179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51E/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 8koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko nahiz pribatuentzat, 2022-2023 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 643291.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetako bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) Eskola-umeentzako Kirol Programa gauzatzen jarraitu nahi du 2022-2023 ikasturtean, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatuetan.

Programa horiek 2022ko urriaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatuko dira.

Deialdi honek, 2022-2023 ikasturtea hartzen baitu, urte anitzeko gasturako espediente bat osatzen du, 2023ri dagokion aurrekontua ukitzen duelako.

Esan beharra dago 2022an ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko urritik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2023ko aurrekontuarekin.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko nahiz pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4811-336100: Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza

2023

50.000 euro

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute prozedura bat ezartzea dirulaguntzak emateko Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei, 2022-2023 ikasturterako.

Programek, dirulaguntza jaso ahal izateko, ikastetxe eskatzailearen titulartasunpekoak izan beharko dute eta egin beharko dira oinarri hauetan eta deialdiaren II. eranskinean (programaren ezaugarriak) ezarritako baldintzei jarraikiz.

2. Deialdiaren helburua.

Dirulaguntzak erabiliko dira hein batean ordaintzeko Eskola-umeentzako Kirol Programak egitean sortutako defizitak, baldin eta titularra ikastetxea bada eta programak 2022-2023 ikasturtean zehar egiten badira.

3. Eskola-umeendako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauexek dira programaren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola-ordutegitik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten haurren kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoetan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.

Deialdi honetara aurkezten diren kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera.

4. Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat badute, eta hartan jasota baldin badago deialdi honen xede den Eskola-umeentzako Kirol Programa.

4.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira eskola-umeentzako kirol programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) Deialdi honetako I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

5. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 50.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: “Ikastetxeetako kirol proiektuetarako dirulaguntza” izeneko A50002-A5100-4811-336100 partida, edo 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den antzeko partidaren kargura.

5.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 2.500 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitzarentzat, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdiaren III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirol Institutuaren 2023ko ekitaldirako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzapetuko ditu.

5.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, deialdiaren III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

Kreditu erabilgarria ez bada agortzen, geratzen den saldoa lehentasun-hurrenkeran puntuaziorik altuenak lortu dituzten entitateen artean banatuko da, kreditu erabilgarriaren honako ehuneko hauek aplikatuz: lehenengo dagoen entitateari, %40; bigarrenari, %30; hirugarrenari, %20, eta laugarrenari; %10. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 2.500 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere izan aurkeztutako defizita baino altuagoa, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 baino altuagoa ere.

6. Parte hartzeko eskaerak.

Nafarroako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

7. Aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 9an hasi, eta urtarrilaren 31n amaituko da.

7.2. Dirulaguntza-eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin, pertsona juridikoak beharturik egonen dira baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekiko harremanetan, edozein administrazio-prozedura tramitatzeko. Beraz, jakinarazpenak nahitaez baliabide telematikoen bidez eginen dira, eta ikastetxeek ezin izanen dute erabaki jakinarazpenak paperean bakarrik egitea. 41.1 artikuluaren arabera, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira beti, interesdunak jakinarazpenak bide horretatik jaso behar dituenean.

7.3. Dirulaguntza-eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8. Hasierako dokumentazioa.

Eskaerak aurkezteko, deialdi honetako IV. eranskinean ezarritako eskaera eredua erabiliko da.

Eskaera ereduarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin (hala badagokio, onetsitako eranskinen arabera; eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan, bai webgunean: https://www.navarra.es/eu/kirola):

A) Ikastetxeko kirol proiektua eta Eskola-umeentzako Kirol Programa, argi bereizitako bi dokumentutan, alderdi hauek jasotzen dituztela:

A.1.–Ikastetxeko kirol proiektua: ikastetxeak eskola esparruan bultzatzen eta garatzen dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren zerrenda jasoko da bertan, eta, beste jarduera batzuetan parte hartuz gero, haiek ere bai. Ez dira sartuko Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren eskoletan programatzen eta garatzen diren edukiak, ezta Eskola-umeentzako Kirol Programan sartutakoa ere.

A.2.–Eskola-umeentzako Kirol Programa: dirulaguntzaren xede den programazioa jasoko da, deialdiaren V. eranskina osatuta.

1.–Programaren titulua.

2.–Programaren irakasle arduraduna.

3.–Eragin eremua: parte hartzen duten eragileak eta bakoitzaren eginkizunak.

4.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia.

5.–Zer hezkuntza mailatarako den. (Programan zuzenean parte hartzen dutenak. Ez dira hemen sartzen laguntzaile gisa aritzen diren ikasleen mailak)

6.–Iraupena: programaren hasiera- eta amaiera-datak.

7.–Programa mota. II. eranskinaren arabera. 2. puntua.

8.–Edukiak: jarduera motaren deskribapena (kirol hastapenekoa, jolas eta josteta jardueretakoa, prestakuntzakoa), zehatz adierazita eskola-egutegiaren barruan zein ordutegitan eta zein hiruhileko, hilabete edo astetan eginen diren.

9.–Monitoreen zerrenda, titulazioa eta esperientzia. (Irakasle ez diren ikastetxeko langileak).

Apartatu honetan, eskainitako jarduerak zuzentzen dituzten monitoreak sartuko dira. Ematen duten jarduerari eta lehen sorospenetako prestakuntzari buruzko titulazioa erantsi behar da.

Zerrendan sartzen diren monitoreek Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren lanbide-kualifikazioak izan beharko dituzte. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan adierazitako edukiarekin (foru dekretua horren bidez, Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren akreditazioa arautu zen).

10.–Edukiak. Denboralizazioa eta ordutegiak.

11.–Kirol arloko material suntsikorra: programatutako jarduera guztiak gauzatzeko, ikasturtean beharko den kirol material suntsikorraren zerrenda.

12.–Jarraipena eta ebaluazioa: programaren jarraipen eta ebaluaziorako erabiltzen diren baliabideen deskripzioa (hilekoa, hiru hilekoa, urtekoa...).

13.–Aurrekontua: programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

B) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, ziurtatzen duena Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela. (*)

C) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, ziurtatzen duena egunean dagoela zerga-betebeharretan. (*)

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian (IV. eranskina. Eskaera-orria).

(*) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoarekn bat, ikastetxe publikoek ez dituzte B) eta C) apartatuei dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko.

9. Gastu diruz lagungarriak.

9.1. Diruz lagungarritzat har daitezkeen kontzeptuak hauek izanen dira:

a) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsikorra, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

Hezkuntza bereziko ikastetxeek eta azkeneko 7 deialdietatik batean edo gehiagotan (hots, 2015-2016 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera, biak barne) laguntzarik jaso ez duten ikastetxeek esleitzen zaien guztirako diru kopuruaren %100 bideratzen ahalko dute kirol material suntsigarria erosteko.

Azkeneko 7 deialdietatik batean edo gehiagotan (hots, 2015-2016 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera, biak barne) laguntza jaso duten ikastetxeek, ordea, esleitzen zaien guztirako diru kopuruaren gehienez %30 bideratzen ahalko dute kirol material suntsikorra erosteko.

b) Programan sartutako jarduerak ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitore bakoitzaren titulazioa, prestakuntza eta irakasten duen jardueran duen esperientzia aurkeztea.

c) Prestakuntza gastuak: programan sartuta egonda, jolasgaraian edo eskola-ordutegitik kanpo egiten diren jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak ematen dituzten langileen gastuak dira.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea.

d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.

9.3. Ez da gasturik kontuan hartuko 2022ko urriaren 1a baino lehen eta 2023ko maiatzaren 31ren ondoren egindako jarduerengatik.

10. Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola frogagiriak aurkezteko orduan.

11. Antolaketa eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12. Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. Ebazpena.

13.1. Laguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie hiru hilabeteko epearen barruan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada (aurrekontu kreditu nahikoa ez egotearen ondoriozkoak barne).

13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo baliabide batzuekin, horiek administrazio berak nahiz beste administrazio publiko batzuek eman, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

13.5. Ikastetxe onuradunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

14. Dirulaguntzaren ordainketa.

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta ikastetxeak behin aurkeztu dituela 15. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

14.2. Hala ere, programa 2022ko urriaren 1ean hasi eta 2023ko maiatzaren 31n bukatzea programatu duten ikastetxeek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute, eta ordainketa horretan esleitutako diru zenbatekoaren %50 ordainduko da gehienez. Konturako ordainketa hori egiteko, kontuan hartuko da diruz lagundutako jardueratik gauzatu den zatian izandako gastu arrunten eta langileria gastuen zerrenda.

14.3. Konturako ordainketa hori ordaindu ahal izateko, ikastetxeak ordainketa horretarako eskaera bat aurkeztu beharko du erregistroan, 2023ko otsailaren 6tik 10era bitartean, baldin eta programa etenik gabe gauzatu baldin bada 2022ko urriaren 1etik 2023ko otsailaren 3ra arte.

14.4. Konturako ordainketaren eskaerarekin batera, programaren memoria aurkeztuko du, eta bertan adieraziko ditu aldi horretan egindako jarduerak, epeak eta parte-hartzaileen kopurua, sexuaren arabera banatuta. Gainera, eskaera egiten den unera arte izandako gastuen eta diru-sarreren zerrenda bat aurkeztuko da. Ez da ez fakturarik ez ordainagiririk erantsi behar.

14.5. Ezin izanen dute konturako ordainketa jaso 14.2, 14.3, 14.4, 17. eta 18. apartatuetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek.

14.6. Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NKIk ordaindu beharreko edo ikastetxeak itzuli beharreko zenbatekoa, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

14.7. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio NKIk ikastetxe bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

15. Azken frogagiriak.

Azken frogagiriak programa bukatutakoan aurkeztuko dira, 2023ko ekainaren 5era arte, programa hasten denetik 2023ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuengatik, edo kasuan kasuko programa bukatzen den egunera arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bere izenarekin behar bezala identifikatutako agirietan:

Dokumentazio teknikoa:

  • Programaren memoria (deialdiaren VI. eranskina):

Dokumentazio ekonomikoa:

JUSTIFIKAZIO-ORRIA (deialdiaren VII. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.

  • Fakturak edo beste agiri baliokide batzuk, baita ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak ere.

1. Fakturen datak programa hasten den egunetik programa amaitzen den egunera artekoak izanen dira.

2. Faktura guztien ordainketa egunak programa hasten denetik 2023-6-5era artekoak izanen dira.

3. Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan.

4. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipena agertu beharko da, bai eta ikastetxeak atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izanaren justifikazioa ere.

16. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela gauzatzen ari programatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

17. Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

17.1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17.3. Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jarduera egiteko erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

17.4. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzeko, ezinbestekoa da eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, adierazten duena eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko praktikak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik. Adierazpen hori eskaera-orrian erantsi da (deialdiaren IV. eranskina).

17.5. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

17.6. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.7. Ikastetxe onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

17.8. Hartutako dirulaguntzak itzultzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan.

17.9. 18. oinarrian gardentasunari buruz adierazitako betebeharrak betetzea.

18. Gardentasun betebeharrak.

Ikastetxe pribatu eta itundu onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten ikastetxe pribatu eta itundu onuradunek aipatu foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, erakundearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean (VIII. eranskina).

19. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira ikastetxe eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20. Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

20.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan betetzen ez badu aurkeztutako programazioa, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

21. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen IX. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22. Errekurtsoak.

22.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

22.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

23. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Programaren ezaugarriak

1. Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, onartuko da hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektu bat aurkeztea.

1.2. Pandemia-egoerara itzuliz gero, osasun arloko agintariekin bat etorriz, kirol jarduera segurua babesteko beharrezko neurriak eta protokoloak hartuko dira.

1.3. Programa bakoitza prestatzea Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari dagokio bakarrik; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz ere arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.

1.4. Herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.5. Bermatu beharko da jardueren eskaintza diseinatzen eta antolatzen dela hezkidetzaren parametroei jarraituz, hau da, eskaintzen neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko dira, horrela ohiko kirol jarduera “femeninoen” eta “maskulinoen” arteko estereotipoak hauts daitezen.

1.6. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, oinarri hauetan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte, programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari, tituluei eta abarri dagokienez.

2. Programa motak eta iraupena.

2.1. Motak:

2.1.1. Jolasgaraian gauzatzen den programa.

Gutxienez 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean, gutxienez, 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.

2.1.2. Eskola-ordutegitik kanpo (jantoki orduetan edo arratsaldez) gauzatzen den programa.

Gutxienez ere 50 minutuko saiotan gauzatuko da, eta astean bitan gutxienez talde bakoitzeko.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean zehar gauzatuko da, eta gehienez 8 hilabete iraunen du, 2022ko urriaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra arte, edo gutxienez 6 hilabete.

Apartatu honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3. Programaren edukiak: jarduera motak.

3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.

3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, salbu ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez badu.

3.3. Ez da programa honen barnean sartuko iraupen-eskia egiteko kanpainan, bela kanpainan edo naturako jardueren kanpainan parte hartzea, ez eta Gorputz Hezkuntza irakasgaian programatzen diren jardueretan parte hartzea ere, hala nola bizikletan ibiltzea, mendira joatea, piraguan ibiltzea, abentura parkera joatea, eta abar.

3.4. Programak bi jarduera mota biltzen ahalko ditu:

Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak beharrezko tresnak izan ditzan adinean gora egin ahala, ohitura osasuntsuak eskuratzeko.

a) Jarduera fisiko eta kirolekoak.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarriak dauden beste programa batzuei lotuak ez dauden gorputz eta kirol jarduerak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri direnak, heziketaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

Jarduera motak:

a.1. Aisiari lotuak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, parte-hartzaileek egiten dituzten irakaskuntzen curriculuma garatzen laguntzen dutenak, eta batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotuak.

a.2. Lehiaketetakoak.

Kirol hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira.

Ezin izanen dira sartu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez eskaintzen dituen gorputz eta kirol modalitateak.

b) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak.

Gorputz Hezkuntzako arloak edo departamentuak koordinatutako jarduerak dira, ikasleen prestakuntza integrala osatzeko, osasunarekin, ongizatearekin, ohitura osasungarriekin eta abarrekin lotutako eduki teoriko-praktikoen bidez.

Jarduera horiek jolasgaraian edo eskola-ordutegitik kanpo egin beharko dira.

4. Langileak.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: Ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar den kualifikazioa eta esperientzia izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.

–Laguntzako langileak: Programa gauzatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko du; betiere, arduradunaren oniritzia duela.

–Gorputz eta kirol jarduerak zuzentzen dituzten langileak (irakasleak alde batera utzita). Baldintzak:

1.–Beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere.

2.–Uztailaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuarekin bat (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/130/0), zeinaren bidez Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren akreditazioa arautu baitzen; adierazi behar da kirol arloko lanbideetako batean (entrenatzailea, kirol monitorea eta boluntarioak barne) aritzen diren pertsona guztiek egiaztatu behar dutela foru dekretu honek eskatzen duen lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza dutela. Bestela, ezin izanen dute profesional edo boluntario moduan jardun.

4.3. Aipatu langileek ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, zein den ere programan betetzen duten eginkizuna.

4.4. Langile horiek guztiek, programan eginkizunen bat betetzen badute, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, 13. artikuluko 5. apartatuan (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), honako hau ezartzen du: “Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko”.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarrituriko murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6. Instalazioak.

Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren instalazioak eskura jartzeaz.

7. Laguntza teknikoa.

Ikastetxeek, beren programa gauzatzeko, kanpoko eragileen laguntza izan dezakete, hala nola toki-erakundeena, kirol federazioena, kirol klubena, kirol kudeaketako enpresena eta beste edozein kirol erakunderena.

8. Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA

Baremoa

Eranskin honetan ezartzen da 2022-2023 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen ikastetxe publiko eta pribatuen dirulaguntza-eskaerak baloratzeko baremoa.

Balorazio irizpideak: 62 puntu gehienez.

1.–Eragin eremua hezkuntza eremuan: 3 puntu gehienez.

–Gorputz Hezkuntzako irakasleak: 1 puntu.

–Hezkuntza komunitatea: 2 puntu gehienez.

  • Ikasle laguntzaileak: 0,5 puntu.
  • Beste irakasgai batzuetako irakasleak: 0,5 puntu.
  • Irakasle ez diren langileak: 0,5 puntu.
  • Guraso-elkartea: 0,5 puntu.

2.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia: 6 puntu.

Hiru inguruabar hauek batera gertatzen diren ikastetxeek 6 puntu jasoko dituzte, eta bat edo bi gertatzen badira, 0 puntu.

a) Landa eremuan kokatutako ikastetxea.

b) Inguruko udalerrietako ikasleen kontzentrazioa.

c) Ikastetxean matrikulatutako ikasleak 100 baino gutxiago izatea.

3.–Egoera ekonomiko ahuleko ikasleak dituen ikastetxea: 20 puntu, gehienez.

Hezkuntza Departamentuak jasotako estatistika-datuen arabera baloratua.

–%60: 10 puntu.

–%70: 15 puntu.

–%80tik gora, 20 puntu.

4.–Zer hezkuntza mailatarako den programa: 6 puntu gehienez.

Ikastetxe arruntetarako baino ez:

Programa zer hezkuntza mailatarako den baloratuko da: 0,5 puntu maila bakoitzeko.

(Mailak: Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak // DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak // Batxilergoko 1. eta 2. mailak).

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako baino ez:

–Oinarrizko prestakuntza. (3 puntu).

–Lanbide Heziketa. (3 puntu).

5.–Gauzatu beharreko programak: 5 puntu gehienez.

–Jolasgaraietako programa. (1 puntu).

–Jantoki orduetako programa. (2 puntu).

–Arratsaldeko programa. (2 puntu).

6.–Aurreikusitako ekintzak: 9 puntu gehienez.

–Kirolean hasteko jarduera kopurua. (3 puntu gehienez).

  • 0,3 puntu/jarduera.

–Josteta eta aisiako jarduera kopurua. (3 puntu gehienez).

  • 0,3 puntu/jarduera.

–Gauzatu beharreko jarduera osagarri edo prestakuntzakoen kopurua. (gehienez ere 3 puntu).

  • 0,5 puntu/jarduera.

7.–Programaren iraupena: 8 puntu gehienez.

–6 hilabete bitarte (6 puntu).

–7 hilabete bitarte (7 puntu)

–8 hilabete bitarte (8 puntu)

8.–Genero ikuspegia: 2 puntu gehienez.

Baloratuko da proiektua idaztean, hizkeraren erabilerari dagokionez, genero ikuspegia kontuan hartzea.

2 puntu baldin eta testu osoan genero ikuspegia erabiltzen bada, puntu 1 batzuetan erabiltzen bada, eta 0 puntu erabiltzen ez bada.

Iragarkiaren kodea: F2211036