19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1293E/2021 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: “Jasangarritasunerako tokiko zerbitzu teknikoen dirulaguntzak, 2022. Urtean”. DDBN identifikazioa: 601481.

Jasangarritasunerako tokiko agendak (Tokiko Agendak 2030, lehen Tokiko Agenda 21 zena) udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesuak dira, haien garapena bideratu nahi dutena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Agenda egin ondoren, gako dira haren dinamizazioa eta kudeaketa eta haren ekintza planaren jarraipena; hortaz, bidezkoa da eginkizun horiez arduratzen diren zerbitzu teknikoak finantzatzea. Bestalde, komeni da bultzada ematea tokiko garapen jasangarria eta ingurumen proiektuak errazten dituzten tokiko zerbitzuei.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onestea 2022. urtean jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak finantzatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 2022. urterako 45.650 euro baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuan partida honen baliokidearen kontura: 740001 74100 4609 468100 partida, “Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterlan eta planetarako”, baldin eta kreditu egokia eta nahikorik bada.

4. Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Iruñean, 2021eko abenduaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAK 2021. URTEAN JASANGARRITASUNERAKO ZERBITZU TEKNIKOAK FINANTZATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da 2022ko ekitaldian tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoen jarduera finantzatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea, helburua izanik garapen jasangarria tokian-tokian sustatzea, tokiko agendak 2030 (lehen Agenda 21 zena) dinamizatzeko eta kudeatzeko lanen barruan.

Zerbitzu tekniko horiek tokiko erakundeei lagunduko diete tokiko agendaren Tokiko Ekintza Plana nola gauzatu aztertzen, ezartzen eta, behar bada, birformulatzen.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Diruz lagunduko dira jasangarritasunerako agenden (tokiko agendak 2030, lehen Tokiko Agenda 21 zena) gainbegiratze, dinamizatze eta kudeatze jardueraren ondoriozko gastuak Nafarroako toki erakundeetan, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 10era.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki administrazio batek garatzea.

b) Tokiko Agenda 21 baten dinamizazioari, garapenari eta kudeaketari lotua egotea, tokiko organo eskudunak onetsitako eta Nafarroako Gobernuak balidatutako ekintza plan baten barruan.

c) Jasangarritasunerako tokiko agenda bakoitzeko eskaera bakarra egiten ahalko da.

d) Lanak langile propioekin egiten direnean, diruz lagunduko dira, bakar-bakarrik, lan horietarako berariaz kontrataturiko langileen lan gastuak, edo lan hori egin behar duten langileak ordezteko kontratatzen diren langileenak.

e) Lanak kanpoko aholkularien bitartez egiten direnean, aholkulari horiek deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazitako betebehar berberak izanen dituzte.

f) Agenda bakoitza dinamizatu eta kudeatzeko jardueretarako laguntza hauek, gehienez, bi urtez lortzen ahalko dira. Epe hori amaiturik tokiko agenda berak ezin izanen du laguntza hori berriro ere eskatu.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerari, zeina eskabide orokor bat betez aurkeztuko baita, dokumentazio hau atxiki behar zaio, behar bezala betea:

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, erakunde eskatzailearen guztirako biztanleria adieraziko da, baita dirulaguntzaren xede diren erakundeak ere.

Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera toki erakundeko alkateak, lehendakariak edo arduradunak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Batzordeburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburu bat.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatuko du oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten horretan, justifikatu beharko da erakunde bakoitzari emandako kopurua, eta, horrekin batera, kanpoan utzi diren erakundeen zerrenda eta horren arrazoia.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez eman edo ukatuko dira dirulaguntzak. Ebazpenean berariaz agertu beharko da dirulaguntzarik jaso ez duten onuradunen zerrenda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Ekintzak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era bitarte egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2022ko ekitaldian eman dezan toki erakundearen aldeko ordainketa agindua.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa egiteko konpromisoa, fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen guztiena ere. Beren gain hartuko dute, orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean, modu esklusiboan.

4. Hala ere, toki erakundeak diruz lagundutako ekintzen %100 bitarte kontrata dezake.

5. Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek, estatukoek nahiz Europar Batasunekoek, egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

6. Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

7. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Laguntza ematen denetik hiru hilabete igaro baino lehen, Toki Agenden Bulegoari bilera batera deitzeko konpromisoa, non honako dokumentazio hau aurkeztuko den onetsia izan dadin:

a. Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoaz arduratzen diren langileen izenak, deiturak eta titulazioa.

b. Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak erakunde adjudikaziodunei emanen die toki erakundearen tokiko ekintza plana egokitzeko taula. Hasierako bileran zehaztuko da nola egokitu behar den tokiko ekintza plana emandako taulara.

c. 2022. urtean garatuko den programazioa, hasi eta amaituko diren proiektu edo ekintzak zehazturik.

Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Toki Agenden Bulegoak edo hura ordezten duen unitateak hobekuntza proposamenak egiten ahalko ditu.

9. Hamabigarren oinarrian zehazten den dokumentazioa atal horretara igortzeko konpromisoa, 2022ko azaroaren 10a baino lehen.

10. Tokiko Jasangarritasunerako Zerbitzu Teknikoko kideek parte hartuko dute Nafarroako Gobernuak tokiko jasangarritasunaren arloan eginen dituen prestakuntza jardueretan, bai eta jasangarritasunerako tokiko foro teknikoan ere.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

2022ko abenduaren 31n ordainduko da, gastuen aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21” izeneko 740001 74100 4609 468100 partidaren kargura, edo 2022ko gastuen aurrekontuan helburu horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, 2022an, gehienez 45.650 euro emanen dira guztira.

Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte. Puntuazioa hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz finkatuko da. Nolanahi ere, tokiko agenda 21 bakoitza dinamizatzeagatik jasoko den laguntza gehienez 4.000 eurokoa izanen da eta deialdi honen xede den toki entitatearen gastu osoaren %70.

Zortzigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera baztertua geldituko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa modu proportzionalean gutxituko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Erakunde bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio bat esleituko zaio, puntuazio hauek batuta aterako dena:

a) Parte hartzen duten erakunde guztiek 10 puntu izanen dituzte hasiera-hasieratik.

b) Bost puntu, Nafarroako toki erakundeen jasangarritasunaren sareetan parte hartzeagatik.

c) Bost puntu, 10 urtetik beherako tokiko agenda bat izateagatik.

d) Puntu bat zerbitzuaren xedeko udalerrietan bizi diren mila biztanleko; gehienez 10 puntu.

Behin erakunde eskatzaile bakoitzaren puntuazioa kalkulatuta, guztirako dirulaguntza proportzioan banatuko da bakoitzaren puntuazioaren arabera.

Ondoren, zenbatekoa eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehienekora murriztuko da, eta soberakina muga horretara ailegatzea lortu ez duten erakundeen artean proportzionalki banatuko da, betiere eskatzaile bakoitzaren 4.000 euroko muga gainditu gabe.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Onuradunek 2022ko azaroaren 10a arte izanen dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Toki Agenden Bulegoarekin eginiko hasierako bileraren akta.

b) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

c) Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak garatutako jarduerei buruzko txostena.

d) Toki erakundearen tokiko ekintza planaren egokitzapena, zortzigarren oinarriko 8 b puntuan xedatzen denaren arabera.

e) 3. eranskina, betea eta sinatua: Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrei buruz eta gastuei eta diru-sarrerei buruz.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Erakunde publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskagatu 2. eta 3. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2118054