185. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

861E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita proiektu honetaz: “Egungo jarduera handitzea, Eraikuntzako eta Eraispenetako Hondakinen transferentzia zentroa ezarrita Azkoienen (Nafarroa), 11. poligonoko 669. partzelan”. Sustatzailea Palets Internorte SL da.

2022ko martxoaren 25ean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Tramite horretan, kontsultatuak izan dira honako hauek: Azkoiengo Udala, Martzillako Udala, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia eta Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusia.

Kontsulta horiei emandako erantzunean, Martzillako Udalak adierazi du trafikoa handitzearen ondoriozko inpaktua aztertu behar dela, bai eta herritik hurbil egotearen ondoriozko inpaktu akustikoa ere; Azkoiengo Udalak aldeko udal txostena bidali du; eta, azkenik, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiak bidalitako txosten batean esan du ingurua abiadura handiko linea berriaren eraikuntza mugaketak, babes eremuak eta jabari publikoak ukituta dagoela (Castejón-Iruña tartea, jardueraren ondoan), eta erabaki du kontsulta egin behar zaiola ADIFi abiadura handiko linea berri horren trenbide trazadurari buruz eta osorik bete behar direla erakunde horrek Azkoiengo 11. poligonoko 669. partzelan egungo jarduera handitzeko asmoaz eman ditzakeen jarraibideak.

2022ko uztailaren 17an, Hondakinen Atalak adierazi du ezen, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ez dagoela bateraezintasunik proposatutako jardueraren eta Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planaren artean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena eman beharrari buruz txosten horretan ezarritako moduan.

Aurkeztutako proiektuaren eta ingurumen dokumentuaren deskribapena

Egin asmo den jarduketa da sustatzaileak Azkoiengo 669. eta 714. partzeletan kokatuta dauden instalazioetan (eraikina eta zabaldegia) egiten duen jarduera aldatzea. Sustatzaileak proposatu du honako hau gehitzea gaur egun egiten duen zurezko paleten kudeaketari: proiekturako eremuko obretako eraikuntzako eta eraispenetako hondakin (EEH) geldoen kudeaketa.

Zurezko paleten kudeaketa jarduera horrek ez ditu osorik erabiltzen hormigoiztatutako kanpoaldeko zelaia eta bertako pabiloiak, eta instalazioen ekialdean gara daiteke. Horregatik, EEHen transferentzia zentro berriko prozesuak pabiloien eta zabaldegiaren mendebaldean egin daitezke, aldaketarik egin behar izan gabe. Era berean, ez da beharrezkoa izanen eraikin berriak egitea edo okupazio edo zerbitzu berriei ekitea proiekturako partzelaren kanpoaldean. Instalazioetan garatu beharreko bi jarduerek sarbideak, kontrol bulegoa eta baskula partekatuko dituzte.

Zurezko paleten egungo kudeaketa jarduerak Azkoiengo Udalaren lizentzia egokiak ditu, honako ebazpen hau atera ondoren eman baitzituen: 327E/2019 Ebazpena, azaroaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarena, jarduteko lizentziaren eta lurzoru urbanizaezinean baimentzearen aurretiazko txostena ematen duena.

Instalazioak NA-660 errepidearen hegoaldean eta mendebaldean daude, Martzillarako sarbidean, AP-15arekin gurutzatu ondoren, eta eraikitzen ari diren prestazio handiko trenerako (Castejón-Iruña tartea) plataformaren eta AP-15aren beraren ekialdean.

699 A azpipartzela eraikitzen ari diren aipatu trenbiderako plataformak eta lubetek okupatuta eta ukituta dago. 699. partzelaren gainerakoan jarduerako eraikinak eta zabaldegiak daude, eta 714. partzela instalazioetara NA-660tik sartzeko zelaiguneari dagokio.

Kudeatu beharreko hondakin berriak eraispenetako ohikoak izanen dira (adreiluak, hormigoiak, egurra eta abar), eta LER kode hauek dagozkie: 170101, 170102, 170103, 170107, 170106, 170201, 170202, 170203, 170302, 170407, 170411, 170504, 170506, 170904, 200202, 030105 eta 200307. Haiekin egin beharrekoak hauek izanen dira: R12 (aurretratamendua), R5 (lehen tratamendua) eta R13 (biltegiratzea eta transferitzea).

Jarduera berriak fase hauek izanen ditu: zehaztutako EEHak hartzea, eta jarduerako hondakin desegokiak, balio ez dutenak edo kutsatuak baztertzea; aldi baterako deskargatu eta gordetzea; EEHak bereiztea, makina mistoa eta eskuzkoa erabiliz; murrizketa bolumetriko bidezko murrizketa, xehamakina erabiliz; EEHak birrintzea bahetzaile mugikor bidez eta sailkatzea aurreikusitako berrerabilpen motaren arabera; eta agregakin birziklatuak aldi baterako biltegiratzea, saldu eta bidaltzeko. Urtean gehienez 3.500 tona EEH kudeatuko dira.

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Proposamenaren helburua eta kudeatuko diren EEHak baloratzeko edo bereizteko aurreikusitako ildoak onuragarriak dira ingurumenerako, hondakinak berrerabiltzen eta ezabatzeko hondakinen bolumena txikitzen laguntzen dutelako.

Kontuan hartuta proposamenerako kokapena Martzillako hiri-periferiako eremuko instalazioetan dagoela garraio azpiegituren artean, espero daitezkeen inpaktu nagusiak jarduerari berari dagozkio: emisioak, isuriak, hondakinak, baliabideen kontsumoa eta abar. Aurkeztutako dokumentazioak inpaktu horiek kontrolatzeko neurriak jasotzen ditu; dena dela, inpaktukok ingurumen baimen bateratuan kontrolatzen dira.

Bereziki, zarata kontrolatzeko neurriak nabarmendu behar dira; besteak beste: inguruko landare pantaila bat; euri urak biltzeko perimetro lubaki bat harea iragazki batez; eta eremu zolatuak erabiltzea hondakinak baloratu baino lehen metatzeko. Geldoak ez diren errefuseko hondakinak eta jarduerari dagozkion hondakinak edukiontzian biltegiratzeko proposamena ere jasotzen du. Azkenik, sustatzaileak argi kutsadura kontrolatzeko neurriak proposatu ditu.

Proposamenak ez dakar berekin ingurumen balioa duten natura inguruneko elementuak okupatzea edo galtzea, ez eta haien gaineko zeharkako inpaktu berririk ere. Azkenik, kokatuta egonda ere garraio azpiegituren ondoan, Martzillako hiri-periferiako eremuaren aldamenean, lurraldearen beste erabilera intentsibo eta jarduera batzuetatik hurbil, ez da aurreikusten ikusizko inpaktua handia izatea, inguruan landare pantaila bat ezarri nahi baita, eta ongi mantenduta dauden instalazio batzuetan egonen delako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikusita aurkeztutako dokumentazioa eta aztertuta “Egungo jarduera handitzea, Eraikuntzako eta Eraispenetako Hondakinen transferentzia zentroa ezarrita Azkoienen (Nafarroa), 11. poligonoko 669. partzelan” proposamenaren ondorio izan daitekeen ingurumen inpaktua, Ingurumen Eraginaren atalak jakinarazi du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri garrantzizkorik izanen ingurumenean, eta, horregatik, ez dela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar proiektuaz. Hori guztia baztertu gabe indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea, bereziki ADIFi dagokiona, hala eskatzen baita Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiak 2022ko maiatzaren 25eko datarekin egin eta ukitutako administrazioei kontsulta egiteko tramitean jasotako txostenean.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. “Egungo jarduera handitzea, Eraikuntzako eta Eraispenetako Hondakinen transferentzia zentroa ezarrita Azkoienen (Nafarroa), 11. poligonoko 669. partzelan” proiektuak, zeina Palets Internorte SLk sustatu baitu, ez du eragin garrantzizkorik ingurumenean, ingurumen inpaktuari buruzko txosten honetan esandakoa kontuan hartuta, eta, beraz, ez da egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.

Aurrekoa gorabehera, proiektuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ingurumen baimen bateratuan ezarritako ingurumen neurriak hartuko dira, zeinetako batzuk izapidetutako dokumentazioan jasota baitaude,

–Kamioien joan-etorriak proiektuaren ingurunean eragozpen gehigarririk sortzen ez duela kontrolatuko da, bai baliteke eremuan trafiko lokala nabarmen handitzea,

–Ongi zehaztuko da instalazioen inguruko pantaila, eta bertan epe laburrean tamaina ertain-altua hartuko duten hosto iraunkorreko espezieak erabiltzen ahaleginduko da; gainera, pantaila gereziondoak, elorri beltzak, arteak, milazkak eta inguruko berezko beste espezie batzuk erabiliz aberastuko da, pantailaren tarte txikitan edo aldameneko zuhaiztietan paratuta.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Azkoiengo Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2211563