19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako Kirolaren Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa ezartzen duena, bulegoen mailan.

Azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua bihurtu zen Nafarroako Kirolaren Institutu, eta haren estatutuak onetsi ziren.

Foru dekretu horretan, Nafarroako Kirolaren Institutuaren egitura organikoa ezarri zen, atalen mailara arte.

Bere bosgarren xedapen gehigarriaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren 3. artikulua aldatu da, eta adierazi da Nafarroako Kirolaren Institutuak departamentu horri atxikita geratzen dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulego mailako egitura egokitzearren, bidezkoa da araudi berria onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedea eta egitura orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Kirol Institutua erakunde autonomoaren egitura garatzea, bulegoen mailan eta ataletatik beherako beste mailetan.

2. artikulua. Nafarroako Kirolaren Institutuaren egitura.

Nafarroako Kirolaren Institutuak bulego hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketako Zuzendaritzaren mende:

–Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoa.

–Barne Kudeaketaren, Logistikaren eta Langileriaren Bulegoa.

b) Kirolaren Zuzendariordetzaren mende:

–Kirola Sustatzeko Bulegoa.

–Kirol Jokoen Bulegoa.

–Kirol Federazioen Bulegoa.

–Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoa.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak (CEIMD) bulego maila duten administrazio unitate hauek ditu bere egituran:

–Kirol Entrenamenduaren eta Ikerkuntzaren Laguntzako Unitate Teknikoa.

–Laguntza Medikoko Unitate Teknikoa.

–Prestakuntzako Unitate Teknikoa.

c) Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren mende.

–Printzearen Gotorlekua egoitzaren Kudeaketa Bulegoa.

II. KAPITULUA

Nafarroako Kirolaren Institutua

1. ATALA

Kudeaketako zuzendaritza

3. artikulua. Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoa.

Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoak, Administrazio eta Kudeaketa Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurrekontuen exekuzioaren, prozedura eta prozesu ekonomiko-administratiboen eta aurrekontuaren analisia eta jarraipena egitea, kontuan harturik Nafarroako Kirolaren Institutuaren unitate organikoek ematen duten informazioa.

b) Erakunde autonomoaren aurrekontu orokorren aurreproiektua prestatzeko laguntza ematea, baita aurrekontuen jarraipen eta kontrol lanetan ere, eta, orobat, eskatzen diren aurrekontu, ekonomia, administrazio eta prozedura txostenak prestatzean.

c) Kontu-hartzaile delegatuaren aurrean espediente arruntak tramitatzeko prozesuen jarraipena egitea.

d) Laguntza administratiboa ematea berariazko espedienteetan (urte anitzeko gastuenak, aurrekontu aldaketenak, Gobernuaren baimenenak eta bestelakoak).

e) Nafarroako Kirolaren Institutuko zentroen kontabilitate orokorrean laguntzea eta haren segimendua egitea.

f) Espedienteetan lagundu, haien jarraipena egin, tramitatu eta ixtea, agiri guztiak osatu arte, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren Artxibo Nagusiari entregatzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

h) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Administrazio eta Kudeaketa Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Barne Kudeaketaren, Logistikaren eta Langileriaren Bulegoa.

Barne Kudeaketaren, Logistikaren eta Langileriaren Bulegoak, Administrazio eta Kudeaketa Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoko bulego zentralak antolatzea eta haien jarraipena egitea, oro har, baita bertan sortzen diren administrazio lanak eta mantentze lanak ere, bereziki artxibo nagusikoak, erregistrokoak, biltegikoak eta hornigaien gordailukoak.

b) Zerbitzuen katalogoei loturiko ondasun arruntetako gastuetan eta inbertsio berekietan egiten diren jarduketen proposamena eta jarraipena egitea, honako hauena konparazio batera: modernizazio zerbitzuak; erabiltzailearentzako zerbitzuak, besteak beste, telekomunikazioak eta haien gaineko gorabeherak, lan estazioak, informazio sistemak eta segurtasun esparruak; proiektu eta esperientzia arrakastatsuei buruzko zerbitzuak eta atal honen barrenean sar daitezkeen bestelako zerbitzuak.

c) Erosketen zentraleko jarduketak proposatzea eta haien jarraipena egitea, izan inbertsio berekien bidezkoak –altzarietarako, ekipamendurako, ibilgailuetarako eta beste batzuetarako–, izan ondasun arruntetarako gastuen bidezkoak (bulegoko materiala, papera eta beste batzuk), eta horretarako garatzen diren prozesuak kontrolatzea.

d) Nafarroako Kirolaren Institutuko funtzionarioen plantilla finkatu, egokitu eta prestatzeko lanetan laguntzea.

e) Institutuari atxikitako langileei buruzko laneko aferak tramitatzea eta haien jarraipena egitea, baliabideen optimizazioa lortzearren eta Institutuak esleiturik dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzeko.

f) Laneko arriskuei aurrea hartzeko eta lantokian laneko osasuna sustatzeko jarduera eta prozesuak proposatzea eta koordinatzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteak gordetzea eta artxibatzea.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

i) Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunearen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunaz arduratzen den unitate eskuordetuaren arduradunaren eginkizunak betetzea.

j) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Administrazio eta Kudeaketa Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Kirol Zuzendariordetza

5. artikulua. Kirola Sustatzeko Bulegoa.

Kirola Sustatzeko Bulegoak, Kirola Sustatzeko Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eskolako kanpainak eta kirola sustatzeko bestelako kanpainak antolatzea eta haien jarraipena egitea.

b) Entitateekin sinatu beharreko hitzarmenak sustatzea, kirol praktika garatzeko.

c) Kirola, kultura eta artea lotzeko jarduerak eta kanpainak sustatzea.

d) Nafarroako kirolaren historiari buruzko materialak biltzeko eta hedatzeko jarduerak sustatzea.

e) Zeharkako lan plan bat prestatzen laguntzea, toki erakundeekin elkarlanean.

f) Udal kirola antolatzeko toki erakundeentzako laguntzak izapidetzea.

g) Udal kirola antolatzeko, toki erakundeei eta kirol entitateei laguntza teknikoa ematea.

h) Kirola eta kirol praktika sustatzeko asmoz, kirol garapeneko agenteekin sinatu beharreko lankidetza hitzarmenak prestatzea eta haien jarraipena egitea.

i) Kirol entitateei jarduerak egiteko eta kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antolatzeko ematen zaizkien laguntzak kudeatzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

j) Entitateentzako eta norbanakoentzako laguntzak sustatzea, Nafarroako Kirolaren Institutuaren iritziz interesgarriak diren jarduketa puntualak antolatzeko.

k) Kirol arloko eskola eta udal kanpainetako jardueretan irudi korporatiboa erakusteko euskarrien erabilera eta jarraipena egitea.

l) Kirol arloko eta interes orokorretako gaiei buruzko biltzar eta jardunaldien antolaketa sustatzea.

m) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

n) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, baita Kirola Sustatzeko Atalak agintzen dizkionak ere.

6. artikulua. Kirol Jokoen Bulegoa.

Kirol Jokoen Bulegoak, Kirola Sustatzeko Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirol Jokoen diseinua eta programa prestatzea, kirol federazioekin batera, bai eta programa berriak sartzeko proposamenak egitea ere.

b) Nafarroako Kirol Jokoen garapena koordinatzea Nafarroako kirol federazioekin eta toki erakundeekin, bai eta Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin ere.

c) Kirol federazioek eta Nafarroako Kirolaren Institutuak Nafarroako Kirol Jokoen gainean sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenen eranskinak prestatzea.

d) Garatzen diren programen kalitatea kontrolatzea, antolakuntzari, kirol arloari eta prestakuntzari dagokienez.

e) Estatuko Kirol Administrazioak edo beste erakunde ofizial batzuek antolatzen dituzten txapelketetan Nafarroa ordezkatzen duten taldeak eta selekzioak prestatzen laguntzea.

f) Nafarroako Kirol Jokoen arloan informatzea eta koordinatzea.

g) Adingabeen kirol jarduerari buruzko araudia planifikatzea eta haren jarraipena egitea kategoria horietan.

h) Estatuko Kirol Administraziotik sustatzen diren kirol programak koordinatzea eta haien jarraipena egitea, administrazio horrekin lankidetzan.

i) Aurreko puntuan aipatutako kirol ikuskizunak antolatzeko laguntzak eta kontratuak proposatzea.

j) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

k) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, baita Kirola Sustatzeko Atalak agintzen dizkionak ere.

7. artikulua. Kirol Federazioen Bulegoa.

Kirol Federazioen Bulegoak, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kirolaren babesletza sustatzea, bai eta zenbait kirol jarduera gizarte interesekoa deklaratzeko eskaerei buruzko espedienteen izapideei buruz informatzea eta kudeatzea ere.

b) Nafarroako kirol federazioentzako laguntzak koordinatzea eta horien jarraipena egitea, haien kirol garapen integrala eta kudeaketa garapena sustatuz, eta, bereziki, Nafarroako Kirol Administrazioaren eskuordetzearen ondorioz betetzen dituzten administrazio izaera duten funtzio publikoak betearaztea.

c) Nafarroako kirol federazioek Kirol Etxearen barruan erabiltzen dituzten guneen kudeaketa koordinatzea, baita eta bertako zerbitzu orokor eta komunena ere.

d) Nafarroako Kirolaren Erregistroaren erregistroa eta jarraipena egitea.

e) Nafarroako Kirol Federazioen estatutuen, erregelamenduen eta hauteskunde prozesuen proposamenen jarraipena egitea, baita kirol modalitateak aitortzeko prozesuena eta beste baimen batzuena ere.

f) Kirola antolatzeko hitzarmenak sustatzea, Nafarroako kirol federazioen bitartez.

g) Nafarroako, Espainiako edo nazioarteko kirol federazioen arteko lankidetza sustatzea, koordinatzea eta laguntzea.

h) Nafarroan eratutako kirol federaziorik ez duten kirol modalitateak sustatzea eta garatzen laguntzea.

i) Parte-hartze instituzionalaren kudeaketa lanetan laguntzea, Nafarroako kirol federazioen bitartez.

j) Bere eskumenen esparruko espedienteak erregistratzea, haien jarraipena egitea eta artxibatzea.

k) Nafarroako errendimendu handiko kirolari buruzko programen baldintzak, diseinua, abiaraztea eta jarraipena sustatzea, laguntzetarako proposamena eta, kasua bada, dagozkion lankidetza hitzarmenak eginez.

l) Nafarroan errendimendu handiko kirolak dituen beharrak koordinatzea kirol federazioekin eta Nafarroako edo Estatuko beste kirol entitate batzuekin lankidetzan.

m) Kirolarien arteko trukeak sustatzea, kirol errendimendua eta nafar selekzioak garatzeko tresna gisa.

n) Kirol jarduera eta norberaren ikasketak, bizitza pertsonala eta lana bateragarriak izateko neurriak proposatzea.

ñ) Kasuan kasuko zentroekin koordinatzea, Nafarroako errendimendu handiko kiroletan dauden kirolarien entrenatzeko baldintzak hobetzeko.

o) Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendaritzaordetzarekin elkarlanean, instalazioen erabilerarako akordioak koordinatzea eta jarraipena egitea, bai Nafarroako Kirolaren Institutuarekin hitzarmen bidez diruz lagundutako instalazioei dagozkienak, bai oro har instalazioei dagozkienak.

p) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, baita Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalak agintzen dizkionak ere.

8. artikulua. Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoa.

Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoak, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Espainiako eta atzerriko kirol jarduera eta txapelketetan parte hartzeko, deialdi eta hitzarmenen bidez kirol klubei eta kirolariei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea, koordinatzea eta haien jarraipena egitea, haien kirol garapen osoa eta errendimendua sustatzea helburu.

b) Gizartean oihartzuna duten Espainiako eta atzerriko kirol gertakari, ikuskizun eta lehiaketak eta interes bereziko kirol jarduerak antolatzeko, deialdi eta hitzarmenen bidez entitateei eta kirolariei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea, koordinatzea eta haien jarraipena egitea, haien kirol garapen osoa eta errendimendua sustatzeko.

c) Interes berezia duten gaietarako, kirol klub eta fundazioekin lankidetza hitzarmenak sustatu eta kudeatzea, haien kirol mailaren arabera.

d) Egiten diren goi mailako kirol jardueretan eta kirol taldeen kirol jardueran, irudi korporatiboaren eta/edo erabakitzen den beste irudi baten euskarri bereizgarriak tramitatzea eta haien jarraipena egitea, hedabideetan eta gizartean oihartzuna dutenean.

e) Nafarroan kokaturik dauden unibertsitateen kirol jarduera eta lehiaketak koordinatzea eta haiek garatzeko lanetan laguntzea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko kirol sariak emateko prozesua koordinatzea eta haren jarraipena egitea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

h) Nafarroako errendimendu handiko kirola antolatzeko esparruaren inbentarioa eta jarraipena egitea, Nafarroako Kirolaren Institutuaren helburuetan finkatutako jarraibideekin bat.

i) Kirolari talentudunak detektatzeko programak sustatu, sistematizatu eta koordinatzea.

j) Kirol arloko fundazioei aholkularitza ematea eta haiekin koordinatzea, Nafarroan errendimendu handiko kirola hobetzeko programak garatzeko.

k) Nafarroako Selekzioen marka korporatiboaren elementu bereizgarriak tramitatzea eta haien erabileraren jarraipena egitea.

l) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, baita Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalak agintzen dizkionak ere.

9. artikulua. Kirol Entrenamenduaren eta Ikerkuntzaren Laguntzako Unitate Teknikoa.

Kirol Entrenamenduaren eta Ikerkuntzaren Laguntzako Unitate Teknikoak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaritzak ezartzen dituen helburu eta jarduketa ildoetatik abiatuta, kirolariei kirol entrenamenduaren laguntza arloko jarduketen planifikazio orokorra egitea.

b) Parte hartzen duten kirolarien egoera fisikoa kontrolatzea eta haren jarraipena egitea, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak sustatutako programa hauetan: goi mailako kirolaren sustapena, kirol teknifikazioko programak, hobekuntza programak, Nafarroako selekzioak eta Miguel Indurain Fundazioaren programak.

c) Laguntza zerbitzuak ematea egokitzapen fisikoaren arloan, kirol errendimendua hobetzeko.

d) Aholkularitza lanak egitea Foru Komunitateko goi mailako kirolariak hautatzeko prozesuetan .

e) Aholkularitza lanak egitea errendimendu handiko kirolarekin loturiko klubentzako eta federazioentzako laguntzen deialdietan.

f) Nafarroako kirol errendimendua koordinatzea eta hari laguntza ematea, batez ere NKIren eta entitate laguntzaileen programei, bai eta lehen mailakotzat hartzen diren Nafarroako taldeei ere.

g) Zentroko zuzendaritzak ezartzen dituen helburu eta jarduketa ildoetatik abiatuta, ikerkuntzaren arloko jarduketen planifikazio orokorra egitea.

h) Ikerkuntza sustatu eta bultzatzea kirol jardueren eremuan, kalitateko ikerketa proiektuak bultzatuz eta burutuz.

i) Planifikatzen diren laguntza medikorako eta prestakuntzako jarduerei laguntza ematea, zentroko zuzendaritzak ezartzen duen moduan.

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaritzak esleitzen dizkionak.

10. artikulua. Laguntza Medikoko Unitate Teknikoa.

Laguntza Medikoko Unitate Teknikoak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaritzak ezartzen dituen helburu eta jarduketa ildoetatik abiatuta, laguntza mediko eta zientifikoaren arloko jarduketen planifikazio orokorra egitea.

b) Foru Komunitateko Kirol Administrazioak sustatutako programa hauetan parte hartzen duten kirolarien kontrol edo jarraipen medikoa egitea: goi mailako kirolaren sustapena, kirol teknifikazioko programak, hobekuntza programak, Nafarroako selekzioak eta Miguel Indurain Fundazioaren programak.

c) Nafarroako Kirolaren Institutuak sustatutako ariketa fisiko eta osasunaren programetan parte hartzen duten pertsonen kontrol edo jarraipen medikoa egitea.

d) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntza Zentroko laguntza emateko zerbitzu medikoen karta egiten laguntzea.

e) Laguntzea eta parte hartzea honako programa hauetan: egoneko bizitzari loturiko haurren obesitatearen eta gaixotasun kronikoen heziketa, kontrol, tratamendua eta prebentzioarenak, eta kirol dopinaren heziketa, kontrol eta prebentzioarenak.

f) Kirol medikuntzaren arloan laguntza zerbitzuak ematea.

g) Foru Komunitateko osasun administrazioarekin koordinatuta, dagozkion eginkizunak betetzea Foru Komunitateko Administrazioaren giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzearren, bereziki, ariketa fisikoarekin eta errendimenduarekin zerikusia dutenak.

h) Planifikatzen diren kirol entrenamendua eta ikerkuntza laguntzeko eta prestakuntza jarduerei laguntza ematea, zentroko zuzendaritzak ezartzen duen moduan.

i) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaritzak esleitzen dizkionak.

11. artikulua. Prestakuntzako Unitate Teknikoa.

Prestakuntzako Unitate Teknikoak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kirol entrenatzaile eta monitoreen hasierako prestakuntzarako jarduerak planifikatu eta garatzea eta haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

b) Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan parte hartzen duten eragileei bideratutako etengabeko prestakuntzaren jarduerak sustatzea eta garatzea.

c) Prestakuntzaren eskaintza eta eskura dauden baliabide didaktikoak zabaltzeko eta hobetzeko aldaketak eta berrikuntzak proposatzea.

d) Kirol entrenatzaileen eta monitoreen hasierako prestakuntzarako ikastaroak egiteko laguntzak proposatzea eta kudeatzea.

e) Unitate teknikoak oro har atxikirik dituen ekipamenduen, dokumentazioaren, prozedura ekonomiko-administratiboaren eta baliabideen inbentarioa eta jarraipena egitea.

f) Entitateei, ikasleei eta herritarrei informazioa eta aholkua ematea kirol prestakuntzari lotutako alderdien gainean.

g) Kirolaren Nafarroako Eskolaren zuzendaritzan, antolaketan eta jarraipenean laguntzea eta aholku ematea.

h) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren prestakuntza zentroaren kirol prestakuntzarako gela birtuala eguneratzea, haren aldaketak administratzea eta mantentze-lanez arduratzea.

i) Kirolaren arloko araubide bereziko titulazio arautuak ezarri bitarteko aldi baterako araudiak araututako prestakuntza jarduerak erregistratzea, aitortzea eta haien jarraipena egitea.

j) Nafarroan kirol entrenatzaile eta monitoreentzako prestakuntzaren gaineko arau berriak aplikatzea eta horien jarraipena egitea.

k) Kirol Kontseilu Gorenak beste autonomia erkidego batzuekin kirol prestakuntza garatzeko sustatzen dituen batzorde eta lantaldeetan parte hartzea eta haietan ordezkari izatea.

l) Prestakuntza garatzeko eta berrikuntzak sartzeko beste zentro batzuekin batera eraturiko lantaldeetan parte hartzea.

m) Hezkuntza administrazioarekin lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan kirol ikasketak garatzeko.

n) Prestakuntzako Unitate Teknikoaren jarduerari buruzko txostenak, memoriak eta azterlanak prestatzea.

ñ) Planifikatzen diren kirol entrenamendua eta ikerkuntza laguntzeko eta laguntza medikoko jarduerei laguntza ematea, zentroko zuzendaritzak ezartzen duen moduan.

o) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaritzak esleitzen dizkionak.

3. ATALA

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza

12. artikulua. Printzearen Gotorlekua egoitzaren Kudeaketa Bulegoa.

Printzearen Gotorlekua egoitzaren Kudeaketa Bulegoak, Azpiegitura eta Garapen Estrategikoaren Zuzendaritzaordetzari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Printzearen Gotorlekua egoitza kudeatzea eta haren kontrol ekonomiko eta administratiboa.

b) Printzearen Gotorlekua egoitzaren funtzionamendurako kontratazio prozedurak kudeatzea eta kontrolatzea.

c) Printzearen Gotorlekua egoitzari atxikitako langileen kontrola eta horiek koordinatzea.

d) Printzearen Gotorlekua egoitzaren inbertsioak eta materialak kudeatzea.

e) Kirol federazioei eta entitateei espazioen lagapenaren kontrola kudeatzea. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin koordinatzea, guneak lagatzeko eta horren gaineko prozeduretarako.

f) Erabiltzaileen hautatze prozedurak eta eguneroko kontrola kudeatzea.

g) Printzearen Gotorlekua egoitzaren mantentze-lanak eta kontserbazioa kudeatzea eta kontrolatzea.

h) Azpiegiturak Kudeatzeko Atalarekin loturiko administrazioa prozedurak kudeatzea.

i) Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak tramitatutako lizitazio agiriak eta kudeaketa zerbitzuko kontratuak kudeatzea.

j) Nafarroako kirol instalazioen erroldaren eguneraketa eta segurtasunaren gainean jarraipena egitea eta kontrolatzea.

k) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendaritzaordetzak agintzen dion beste edozein eginkizun.

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Laguntzako Unitate Teknikoa eta Ikerkuntzako Unitate Teknikoa kentzen dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen dira:

a) 38/2015 Foru Agindua, azaroaren 23koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa garatzen duena, bulegoen mailan, salbu eta Gazteriaren Zuzendaritzaordearen bulegoak eta Gazteriaren Etxeen Bulegoa arautzen dituzten artikuluak.

b) Foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 13an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2200533