185. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Mugikortasunaren eta trafikoaren ordenantza orokorra, Ibilgailuak espaloietan edo bide publikoan barna (pasabideak) sartu eta irteteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala eta Ibilgailuak bide publikotik kendu eta ondoren gordetzeko eta ibilgetzeko zerbitzuaren eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Larragako Udalak, 2022ko apirilaren 28an egin bilkuran, aho batez erabaki zuen hasierako onespena ematea ondoko ordenantza hauei:

Ordenantza orokorra, Larragako Udalean mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituena.

36. ordenantza fiskala, ibilgailuak espaloietan edo bide publikoan barna (pasabideak) sartu eta irteteko tasak arautzen dituena.

37. ordenantza fiskala, ibilgailuak bide publikotik kendu eta ondoren gordetzeko eta ibilgetzeko zerbitzuaren eskubideak eta tasak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren iragarkia 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an, eta legez ezarritako jendaurreko epean lehenengo ordenantzari aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, behin betiko onetsita gelditu zen 2022ko uztailaren 28ko osoko bilkuran.

Gainerako ordenantzak jendaurrean izan diren bitartean ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administraziori buruzko Foru Legea). Jarraian argitara ematen dira ordenantza guztien testuak, osorik.

Behin betiko onespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, bi hilabeteko epean, argitalpen honen biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa para dezakete, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezarritako kasuetan, bi hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita, aldez aurreko errekerimendua egiten ahalko bada ere, lege horren 44. artikuluan zehazten diren moduan eta epeetan.

Larragan, 2022ko abuztuaren 22an.–Alkatea, Carlos Suescun Sotés.

ORDENANTZA OROKORRA, LARRAGAKO UDALEAN MUGIKORTASUNA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUENA

35. ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Larragako Udalak, egun, ez dauka araudi propiorik tokiko trafikoaren arazoarekin loturiko hainbat alderdi jorratzeko, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina). Beraz, beharrezkoa da ordenantzaren mailako tresna bat izatea.

Horrenbestez, alderdi horiek arautu beharra dago, ahalik eta zehatzen deskribatuz konponbiderako neurrien aplikazioa eta kasuistika, horrek ahalbidetuko baitu, alde batetik, hartzaileek neurri horiek ezagutzea, eta jakitea arau-hausteari zein kasutan gehitzen ahal zaizkion kostua dakarten kautelazko neurriak; bestetik, udal agintariek neurri horiek modu uniformean eta proportzionalean erabili ahal izanen dituzte, udalerriak lortu nahi dituen helburuak erdiesteko. Helburu horiek dira, azken batean, zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna, baina alde batera utzi gabe aparkatzeko kapitulua edo oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematea ibilgailuarekiko.

Helburu horiek lortzeko beharrezkoa da, halaber, argitzea eta zehaztea zein diren oinezkoen eta auto-gidarien portaera egokiak Larragako udal-mugartearen barnean, besteak beste.

Testuinguru horretan, ordenantzaren edukiak, funtsean, honako alderdiak bildu nahi ditu:

–Hiriko zirkulazioari buruzko arau orokorrak biltzea.

–Adieraztea zer tokitan dagoen debekatuta gelditzea edo aparkatzea eta zein ibilgailuk duten debekatuta edo murriztua herrigunean aparkatzea.

–Ibilgailu abandonatuen kudeaketa arautzea.

–Ibilgailuak sartu eta ateratzeko baimenak (pasabideak), zenbait erabiltzailerendako gordeak, biltzea.

–Ezindu fisikoendako txartelak arautzea; noiz eman eta nola erabili, alegia.

–Ibilgailuak garabiz eramateko eta ibilgetzeko arrazoiak ezartzea.

–Zamalanak arautzea.

–Bide publikoak itxi edo okupatzeko baimenak, eta aparkatzeko erreserbak, arautzea.

–Oinezkoendako eremuetara edo eremu semipeatonaletara sartzeko araudi bat ezartzeko aukera.

–Zehatzeko ahala eta haren prozedura behar bezala mugatzea.

Horrenbestez, aipatu parametroen barrenean, onesten da Larragako Udalean mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen ordenantza orokorra.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen arauak ondokoetan xedatutakoaren osagarri dira: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena, eta azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duena, aurrekoari aurka egiten ez dioten xedapenei dagokienez. Larragako udal-mugarteko bide guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Xedea, aplikazio-eremua eta Udalaren eskumenak.

1. Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea Larragako udal-mugarteko bideetan.

2. Ordenantza honetako manuak aplikatuko dira Larragako udal-mugarte osoan eta horiek betetzera behartuta egonen dira zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lur pribatuen titularrak ere bai.

3. Ordenantza honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da pisten eta nekazaritza- eta baso-bideen araubidea, zeinak arautuko baitira Larragako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren V. tituluan xedatutakoaren arabera, 12.2 artikuluan ezarritakoa izan ezik.

4. Larragako Udalaren eskumena da, arlo horretan indarrean dagoen legeriaren arabera:

a) Udal-mugarteko herri barruko bideetan trafikoa antolatzea eta kontrolatzea, baita trafikoa zaintzea ere udal langileen eta agintarien bitartez, edo agintaritzaren, trafikoaren edo poliziaren agenteen bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehatzea, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez herri barruko bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen zirkulazioak behar duen arintasuna eta oinezkoak karriketan ibiltzea.

c) Ibilgailuak herri barruko bideetatik kentzea eta gero gordetzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol proben baimena, oso-osorik Larragako udal-mugartetik bakarrik pasatzen direnean.

e) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola esleiturik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria, legez dagokion moduan.

f) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak ematea, Hirigintza alorrak txostena eta balorazioa egin ondotik.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Hala, bada, Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu trafikoa antolatzeko, zenbait kale edo eremutan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, berrantolatuz eta arautuz aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa.

Erabilera publikoko bideetako aparkalekuei eta zirkulazioaren noranzkoari buruzko baldintza zehatzak zehazten dira ordenantza honen I. eranskinean. Baldintza horiek aldatu ahal izanen dira, ordenantzak aldatzeko izapideei jarraitu beharrik gabe, eta nahikoa izanen da Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia. Erabaki horrek bete beharko ditu publizitate eta gardentasun baldintzak, eta aldaketa behar bezala seinaleztatu beharko da.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkamendua antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, eta arau-hauste astuntzat hartuko dira.

3. Ibilgailu motordunek edo ziklomotorrek debekatua dute bide publikoan etengabe aparkatuta egotea, ibilgailu edo ziklomotorrean berean telefono zenbaki bat edo kartel bat paratuta, saltzen direla iragartzeko, hala oztopatuz gainerako ibilgailuak nahierara aparkatzeko baldintzak. Debeku hori urratzen duten ibilgailuak salatu eta garabiak ibilgailuen udal gordailura eramaten ahalko ditu. Berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa eta egonaldiarena ordaindu beharko dira.

4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatu eginen dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez. Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuei salaketa jarri eta Udalaren garabi zerbitzuak udal gordailura eramanen ditu; berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa eta egonaldiarena ordaindu beharko dira.

5. Udal agintaritzak eskumena izanen du herriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko eta/edo pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.

6. Gehieneko pisu baimendua 3.500 kilogramo baino gehiago duten ibilgailuek eta 9 eserleku baino gehiago dituzten autobusek debeku dute Larragako herrigunetik zirkulatzea, salbu eta xede zehatz bat badute herrigunean bertan (baimendutako zamalanak, baimendutako aparkalekua, garraio publikoa, bidaiarien eskatu ahalako garraioa eta abar).

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Gidarien betebeharrak.

1. Ibilgailu baten gidariek –ziklistak eta patinete elektronikoen gidariak barne– izan behar dute mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar dute gogoa, etengabe izan ere, beren segurtasuna eta bidearen beste erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

2. Espresuki debeku da:

a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dute erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

b) Ibilgailua gidatzean, soinu-hargailuei edo erreproduktoreei lotutako kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik gidariari bidea garbi ikusten uzten ez dioten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea erabat gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Trafikoko agenteen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak paratzea.

f) Bidearen beste erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, trafikoko agenteen zaintza saihets dezaten.

g) Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

h) Orobat, debekaturik dago bide publikoan ibilgailuak konpontzeko edo mantentzeko edozein lan egitea.

3. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

4. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek gurutzatze-argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal-mugarteko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta.

Halaber, gurutzatze-argiak piztuta eraman beharko dira eguraldiak hala eskatzen duenean.

5. Bide publikoan ibilgailuak garbitu ahal izanen dira, baldin eta galtzada eta espaloiak egoera ezin hobean uzten badira amaitu ondoren, eta horrek ez badie eragiten udalaren instalazio edo azpiegiturei edo hirugarrenei.

5. artikulua. Hiriarteko garraio kolektiboa.

1. Bidaiarien garraio erregularra. Oro har, bidaiarien garraio erregularrerako ibilgailuek, Larragara iritsi edo handik abiatu behar dutenean, horretarako propio jarritako geralekuak erabili beharko dituzte.

2. Bidaiarien eskatu ahalako garraioa. Garraio turistikoari dagokionez, eta gure herrira etortzen diren bisitariei sarbidea erraztea helburu, bultzatuko da geralekuak seinaleztatzea turismoari edo kulturari lotutako zerbitzua ematen duten autobusendako.

6. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.

1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, baldin eta ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

2. Ibilgailuek ez dute zaratarik sortuko seinale akustikoak behar ez denean eginda, bat-batean azeleratuta, ihes-hodi trukatu edo hondatuak erabiliz, musika ekipoak bolumen handian jarrita edo bestelako inguruabar desegokien bidez.

3. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. Baimendu gabeko erreforma izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude laguntza ematera aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio probetan.

6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gerta daitekeen istripua eragozteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, lehentasuna duten ibilgailuek normalean egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

7. Debeku da bozgorailuak (kanpokoak zein kanpora begirakoak) dituzten ibilgailuekin ibiltzea, Udalak baimendu ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

7. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzen, lehenago behar diren ardurak hartuta, harik eta egiaztatu arte oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agenteek behar den bide-zatian erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, bideko erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliko dituzte heldu direla iragartzeko. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bestea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziez ohartu bezain laster, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, uneko eta tokiko inguruabarren arabera, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo geldituko dira, beharrezkoa bada.

8. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek –ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan– behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik eta azkarren ken dezaten bidetik.

9. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo bide publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Larragako Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ahalegindu beharko da ibilgailuaren titularra aurkitzen, eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

3. Hura ezin badu aurkitu, Larragako Udalari jakinaraziko dio.

II. KAPITULUA

Oinezkoen zirkulazioa

10. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

1. Oinezkoak ibiltzen ahalko dira oinezkoendako eremuetan, espaloietan, parkeetan eta oinezkoendako bestelako tokietan, eta arau hauek bete beharko dituzte:

–Galtzadak gurutzatuko dituzte seinaleztatutako pasabideetatik.

–Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatu beharko dute.

–Ez dira sartuko edo geratuko galtzadan eta bidegorrietan.

–Ez dira igoko ez jaitsiko martxan den ibilgailu batetik.

–Errespetatuko dituzte tabernen eta ostalaritzako establezimenduen terrazetarako baimendutako eremuak.

2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik, oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.

3. Mugikortasun urriko pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik edo makilen laguntzarekin, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aurrean.

4. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. Oinezkoak espaloian barna ibiliko dira, eskuin aldean ahal dela. Bide publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

6. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak. Udalaren berariazko baimena beharko da, eta hark ezar ditzakeen neurri zuzentzaileak bete beharko dira.

7. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan debekatuta daude josteta eta jolasak, horiek arriskurik ekar badezakete bai ibiltariendako bai jostetan dabiltzanendako.

11. artikulua. Udalaren ahala, ezarri ahal izateko oinezkoendako eremuak edo zirkulaziorako, sarbideetarako, aparkalekurako eta gelditzeko eremu mugatuak.

Herriko alde baten ezaugarri bereziak kontuan hartuz, Udal Administrazioak debekatzen ahalko du osoki edo partez ibilgailuak zirkulatzea edo aparkatzea, edo biak batera.

Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean erabiltzen ahalko dira ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak.

Murrizketa horiek herriko alde horretako bide guztiei eragiten ahal diete, edo soilik batzuei, eta aitzinetik ezarritako ordutegi batera mugatuak izaten ahalko dira edo ez.

Zein den ere mugapenaren izaera eta norainokoa, ez dute eraginik izanen honako ibilgailu hauek zirkulatu eta aparkatzeko:

a) Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziarenak, anbulantziak, autotaxi-ibilgailuak, hileta-autoak eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

b) Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

c) Alde horretako hotel-establezimenduetan, sartzeko nahiz ateratzeko, bidaiariak eramaten dituztenak.

d) Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

e) Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Oro har, artikulu honetan ezarritako neurriak hartzeko ez dira bete beharko ordenantzak onesteko eta aldatzeko tramiteak, eta nahikoa izanen da Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia. Erabaki horrek bete beharko ditu publizitate eta gardentasun baldintzak, eta ukitutako bide edo eremuak behar bezala seinaleztatu beharko dira.

Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo herriko sarbideak halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere. Horretarako, alkatetzak ebazpena emanen du, eta ondotik Osoko Bilkurak berretsi beharko du.

III. KAPITULUA

Abiadura

12. artikulua. Abiadura mugak.

1. Larragako herri barruko bideetan ibilgailuendako gehieneko abiadura izanen da unean bakoitzean ezarritakoa Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasuanari buruzko gainerako arauetan.

Abiadura mugak:

a) Orduko 30 km-ko gehieneko abiadura: herrigune osoan, salbu eta hurrengo apartatuetan jasotakoaren arabera beste abiadura bat ezarrita duten bide edo eremuetan.

b) Orduko 40 km-ko gehieneko abiadura: zeharbidean.

c) Orduko 20 km-ko gehieneko abiadura: galtzada eta espaloi plataforma bakarra duten bideetan.

d) Orduko 20 km-ko gehieneko abiadura: herrigune historikoko bideetan.

e) Orduko 10 km-ko gehieneko abiadura: oinezkoendako bideetan.

f) Orduko 10 km-ko gehineko abiadura: sarbide mugatua duten bideetan (oinezkoendako eremu izateko), oinezkoek erabiltzeko ezartzen diren egun eta orduetan.

g) Orduko 50 km-ko gehieneko abiadura: industrialdean.

2. Oro har, tokiko bideetako zirkulazioa arautuko da Larragako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren V. tituluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, Udalak ibilgailuen zirkulaziorako abiadura-mugak ezartzen ahalko ditu, aipatutako ordenantzan aurreikusitakoak baino handiagoak, tokiko bide jakin batzuetan, beren ezaugarriengatik, kokapenagatik edo ibilgailuen zirkulazioaren intentsitateagatik hala behar dutelako; beste muga eta baldintza zehatz batzuk ere ezartzen ahalko ditu, interes orokorrekoak direnak bide horiek babesteko eta pertsonen eta ondasunen segurtasunerako.

3. Araudian eta apartatu honetan ezarritako mugak are gehiago beheititzen ahalko ditu udaleko organo eskudunak ikusten badu egoki dela hori egitea gune zehatz batzuetan, trafikoaren edo oinezkoen zirkulazioaren intentsitateagatik edo bestelako inguruabarrengatik.

4. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea, betiere arestian aipatutakoa kontuan hartuta.

13. artikulua. Abiadura egokitzea egoeren arabera.

Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, haren abiada betiere gelditzeko maneran bere ikuspenaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.

14. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki honelakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik edo bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Motordun ibilgailuek beren abiadura bizikleta eta zikloen abiadurara egokitu beharko dute. Ezin izanen dira bizikletak aurreratu, ordenantza honetan zehaztutako baldintzetan salbu, eta motordun ibilgailuen gidariek ezin izanen dituzte bizikleten gidariak zirikatu.

c) Bidean mugikortasun urriko pertsonak badaude, bizikletek eta ibilgailuek beren abiadura horien arabera egokitu beharko dute.

d) Erabiltzen ari den bide-zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

e) Oinezkoendako edo ziklistendako pasabideetara hurbiltzean, semaforoen edo trafikoko agenteen bidez arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

f) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.

g) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.

h) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

i) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

III. TITULUA

Zamalanak

15. artikulua. Zamalanetarako tokiak.

Larragako Udalak zamalanetarako tokiak erreserbatuko ditu bide publikoan, araudiaren araberako seinale bertikal zein horizontalak jarrita.

16. artikulua. Zamalanetarako tokien erabilera.

Guztiek erabiltzekoak dira bide publikoan zamalanetarako hartzen diren guneak, eta ez dira inoiz modu esklusiboan erabiliko.

17. artikulua. Zamalanen definizioa.

Bide publikoan zamalana egitea da salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera eramatea, eta alderantziz.

Kapitulu honetan definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo-ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio-txartela dutenak. Zamalanak egin beharko dituzte dagokion seinale bertikal zein horizontalen bidez horretarako erreserbatutako tokietan.

18. artikulua. Zamalanetarako tokiak seinaleztatzea.

Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrak zehazten duen moduan seinaleztatuko dira zamalanetarako tokiak.

19. artikulua. Zamalanak egiteko modua.

Honela eginen dira zamalanak:

a) Lehenik, finken barrenetik, aukera hori bada.

b) Bigarrenik, zamalanetarako mugatutako tokietan.

c) Hirugarrenik, jende orok aparka dezakeen tokietan eta haietatik.

d) Zamalanak puntualki eraikin jakin baten aurrean egin behar direnean, hala nola aldairak, eraikuntzako materialak eta abar, artikulu honetan adierazitako moduan egin beharko dira. Alabaina, ezin bada, baimen berezia eskatu beharko da. Udal agintaritzak emanen du, eragozpenik ez bada trafikoaren zer nolakoak eta zein bidetan egitekoa den ikusita.

Baimen horretan baldintzak adieraziko dira, hau da, zein seinale erabili, egunak, orduak, udaltzainak behar diren ala ez eta beste inguruabar batzuk. Zamalanak hasteko eguna baino bi egun lehenago bederen eskatu beharko da baimena, honako hauek adierazita: eskatzailearen izena, helbidea edo sozietatearen izena, erabiliko diren ibilgailuen matrikula, pisua eta neurriak, zamalanetarako toki zehatza eta lanetarako kalkulatzen den denbora, gutxi gorabehera. Udal agintaritzak, hala iritzita, bertan behera utziko du zamalanetarako baimena, hartan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean edo bertan behera uztearen aldeko gertakariak sortzen direnean. Baimena bertan behera utzi edo baliogabetzeagatik ez da inoiz kalte-ordainetarako eskubiderik sortuko.

20. artikulua. Zamalanak egin bitartean eragozpenak sortzeko debekua.

Oro har, zamalanek ez dute eragozpenik sortuko, ezta zarata edo zikinkeriarik ere; materialak ez dira lur gainean utziko, zuzenean eraman beharko baitira ibilgailutik higiezinera edo alderantziz.

Ibilgailuak espaloiarekin paraleloan jarriko dira, ertzaren kontra, zirkulazio orokorraren noranzkoan, salbu eta baterian aparkatzerik dagoenean; kasu horretan, ibilgailuak ezin izanen dira aparkatzeko lekutik kanpora atera.

21. artikulua. Zamalanak egin bitartean arriskua sortzeko debekua.

Ez da inoiz utziko behar baino langile gutxiagorekin aritzea zamalanetan, horrek pertsona, ibilgailu edo animaliendako arriskua badakar. Legeria berariazko bati lotutako produktuak direnean, hartan ezarritako aginduak zorrotz bete beharko dira.

22. artikulua. Tamaina eta/edo pisu bereziko ibilgailuen zirkulazioa eta/edo zamalanak.

Tamaina edo pisua dela-eta Trafiko edo Errepideetako Zuzendaritza Orokorreko administrazio erakundeen baimen berezia behar duten ibilgailuek, herrigunetik zirkulatu ahal izateko, udal agintaritzak ezarritako egutegia, ibilbidea eta ordutegia bete beharko dituzte ahal delarik, eta, betiere, udal agintaritzak izendatutako langileek gainbegiratuta, bat etorriz ordenantza honen VI. tituluan ezarritakoarekin. Hala badagokio, zeharbidearen ondoan berariaz gaitutako guneetan zirkulatuko dute eta bertan eginen dituzte zamalanak, eta, tona gutxiagoko ibilgailu baimenduekin eginen dute aldez aurreko edo ondorengo garraioa.

IV. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

23. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen zirkulazioa eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere karrikaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatzeko moduari dagokionez, aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

5. Autobusak, hiriarteko lineetakoak, Udal Administrazioak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

6. Ikasleendako autobusak eta gainerako garraiobideak nahitaez gelditu behar dira horretarako gaitutako tokietan, eta 433/2001 Errege Dekretuan ikasleen eta adingabeen garraiorako segurtasunaren arloan ezarritakoa bete beharko dute.

7. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, baldin eta zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

8. Gidariek ezin izanen dute ibilgailua geldirik edo motorra piztuta utzi, ibilgailuaren barruan ez badaude.

9. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

10. Udal Administrazioak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainpekoa, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

11. Udalak aparkatzeko baimen-txartelak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuetarako, bat etorriz organo eskudunak txartelak emateko onetsitako irizpideekin.

12. Aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo behin betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz aparte.

24. artikulua. Gelditzea.

Debekatuta dago gelditzea honako kasu eta leku hauetan:

a) Oinezkoendako eremuetan eta irlatxoetan edo trafikoa bideratzeko beste elementuetan.

b) Pasabide seinalea behar bezala jarrita duten higiezinetara sartzeko eta handik ateratzeko tokietan, salbu eta gidaria ibilgailuaren barrenean badago eta berehala kentzen badu.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokietan.

d) Behar bezala seinaleztatutako hiriarteko autobus geralekuetan eta eskola garraiorako geralekuetan, horretarako erreserbak irauten duen bitartean.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak, udal-administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

i) Zirkulazioaren bi noranzkoko bideetan, noranzkoaren ezker aldean gelditzean.

j) Bigarren ilaran.

k) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

m) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duen beste edozein tokitan.

n) Desgaitasuna duten pertsonen txartelarekin bakarrik aparka daitekeen tokian gelditzea, hura behar ez bezala erabiliz.

25. artikulua. Aparkatzea.

1. Aparkatzea debekatuta dago honako kasu eta leku hauetan:

a) Gelditzeko debekua seinale bertikal nahiz horizontalen bidez seinalaturik dagoen tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) Behar bezala seinaleztatutako hiriarteko autobus eta taxi geralekuetan, bai eta eskola garraiorako ibilgailuendako geralekuetan ere, horretarako erreserbak irauten duen bitartean.

d) Zamalanetarako tokietan, dagozkion seinaletan adierazitako ordutegiaren barruan, salbu eta gidaria ibilgailuaren barrenean badago eta berehala kentzen badu.

e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatuta.

i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotzi edo oztopatuta.

j) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

k) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

l) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

m) Oinezkoen pasabideetan.

n) Ilaran aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

o) Bide bazterrean.

p) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinaleztatu beharko dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.

q) Lorategietan.

r) Aparkatzea, aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz.

s) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

t) Ibilgailu bat bide publikoan aparkaturik uztea salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez-zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

2. Betiere, ibilgailuaren jabeak ziurtatu egin beharko du –bere kabuz edo beste edozein pertsona edo baliabideren bitartez– bere ibilgailua ez dagoela gaizki aparkatuta, seinaleak edo trafikoaren antolamendua aldatzearen ondorioz.

II. KAPITULUA

Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkaleku bereziak

26. artikulua. Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea.

1. Emateko prozedura eta beharkizunak.

Interesdunak eskatuta emanen da txartela, haren datu pertsonalekin, helbidearekin, telefonoarekin eta, halakorik izanez gero, helbide elektronikoarekin. Pertsona fisikoa izanez gero, honako dokumentazio hau ere erantsiko zaio:

–Karnet tamainako argazki bat.

–Nortasun-agiriaren kopia.

–Larragan erroldaturik dagoelako ziurtagiria edo agiria.

–Desgaitasuna duen pertsona dela frogatzen duen ziurtagiria.

–Mugikortasun murriztua izatearen frogagiria, minusbalio maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren arabera. Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko dokumentazioa talde multiprofesionalek eman behar dute. ONCEren organo eskudunak emandako ziurtagiriak ere baliodunak izanen dira, baldin erakunde horren kide izatea frogatzen badute eta adierazitako begi-zorroztasun edo ikuseremu baldintzak betetzen badira.

–Frogagiria, erakusten duena begirik onenean begi-zorrostasuna 0,1 edo gutxiago dutela leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko dokumentazioa talde multiprofesionalek eman behar dute.

1056/2014 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoek eskatzen dutenean txartela, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute erakusteko ezen ibilgailua edo ibilgailuak erabiltzen direla desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik, ematen dituztenean autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak (gizarte zerbitzu horiek aipatzen dira abenduaren 14ko 39/2006 Legean, zeina baita autonomia pertsonala sustatzekoa eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzekoa), eta, orobat, ematen dituztenean Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean aipatzen dituen gizarte zerbitzuak (testu bategin hori onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak). Txartel mota horretan ibilgailuaren matrikula agertuko da beti.

2. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun urria dutenei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki aitortua izan ez.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, baldin eta emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen badira.

Interesdunak osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboen ziurtagiria aurkeztu beharko du, 1. zenbakian aipatutako dokumentazioarekin batera (apartatu honetan ezarritakoarekin bat datorrena); eskatzailearen bizilekuaren arabera, osasun zerbitzu eskudunetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

3. Eremu zehatz batzuetan aparkatzeko txartela.

Behar bat frogatzen dutenei txartel bat ematen ahal zaie desgaitasuna dutenendako tokietan aparkatzeko eremu zehatz batzuetan (esaterako, ospitaleetan, osasun etxeetan, etab.).

Behar zehatzaren araberakoa izanen da txartel horien balio epea.

4. Erabiltzeko baldintzak.

Pertsona fisikoei beren mugikortasunaren arabera emandako aparkatzeko txartelak –izan bost urterako, behin-behinekoak edo eremu zehatz batzuetarako– pertsonalak eta besterenezinak dira, eta titularraren onurarako bakarrik, eta ibilgailua hark gidatzen duenean edo ibilgailuan garraiatua denean bakarrik erabiltzen ahal da.

1056/2014 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera emandako txartelak erabil daitezke bakarrik baldin artikulu horretan aipatutako pertsonak benetan garraiatuak badira ibilgailuan.

Txartelaren titularren betebeharra izanen da txartela jasotzeko eskubidea ematen duten baldintzetan izandako edozein aldaketa jakinaraztea, eta, eskubidea galduz gero, itzuli egin beharko dute.

Txartela, beti jatorrizko agiria, aginte-panelean jarriko da, edo ibilgailuaren aurreko aldeko haizetakoan, kanpotik argi eta garbi ikusteko eta irakurtzeko moduan.

Txartela iruzurra eginez erabiltzeak hura deuseztatzea ekar dezake, egoki diren zehapenak galarazi gabe.

5. Balio-epea.

Pertsona fisikoendako aparkatzeko txartelek, salbu behin-behinekoek eta eremu zehatzetakoek, bost urteko balio-epea izanen dute, salbu eta txartela izateko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa bada.

Txartela berritzeko eskaera iraungitze-data baino bi hilabete lehenago aurkeztu beharko da, eta artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira, eguneratuta.

6. Titularren eskubideak.

Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte, betiere txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago:

–Desgaitasuna dutenendako tokietan aparkatzea.

–Egoiliarrendako mugatutako eremuetara sartzea, betiere, jatorria edo helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

–Zamalanetarako guneetan gelditzea edo aparkatzea.

–Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere udal agintaritzak eta bere langileek emandako aginduak betez.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak ez du baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: egoiliarrendako mugatutako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, Legeak gelditzea debekatzen duen lekuetan, pasabideetan, larrialdietarako irteeretan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak murrizten dituzten eremuetan.

27. artikulua. Erreserbatutako tokien seinaleztapena.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko tokiak seinale horizontal eta bertikalen bidez adieraziko dira, eta seinaleztapen horretan irisgarritasuneko nazioarteko ikurra agertuko da. Toki erreserbatuetan, nahitaezko txartel indarduna agerian duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal.

28. artikulua. Erreserba berriak urritu fisikoendako.

Gaur egun erreserbatuta dauden tokiez gain, zerbitzu eremuak, osasun zentroak edo aisiakoak daudelako egokitzat jotzen diren alde eta tokietan erreserba berriak seinaleztatzen ahal dira, sortzen diren beharrak edo desgaitasuna duten pertsonen nahiz taldeen eskaerak kontuan hartuta. Bidezkotzat jo beharko dira, udal agintaritzak txostena egin eta erabakia hartu ondoren.

III. KAPITULUA

Pasatzeko edo pasabiderako lizentziak

29. artikulua. Pasatzeko edo pasabiderako lizentziaren definizioa.

1. Pasabidea: bide publikoko espazio baten erreserba da, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldaturik edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko higiezinera edo orubeetara sartu edo handik atera ahal daitezen.

2. Gau eta eguneko pasabideak: ibilgailuak egunaren 24 orduetan pasatzen ahalko dira, eta debeku izanen da, beraz, ibilgailuak haren parean aparkatzea.

3. Udal-lizentzia lortzeak (laburturik pasatzeko edo pasabiderako lizentzia) aukera ematen du bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak eraikin edo espazio pribatuetatik espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko espazioetan barna pasatzeko.

Lizentziaren barruan ere sartuko da atearen aurrean gorde behar den espazioa ibilgailuek biraketa egin dezaten irtetean eta sartzean.

4. Pasatzeko lizentzia hau balioduna izanen da aitzineko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo beste arrazoi batzuengatik.

30. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

1. Lizentzia bakarra, gehieneko luzera duena. Pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik espazio-unitate fisiko bat, besteetatik guztiz eta modu iraunkorrean isolatua fabrika-obrako tarteen bidez.

Sarbidearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izanen da eta gehienekoa, berriz, atearen zabalera gehi 0,50 m.

2. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko ez da lokalaren gutxieneko azalerarik eskatuko, ezta gutxieneko ibilgailu kopururik ere.

3. Honelakoetan ez da pasabiderako lizentziarik emanen:

a) Ibilgailuek berdegune bat zeharkatu behar dutenean edo lorategiak edo zuhaiztiak dituzten eremuak okupatu behar dituztenean, edo horietatik hurbil egoteak ohiko garapena edo kontserbazioa eragozten duenean.

b) Ibilgailuek 30 metrotik gorako tartean oinezkoen eremua edo espaloia zeharkatu behar dutenean.

c) Espaloia zeharka gurutzatu behar denean.

d) Eraikinen izkinetan edo alaketan, urbanizazioaren ezaugarriak direla-eta trafikoaren edo oinezkoen bide-segurtasuna oztopatzen edo arriskuan jartzen denean, eta, oro har, sarbidearen kokapena bide-segurtasunerako arriskutsua denean.

e) Garajetik irten eta hara sartzeko aparkatzeko toki bat baino gehiago kendu behar denean.

f) Garajeak edo aparkalekuak, baita eraikinak ere etxebizitzen kasuan, Larragako Udal Planeamenduaren xedapenak betetzen ez dituenean.

g) 5 ibilgailu baino gehiagoko merkataritza- edo industria-lokalen eta zaintza-lokalen kasuan, irekitzeko edo jarduteko nahitaezko lizentziarik ez duenean, dagokionaren arabera.

h) Bide publikoaren zabalera edo beste ezaugarri batzuk direla eta, posible ez balitz eraikinera sartzea egin gabe aurreranzko biraketa-maniobra bakarra, edo beste ibilgailuen zirkulazioa oztopatuko balitz, edo pasabidetik pasatuko liratekeen ibilgailuen pisu edo ezaugarriengatik espaloia edo galtzada kaltetzeko arriskua sortuko balitz.

i) Espaloiaren zabalera, oinezkoen zirkulazioaren intentsitatea edo pasabide lizentzien kopuru handia dela eta, zirkulazio hori edo beste erabilera orokor bat arriskutsu bihurtuko edo nabarmenki murriztuko balitz.

j) Interes kulturaleko ondasun, hiri-altzari, bide-seinale edo trafiko handiko eremu batetik hurbil egoteagatik, pasabide bat egoteak halakoari kaltea edo mugapena ekarriko balio.

4. Merkataritza-establezimenduetarako erreserbetan, salgaien zamalanetarako aparkatzea baimenduko da.

5. Pasabiderako lizentziaren titulartasun aldaketak edo eskualdatzeak Udalean jakinarazi beharko dira, aldaketa edo eskualdatze horiek gertatu eta 15 eguneko epean, eta berehala izanen dituzte ondorioak, baldin eta ordenantza honek aurreikusten dituen eta hasierako lizentzia ematea ekarri zuten baldintzei eusten bazaie. Dagokion erregistro fiskalean alta eta baja idazpenak egitea izanen da izapide bakarra.

6. Lizentzia atxikita dagoen eraikinaren edo lokalaren jabetza edo erabilera eskualdatzen denean, uste izanen da lizentzia eskuratzen duenari eskualdatzen zaiola, berariaz uko egin ezean.

31. artikulua. Ordutegia.

Lizentziak ordutegi mugatuan edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke.

Gau eta eguneko pasabideetan ibilgailuak egunaren hogeita lau orduetan pasatzen ahalko dira, eta debeku izanen da, beraz, ibilgailuak haren parean aparkatzea.

Ordutegi mugatuko pasabideetan, Udalak zenbat denboratan utzi nahi duen, bitarte horretan iragaten ahalko dira ibilgailuak, eta ordutegi horren barrenean debeku izanen da haren parean aparkatzea.

Pasabide guztiek, gau eta egunekoak nahiz ordutegi mugatukoak izan, bereizgarriak edo plakak izanen dituzte. Haien eredua Udalak emanen du, eta xedea izanen dute ibilgailuak aparkatzea galaraztea berariaz seinalatutako aldean.

32. artikulua. Seinaleak.

Pasabideetan seinale bertikal eta horizontalak paratu beharko dira, artikulu honetan biltzen den gisan.

–Seinaleztapen bertikala. Nahitaezkoa da beti.

Seinale bertikalak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen bi aldeetara ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

Pasatzeko zabalera baimenduak dakarren tartearekin paratuko dira plakak, tolerantzia %20 dutela, gutxi gorabehera. Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez besterik baimentzen dutenetan izan ezik.

Udalak tasa bakarraren truke alokairuan ematen duen eredu ofizialaren araberakoak izanen dira plakak, eta betiere plaka nagusiaren azpian beste plaka txiki gehigarri bat izanen dute, pasabide bakoitzari dagokion espediente zenbakia edo matrikula zehazten dituena.

Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

–Seinaleztapen horizontala. Seinaleztapen bertikalaren osagarri da. Interesdunak eskatuz gero baiemenduko da soil-soilik beharrezkotzat jotzen denean pasabidearen kokaleakua edo bestelako arrazoiren bat dela-eta.

Lurreko seinaleak paratzeko, hala behar denean, pasabidea edo zintarriko beheragunea horiz eta txuriz pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori perpendikular pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore eta zabalera bereko marra hautsi batekin baturik, edo marra eten batekin, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

Seinaleak okerrak badira, aipatutako elementuren bat falta bada edo seinaleak ez badira behar bezala mantendu, pasatzeko lizentziak indarrean egoteari utziko dio eta ordenantza honekiko arau-hauste astuntzat hartuko da.

33. artikulua. Zintarria edo pasabidea jaistea.

1. Espaloiko zintarria edo gisakoa (“pasabidea”, laburki) aldatu edo jaisten bada, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan.

Gaur egun herrian ohi den eredu edo diseinuari egokituko zaio, baita zintarriaren gainerakoan eta alde horretako espaloietan erabili diren materialei ere.

2. Pasatzeko lizentzia ematen den guztietan jaitsi beharko da zintarria. Salbuespenez eta kasu berezietan baizik ezin izanen du Udalak baldintza hori kendu.

34. artikulua. Aparkatzeko debekua, erregelamenduaren arabera seinalaturiko pasabideetan.

Gau eta egun debekatua dago pasabide iraunkorren aurrean aparkatzea, eta plakak dioenaren bitartean ordutegi mugatuko pasabideetan, zein den kontzesioa. Debekuak eragina izan dezan, agerian egonen da Udalak pasabiderako emandako plaka ofiziala. Pasabidearen titularraren ibilgailuak ere aparkatzeko debekuan sartzen dira, kasu hauetan izan ezik:

1. Gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala mugitzen duenean.

2. Merkataritza edo industriako lokalei emandako pasatzeko lizentzien kasuan, lokal horiek jarduera nagusitzat ibilgailuak konpontzea edo antzeko jardueraren bat badute, lokalera sartzeko zain dauden ibilgailuek aparkatzeko aukera izanen dute, lokala aipatutako jarduerarako zabalik dagoen ordutegian soilik.

35. artikulua. Fidantza.

1. Udalak eska dezake gehienez 600,00 euroko fidantza bat, xedea izanik bermatzea zoladuran egin daitezkeen kalteak konpondu, disko seinaleak itzuli eta zintarria lehengoratuko dela.

36. artikulua. Pasatzeko lizentziaren titularraren erantzukizuna eta betebeharrak.

1. Pasatzeko lizentziaren titularraren erantzukizuna izanen dira zoladurak edo zintarriak jasaten dituen kalteak, pasabidea egitea eta kentzea, eta horrelakoetan zintarria lehengoratzea eta seinale bertikalak, eta behar denean, horizontalak (zintarriko eta galtzadako pintura) zuzen paratu eta zaintzea.

Horrexegatik, Udalak eska dezake hura konpondu, sendotu edo nahi den pasabiderako egokitzeko, bai lizentzia eman aurreko baldintza gisa, bai lizentzia eman ondoko edozein unetan.

2. Erantzukizun subsidiarioa. Aitzineko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.

3. Ordezko betearazpena. Hondar-hondarrean, ez lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak ez baditu behar diren obrak egiten, Udalak obra egiten ahalko du ordezko betearazpen gisa; halakoetan, zenbatekoa fidantzari zuzenean kargatuko dio, eta fidantzarik ez bada edo aski ez bada, erantzuleari zuzenean ordainaraziko dio, dela borondatezko bidean, dela premiamendu bidean. Ordezko betearazpenaren ordez, isun hertsatzaileak paratzen ahalko dira.

Ordezko betearazpena eta isun hertsatzaileak paratzeko aukera ere aplikatu ahal izanen dira, baldin eta, lizentzia azkenduz gero, artikulu honetan definitutako arduradunek edo haien kausadunek ez badituzte betetzen ordenantza honetan ezarritako betebeharrak.

4. Artikulu honetan definitutako arduradunek, gainera, honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pasabidea egokitzeko behar diren obra guztiak bere kontura egitea.

b) Zintarria eta gainerako seinale edo adierazgarriak pintatzera, Udal Administrazioak eskatzen duen aldiro.

c) Pasabidea eta plaka bereizgarria ongi zaintzea. Udalak alokairuan emanen dio plaka, behar den zenbatekoa ordaindutakoan.

d) Zoladura berritzea Udalak agintzen duenean, ibilgailuen joan-etorriak direla eta haren egoera ona ez bada.

e) Adjudikatutako pasabidea Udalaren esku jartzea, inolako kalte-ordainik gabe, salbuespenezko egoeretan udal zerbitzuek erabili behar dutenean: jaietan, obretan eta antzeko egoeretan.

f) Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta espaloi-zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

g) Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean tokiko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, deusetan ukatu gabe behar den tasa publikoaren eta/edo zergaren ordainketa.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

37. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Pasatzeko lizentziak eskatuko dira eredu ofizialaren araberako eskabideetan. Pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Pasabideak ukitutako lokalaren erabilera eskatzen duen pertsonaren identifikaziorako dokumentuak eta adierazpena, dela bizitegitarako lokalerako dela merkataritza edo industria jarduera bati atxikitako lokalerako. Merkataritzako, industriako edo negozioko establezimenduen kasuan, justifikatu beharko da, gainera, ibilgailuak sartu eta ateratzen ibiltzeko beharra dagoela, haien ezaugarriak direla eta. Lizentziak eskatu eta titular izan ahalko dira soilik finka edo negozio lokalaren jabeak edo errentariak, edo hura erabili eta lupertzeko ahalmena ematen dien eskubide baten titularrak.

b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta/edo planoa, 1/100etik 1/200ra arteko eskalan, adierazita katastroko erreferentzia, higiezinaren zenbakia eta lokalaren ataria, behar bezala identifikatuta eta pasatzeko baldintzak zehaztuta, lokalera sartzeko libre geratu behar den eremuaren luzera, adierazita pasabideari eragiten dioten hiri elementu guztiak (zuhaitzak, hiri-altzariak, espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobus geralekuak, edukiontziak etab.). Parean lekua erreserbatu behar den ala ez adieraziko da.

c) Lokalaren planoa edo krokisa, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuendako eremua (plaza kopurua zehaztuta), sarbideak, haietatik zirkulatzeko korridoreak eta azalera.

d) Lokalaren jabearen adostasuna, pasabidearen eskatzailea ez bada, bai eta erantzukizun subsidiarioaren onarpena ere, ordenantza honetan ezarritako betebeharrei dagokienez.

e) Pasabide lizentziaren titularrek Udalari baimena eskatu beharko diote pasabidean zernahi aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

f) Espaloia eta zintarria egokitu behar baldin badira eraikinera edo lokalera sartzeko, obra lizentziaren eskaera erantsi beharko zaio pasabidearen lizentziaren eskabideari, eta tasa eta/edo dagokion zerga ordaindu beharko da. Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko, pasabide horrek baimena izan beharko du, eta tasa eta/edo dagokion zerga ordaindu.

38. artikulua. Baimena.

1. Eskaera ikusirik, udal organo eskudunak pasatzeko lizentzia onartzeko ebazpena emanen du, bidezko denean.

2. Lizentzia hauen kontzesioa nahi badakoa izanen da, ordenantza honetan aipatzen bada ere zein diren hura ukatu edo onartzeko kasu zehatzak. Prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen da, eta ez dio inolako eskubiderik sorraraziko titularrari.

3. Pasabideak dauden bideetan ezarritako edo ezartzen diren egunetan eta orduetan ibilgailuak sartzeko baimenak eten eginen dira, Udalak baimendutako ekitaldiak, jaiak, azokak edo feriak antolatzen direnean, edo obra publikoak edo pribatuak egin behar direnean, dela larrialdikoak edo programatuak, eta horrek ez du inola ere emanen ordaindutako tasaren zati proportzionala itzultzeko eskubiderik.

39. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularrak uko egitea edo baja ematea.

b) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea.

c) Udalak baimena kentzea, lizentzia eman zeneko baldintzak desagertzen badira, edo lizentzia eman zeneko garaian gertatu izanez gero hori ezesteko arrazoia izanen zatekeen arrazoiren bat gerora gertatzen bada, bai eta oker eman bada edo balorazio irizpide berriak ezartzen badira. Hori guztia, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 181.3 artikuluan xedatutakoarekin.

d) Borondatezko epean ez ordaintzea pasabideari dagozkion tasak.

40. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.

1. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio ordura arteko titularrari:

a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra, halakorik badago.

b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.

Gisa berean, paratzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ken eta deusezta ditzakete udal zerbitzuek, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

41. artikulua. Fidantza itzultzea.

1. Aitzineko paragrafoko betebeharrak beterik, Udalak fidantza itzuliko du, halakorik eskatu bazuen lizentzia emateko unean.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetan aurreikusitako moduan.

42. artikulua. Debeku orokorrak.

Hona hemen zer den espresuki debeku:

1. Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo zintarri jaitsia paratzea, ordenantzako baldintzen arabera.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Ibilgailu erabilezinak, gurdiak edo bestelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aitzineko apartatuan zehazten den asmo berarekin.

Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian gorde. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

IV. KAPITULUA

Autobus, kamioi, traktore, atoi, karabana, autokarabana eta laborantzako makinak eta lanabesak Larragako herrigunean aparkatzea

43. artikulua. Kamioi, autobus eta traktoreak aparkatzeko debekua.

5.500 kilogramotik gorako GPB dutela, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu guztiek debeku dute herriguneko bide guztietan aparkatzea, baita 9 lagun baino gehiago eraman ditzaketen autobusek ere, salbu eta zamalanak egin behar badituzte horretarako gaitutako tokietan.

Laborantzako eta industriako traktoreek eta antzekoek debeku dute herriguneko bideetan aparkatzea.

Noizbait, 3.500 kg-tik gorako GPB duten salgaien garraioko ibilgailuek edo 9 lagunetik gorako garraioan dabiltzan autobusek zilegi izanen dute aparkatzea, arrazoi bat dela bide, Udalak berariaz baimentzen duenean: Pertsonen eskatu ahalako garraioa, jarduera zehatz baterako etortzen direnean gure herrira; aparteko obretarako edo ohiz kanpoko bestelako egoeretarako, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta agintaritza eskudunaren aldez aurreko baimena badute.

44. artikulua. Karabana, autokarabana, atoi eta laborantzako lanabesak aparkatzeko araubidea eta debekuak.

1. Debekatua dago laborantzako atoiak zein bestelakoak eta laborantzako edozein lanabes herrigunean aparkatzea. Horretarako, udal organo eskudunak berariazko baimena eman beharko du eta prezio publikoa ordaindu beharko da lurzoruaren aprobetxamendu bereziagatik.

2. Karabanak herrigunearen barruan aparkatzen ahalko dira, horretarako berariaz gaitutako lekuetan, eta, oro har, hurrengo zenbakian autokarabanendako aurreikusitako moduan.

3. Oro har, autokarabanak aparkatuko dira ilaran aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.

45. artikulua. Larragako udal-mugartean aparkatutako ibilgailuetan kanpatzeko debekua.

Debeku da karabana, atoi eta autokarabana edo etxebizitza-ibilgailuetan kanpatzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

46. artikulua. Salgai arriskutsuz kargatutako ibilgailuak aparkatzeko debekua.

Debeku da arras salgai arriskutsuz kargatutako ibilgailuak Larragako udal-mugarte osoan aparkatzea.

47. artikulua. Interes orokorreko zenbait zerbitzu publikorendako toki erreserbatuak.

Udalak erabakiko du haien beharrik ba ote den eta zein erabiltzailek aparkatzen ahal duten toki horietan, eta baimena frogatzen duten agiriak emanen ditu.

Toki erreserbatuak adieraziko dira lurreko markak eta seinale bertikalak zein osagarriak baliatuz, eta argi zehaztuko da zein erabiltzailerendako diren eta zein egun eta ordutan duten indarra.

Debekatuta dago zenbait zerbitzutarako seinalatutako toki erreserbatu bakoitzerako agiria ez duten ibilgailuak aparkatzea eta gelditzea, ordutegiak indarra duen bitartean. Baimena ematen duen agiria izan gabe toki erreserbatu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie eta Udalaren garabiak udal gordailura eramanen ditu. Ibilgailua berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa ordaindu beharko dute arau-hausleek.

V. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

48. artikulua. Aplikazio-eremua.

Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.

Ibilgailua abandonatutzat joko da kasu hauetako batean dagoenean:

a) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

b) Ibilgailuak aspaldian erabiltzen ez dela adierazten duen ezaugarriak dituenean, hala nola gurpilak airerik gabe, ateak irekita, beharrezko elementuak galduta, zikinkeria pilatua, kanpotik ederki hondatua eta abar.

c) Bide publikotik kendu eta udal gordailuan bi hilabetetik gora daramanean.

d) Toki pribatu batean matxura edo istripu baten ondorioz ibilgailu bat jaso ondoren, haren titularrak bi hilabeteko epean hartu ez duenean.

49. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Larragako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko.

Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

2. Aitzineko apartatuan aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela. Ibilgailua txatartzat joko da eta deskontaminazio zentro baimendu batera eramanen da, txatar gisa tratatzeko. Zentro baimenduak deskontaminazioaren gaineko ziurtagiria emanen du, eta hura igorriko da Nafarroako Trafiko Zuzendaritzara, ibilgailua ken dezan Trafiko Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailuen Erregistro Nagusitik.

Aitzineko artikuluko d) apartatuan aipatutako inguruabarra gertatuz gero, Udalak Nafarroako Trafiko Zuzendaritzari baimena eskatuko dio ibilgailuari hondakin-tratamendua emateko. Horretarako, aurkeztu beharko du ibilgailuaren titularrari ibilgailua bere esparrutik kentzeko eskatu diola egiaztatzen duen dokumentazioa.

4. Titularrari salaketa jarriko zaio ibilgailua bide publikoan abandonatzeagatik, bat etorriz Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoarekin, ibilgailu abandonatuak hondakin gisa jotzen ditu-eta. Orobat, zehapen-espedientea tramitatuko da, lege horretan ezarritakoari jarraikiz.

5. Oro har, eta arrazoi justifikatuak badira salbu, ibilgailua berreskuratzeko, jabeak tasa ordaindu beharko du Udalak hura garabiaz eramateagatik, baita udal gordailuan egindako egonaldiari dagokiona ere, eta ibilgailuaren dokumentazio guztia, eguneratua, aurkeztu beharko du, asegurua barne.

6. Egoki iritziz gero, alkateak erabaki dezake ibilgailua hondakin gisa tratatu beharrean, hura adjudikatzea trafikoa zaintzen duten zerbitzuei, bat etorriz urriaren 30eko 6/2021 Legegintzako Errege Dekretuaren 106.3 artikuluan xedatutakoarekin (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina).

VI. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

50. artikulua. Herrigunean zirkulatzeko debekua.

1. Debekatuta dago Larragako herrigunearen barruan zirkulatzea sailgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuendako, baldin eta salgai horiek jasota badude Salgai arriskutsuen nazioarteko errepide-garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR).

Halako ibilgailu batek aipatu eremua zeharkatzeko eta zamalanetan aritzeko, Larragako Udalaren baimena beharko du. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak, egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

Berdin jokatuko da ibilgailu bereziekin eta garraio handiekin, nahiz eta salgaiak arriskutsuak ez izan.

2. Gasolioa eta butanoa garraiatuz gero, artikulu honetatik kanpo daude garraio arriskutsuan aritzen diren ibilgailu horiek.

3. ADRko 7. motako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute Larragako mugarte osoan ibiltzea, salbu eta aldez aurretik Udalaren berariazko baimena lortzen badute.

4. Larragako udal-mugartean kokatuta egon eta artikulu honen 1. apartatuan salgai arriskutsutzat jotako gaiak erabiltzen dituzten enpresek udal agintaritzak egokien iritzitako ordutegia eta sarbidea ezarriko dituzte, ahalik eta ibilbide laburrena eta ezaugarrien arabera gomendagarriena egiteko, hau da, herriko sarbidea eta helmugara iristeko herrian barrena ezinbestekoa den ibilbidea.

VII. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Instalazioa

51. artikulua. Seinaleak jartzea.

1. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera, jarraikiz bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuari.

52. artikulua. Aplikazioa.

1. Herriaren sarreran jarritako seinaleek (bakarka zein karteletan multzokatuek) herrigune osoan izanen dute indarra, salbu eta berariazko seinaleak dituzten eremu edo bideetan.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3. Udaltzainen seinaleak beste guztien gainetik daude.

4. Udal agintaritzak, segurtasuna dela-eta edo zirkulazioa arina izan dadin, antolamendua aldi baterako aldatzen ahalko du jendea eta ibilgailuak pilatzen diren tokietan, baita istripu edo larrialdiren bat dagoenean ere. Helburu horrekin jarri edo kenduko dira bidezkotzat jotzen diren behin-behineko seinaleak; bestetik, aurreneurri egokiak hartuko dira.

5. Behar denean, Larragako Udalak herri barruko bideak itxiko ditu, ukatu gabe udal agintaritzak premiazko neurriak hartzea egoki jotzen dutenean.

II. KAPITULUA

Edukia

53. artikulua. Edukia.

1. Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik.

2. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, baldin eta nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

3. Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, aparte utzirik Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izan daitekeen zehapena.

4. Debeku da bide publikoan paratzea edozein oztopo edo gauza, oinezko edo ibilgailuen zirkulazioa zailtzen edo arriskuan jartzen ahal duena. Bide publikoan edo lurzoru pribatuan ibilgailuen eta/edo oinezkoen trafikoari (espaloiak, oinezkoendako guneak...) eragingo dioten eraikuntza-obrak, kanalizazioak, eraispenak eta abar egiteko ezinbestekoa bada eragozpenen bat jartzea, hala nola garabiak, aldamioak edo bide publikoa okupatzen duten beste elementu batzuk (siloak, etxolak...), udalaren aldez aurreko baimena beharko da. Baimen horretan, bete beharreko baldintzak zehaztuko dira: seinaleak, lanak egiteko egun eta ordutegi egokiena, eta behar diren neurri osagarriak.

5. Behar bezala babestu eta seinaleztatu beharko da oinezko edo ibilgailuen zirkulazio librea zailtzen duen edozein oztopo; gauez, argiztatuta egon beharko du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren.

Oztopoa jartzen duen erantzulearen kontura izanen dira seinaleztatzea eta argiztatzea, eta baimenean agertzen diren jarraibideak edo udal agintariek adierazten dizkionak beteko ditu.

6. Interesdunek oztopoa kentzen ez badute, udal agintariek hura kentzeko agindua emanen dute haien kargura, ordezko betearaztearen legezko errekarguekin, kasu hauetan:

a) Behar den baimenik erdietsi ez bada.

b) Oztopoa jartzeko arrazoiak bukatu direnean.

c) Baimenaren epea bukatu bada.

d) Baimenean eskatutako baldintzak betetzen ez badira.

e) Emandako baimena indargabetzeko ezinbesteko arrazoiak agertzen direnean.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

54. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Agintaritzaren agenteek edo trafikokoek eta, hala badagokio, udal agintariek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Agerikoa denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo sorgorkariak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bestelakotzen badute.

d) Gidariak uko egiten dionean alkohola, sorgorgarriak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egiteari, horretara behartua egonik, edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat bide publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidariaren ikuspena modu arriskutsuan murrizten denean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak %50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea, ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak bide publikotik kentzea

55. artikulua. Ibilgailuak bide publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udal agintariek bide publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo baimendutako edo ordaindutako denbora halako hiru egiten duenean.

f) Ibilgailua zenbait erabiltzaileren zirkulaziorako edo zerbitzurako soilik erreserbatutako erreietan edo bide-zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Azoka txikia edo bestelako jarduerak egiteko erreserbatutako tokian aparkatuta dagoenean, erreserba orduetan (halaxe adierazita egonen da seinaleetan).

h) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

i) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean, ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

Ibilgailua kentzearen ondorioz sortzen diren gastuak ibilgailuaren titularraren kontura izanen dira eta, ibilgailua itzultzeko aurretiazko baldintza gisa, ordaindu egin beharko ditu edo bermatu beharko du ordainduko dituela, barne harturik dagozkion tasak udal garabiarekin egindako lekualdatzeagatik eta udal gordailuan egoteagatik.

56. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan iritziko zaio ibilgailua aitzineko artikuluan adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Alaka baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Aparkatua dagoenean oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian urritu fisikoak pasatzeko beheragunean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuendako erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Aparkatuta dagoenean espaloi, ibiltoki, irlatxo edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Lorategi-aldeetan aparkaturik dagoenean.

q) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

r) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo eragozpen larria sortzen zaienean zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari.

Salbu eta ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean, titularraren kontura izanen dira ibilgailua kentzearen ondoriozko gastuak; eta ibilgailua itzuliko bazaio, aldez aurretik gastu horiek ordaindu beharko ditu edo ordainketa bermatu, barne harturik dagozkion tasak, udal garabiarekin lekualdatzeagatik eta udal gordailuan egoteagatik. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duenari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

57. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

58. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

59. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura izanen da ezartzen dena urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen), eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, aplikatuko dira urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) eta otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretua (Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko zehapen prozeduraren erregelamendua onetsi zuen).

60. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, baldin eta ez bada arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen) edo hura ordezten duen trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko araudian, edo aplikatzekoa den beste araudi batean, eta, orobat, aipatu araudian arau-hauste arintzat jotzen dena.

2. Arau-hauste oso astuntzat joko da ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

61. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluan sailkatutako arau-hausteak egiteagatik ezarriko diren zehapenak izanen dira aurreikusten direnak urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen) edo hura ordezten duen trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko araudian aurreikusitakoak, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen beste erantzukizun zibil edo penal batzuk.

2. Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira gertakariaren garrantzia, interes publikoari eragindako kaltea, sortutako benetako arriskua eta arau-hauslearen berrerortze-maila. Hala ere, hala dagokionean, aplikatuko dira trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko araudian ezarritako graduazio-irizpideak, eta, hala badagokio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa.

3. Zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egitateek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

4. Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

62. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordaindu ahal izanen dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura berariazko ebazpenik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

63. artikulua. Instrukzioa.

Udaleko Idazkaritzak edo haren eginkizunak betetzen dituenak irekiko ditu espedienteak ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik.

Idazkaria kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errekusatua bada edo abstenitzen bada, legelari batek ordeztuko ditu haren funtzioak.

Instrukzioa burututa, Udaleko organo eskudunak bidezko ebazpena emanen du.

64. artikulua. Udal eskumenik eza.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Larragako udal agintaritzak eginen du salaketa, eta horren ondotik Larragako Udalak administrazio eskudunari igorriko dio.

65. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere Udalaren eskumeneko zehapena duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetakoren bat galtzeko zehapena ezar dezan.

66. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea izanen da gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, baldin eta horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

67. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.–IV. tituluko II. kapituluan jasotako erregulazioa aplikatuko da baldin eta ez badio aurka egiten Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 52/2022 Foru Aginduari (haren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela), hori lehentasunez aplikatu behar denean, eskumenen ordena konstituzionalaren arabera.

Betiere ordezko eta osagarri gisa aplikatuko da Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 52/2022 Foru Agindua (Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela arautzen du), kapitulu horretan aurreikusita edo araututa ez dagoen guztiari dagokionez.

Bigarrena.–Ordenantza honen xedapenetan aurreikusi gabeko guztian, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua (Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra onesten duena) eta horiekin bat datozen xedapenak, zeinak osagarri gisa aplikatuko baitira, bai eta, hala dagokionean, urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) eta urriaren 1eko 40/2015 Legea (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldtu dira ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko udal arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILUAK ESPALOIETAN EDO BIDE PUBLIKOAN BARNA (PASABIDEAK) SARTU ETA IRTETEKO

36. ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluan tasei buruz ezarritakoarekin.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea.

1. Ordenantza honen zerga-egitatea da tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, ibilgailuak sartzeko edo pasatzeko espaloietan edo bide publikoan barna, eraikin edo orubeetan, sestra aldaturik nahiz aldatu gabe, aldez aurretik udal baimena edo lizentzia izanik.

2. Ordenantza honen xedeko tasagatik likidatzen diren eskubideak aparte daude honako hauei jarraikiz ordaindu behar direnetatik: obra-lizentziaren tasaren gaineko ordenantza, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta bateragarriak diren bestelako ordainarazpenak.

Subjektu pasiboa

3. artikulua.

1. Subjektu pasiboak dira eta tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, tokiko jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

2. Lizentziaren titularraren edo titularren kontura izanen da ordainketa, eta subsidiarioki, finkaren jabearen kontura.

3. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan ezarritakoarekin bat, lokalaren jabea zergadunaren ordezkoa izanen da aprobetxamendu bereziaren tasan, ibilgailu motordunak espaloietan edo jabari publikoko beste ondasun batzuetan barna pasatzeari dagokionez.

4. Aurrekoa alde batera utzita, minusbaliotasun fisikoak dituztenendako espazio publikoaren erreserbarako egindako aprobetxamenduengatik ez da tasa ordaintzea eskatuko, baldin eta desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela badute –Larragako Udalaren mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorrak arautua–, etxebizitza kolektiboko eraikina ez bada.

5. Lizentzia eskuratu ahal izateko, egunean izan behar dira zerga-betebeharrak Larragako Udalarekin.

6. Artikulu hau aplikatzean, zerga betebehartzat joko dira eskubide publikoko edo eskubide pribatuko kontzeptu ekonomiko guztiak, izan zerga arlokoak edo ez.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarriak izanen dira ibilgailuendako sarbide edo pasabideen luzera, metro linealetan neurtua, eta higiezinaren edukiera; biak 1. eranskineko tarteetan zehazturik daude.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen I. eranskinean agertzen dira.

Tributu-kuota

6. artikulua. Kuota zehazteko, karga-oinarriari aplikatuko zaizkio dagozkion tasak.

Tasaren sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Udalak baimena emandakoan sortuko da tasa lehendabiziko aldiz, urtebeteko aldirako.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan ezarritakoari jarraituz, tasak autolikidazio araubidean eskatzen ahalko dira edo, kasua bada, 30 egun balioduneko epean, lizentzia eman edo dagokion zenbatekoaren likidazioa jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa.

Gainera, alta emateko tasa ordaindu beharko da. Tasa horrek bere baitan hartuko ditu sartzeko eremua markatzeko lerro hori eta txuria lehen aldiz margotzeko lana eta erreserbaren identifikazio seinalearen alokairua.

Tasa urtero likidatuko da, Udalak ekitaldirako onesten duen egutegi fiskalaren arabera (dagokion ekitaldi ekonomikoko urtarrilaren 1etik 31ra). Alta edo lehen aldiz zergadunen erroldan sartuta egonez gero, hiruhileko naturaletan hainbanatuko da, baimena ematen den hiruhilekoa barne.

Bajen deklarazioei dagokienez, ez dira inola ere itzuliko hiruhilekoko hainbanaketaren bidez, eta egiten diren ekitaldiaren hurrengotik aurrera izanen dute eragina.

Dokumentuen eta jakinarazpenen sarrera eta irteera erregistro orokorraren ardura duten udal langileek, bai eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketakoek ere, likidatzen edo autolikidatzen diren tasa guztiak zenbatuko dituzte eta haien diru-bilketa eginen, hala badagokie, horretarako oro har erabiltzen diren ohiko bideetako edozein erabiliz, organo eskudunek gainbegiratuta, eta horien berri emanen diote Udaleko Diruzaintzari.

Borondatez ordaintzeko epeetan kuotak ordaindu ez dituztenei aplikatuko zaizkie Nafarroako toki ogasunen araudian eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta premiamenduzko administrazio-prozedura bidez eskatzen ahalko zaizkie, alde batera utzi gabe Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorrean ezarritakoa, ordaindu ezean lizentzia azkentzeari dagokionez.

Salbuespenak eta hobariak

8. artikulua. Ez da salbuespenik onartuko tasa honi dagokionez.

Ez da aplikatuko murriztapenik edo hobaririk batere tasa honetan.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Lizentzia emateko baldintzak eta prozedura, bai eta lizentziaren baldintzak, erantzukizunak, betebeharrak eta azkentzea ere, arautuko dira Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorrean ezarritakoaren arabera.

Behin lizentziak emandakoan, udal zerbitzuek beren titularrak sartuko dituzte Pasabideen Zergadunen Erroldan, tasa ordenantza honen arabera kudeatzeko.

Pasabiderako lizentziaren titulartasun aldaketak edo eskualdatzeak Udalean jakinarazi beharko dira, aldaketa edo eskualdatze horiek gertatu eta 15 eguneko epean, eta berehala izanen dituzte ondorioak, baldin eta ordenantza honek aurreikusten dituen eta hasierako lizentzia ematea ekarri zuten baldintzei eusten bazaie. Aipatutako erroldan alta eta baja idazpenak egitea izanen da izapide bakarra.

Lizentzia atxikita dagoen eraikinaren edo lokalaren jabetza edo erabilera eskualdatzen denean, uste izanen da lizentzia eskuratzen duenari eskualdatzen zaiola, berariaz uko egin ezean.

Ikuskapena eta iruzurra

10. artikulua. Udaleko Ikuskaritza Zerbitzuak pasatzeko lizentzia izan dezaketen lokal edo espazio guztien berri emanen dio Udalari, bidezko kasuetan aprobetxamenduak erregularizatzeko eta iruzur-egintzak saihesteko, bereziki pasabide kolektiboen kasuan.

Arau-hausteak, zehapenak eta zehapen prozedura

11. artikulua. Zerga-arloko arau-hausteei eta zehapenei eta zehapen-prozedurari dagokienez, jarraituko zaio xedatzen denari Larragako Udalaren Ordenantza fiskal orokorrean edo, hala badagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen arauetan, hargatik eragotzi gabe bide segurtasunaren arloko araudia edo gainerako administrazio-araudia aplikatzeagatik zehaztu daitezkeen arau-hausteak.

Xedapen osagarriak

12. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, gehigarri eta osagarri gisa, aplikatuko dira Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorra, Larragako Udalaren Ordenantza fiskal orokorra edo, hala badagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta horrekin bat datozen arauak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean egonen da espresuki erabaki arte aldatzea edo indargabetzea.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Altako tarifa: 50 euro (plakaren kostua).

2.–Pasabide motak.

1. motako tarifa: 5 plaza arteko higiezinak.

2. motako tarifa: 6 eta 20 plaza arteko higiezinak.

3. motako tarifa: 20 plazatik gorako higiezinak.

4. motako tarifa: merkataritzako higiezinak edo lokalak.

3.–Ordutegi iraunkorreko pasabide moten tarifak: (prezioa metro linealeko eta urteko).

1. motako tarifa: 25 euro.

2. motako tarifa: 75 euro.

3. motako tarifa: 100 euro.

4. motako tarifa: 20 euro.

4. Ordutegi iraunkorreko pasabideen tarifen gehigarria, sarbidean atearen aurrean espazio bat erreserbatu behar denean, ibilgailuak sartu eta irteteko maniobretarako, zenbateko hau gehituko zaio 3. epigrafean definitutako tarifari (prezioa metro linealeko eta urteko):

1. motako tarifa: 12,5 euro.

2. motako tarifa: 35,50 euro.

3. motako tarifa: 50 euro.

4. motako tarifa: 10 euro.

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK BIDE PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOREN GORDETZEKO ETA IBILGETZEKO ZERBITZUAREN ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

37. ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da Udalaren zerbitzu eskudunek ibilgailuak kentzeko nahiz kentzen hasteko zerbitzua egitean.

Era berean, zerga-egitatea izanen da edozein arrazoi dela medio udal egoitzetan gordailuan geratzen diren ibilgailuak zaintzea (bertan egotea) eta ibilgailuak ibilgetzea, hala dagokionean, bat etorriz Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorrean ezarritakoarekin.

Tasari lotuta ez dauden kasuak

3. artikulua. Ez da tasarik ordaindu beharko kasu hauetan:

1) Ibilgailuak kentzen direnean aparkaturik daudelako kabalkada, desfile, prozesio, kirol-proba edo beste jarduera baimendu nabarmenen bat egitekoa den ibilbidean, betiere behar bezain goiz iragarri eta/edo seinaleztatu ez bada.

2) Ibilgailuak kentzen direnean, aparkaturik dauden tokian eremu publikoa konpontzea edo garbitzea eragozten dutelako.

3) Jabeei ebatsitako ibilgailuak bide publikotik kentzen direnean. Horretarako, jabeari ibilgailua ebatsi zaiola uste izanen da hark ebasketa-salaketaren kopia aurkezten duenean.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ibilgailua kendu eta ibilgetzeko tasa sortuko da zerbitzua hasten den momentuan.

Ibilgailua kendu eta 24 ordu iraganik sortuko dira ibilgailua gordetzeko tasak.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Kasu bakoitzean ezarri behar diren arauekin bat, honako hauek ordaindu beharko dute tasa: ibilgailuaren gidariak, titularrak, gordailuzainak edo ibilgailuaren erantzuleak.

Hala badagokio, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan ezarritakoarekin bat (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), ibilgailuaren jabea zergadunaren ordezkoa izanen da ordenantza fiskal honetan ezarritako tasei dagokienez.

Karga oinarria

6. artikulua. Kendu, ibilgetu eta gorde den ibilgailu bakoitza da karga-oinarria.

Salbuespenak eta hobariak

7. artikulua. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharreko salbuespenak baizik ez dira onartuko.

Ez da aplikatuko murriztapenik edo hobaririk batere tasa honetan.

Tarifak

8. artikulua. Ibilgailuak kentzeagatik, edo kentzen hasteagatik, zaintzeagatik edo egoteagatik, bai eta ibilgetzeagatik ere, aplikatu beharreko tarifak ordenantza honetako eranskinean daude ezarrita.

Tributuaren kudeaketa

9. artikulua. Ordainarazpen honen diru-bilketarako arau berezi gisa ezarri da zerbitzu honek sortuko dituen tasak Udaleko diru-bilketa zerbitzuetan ordainduko direla. Horiek emanen dituzte ordainketa frogatzeko behar diren ordainagiriak edo tributu efektuak.

10. artikulua. Kendutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu eta zaintzeak sortu dituen eskubideak ordaindu arte.

11. artikulua. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du baztertzen, inola ere, honako arau hauen aurkako arau-hausteak egiteagatik bidezkoak diren zehapenak edo isunak ordaindu behar izatea: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorra eta indarrean dauden gainerako administrazio-xedapenetan.

Jabeek eraman gabeko ibilgailuak

12. artikulua. Hala dagokionean, Udalak udal gordailuetan gordeta dituen ibilgailuak adjudikatzea erabaki ahal izanen du, bat etorriz xedatzen denarekin urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 106.3 artikuluan (legegintzako errege dekretu horrek onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina) eta Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorraren 49.6 artikuluan.

Xedapen osagarriak

13. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, gehigarri eta osagarri gisa aplikatuko dira Larragako Udalaren Mugikortasunari eta trafikoari buruzko ordenantza orokorra, Larragako Udalaren Ordenantza fiskal orokorra edo, hala badagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta horrekin bat datozen arauak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean egonen da espresuki erabaki arte aldatzea edo indargabetzea.

TARIFEN ERANSKINA

(*) Eranskin honetan aipatzen diren eskalak, kilogramotan adierazten direnak, ibilgailuendako baimendutako gehieneko masari dagozkio.

I. epigrafea.–Kentzeko lana bukatu ez bada: zerbitzu egitera joan, eta ibilgailua udal gordailura eramateko lanak hasi ondotik, gidaria edo hark baimendutako pertsona agertzeagatik, baldin lana bukatzen ez bada:

–Ziklomotorrak eta motozikletak: 17,00 euro.

–Ibilgailuak, gehieneko pisua 3.500 kg bitartekoa badute: 140,00 euro.

–3.500 kg-tik gorako pisua duten ibilgailuak: 180,00 euro.

II. epigrafea.–Kentzeko lana bukatu bada: zerbitzua osorik egiten denean, ibilgailu arau-hauslea eramanda udal gordailura:

–Ziklomotorrak eta motozikletak: 25,00 euro.

–Ibilgailuak, gehieneko pisua 3.500 kg bitartekoa badute: 160,00 euro.

–3.500 kg-tik gorako pisua duten ibilgailuak: 200,00 euro.

III.–Ibilgailuak ibilgetzeagatik:

–Ziklomotorrak eta motozikletak: 15,00 euro.

–Ibilgailuak, gehieneko pisua 3.500 kg bitartekoa badute: 30,00 euro.

–3.500 kg-tik gorako pisua duten ibilgailuak: 60,00 euro.

IV. epigrafea.–Gordailuan izateagatik: ibilgailua gordailura eraman eta jakinarazi ondotik 24 ordu iragandakoan, tarifa hauek aplikatzen hasiko dira, egun edo zati bakoitzeko, hura norbaitek bildu arte:

–Ziklomotorrak eta motozikletak: 2,00 euro.

–Ibilgailuak, gehieneko pisua 3.500 kg bitartekoa badute: 10,00 euro.

–3.500 kg-tik gorako pisua duten ibilgailuak: 15,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2211340