19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

489/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura 2022-2023 eta 2025-2026 ikasturteen arteko aldirako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko etapetan.

Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitateen hezkuntza ituna finantzatuko duen urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan 2022-2023, 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetarako.

Estatu mailako araudi esparruan, maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak, “Itunak” izeneko 116. artikuluan, ezartzen du hezkuntza itunak sei urte gutxienez iraunen duela Lehen Hezkuntzaren kasuan, eta lau urte gainerakoetan.

Martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenak onetsitako deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia amaitu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2018-2019 ikasturtearen hasieratik 2021-2022 ikasturtea bukatu arte.

Horrez gain, Batxilergoa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legeak honakoa ezarri zuen: “Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko ikastetxeetan ematen direnean, dagokien hezkuntza itun berezien xede izanen dira, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuak ezarritako eran”.

Martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenak onetsiriko deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Batxilergorako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia amaitu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2018-2019 ikasturtearen hasieratik 2021-2022 ikasturtea bukatu arte.

Horiek horrela, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean xedatutakoari jarraikiz, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1.–Hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura onestea 2022-2023 eta 2025-2026 ikasturteen arteko aldirako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko etapetan, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Aplikazio araudia eta betebehar orokorrak.

Deialdi honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

–2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza Itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena.

Ituna lortzeko, ikastetxeek haren ondoriozko betebeharrak beren gain hartu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi eta itunaren indarraldi guztian horiei eusteko konpromisoa hartu beharko dute.

2. Eskaerak aurkeztea.

Abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan ebazpen honen I. eranskinean (Haur Hezkuntzako bigarren zikloa) eta II. eranskinean (Batxilergoa) ageri diren ereduen arabera, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean, honako xede hauetarako:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko irakaskuntzetarako hezkuntza ituna berritzea

b) Lehenengo aldiz sinatzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko irakaskuntzetarako hezkuntza ituna.

c) Haur Hezkuntzako bigarren zikloari eta/edo Batxilergoari dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinaturiko hezkuntza itunak luzatzea eta/edo aldatzea.

Eskaerak aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduak.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3.1. Lehen itunerako eskaera.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko etapetarako ituna lehen aldiz sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Itun eskaera, I. eranskinaren araberakoa Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bada, eta II. Eranskinaren araberakoa Batxilergorako bada; ikastetxeak 1. oinarrian zehaztutako araudiko betekizun guztiak betetzen dituela adieraziko da bertan.

b) Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

c) Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d) Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ukatu eginen dira.

3.2. Ituna berritzeko eskaerak.

Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Batxilergorako ituna berritzeko eskaera egiten duten ikastetxeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ituna berritzeko eskaera, I. eranskinaren araberakoa Haur hezkuntzako bigarren ziklorako bada, eta II. eranskinaren araberakoa Batxilergorako bada; ikastetxeak 1. oinarrian zehaztutako araudiko betekizun guztiak betetzen dituela adieraziko da bertan.

b) Titularraren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela betetzen ituna onesteko bete beharreko baldintzak, bai eta itunaren aldaketak ere.

c) Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d) Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da. Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori gehitzea ikastetxea aurretik itundua badago eta kooperatibaren estatutuak aldatu ez badira itunak azkenekoz berritu zirenetik.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ez dira berrituko.

4. Eskatzaileak.

Hezkuntza itunak berritzeko edo sinatzeko eskatzen ahalko dute, hurrenez hurren, behin betiko baimen edo sailkapena duten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko ikastetxeetako titularrek.

Dena dela, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenbiziko xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek beren ituna luzatzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauek betez:

a) Ituna berritu eginen da ikastetxeak irtenbidea ematen badie bestela konpondu ez daitezkeen premiazko eskolatze beharrei.

b) Ituna 2022-2023 ikasturterako sinatuko da, baina luza daiteke, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko kalifikazioa edo baimena lortzen badu, edo itun horren luzapena arrazoitu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

Hezkuntza itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak Nafarroako ikastetxe ez-unibertsitarioen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskabidea. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo “apud acta” ahalorde-agiria erantsi beharko da.

5. Hezkuntza itunen iraupena.

Ebazpen honen babespean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta batxilergoan berritzen edo sinatzen diren hezkuntza itunek lau urte iraunen dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Dena dela, 2. oinarriko c) atalean xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza itunak 2022-2023 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak lortutako aldi baterako baimena mantentzen duen eta gainerako baldintzak betetzen dituen bitartean.

6. Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

6.1. Ikastetxe bakoitzean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitate itunduen kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak, 2022-2023 ikasturtetik 2025-2026 ikasturtera bitarteko aldirako, biak barne, honako hauek izanen dira:

6.1.1. Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. Artikuluan ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzaj ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak.

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Barañain, Beriain, Berriozar, Berriobeiti, Burlata, Zizur Zendea, Galar Zendea, Uharte, Orkoien, Aranguren Ibarra, Elortzibar, Eguesibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia) Haur Hezkuntzako bigarren zikloan itundutako unitateek batez beste 20 ikasleko ratioa izanen dute gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 FLren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako gutxieneko batez besteko ratioa 17 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

6.1.2. Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-izendapenekin bat badatoz.

6.2. Batxilergoan ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izanen dira:

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Batxilergorako itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 33koa izanen da, ikasleak onartzeko prozesua garatzeko indarreko araudiarekin bat.

Batxilergorako itundutako unitateek 26 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 FLren 16. artikulua).

6.3. Bai Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, bai Batxilergorako, delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori behar bezala banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

6.4. Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak atal honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

6.5. Hezkuntza ituna berritzean, unitate kopurua 2021-2022 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, baita txikiagoa eta handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontu kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

6.6. Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

6.7. Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

7. Laguntzak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskaera egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskaerari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura igorriko dira, eskabideak jaso eta hamar egun balioduneko epean.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek baloratu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

8. Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia; batzordeburu izanen da. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako zuzendari nagusia.

–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari bat, batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko aurrekontu-kontsignazioekin.

9. Ebazpena eta jakinarazpena.

Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak berritzeko ebazpena eginen da 2022-2023 ikasturteko eskolatze aurreikuspena kontuan harturik, eta egokituko dira aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

10. Itunen formalizazioa.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako hezkuntza itunak III. eranskineko ereduari jarraikiz formalizatuko dira, eta Batxilergorako itunak, berriz, IV. eranskineko ereduaren arabera. Eredu horietan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

11. Sinatutako edo berritutako hezkuntza itunak aldatzea.

Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, interesdunari entzutea eman beharko zaio.

12. Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe itunduak mantentzeko, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste Administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

13. Finantza kontrola.

Ikastetxe itunduak geldituko dira indarrean dauden xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende. Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala, orobat, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuak ere kontrolatuko dute, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: “Bestelako gastuak” eta “Langile osagarriak” moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

14. Hizkuntza itunaren berrikuntza ukatzea.

Arrazoitua izanen den hezkuntza itun baten berrikuntza ukatzen den kasuetan, aplikatzen ahalko da (Hezkuntza Departamentuak edo, kasua bada, Nafarroako Gobernuak hala finkatzen badute) 416/1992 Foru Dekretuaren 44. artikuluan eta uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako luzapen araubidea, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera. Aipatu foru legeak arautzen du batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa.

2.–Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.–Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Ebazpen hau eta eranskinak pertsona edo ikastetxe interesdunen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: www.educacion.navarra.es/eu.

4.–Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Amaya Bordonaba Ruiz (108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu I. etik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2118439