185. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

860E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita proiektu honetaz: igorpen foku berria, ontziratze unitatea berraktibatzeagatik poliuretano sistemak eta beste produktu kimiko batzuk hornitzen diharduen plantan, Ribaforadako udal mugartean. Sustatzailea Dow Chemical Ibérica SL da.

2022ko maiatzaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraz dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatuarekin bat.

Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 6.a) taldean jasotzen da, eta, beraz, hartan xedatuaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatu behar zaio.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Hamar kontsulta egin dira (Ribaforadako Udala, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua, Ekologistak Martxan, Gurelur-Natura ingurunea babesteko Nafarroako funtsa, Lurra Elkartea, Eder Partzuergoa, Sustrai-Erakuntza Fundazioa eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria), eta ez da erantzunik jaso legez ezarritako epean.

Proiektuaren deskribapena

Dow Chemical Ibérica SL plantak, zeinak poliuretano sistemen eta beste produktu kimiko batzuen horniketan baitihardu, bidoi eta GRGetara ontziratzeko egungo lerroa handitzeko asmoa du, gaur egun noizean behin baino ez baita erabiltzen, eta, horregatik, lan kargaren arabera, ontziratzeko MFU-415 makinaren erauzketa sistema kutsadura foku sistematikoa bihurtuko da.

Industria instalazioa Ribaforadako hirigunearen hegoaldeko mugan dago, trenbidea instalazioaren iparraldetik igarotzen da, NA-5200 errepidea 80 metrora dago ekialdean eta A-68 autobia, berriz, 1,5 km-ra hegoaldean.

Bere jarduera gauzatzeko, ontziraketa isozianatoen plantan egiten da lehengai gisa, eta horiek beste planta batzuetatik ekartzen dira zisterna ibilgailuetan, produktu horiek ez baitira ekoizten Ribaforadako plantan.

Jarduera gauzatzeko, 836 m²-ko eraikin bat dago, gainerako establezimenduetatik bakartuta, eta eraikina produktu kimikoen ontziratze eta biltegiratze girotua egiteko baino ez da erabiltzen; eraikinaren barruan, MFU-415 ontziratze guneak 240 m² hartzen ditu.

Zisterna ibilgailua isozianatoz beteta iristen da deskarga gunera plantaren barruan, MFU-415 eremuaren ondoan, non zisterna deskarga linearekin konektatzen baita.

Isozianatoa deskarga lineatik ontziratzeko MFU-415 makinara eramaten da, eta bertan bidoiak eta solteko gaietarako ontzi handiak (GRGak) betetzen dira. Bidoiak eta GRGak barreneko garraio bitartekoekin (orga jasotzaileak) eramaten dira ontziratze unitatetik isozianatoak gordetzeko gunera.

Prozesuko emisio foku bakarra MFU-415 ontziratze unitatean dagoen erauzketari lotuta dago. Emisio foku horri 1. fokua deritzo, eta alta emanda zegoen lehenago; orain, ontziratze unitate horretako erauzketa baino ez du tratatuko.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak modu arrazoituan ebatziko duela ea proiektuaz ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar den edo ingurumen inpaktuaren txostena emanen den, txosten horretan adierazi moduan eta aipatu legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Enpresa sustatzaileak MFU-415 ontziratze unitaterako ingurumen baimen bateratuaren funtsezko aldaketa tramitatzeko eskatu du, A multzoko foku sailkatu bat agertzen baita, izen kimikoa difenilmetano diisozianatoa (isomeroak eta homologoak) duen substantzia bat zabaltzen duena, eta hori, besteak beste, H351 arrisku kodearekin sailkatuta dago (kartzinogenizitatea). Urtean gehienez 15.000 tona difenilmetano diisozianato (DMI) ontziratuko direla zenbatetsi da.

Prozesu berri hori ezartzeak berekin dakar bidoietara eta GRGetara ontziratzeko lerro bat berraktibatzea, gaur egun ezarrita dagoena establezimendu industrialaren barruan industrialtzat jotako partzela batzuen gainean, bertako instalazio batzuetan, baina ez du esan nahi eremu industrial berririk eta instalazio berririk sortu behar denik, egungoak handitu behar direnik, ez eta ekipo berriak ezarri behar direnik ere.

Plantaren ingurune hurbilean ez da ezartzen intereseko elementu naturalik, eta eremu antropizatua eta iragazgaiztua da.

Proiektuaren datuak kontuan hartuta:

–T-525 gas garbigailurako zenbatetsitako ur kontsumoa urteko 4 m³-koa da.

–Plantan instalatutako potentzia elektrikoa, guztira, 630 kW-ekoa da. Planta osoaren urteko kontsumo elektrikoa 800 kWh-koa izanen da, eta 120 kWh DMIa ontziratzeari lotuta egonen direla kalkulatu da.

–Plantan ez dago hondakin urik (ez dago isuri industrialik, eta plantako euri ur guztiak “segurtasun pond” izeneko 90 m³-ko segurtasun biltegi batera eramaten dira, udal kolektorean isuri baino lehen).

–Instalazio berrien funtzionamendu fasean, ez dago aurreikusita partikula esekiak eta airearen kutsatzaileak ingurumen baimen bateratuan ezarritakotik gora gehitzea.

–Produktu kimikoak biltegiratzeko gune guztiak prestatuta daude litezkeen isurketak edo ustekabeko ihesak biltzeko. Biltegiratzeak Produktu Kimikoak Biltegiratzeari buruzko Arautegian ezarritakoaren arabera erregistratuko dira, eta aldian behin aztertu eta ikuskatuko dira.

–Instalazioek funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak (geldoak, urbanoak eta arriskutsuak) gai honetan indarrean dauden Estatuko, autonomiako eta tokiko legeen arabera kudeatuko dira, gaur egun lantegiko gainerako hondakinekin egiten den bezala.

Ingurumen dokumentua eta ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren azterketa hau ikusita, ondorioztatzen da ezen aldaketa proiektuak, ingurumena zaintzeko aurkeztutako plana beteta, ingurumen baimen bateratuaren espedientean ebaluatuko diren alderdiei baino ez diela eraginen.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehaztu du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, proiektuaren funtsezko baimenean (Ingurumen Baimen Bateratua) biltzen direnez gain.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ribaforadako udal mugartean, eta Dow Chemical Ibérica SLk sustatuta, poliuretano sistemak eta beste produktu kimiko batzuk hornitzen diharduen plantan ontziratze unitatea berraktibatzeagatik sortu igorpen foku berriaren proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez da hari buruz egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Hala ere, proiektuak ingurumen baimen bateratuan kutsaduraren kontrolari eta hondakinen kudeaketari buruz proposatzen diren baldintzak bete beharko ditu.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Ribaforadako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2211564