztatuan, larre azpilurzati batzuk kendu dira. Eremu ureztatu hori oso sinplifikaturik dagoen arren, baditu zuhaixkaz edo zuhaitzez osatutako heskaitxoak, bai eta zenbait fruta arbola eta zuhaitz autoktono ere, eite onekoak eta nolabaiteko biodibertsitatea ematen diotenak.

Egungo ur hargunea eta ponpaketa Ebro ibaiaren ezker bazterrean daude, baina ez dute eragin nabarmenik sortzen ibaiertzetan eta ibilguan. Egungo ponpaketarako energia linea elektrikoen bidez lortzen da. Deribazio elektriko horiek Ebro ibaiaren ondoan daude, eta habitat horrek ibilguari eta ibaiertzei lotutako intereseko fauna du.

Egungo eremu ureztatuan garatzen ari den labore mota bat dator lursail ureztatu berrietarako aurreikusten denarekin, eta hondakin plastiko, ontzi eta abarren bolumen handia sortzen du.

Ongarri eta fitosanitarioen erabilerari dagokionez, aurreikusten den ureztatze lokalizatuak Ebro ibaiaren akuiferoko eta ibilguko eta inguruko ibilgu txikietako intsumoak minimizatzen ditu. Hala ere, eremu ureztatu horien ustiapen fasean, litekeena da eragin horien balorazioa aldatzea eta neurri berriak aplikatu behar izatea.

Kontsulten emaitzak kontuan hartuta eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamena gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondoriozko balizko ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren bidez Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazten du Lodosako Machorras eta Cascajo parajeetan eremu ureztatua 17,5 ha handitzeak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik sortuko ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko ebazpen honetan jasotako determinazioak betetzen badira; horrek ez du baztertzen indarrean den legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu behar izatea.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.–Francisco Javier Aguirre Rojasek, María Teresa Aguirre Rojasek eta María Jesús Aguirre Rojasek sustatzen duten Lodosako Machorras eta Cascajo parajeetan eremu ureztatua 17,5 ha-z handitzeak ez du eragin kaltegarri nabarmenik sortuko ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez dago 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean adierazten den hari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin beharrik.

2.–Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriren du baldintza hauek betetzea:

–Eremu ureztatu berriak ez du barne harturen Lodosako 9. poligonoko 402B azpilurzatiko pinudia, horrela ingurumen, baso eta paisaia balioa manten ditzan.

–Lodosako 9. poligonoko 399B, 399C eta 411C azpilurzatiek oraingo larre erabilerarekin jarraituko dute.

–Lodosako 9. poligonoko 399. eta 411. lurzatien barneko ezpondak ere gorde beharko dira. Horiek guztiek ingurumen funtzioa dute, baita ura eta higadura erregulatzekoa ere.

–411. lurzatiaren iparraldean dagoen sakanaren ertzetako zuhaizti urria (pikondoak) zainduko da, baita egungo eremu ureztatuaren barruan barreiatutako zuhaiztia eta zuhaixka heskaiak ere.

–4 metroko zabalerako zerrendak landu gabe utzi beharko dira, 399. eta 411. lurzatien iparraldean eta 404. lurzatiaren hegoaldean mugakide diren sakanekiko paraleloak. Zerrenda horietan zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landaturen dira (adibidez, milazka, karraska, ipurua, isatsa, pikondoak, almendrondoak, elorri beltzak, etab.).

–Eremu ureztatu berria egiteko egin behar diren obrek ez diete kalterik eginen pinudiko ezpondari, aipatutako larre azpilurzatiei eta inguruko gainerako ingurumen elementuei.

–Ustiapen fasean, honako neurri hauek harturen dira sustatzaileak kudeatutako eremu ureztatu osoan:

  • Instalatu beharreko ureztatze metodoak saihestuko du aldameneko landaredi naturalean (ezpondak, larreak, sakanak eta bilakaera naturalean utzi behar diren belar zerrendak) ureztatzea, eta fitosanitarioak eta ongarriak gehitzea.
  • Lurzatietako eta ponpaketako inguruneak garbi edukiren dira, eta plantako edukiontzien hondarrak, ontziak, laboreetarako plastikoak, hodiak, bidoiak eta abar kenduren dira.

–Eremu ureztatu zaharrean erabiltzen ez diren elementuak desegiten badira, edo nabea eraitsi behar bada (404C azpilurzatian), sortutako hondakinak nolakotasunaren arabera kudeatuko dira, hondakinen arloan indarrean den legeriaren arabera.

–Ura ponpatzeko dauden linea eta azpiegitura elektrikoak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretura egokitu beharko dira, eta metro 1 baino gehiagoko distantzia utzi beharko da euskarriaren pausatze gunearen eta tentsioko elementuen artean (errege dekretu horren bidez, goi tentsioko linea elektrikoetan hegazti fauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dira).

–Hala badagokio, Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostenean ezarritakoa beteko da, proposamena eta ondare arkeologikoaren babesa bateragarriak diren ala ez jakiteko.

3.–Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen hau igortzea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Lodosako Udalari, Basozaintzari (9. kokapena, Lizarra Hegoa) eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultak

2021eko abuztuaren 2an, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zen, eta kontsultatutako erakundeen eskura jarri ziren ingurumen dokumentua eta proposamenaren planoak.

Hau da ukitutako administrazio publikoen eta izapide honetan kontsultatutako pertsona interesdunen zerrenda:

–Lodosako Udala.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

–Lurralde Antolamenduaren Atala.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

–LURRA, Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.

–UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna).

–EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean izapide honetako erantzunak igortzeko ezarritako epea igaro ondoren (30 egun baliodun), bi erantzun jaso dira:

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua) adierazi du eskatutako jarduketa jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2.f) artikuluaren arabera; hortaz, ez du lurzoru urbanizaezinerako baimentzen ahal diren jarduerarako baimenik behar.

Lurraren Defentsarako Elkarteak (Lurra) proposamenaren hainbat alderdiri buruzko ekarpen idazki bat bidali du, proiektua ez onartzeko eskatzen duena. Laburbilduz, ekarpen horietan honako hau jasotzen da:

–Proposamenaren justifikazioari eta baztertutako alternatibei buruz, adierazi du finkak idorrean uztea errentagarria dela kontsultatutako datuen arabera, eta, sustatzaileak dioen bezala, kostu ekonomiko eta ingurumen kostu handia duela.

–Proiektu alternatibari dagokionez, adierazi du ez dagoela argi emaria aldatu gabe emakida aldatu nahi dela dioen puntua.

–Oro har eremu ureztatu berriei eta kontsultaren xede den eremu ureztatu jakinari dagokienez, kontuan hartu beharko liratekeen datu, balorazio eta kontsiderazio batzuk ematen ditu: klima aldaketa; egungo eta etorkizuneko plubiometriaren gutxitzea; oso plubiometria txikiko eremu idorrean kokatzea proposamena; eremu ureztatua estepako eta pinudiko eremu batean proposatzea; laborantzaren areagotzea (ongarriak, fitosanitarioak, ezpondak deuseztatzea, pinudia); lur idorretako flora tipikoa ezabatzea, bai eta hari lotutako fauna ere; eta akuiferoak nitratoekin kutsatzea, osasunean eta ingurumenean horrek dakartzan kalteekin.

– Adierazi du, halaber, ez dela espero ustiapen faserako dokumentazioan aurreikusten den ingurumen kontrola egitea.

–Azkenik, adierazi du proiektuak ahalik eta berehalako etekinik handiena lortu nahi duela, kontuan hartu gabe etorkizuna, Lur Planetaren egoera globala eta NBEko Klima Aldaketari Buruzko Aditu Taldeak 6. txostenaren aurrerapenean berriki emandako gomendioak.

–Horregatik, ureztatze azalera oro har mugatzea proposatu du eta izapide honen xede den proiektuaren aurka dagoela adierazi du, beharrezkoa baita gure nekazaritza dauzkagun baliabideetara egokitzea, ur gutxiago kontsumitzen duten laboreak sustatzea eta gaur egun ureztatzen den azalera murriztea. Horrela, ez da nekazaritzako lurzoruaren eta ingurunearen degradaziorik sortuko, klima aldaketaren aurka borrokatuko da, akuiferoei eragiten dieten nitratoen eta bestelako kutsatzaileen kopurua murriztuko da, eta lur idorrei lotutako habitata, flora eta fauna zainduko dira.

Erantzuna:

Lurraren Defentsarako Elkartearen (Lurra) idazkiari dagokionez, adierazi behar da ez direla izapidetze honen xede Nafarroan eremu ureztatuak mantentzeko eta handitzeko politikak. Aurkeztutako proiektuari dagokionez, hain zuzen ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetzean zehazten da proposamenaren balizko ingurumen bateragarritasuna (natura ingurunean izaten ahal dituen ondoreak minimizatzeko neurri jakin batzuen mende dagoena), honako hauetan espero izatekoak diren eraginak aintzat hartuta: habitatetan, floran, faunan, paisaian, lurzoruan, uren kalitatean eta abarretan.

Aurkeztutako proiektuak ez dakar ureztatzeko uraren emakida handitzea, baizik eta ura birbanatzea, ureztatzeko azalera handitzeko. Ingurumen eraginari buruzko txosten honen baldintzen bidez, landaretza naturala duten azalerak kontserbatzea ahalbidetzen da (pinudiak, larreak, ezpondak), eta Lurra elkartearen idazkiaren alderdi hori aintzat hartu da; halaber, Natura 2000 Sarearen (ekialdean dagoena) eta Ebroko ibai ekosistemaren (mendebaldean) arteko lotura ekologikoari eusten zaio, bi horien ertzak hobetuko dituzten sakanen bidez. Bestalde, idorreko nekazaritza sistema ureztatu bihurtzeak ez die eraginen estepa inguruneei lotutako fauna taldeei.

Iragarkiaren kodea: F2118042