185. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Ordenantza, eguzki-energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Honako honen bidez, aditzera ematen da Uharte Arakilgo Udalak, 2022ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuela hasiera batez onestea Uharte Arakilen eguzki-energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 28koan, eta Udalaren webgunean.

Jendaurreko aldian ez da erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu.

Hortaz, Uharte Arakilgo Udalak, 2022ko abuztuaren 29an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen ordenantza. Haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ondorio juridikoak izan ditzan.

Uharte Arakilen, 2022ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UDAL ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIAREN INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Uharte Arakilgo Udalak konpromisoa hartu duelarik ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde, bai eta ekonomiaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borrokaren alde ere, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren froga gisa, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunarekin. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta haren helburua da berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna erabiltzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitzen zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, CO2-aren eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak gutxienez %40 murriztea 2030a baino lehen. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzeko gaitasuna izatea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa tokiko ekintzetara eramatea, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta halako ekintzen ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Udalak bere gain harturiko konpromiso horiez gain, nabarmentzekoa da Uharte Arakilgo biztanleek ere konpromiso hori hartu dutela, energia aurreztea, efizientzia edo energia berriztagarria sortu eta autokontsumitzea interesatzen baitzaie, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

Eguzki-energia termikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa edo biomasa dira udalerri honetan bultzatu nahi diren energia berriztagarri mota batzuk, eta horien ezarpena erraztu nahi da.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, zehazki, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Horregatik, Uharte Arakilgo Udalaren borondate politikoa da konpromisoa hartzea estrategia bat garatzeko, adierazitako jasangarritasun helburuak lortzera bideratuko dena, energia-efizientziari buruzko udal ordenantzen bitartez.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hori hartu du, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko borondate irmoa duelarik, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du. Arau berri honek hirigintzako udal planeamendua garatzen du eta haren osagarri da.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

1.–Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez eguzki-energia jaso eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko Uharte Arakilgo udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.–Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, Uharte Arakilgo udal-mugarteko hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatu gabean), lurzoru urbanizagarrian eta lurzoru urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1.–Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartzen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, hots, energia termikoa sortzen dutenak eta energia elektrikoa sortzen dutenak:

a) Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Adibidez, etxeko ur beroa lortzeko erabiltzen ahal dira.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dute energia elektrikoa sortzeko; horretarako zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean elektrizitatea sortzen baitute.

2.–Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1.–Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta (planokideak izan behar dute), eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Estalkian bertan txertatuta edo gainean joan daitezke. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

b) Horiek guztiak gutxienez metro 1 bereiziko dira fatxaden planoetatik, eta gutxienez 0,50 metro teilatu-hegalen ertzetatik eta mehelinetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, ur hodiak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu. Andelak eta finkako zerbitzu esklusiboen beste instalazio batzuk eraikitzen ahal dira, bai eta oinarrizko azpiegitura zerbitzuak ere, baina horiek ezin izanen dute gainditu eraikinaren gailurrerako adierazitako gehieneko altuera, eta fatxada-lerroetatik gutxienez 3 metro atzeraemanda egonen dira.

2.–Eguzki-panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

3.–Ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. artikulua. Zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1.–Beren inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko helburua duten eguzki-instalazioak baimenduko dira.

2.–Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

3.–Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak.

1.–Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parke edo -poligonoak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak edo baimengarriak, eta jasotzen direnak 2. Lurralde Antolamenduko Plana (2. LAP) - Nafarroa Atlantikoa izenekoan.

2.–Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3.–Bere garaian indarrean zegoen legeriaren arabera ezarritako eraikinetako instalazioen kasuan, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik baimenik izapidetzea, baldintza hauekin:

a) Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten.

Okupatutako azalera gutxienez metro 1 bereiziko da isurkiaren perimetrotik, eta fatxada, mehelin, ertz edo gailurretatik. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

b) Ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

c) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.

4.–Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraiki beharra badakar, sare orokorrarekin lotzen den punturaino garraiatzeko energia, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimen espedientea tramitatzea (26/2022 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.

IV. KAPITULUA

Beste xedapen orokor batzuk

7. artikulua. Instalazio bereziak.

1.–Ezohiko neurri gisa, proposa daiteke eraikinetan eguzki-panelak ezartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, behar bezala integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Ondare historikoa babestea.

1.–Ez dira onartuko eskabideak Udal Planeko Katalogoan babespeko eraikin gisa definituta dauden eraikinetan eguzki-instalazioak jartzeko, ez estalkietan ez fatxadetan ez eta balkoi, begiratoki edo antzekoetan ere.

Zalantzarik izanez gero, Udalak eskabidea bidaltzen ahalko du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, hark aurretik txostena egin dezan. Txostenaren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Izapidetzea.

1.–Instalazio eskaerak eginen dira aplikatzekoa den sektoreko eta/edo hirigintzako araudiaren arabera, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria, erantzukizunpeko adierazpenarekin edo aurretiazko komunikazioarekin batera:

–Instalazioaren memoria teknikoa, teknikari eskudun batek egina (< 10kW-eko instalazioetan, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren arabera).

–Panelen kokapenaren planoa.

–Arriskuen ebaluazioa, lanak altueran egitekoak badira (estalkian).

10. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

1.–Uharte Arakilgo Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitu, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoa nola Nafarroako Foru Komunitatekoa–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2211833