172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

AKATS ZUZENKETA, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 480/2022 Ebazpenarena, zeinaren bidez onesten baita Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontroleko protokoloa, amorruari eta hidatidosiari dagokienez, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontroleko zerbitzu hori emanen duten profesionalak gaitzeko prozedura ezartzen baita eta animalien isolamendua eta berrogeialdia bermatzeko behar diren ostatu zerbitzuak ematen dituzten lagun egiteko animalien zentroak baimentzen baitira.

Ebazpen hori 2022ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 12koan. Bineten transkripzio oker baten ondorioz, I. eranskineko 3.2.c) artikuluan “o” letra agertu zen paragrafo batzuen ondoan, eta horrek jatorrizko testua aldatzen zuen eta nahasmena eragin zezakeen.

Akatsa zuzentzen da I. eranskineko testu osoa zuzenduta argitaratuz.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

I. ERANSKINA

Ukrainatik errefuxiatuekin batera datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolerako, kontrola eginen duten albaitarien gaikuntzarako eta lagun egiteko animaliek isolamendua egiteko zentro pribatuak baimentzeko prozedura

1. artikulua. Xedea.

Ebazpen honen xedea da, batetik, Ukrainatik errefuxiatu moduan etorri diren eta Nafarroako Foru Komunitatean hartu diren jabeek ekarritako lagun egiteko animalien osasun kontrola egiteko prozedura ezartzea eta, bestetik, bi prozedura onestea: lehena, albaitari klinikoak eta albaitaritzako laguntza klinikoa emateko xede soziala duten pertsona juridikoak gaitzekoa –horri esker, eskatzen diren albaitaritza kontrolak egiten ahalko dituzte– eta, bigarrena, egonaldi zerbitzua eskaintzen duten lagun egiteko animalien zentro pribatuak baimentzekoa –animaliek berrogeialdia egin behar badute–.

Lagun egiteko animalien osasun kontroleko prozedura moldatzen ahalko da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren balizko gomendioen eta horien ondoriozko jarduketa protokolo nazionalaren eguneratzearen arabera.

2. artikulua. Jarduketen koordinazioa.

Nafarroako Gobernuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Animalien Ongizatearen Atalak koordinatuko ditu animalien osasun kontrolari dagozkion jarduketak.

3. artikulua. Jarduteko prozedura:

3.1. Iritsi direla jakinaraztea. Ukrainatik errefuxiatuekin batera lagun egiteko animaliaren bat iristen denean, agintaritza edo entitate publiko zein pribatuek edo osasun publikoari edo animalien osasunari lotutako profesional orok berehala emanen dio horren berri Nafarroako Gobernuaren Animalien Ongizatearen Atalari. Komunikazio hori posta elektroniko bidez eginen da, honako helbidera idatzita: bienestar.animal@navarra.es. Honako telefono zenbaki hauen bidez ere egiten ahalko da: 848 426225 - 848 423926 - 848 426691. Komunikazio horretan animaliari buruzko datuak, jabeari buruzkoak eta Espainian daukaten harremanetarako pertsonari buruzkoak eman beharko dira.

Animalien Ongizatearen Atala errefuxiatuarekin edo harremanetarako pertsonarekin jarriko da harremanetan, eta bere lagun egiteko animaliak egin beharreko nahitaezko albaitaritza kontrola egiteko dauden albaitari gaituen zerrenda emanen zaio. Zerrenda hori eskuragarri egonen da www.covetna.org webgunean.

3.2. Albaitari kliniko gaituak eginiko osasun kontrola. Errefuxiatua edozein albaitari gaiturengana joan beharko da, honako jarduketak ahalik eta azkarren egin daitezen:

a) Identifikazioa: Animalia mikrotxipez identifikatuta baldin badago eta irakurgarria baldin bada, ez da beharrezkoa izanen berriro identifikatzea. Bestela, mikrotxipez identifikatuko da. Dena den, animaliari alta emanen zaio Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan.

b) Echinococcus multilocularisen kontrako tratamendua. Albaitari gaituak animalia horiek tratatuko ditu baimendutako albaitaritza-medikamentu batekin, zeinak izanen baitu praziquantelaren edo substantzia farmakologikoki aktiboen dosi egokia, substantzia horiek, bakarrik edo beste batzuekin konbinatuta, frogatu badute ukitutako espezie ostalarietako Echinococcus multilocularisen hesteetako forma helduen eta heldugabeen karga murrizten dutela.

Albaitariak animaliak jasotako tratamenduaren berri jasoko du erregistroan.

c) Amorruaren kontra txertatzea eta/edo antigorputzen titulaziorako odola ateratzea: albaitari gaituak amorruari dagokionez animaliaren egoera zein den ebaluatu beharko du. Horren arabera, hainbat jarduketa posible daude:

–Eskuragarri dagoen dokumentazioaren bidez egiaztatzen bada animalia Ukrainan txertatua izan dela, albaitari gaituak bi aukera ditu:

  • antigorputzen titulaziorako odola aterako dio.
  • edo unean bertan berriz jarriko dio amorruaren kontrako txertoa.

–Animalia Europar Batasunera sartzean txertatua izan dela egiaztatzen duen dokumentaziorik badago eta

  • 30 egun baino gehiago igaro badira ordutik: odola aterako zaio.
  • bestela, aldi hori igarotzeko zain egonen da eta jabeari hitzordua emanen zaio txertaketa egin denetik 30 egunera odola ateratzeko.

–Animalia ez badago txertatuta, albaitari gaituak lehen txertoa jarriko dio, txertoaren erabilera orriaren arabera, eta jabeari hitzordua emanen dio txertaketa egin eta 30 egunera odola ateratzeko.

–Antigorputzen titulazioan kontrako emaitza lortu bada, Animalien Ongizatearen Atalak jabeari eta albaitariari jakinaraziko die, eta animaliari hauetako bat egin beharko zaio:

  • berriz ere odola atera, baldin eta animalia Ukrainan txertatua izan zela egiaztatu bada.
  • edo aurreko txertatzetik 2 hilabetera berriz txertatu, baldin eta animalia EBra sartzean txertatua izan bazen edo txertatu gabe bazegoen. Azken kasu horretan, azken txertoa jaso duenetik 30 egunera berriz aterako zaio odola.

–Ukrainan txertatutako animalia baten kasuan, bigarren titulazioaren emaitza ere kontrakoa bada, Animalien Ongizatearen Atalak jabeari eta albaitariari jakinaraziko die, aurreko txertoa jaso zuenetik 2 hilabetera berriz txertatu beharko baita eta hortik 30 egunera odola atera beharko baitzaio berriz.

–Gainontzeko kasuetan, bigarren titulazioaren emaitza berriz ere kontrakoa baldin bada, albaitari gaituak ez du beste jarduketarik eginen, berrogeialdia amaitu arte. Berrogeialdia 6 hilabetekoa izanen da gehienez, animaliari lehenbizikoz odola ateratzen zaionetik. Prozedura bera izanen da Ukrainan txertatuak izan diren eta hirugarren titulazioan kontrako emaitza izan duten animalien kasuan.

Albaitariak animaliak jasotako txertaketen berri jasoko du erregistroan.

d) Odol lagina hartu eta laborategira bidaltzea, txertatu ondoko amorruaren aurkako antigorputzen kuantifikazioa egiteko. Odola ateratzen ahal den kasuetan, laginaren analisia Granadako Animalien Osasuneko Santa Fe Laborategi Nagusian eginen da.

Laborategiak analisiaren buletina Animalien Ongizatearen Atalera bidaliko du.

3.3. Kontrolaren emaitza: jarduketak. Albaitari gaituek Ukrainatik datozen animaliekin eginiko jarduketa guztien berri emanen diote Animalien Ongizatearen Atalari, hurrengo 24 orduen barruan, posta elektroniko bidez mezu bat bidaliz bienestar.animal@navarra.es helbidera, mezuaren gaian honako hauek adierazita: klinikaren izena, eta jarraian “Ukrainako animalien arreta” eta artatu duten animaliaren izena.

Lehen jarduketan, ahal den neurrian, jabeari eta animaliari buruzko datuak emanen dira, baita 3.2 apartatuan ezarritakoaren arabera eginiko osasun kontroleko jarduketak ere.

Hurrengo bisitetan, bisitaren xede diren jarduketei buruzko informazioa baino ez da eman beharko; nolanahi ere, egoki diren bestelako informazioa eta oharrak ere jakinaraziko dira.

3.4. Berrogeialdia: Albaitari kliniko gaituak amorruari dagokionez eginiko ebaluazioaren eta serologiaren emaitzaren arabera, animalia etxeko isolamenduan gelditzen ahalko da bere jabearekin, edo zentro batean egin beharko du berrogeialdia. Erabakia Animalien Ongizatearen Atalak hartuko du, kasuen arriskuak banan-banan aztertu ondotik.

Arriskuaren arabera berrogeialdia jabearen bizilekuan egitea egokitzat hartzen ez denetan, oro har, Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentroan, Etxaurin, edo Iruñeko Udalaren Etxe-animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentroan eginen dute.

–Animalia katu bat baldin bada, erreferentziako zentroa Iruñeko Udalaren Etxe-animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentroa izanen da.

–Animalia txakur bat baldin bada, Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentroa (Etxauri) izanen da erreferentziakoa.

Animaliak berrogeialdia ezin badu han egin, leku falta dagoelako, baimendutako lagun egiteko animalien zentro pribatu batera eramanen da.

3.5. Europako pasaportea egitea: kasu bakoitzari dagokion berrogeialdia bukatu ondotik, animaliaren jabea berriro joanen da albaitari gaituarengana, Europako pasaportea egiteko. Albaitariak Animalien Ongizatearen Atalari jakinaraziko dio jarduketa hori, osasun kontrolari buruzko atalean azaldutako prozedura berari jarraituz.

Pasaportea egiten denean bukatutzat emanen dira Ukrainatik datorren lagun egiteko animalia baten osasun kontrolari dagozkion jarduketak.

3.6. Animaliak onartzen ez dituzten ostatuan bizi diren errefuxiatuak: errefuxiatuei lehen arreta egiten dieten entitateek lagun egiteko animaliarik onartzen ez den bizileku batera bideratu behar badituzte, Animalien Ongizatearen Atalari jakinaraziko diote; horrek animaliaren ardura hartuko du bere gain eta haren bizilekua kudeatuko du.

Entitateak, eskaera egiteko, mezu elektroniko bat bidaliko du bienestar.animal@navarra helbidera, edo, bestela, 848 426225 - 848 423926 - 848 426691 harremanetarako telefonoetara deituko du. Animaliari, jabeari eta Espainiako harremanetarako pertsonari buruzko datuak emanen ditu; zehazki, hauek:

–Errefuxiatuak artatzen ari den pertsonaren izena eta harremanetarako telefonoa.

–Animaliaren tamaina, eta ba ote duen dokumentaziorik, garraiatzailerik, uhalik, eta abarrik.

Animalia jasotzeko kudeaketa Animalien Ongizatearen Atalak eginen du, eta, ondotik, txakurra baldin bada, Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora, Etxaurira, bidaliko da; katua baldin bada, aldiz, Iruñeko Udalaren Etxe-animaliak Artatzeko eta Adoptatzeko Zentrora bidaliko da. Kasu batean zein bestean, albaitaritzako jarduketak zentro horietako zerbitzuek eginen dituzte.

Zentro horietan lekurik ez badago eskaera egiten den unean, animalia bidaliko da lekua duen zentro baimendu batera, eta lehentasuna izanen du animaliaren jabearen bizilekutik hurbilen dagoenak.

4. artikulua. Albaitari klinikoen gaikuntza.

Gaikuntza lortzeko baldintzak.

4.1. Aurreko artikuluan deskribatutako lagun egiteko animalien osasun kontrola egiteko gaituak izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Lanbide helbidea, albaitaritzako kontsulta edo klinika izatea.

b) Txertatzeko behar den tresneria klinikoa, ibilgailua eta egindako jarduketen kudeaketa informatizatua ahalbidetuko duten tresna eta sistema informatikoak izatea.

c) Gaikuntza aldian indarrean izatea lanbide erantzukizun zibileko poliza, edo bestela elkargoko poliza kolektiboaren estaldura osoa edukitzea, elkargoko kide izateko kuotak egunean edukitzearen ondorioz.

4.2. Aipatu gaikuntzaren babesean Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko zerbitzua eskaintzeko beren burua aurkezten duten profesional guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lege indardunaren arabera lanbidean jardutea ahalbidetzen dien albaitari titulua izatea eta Albaitarien Elkargoko kide izatea.

b) Lanbidean jarduteko desgaitua ez egotea.

c) Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalaren jarraibideak eta gomendioak betetzea.

d) Lanbide elkargoei buruzko legeria indarduna betetzea.

5. artikulua. Gaikuntza eskuratzeko prozedura.

5.1. 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, ebazpenean ezarritakoarekin bat, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko zerbitzua eman nahi badu, gaikuntzarako eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialean, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

5.2. Nafarroako Albaitarien Elkargoak behar diren egiaztapenak eginen ditu egiaztatzeko eskatzailea elkargoko kide dela, desgaitua izateko ziorik ez duela, elkargoko kide izateko kuotak egunean dituela (hala badagokio), eta erantzukizunpeko adierazpena sinatuta dagoela. Egiaztapenak eginikoan, Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalari helaraziko zaio lagun egiteko animalien osasun kontrolak egiteko albaitari gaitu gisa arituko diren albaitari kliniko boluntarioen zerrenda. Printzipioz, 2022ko abenduaren 31ra arte, edo aurrerago arte, Ukrainan gerra egoerak irauten badu.

5.3. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskaera eta erantzukizunpeko adierazpenarekin batera sinatzailearen ordezkaritza frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, eta erakundearen besteren konturako langile gisa osasun kontroleko lanak beteko dituzten albaitari klinikoen zerrenda.

5.4. Animalien Ongizatearen Atalak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du eta akatsak baditu edo zalantzak sortzen baditu, eskatzaileari zuzentzeko edo argitzeko eskatuko zaio, edo beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa ekartzeko. Hori egiteko hamar egun balioduneko epea eman, eta adieraziko zaio epe horretan egin ezean gaikuntza baliogabetuko zaiola ezarritako betekizunak ez betetzeagatik.

6. artikulua. Pertsona gaituen betebeharrak.

Gaikuntza erdietsi duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek izanen ditu, gaikuntzaren indarraldian zehar:

a) a) Bermatzea betetzen direla gaikuntza lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Animalien Ongizatearen Atalari komunikatzea osasun kontrolak egiteko gaikuntzaren baldintzetan gertatzen den aldaketa oro.

c) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

e) Gaikuntzaren aldi osoan bermatzea lanbide erantzukizun zibileko poliza indarrean dagoela, edo elkargoko kuoten ordainketa egunean izatekoa betebeharra beterik duela.

f) Osasun kontroleko zerbitzua ematean Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalaren jarraibideak eta gomendioak betetzea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

h) Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak egiten dituen ikuskatze jarduketak erraztea, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera.

i) Aipatutako erakundeari jarraitutasunez eta berehalakoan ematea Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako osasun jarduketen garapenaren kontrola egiteko behar den informazioa.

7. artikulua. Pertsona gaituei gastuak ordaintzea.

7.1. Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak ordainduko dizkie albaitari gaituei, betiere justifikatu ondoren, amorruaren eta hidatidosiaren gaineko osasun kontrolari dagozkion gastuak. Hona hemen zenbatekoak:

Amorruaren aurkako txertoa

24,8 euro

Praziquantel, Echinococcus multilocularisen kontrako desparasitaziorako

8,26 euro

Sedatzea, odola ateratzeko beharrezkoa denean

16,5 euro

Odol laginak laborategira eramatea

24,8 euro

Ezarritako kopuruei kasuan-kasuan dagokion BEZa erantsiko zaie.

Ordainketa pertsona fisiko edo juridiko gaituari eginen dio Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak banku transferentzia bidez, eginiko albaitaritzako jarduketak alderatu eta egiaztatutakoan.

2022an egiten diren jarduketak ordainduko dira, baita 2023koak ere, baldin eta Ukrainan gerra egoerak irauten badu, horretarako aurrekontu kreditu nahikoa baldin badago.

7.2. Albaitari kliniko gaituek ezin izanen dute protokolo honetan aurreikusten diren jarduketak egiteagatik inolako ordainik jaso errefuxiatuengandik.

7.3. Animalien Ongizatearen Atalak albaitari gaituek fakturatu eta aurkeztutako albaitaritza jarduketen datuak egiaztatuko ditu.

7.4. Eginiko jarduketen ordainketa hilero eginen da, aurreko hilabetean aurkeztutako justifikazioen arabera.

8. artikulua. Gaikuntza iraungitzeko zioak.

Honako arrazoi hauengatik iraungiko da gaikuntza:

a) Pertsona gaituak berariaz uko egitea osasun kontroleko zerbitzuak ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, funtzionamenduaren gaineko osasun-baimena iraungitzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea ez gaikuntzarako behar diren baldintzak, ez gaikuntzatik eratorritako betebeharrak edo ebazpen honetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, gaikuntzarako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo izandako aldaketen berri ez ematea.

d) Ez betetzea Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta haiek garatzen dituen araudia, aplikatzekoa den orotan.

9. artikulua. Lagun egiteko animalien zentro pribatuak baimentzea. Baimena emateko baldintzak:

9.1. Jabe errefuxiatuekin batera Ukrainatik datozen lagun egiteko animalien ostatu izateko baimentzen ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona edo entitate pribatuak:

a) Lagun egiteko animalia batek isolatuta ostatu hartzeko instalazio egokiak izatea.

b) Isolatuta egoteko zenbat leku erabilgarri dauden eta hartzen ahal dituzten animalia espezieak adieraztea.

c) Albaitaritzako laguntza propioa edo hirugarrenekin hitzartua izatea.

d) Lagun egiteko animaliak izateko desgaituta ez egotea eta azken bi urteetan administrazio zigorrik zein zigor penalik jaso ez izana animalien osasun eta/edo ongizateari buruzko araudia ez betetzeagatik.

e) Animaliak edukitzeagatiko erantzukizun zibila estaltzen duen erantzukizun zibileko asegurua izatea.

9.2. Ostatu zerbitzua ematen duten pertsona edo entitateek Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalaren jarraibideak eta gomendioak bete beharko dituzte.

10. artikulua. Gaikuntza eskuratzeko prozedura.

10.1. 9. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, ebazpenean ezarritakoarekin bat, Ukrainatik datozen lagun egiteko animalientzako berrogeialdia egiteko ostatu zerbitzua eman nahi badu, baimen eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalari dagokion eranskinean ageri den ereduaren arabera.

10.2. Animalien Ongizatearen Atalak egiaztatuko du betekizunak betetzen ote diren, eta ikuskapen bisita eginen du instalazioetara; eskatzaileak bisita hori onartu beharko du. Egiaztapenak egin ondotik instalazioek berrogeialdian dauden lagun egiteko animalientzako ostatu zerbitzua eskaintzeko baimena jasoko dute 2022ko abenduaren 31ra arte, edo aurreragora arte, Ukrainan gerra egoerak irauten badu.

11. artikulua. Baimendutako zentroen betebeharrak.

Baimena eskuratu duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek izanen ditu, gaikuntzaren indarraldian zehar:

a) Bermatzea betetzen direla gaikuntza lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Animalien Ongizatearen Atalari komunikatzea baimena emateko baldintzetan zein hasieran ezarritako leku erabilgarrien kopuruan gertatzen den aldaketa oro.

c) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

e) Bermatzea baimenak irauten duen artean erantzukizun zibileko poliza bat dagoela indarrean, eta poliza horrek lagun egiteko animaliak edukitzeagatiko erantzukizun zibila estaltzen duela.

f) Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalaren jarraibide eta gomendioak betetzea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

h) Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak egiten dituen ikuskatze jarduketak erraztea, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera.

i) Aipatutako erakundeari jarraitutasunez eta berehalakoan ematea Ukrainatik datozen lagun egiteko animaliekin eginiko jarduketen garapenaren kontrola egiteko behar den informazioa.

12. artikulua. Baimendutako zentroei gastuak ordaintzea.

12.1. Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak instalazio baimenduei ostatu zerbitzuaren kostua itzuliko die, gehienez ere 10 eurokoa eguneko eta animali bakoitzeko.

Ezarritako kopuruei kasuan-kasuan dagokion BEZa erantsiko zaie.

Ordainketa baimendutako pertsona fisiko edo juridikoari eginen dio Nafarroako Gobernuko Animalien Ongizatearen Atalak banku transferentzia bidez, eginiko jarduketak alderatu eta egiaztatutakoan.

2022an egiten diren jarduketak ordainduko dira, baita 2023koak ere, baldin eta Ukrainan gerra egoerak irauten badu, horretarako aurrekontu kreditu nahikoa baldin badago.

12.2. Pertsona gaituek ezin izanen dute inolako diru-kopururik jaso errefuxiatuengandik, ezta bestelako ezein entitate publiko zein pribatutatik ere, prozedura honen bidez itzultzen diren gastuak ordaintzeko, eta ezin izanen diote beste entitate publiko zein pribaturi fakturatu zerbitzu hori bera emateagatik.

12.3. Animalien Ongizatearen Atalak egiaztatuko ditu baimendutako zentroek fakturatu eta aurkeztutako jarduketen datuak.

12.4. Eginiko jarduketen ordainketa hilero eginen da, aurreko hilabetean bertan emandako ostatu zerbitzuengatik aurreko hilabetean aurkeztutako justifikazioen arabera.

13. artikulua. Baimena azkentzeko zioak.

Arrazoi hauengatik azkenduko da baimena:

a) Baimendutako zentroak berariaz uko egitea zerbitzu hori ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, baimena azkentzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea ez baimenerako behar diren baldintzak, ez hartatik eratorritako betebeharrak edo ebazpen honetan ezarritakoak. Bereziki, baimenerako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo izandako aldaketen berri ez ematea.

d) Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia ez betetzea.

Iragarkiaren kodea: F2211334