130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

63/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 15ekoa, Nafarroan kirol arloko lanbideetan aritzeko lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzea arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena ematen dio kirola sustatzearen arloan. Orobat, eta aipatu lege organikoaren 44.26 artikuluari jarraikiz, Nafarroak eskumen esklusiboa du profesionalen elkargoen arloan eta tituludun lanbideetan jardutearen arloan.

Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumen horiek baliatuz eman zen apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legea, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoa. Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautzen ditu, berariaz adierazten du zein diren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezartzen du, eta aditzera ematen du lanbide horietako bakoitzean sartzeko zer kualifikazio eskatzen den.

Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 17. artikuluak ezarri duenez, foru lege horretan araututako lanbideren batean ari diren guztiek, baldin kirol jardueretan ari badira presentzia fisikoa izanik, barnean direla boluntarioak, lehen laguntzako prestakuntza frogatu beharko dute; hasierako prestakuntzatzat jo behar da hori, zeren artikulu berean ezartzen baita lehen laguntzako hasierako prestakuntza eguneratzeko ikastaroetan ere parte hartu beharko dutela kiroleko profesionalek.

Aurreikuspen horrekin batera, legeak agindu bat dakar: kirol eta osasun arloetan eskudun diren departamentuen ekimenez, erregelamenduz ezarri behar dira aipatutako hasierako prestakuntza frogatzeko eta eguneratzeko baldintzak eta prozedura.

Foru dekretu honek lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzeko ezartzen duen sistema erantzukizunpeko adierazpenean oinarrituta dago, sistema hori aurreikusten baita, arau orokor gisa, Kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 11. artikuluan.

Foru dekretu hau prestatzeko prozeduran kontsulta egin zaie berariaz Nafarroan ordezkaritza handiena duten sindikatuei, horrela ezartzen baitu Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriak.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorriz eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 15eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Foru dekretuaren xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzeko eta eguneratzeko baldintzak eta prozedura arautzea (hasierako prestakuntza hori Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 17. artikuluan eskatzen da).

2. Arau honen eremutik kanpo gelditzen da kanpoko desfibriladoreak erabiltzeko behar den prestakuntza, urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretuaren bidez arautuko baita (dekretu horrek kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa eta horiek erabiltzeko prestakuntza arautzen ditu). Era berean, profesionaltasun ziurtagirietan eta hezkuntza tituluetan lehen sorospenei buruz dauden gaitasun unitateak egiaztatzeko behar den prestakuntza arautzea foru dekretu honen eremutik kanpo gelditzen da.

2. artikulua. Lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren eskakizuna.

1. Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean araututako kirol arloko lanbideren batean Nafarroan aritzen diren guztiek, baldin kirol jardueretan ari badira presentzia fisikoa izanik, barnean direla boluntarioak, lehen sorospenei buruz gutxienez ere sei orduko prestakuntza teoriko-praktikoa jaso beharko dute foru dekretu honetan ezarritako eran. Prestakuntza horren gutxieneko edukia eta programa izanen dira Kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa arautzen duen urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretuaren II. eranskinean (Hasierako prestakuntzaren ikastaroko programa) ezarritakoak. Gutxieneko prestakuntzaren sei ordu horietatik hiru, gutxienez, aurrez aurrekoak izanen dira.

2. Gorputz Hezkuntzako irakaskuntza lanbide bakarra izan eta Administrazio Publikoarekin administrazio edo lan zuzenbideak araututako zerbitzu-harremana duten pertsonek ikasturte bakoitzean bete behar dituzten prestakuntza orduen barnean egin beharko dute prestakuntza jarduera hori. Hortaz, hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak prestakuntza jarduera hori jasoko du Irakasleen Prestakuntza Planean.

3. Interesdunak ez badu Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatutako lanbide kualifikazioa lege horrek arautzen dituen lanbideetan aritzeko, baina lege horren lehen eta bigarren xedapen iragankorretan azaltzen diren egoeretako batean badago, berak ere foru dekretu honetan ezarritako moduan frogatu beharko du lehen sorospenetako hasierako prestakuntza duela.

3. artikulua. Lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren eguneratze teoriko-praktikoaren eskakizuna.

1. Kirol arloko profesionalek, bai eta boluntarioek ere, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean aipatzen diren horiek, aldian behin prestakuntza ekintzetan parte hartu beharko dute lehen sorospenetako hasierako prestakuntza teoriko eta praktikoa eguneratzeko.

2. Eguneratze hori foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera onartuta dauden zentroetan egin beharko da, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

3. Gorputz Hezkuntzako irakaskuntza lanbide bakarra izan eta Administrazio Publikoarekin administrazio edo lan zuzenbideak araututako zerbitzu-harremana duten pertsonek ikasturte bakoitzean bete behar dituzten prestakuntza orduen barnean egin beharko dute eguneratze hori. Hortaz, hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak prestakuntza jarduera hori jasoko du Irakasleen Prestakuntza Planean.

4. Prestakuntza jarduera horiek bi urtean behin egin beharko dira, gutxienez ere; aurrez aurreko bi orduko iraupena izanen dute, gutxienez; eta gutxieneko edukia eta programa izanen dira Kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa arautzen duen urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretuaren III. eranskinean (Etengabeko prestakuntzaren aurrez aurreko saioaren programa) ezarritakoak.

5. Eguneratzea Nafarroako Kirolaren Institutuan aurkeztu beharko da, haren web atarian argitaratuko den erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliz, eta Nafarroako Kirolaren Erregistroko Lanbideen Atalean inskribatuko da.

4. artikulua. Lanbidean hasi ahal izateko ziurtagiriaren edo titulazioaren bidez prestakuntza frogatzea.

1. Lehen sorospenetako hasierako prestakuntza frogatzen ahalko da kasuan kasuko lanbidean hasteko eta jarduteko gaitzen duen ziurtagiriaren bidez edo titulazio akademikoaren bidez.

2. Egiaztatze sistema hori baliozkotzat joko da baldin eta frogatzen bada lehen sorospenei buruz gutxienez sei orduko prestakuntza jaso izana kasuan kasuko ikasketa planaren arabera, eta prestakuntzak barnean hartzen baditu bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko oinarrizko ezagutzak.

5. artikulua. Prestakuntza frogatzea, lanbidean hasi ahal izateko ziurtagiriak edo titulazioak halako prestakuntzarik barnean hartzen ez duenean.

1. Lanbidean hasteko eta jarduteko gaitzen duen ziurtagiriak edo titulazio akademikoak ez badu berariaz barnean hartzen lehen sorospenetako hasierako prestakuntza, honako egoera hauetako batean dauden pertsonei frogatutzat emanen zaie lehen sorospenei buruz behar duten prestakuntza:

a) Lanbide Heziketako hainbat titulutan ematen den “0020. Lehen Sorospenak” lanbide modulua gainditu izana.

b) “UC0272-2: Lehen esku-hartzea egitea istripu edo larrialdietan” gaitasun unitatea egiaztatzeko moduan egotea, dela hainbat profesionaltasun ziurtagiritako “MF0272-2: Lehen Sorospenak” prestakuntza modulua gainditu dutelako, dela gaitasun unitate hori jada egiaztatua dutelako lanbide gaitasuna ebaluatu, aitortu eta egiaztatzeko prozeduraren bitartez, edota Lanbide Heziketako tituluren batean gainditutako lanbide moduluren batek gaitasun unitate hori egiaztatzeko balio duelako.

c) Kirol teknikariaren edo kiroleko goi mailako teknikariaren edozein titulu ofizial edukitzea.

d) Foru dekretu honen babesean onartutako zentro batean prestakuntza ikastaro bat gainditu izana frogatu ahal izatea, lehen sorospenak ikasten gutxienez sei ordu egin badituzte eta prestakuntzak barnean hartzen baditu bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko oinarrizko ezagutzak. Osasun arloan eskumena duen departamentuak onartutako zentro batek emandako prestakuntza izan behar du, eta foru dekretu honen 2. artikuluan aurrez aurreko prestakuntzari buruz ezarritakoa bete behar du.

2. Norbaitek lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatua duela pentsatuko da, nahiz eta lanbidean hasteko titulazioak gaitasun hori barnean ez hartu, baldin eta, kiroleko profesionala izanik, osasun arloko unibertsitate titulu edo lanbide heziketako titulua ere badu, non gutxienez sei orduko prestakuntza-edukia biltzen den lehen sorospenei buruz, foru dekretu honen 2. artikuluan aurrez aurreko prestakuntzari buruz ezarritakoa betez.

6. artikulua. Lehen sorospenei buruzko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

1. Nafarroan kiroleko lanbideren batean presentzia fisikoa izanik aritu nahi duten guztiek lehen sorospenetako prestakuntza frogatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz Nafarroako Kirolaren Institutuan. Adierazpena egiteko eredu normalizatuak argitaratuko dira haren web atarian, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak eskatzen dituen lanbide kualifikazioak dituzten pertsonentzat eta lege horren lehen eta bigarren xedapen iragankorren arabera behin-behineko gaikuntza behar duten pertsonentzat.

2. Erantzukizunpeko adierazpena egiten duenak esan behar du, bere erantzukizunaren pean, foru dekretu honetan lehen sorospenetako prestakuntza dela-eta ezarritako betekizunak betetzen dituela, baduela hori frogatzeko dokumentazioa eta Nafarroako Kirolaren Institutuari eskuratuko diola, hala eskatzen bazaio, eta aurreko betebeharrak betetzen segitzeko konpromisoa hartzen duela lanbidean diharduen bitartean.

Erantzukizunpeko adierazpena egiteko Nafarroako Kirolaren Institutuak bere web atarian argitaratuko dituen eredu normalizatuek gutxieneko eduki hau izanen dute:

a) Prestakuntzaz arduratu den ikastetxe, entitate edo administrazioaren datuak.

b) Prestakuntza noiz jaso den.

c) Ikaslearen datu pertsonalak.

d) Ikastaroaren edukia eta prestakuntza orduen kopurua (ordu presentzialak eta ez-presentzialak).

3. Boluntarioek ere erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute Nafarroako Kirolaren Institutuan, baina ez da inskribatuko Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kiroleko Profesionalen Atalean.

4. Foru dekretu honetan aurreikusten ez den guztirako, Nafarroako Kirolaren Erregistroari buruzko eta Nafarroan kirol-lanbidean hasteko eta jarduteko gaikuntzari buruzko foru dekretuek arautuko dute erantzukizunpeko adierazpena.

7. artikulua. Foru dekretu honek indarra hartu ondoren lehen sorospenetako hasierako prestakuntza emateko onartutako zentroak.

1. Foru dekretu honen ondorioetarako lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzeko edo eguneratzeko ikastaroak eman nahi dituzten zentroen titular diren pertsona edo entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute osasun arloko eskumena duen departamentuan, foru dekretu honen I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera, eta prestakuntza gauzatzeko erabiliko dituzten giza baliabideei eta materialei dagokien dokumentazioa erantsi beharko dute.

2. Prestakuntza hori eman nahi duten zentroak onartzeko prozedura eta izapideak kanpoko desfibriladore automatizatuen erabilerari buruzko prestakuntza ematen duten entitateentzat urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretuan ezarritakoak izanen dira (dekretu horrek kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa arautzen du).

Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea aski izanen da zentroa foru dekretu honen ondorioetarako onartuta egon dadin, adierazpena aurkezten den egunetik beretik, deusetan galarazi gabe Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.

3. Osasun arloko eskumena duen departamentuak noiznahi eskatzen ahalko du aipatu baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkezteko, eta interesdunak aurkeztu egin beharko du.

4. Erantzukizunpeko adierazpen batean sartutako datu edo informazioren bat funtsean okerra edo faltsua bada, edo erantsi beharrekoren bat falta bada, edo osasun arloko departamentu eskudunari ez bazaio aurkezten adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatutako dokumentazioa, zentroak onarpena galduko du, izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak deusetan galarazi gabe.

Halaber, osasun arloko departamentu eskudunak, gorabehera horiek deklaratzeko ebazpenean, adierazten ahalko du interesdunak onarpenaren aurreko unera bihurtu behar duela egoera juridikoa, eta epe jakin bat iragan arte ezin izanen duela xede berarekin beste prozedura bat abiarazi.

5. Foru dekretu honen I. eranskinean erantzukizunpeko adierazpenerako ezarri den eredua beti egonen da argitaratuta eta eguneratuta, interesdunek erraz eskuratzeko moduan.

8. artikulua. Ziurtagiriak.

1. Ikastaroa amaitu eta gainditu ondoren, ikastaroa egin izanaren ziurtagiria emanen du entitate edo pertsona prestatzaileak, osasun arloan eskumena duen departamentuak onesten duen ereduari jarraituz.

2. Entitate edo pertsona prestatzaileek egindako ikastaroen eta jaulkitako ziurtagirien barne erregistroa izan beharko dute.

3. Foru dekretu honetan aipatutako prestakuntza egiaztatzeko balio bera izanen dute beste autonomia erkidego batzuetan edo Europar Batasuneko beste estatu batzuetan, indarreko araudiekin bat, antzeko ikastaroak ematen dituzten entitateek edo pertsonek jaulkitako ziurtagiriek.

Xedapen iragankor bakarra.–Lehen sorospenetako prestakuntzarik gabe lanbideetan aritzea 2019ko apirilaren 12aren aurretik.

Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Legeak indarra hartu zuenean foru dekretu honetan jasotako lehen sorospenetako kualifikazio eskakizuna betetzen ez zuten kirol arloko profesionalek 2022ko irailaren 1a arte jarraitzen ahalko dute beren lanbide-jardueran.

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau aplikatzeko ahalmen orokorra.

Ahalmena ematen zaio kirolaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari, foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan, osasun arloan eskumena duen departamentuak aurretik aldeko txostena eginda.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko ekainaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakariorde lehena, Javier Remírez Apesteguía.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2208908