19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

341E/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiarena, deialdi hau onesten duena: “2022 urterako laguntzak SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten”. DDBN identifikazioa: 603073.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean jasota dagoenez, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta hainbat eremutan aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako.

Horrez gain, lege horrek, bere helburuak eta xedeak lortzeko tresna zela iritzirik, sistemaren efizientzia sustatzen duten neurriak ezarri zituen I+G+b-ko azpiegiturak erosteko eta horien erabilera partekatzeko laguntzen bidez.

Aurrekoarekin bat, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzen 2017ko lehen deialdiak Nafarroako gaitasun zientifiko eta teknologikoa handitzen lagundu zuen, azpiegitura zientifiko eta teknikoak mantentzeko eta eguneratzeko balio izan zuelako. Horrela, ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzak eman ziren, azpiegiturak erabili behar dituzten erakundeek erabilera partekatua egiten lagundu zen, erakundeek sarean funtzionatzea sustatu zen, eta kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa bultzatu zen.

Bide beretik, 2020an bigarren deialdia egin zen eta une hartako gorabeherak zirela bide beste helburu bat txertatu zen: ikerkuntzako azpiegiturak COVID-19aren ondorengo “normaltasun berrira” moldatzeko bidea emanen zuten elementu edo ekipamendu berrien erosketa finantzatzea.

Nafarroako SINAI-I+G+b sistemako eragileen artean kalitate handiko ikerketa zientifiko-teknikoa sustatzen jarraitzeko, 2022an beste deialdi bat onestea proposatzen da, gure erkidegoan goi-mailako ikerketa-azpiegiturak sendotzen laguntzeko. Gainera, onuradun gisa sartzen dira Enpresetako I+G+b Unitateak (EIU); SINAIko kide dira erakunde horiek, eta I+G+b-ko ekosisteman duten parte hartzea indartu nahi da, horretarako azpiegitura egokiak emanez.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “2022 urterako laguntzak SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten”.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7819-467302: SINAIko eragileen I+G ekipamendua

2023

1.500.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da 2. oinarrian aipatutako erakundeei ekipamendu zientifiko eta teknologikoak erosten eta hobetzen laguntzea, ekipamendu horiek erabilgarri edukitzeak kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa gauzatzeko bidea eman dezan.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Erakunde onuradun izaten ahalko dira Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definitutako exekuzioko eragile hauek, baldin eta onuradun gisa egiaztatuta badaude otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduaren bidez araututako Nafarroako SINAI-I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan:

a) Unibertsitateak.

b) Ikerkuntza zentroak.

c) Zentro teknologikoak.

d) Enpresetako I+G+b Unitateak (EIU).

2. Erakunde horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden erakundeak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten erakundeak.

3. Laguntzen eskabidearekin batera, erakunde eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosi, hobetu eta instalatzea, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa jarduerarako behar diren altzariak barne.

Alde horretatik, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren hobekuntzatzat jo behar dira ekipoaren ezaugarriak gehitzea edo haren zaharkitzapena atzeratzea dakarten jarduketak, eta onuradunek behar bezala justifikatu beharko dituzte inguruabar horiek.

2. “Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen” bakoitzaren gastu diruz lagungarriak 10.000 eurotik gorakoa eta 1.000.000 eurotik beherakoa izan beharko du. Ekipamenduaren erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

“Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen” jotzen da funtzionatzeko autonomia duten ekipoen erosketa unitate bat, eta bai ekipo bakarra bai ekipoen multzoa izan daiteke, espazio bakar bat hornitzekoa dena edo helburu zehatz bat duena.

Halaber, funtzionatzeko autonomia duen baina zaharkituta geratu den ekipo bat eguneratzeko edo hobetzeko behar diren elementuek ere osa dezakete proposamen bat.

Amaitzeko, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta jarduerarako behar diren altzariak har ditzake barnean.

3. Diruz lagundutako jarduketak eskaera aurkezten den egunetik aurrera egin behar dira, 2022ko abenduaren 31ra arte. Beraz, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren erosketa eta fakturazioa aldi horren barruan egin beharko dira; aldiz, ordaintzeko eta ekipamendu hori onuradunaren instalazioetan jartzeko 2023ko martxoaren 31ra arteko epea izanen da.

4. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxan dagoen “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian. Kontratu publikoei buruzko legediaren mende dauden erakundeei dagokienez, araudi horretan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatu beharko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Zientziari lotu gabeko erabilera orokorreko altzariak, gailuak eta tresnak, irakaskuntzan edo zerbitzu teknikoak egiteko aplikatzen direnak eta kalitatea kontrolatzeko direnak.

b) Bulegoko altzariak.

c) Kudeaketako ekipo informatikoa (prozesua kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo espezifikoak izan ezik).

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko kopurua gastu diruz lagungarriaren %50 izanen da, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 26.6 artikuluarekin bat etorriz.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

3. Erakunde eskatzaile bakoitzak ekipamendu proposamen bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko du.

4. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa bat etorriko da laguntzen fitxan erabilgarri dauden ereduekin, eta izena adieraziz (baita aipatzen duten ekipamendurako proposamen zehatza ere, adibidez, “P1-Memoria teknikoa”) behar bezala identifikatuta dauden bana-banako dokumentuetan eskaneatuta aurkeztuko da:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 9. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Erakundeak eskatzen dituen ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen guztien laburpen zerrenda. Zerrenda horrek eskatu diren proposamenen lehentasun hurrenkera izanen du, II. eranskineko 4. irizpidea baloratzeko.

c) Ekipamendu proposamen bakoitzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

I. Ekipamendua erosi beharra justifikatzen duten I+G jarduerei buruzko memoria teknikoa.

II. Ekipamendurako proposamena defendatzen duen ikerketa-taldearen deskribapena.

III. II. eranskineko 1. irizpidea (Bikaintasun zientifiko-teknikoa) eta 2.a (Inpaktua) baloratzeko esanguratsuak diren beste alderdi batzuen deskribapena.

IV. Proformako fakturak edo agiri baliokideak, jarduketaren kostu osoa frogatzen dutenak.

V. Obra lizentzia (halakorik behar izanez gero).

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak erakunde interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako %50eko laguntza aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira eskaerak. Berdinketarik bada, hau ebatziko da 1. irizpidean lortutako puntuazioa kontuan hartuta, eta berdinketak jarraitzen badu, 2., 3. eta 4. irizpideak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atala) aditu independenteen (pertsonak edo erakundeak) laguntza eskatzen ahalko du. Horretarako, aurrez, interes-gatazkarik ez dagoela eta konfidentzialtasuna gordeko dutela frogatu beharko dute. Halaber, erakunde eskatzaileei eskatzen ahal dizkie eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

8. oinarria.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradunek, 2023ko martxoaren 31 izanen dute azken eguna (hori ere barne) finantzatutako ekipamenduaren proposamen bakoitzerako ondoko dokumentazioa aurkezteko:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2013ko maiatzaren 13koa).

b) Egozten diren gastuei buruzko frogagiri guztiak.

c) Diruz lagundutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien I+G jarduerei buruzko exekuzio edo jarraipen txosten teknikoa.

d) Hornitzailea 3.4 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) Kontabilitateko dokumentuak, diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatu direla justifikatzen dutenak.

2. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

3. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduketak.

Laguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino handiagoa bada, diruz lagundutako inbertsioak materialki egiaztatu beharko dira, 10.2 oinarrian ezartzen den moduan.

c) Diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatuko dituzte.

d) Finantzatutako ekipamendua dirulaguntza ematea eragin duen xede zehatzerako erabiliko dute bi urtez, gutxienez, laguntzaren ordainketari buruzko ebazpena ematen den egunetik aurrera zenbatuta.

e) Nafarroako SINAI-I+G+b sistemako eragile guztien eskura jartzea deialdiaren kargura finantzatutako ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-tekniko guztiak. Gertaera hori 5.4.a) oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da.

f) Finantzatutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien I+G jardueren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko da.

g) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (8. oinarria).

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, zeinean onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela jasoko baita.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izanen da organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egitea. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

3. Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, 8. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

4. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeak aurkezten badituzte.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 8. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

11. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak metatzea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Laguntza hauei gehitzen ahal zaizkie beste batzuk, baldin eta beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira.

Diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie osorik edo zati batean, bakarrik batura horrek ez badu gainditzen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.6 artikuluan adierazitako laguntzaren intentsitatea.

Estatuko laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei baldin horrek berekin badakar Erregelamenduaren 26.6. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.

12. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 26. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute eta, hori bermatzeko, eskatzaileek ezin izanen diete ekin diruz laguntzen ahal diren jarduerei, eskabidea aurkeztu baino lehen.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Ekipamendurako proposamenak ebaluatzeko irizpideak

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.–Bikaintasun zientifiko-teknikoa

30

2.–Eragina

30

3.–Nafarroan antzeko ekipamendua egotea

20

4.–Azpiegituraren lehentasuna

20

GUZTIRA

100

1.–Bikaintasun zientifiko-teknikoa:

–Ekipamenduaren egokitasuna lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, baita helburuon garrantzia eta egokitasuna ere.

–Teknikaren egoerarekin eta eskura dagoen eskaintzarekin bat etortzea.

–Zenbat ikertzailek edo teknikarik erabiliko duten ekipamendua, eta I+G proiektuetan daukaten ezagutza eta esperientzia.

2.–Eragina:

–Espero den inpaktu zientifiko-teknikoa, kontuan hartuta zentroaren bikaintasuna indartuko duten emaitzak eta diziplinetako eta diziplina arteko ezagutza zientifiko teknikoa.

–Inpaktua gai hauen gainean: enplegua, balio erantsiaren sorrera, genero berdintasuna edo/eta garapen jasangarrian laguntzea, baita proposatzen diren jarduerek gizarteari ekartzen dioten onura ikusarazten duen beste edozein ere.

–Ekipamendua beste instituzio edo/eta ikerketa talde batzuek ere erabili ahal izatea.

3.–Nafarroan antzeko ekipamendua egotea:

–Ez dagoen ekipoa: 20 puntu.

–Lehendik dagoen ekipoa, erabilgarritasun mugatua duena: 10 puntu.

–Lehendik dagoen ekipoa, erabiltzeko moduan dagoena: 0 puntu.

4.–Azpiegituraren lehentasuna:

puntuazioa erakundeak laguntzen eskaeran ezarri duen lehentasunarekin zuzenki proportzionala izanen da.

Iragarkiaren kodea: F2118277