172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 12koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, proiektu hau behin-behinean onesten duena: “PA-30 errepidearen gainean oinezkoentzako pasabidea jartzeko proiektua Arren (Ezkabarte)”.

Proiektu honen xedea da pasabide bat eraikitzea PA-30 errepidearen gainean. Hurbiltzeko arrapalak izanen ditu errepidearen bi ertzetan, eta 33,70 metroko argi pasabide bat, errepidea gurutzatzeko.

Gaur egun, oinezkoek eta bizikletek azpiko pasabide batetik igarotzen dute PA-30 errepidea. Pasabide hori eraikita dago PA-30 eta NA-2157 (Atarrabia-Arre) errepideek eta Arreko Trinitatearen kaleak bat egiten duten biribilgunearen ondo-ondoan, ekialdera.

Azpiko pasabide hori hormigoi armatuzko marko batek osatzen du (28,50 m luze, 2,00 m zabal eta 2,50 metroko galiboa). Lerrokadura zuzenean kokatua dago, PA-30 errepidearen azpian, eta 30º inguruko esbidaiarekin.

Markoaren bi ertzetan hegalak dauzka, lurrei eusteko. Markoa igaro eta segituan, bideak bira egiten du bi ertzetan, halako moduz non ez baitago ikus jarraitutasunik barrualdearen eta kanpoaldearen artean.

Altxaerari dagokionez, bideak %12,50eko malda dauka hegoaldeko sarreran; %10,70ekoa iparraldekoan eta %1ekoa markoaren barruan.

Argiztatua egon arren, haren dimentsioak eta antolaera direla-eta ez da pasabide atsegina, ez eta oso segurua ere.

Horregatik, Arreko Kontzejua aspalditik ari da eskatzen irtenbide bat, pasabide hori jende asko ibiltzen den ibilbide baten parte baita. Ibilbide hori NA-2157 errepidearen eskuinaldetik doa; zehazki, Atarrabiako eta Arreko hiriguneetatik igarotzen den zatiaz ari gara.

Proiektatutako irtenbidea da oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide berria eraikitzea. NA-2157 errepidearen ondoan dagoenaren paralelo izanen da oinplanoan, gutxi gorabehera, eta irisgarritasun unibertsalari buruzko ezaugarriak izanen ditu, bat etorriz otsailaren 1eko VIV/561/2010 Aginduan ezarritakoarekin.

Arretik Atarrabiarako noranzkoan, ibilbidea hasiko da PA-30 errepidearen iparraldean, Arreko Trinitatearen kalean dagoen oinezkoentzako pasabidearen ondoan dagoen puntu patean. Lehendik zegoen pasabide hori, hain zuzen, aldatu eginen da, ibilbide berrira egokitzeko. Pasabide horretatik hurbil hasiko dira, hain zuzen, hurbiltzeko arrapalak (iparraldeko ertzekoak), bide ematen dutenak desnibela gainditu eta PA-30 errepidea goitik eta metalezko pasarela batekin igarotzeko nahikoa den kotara iristeko. Hegoaldeko ertzean ere hurbiltzeko arrapalak paratuko dira, proiektatutako obra lotzeko Arretik Atarrabiarako noranzkoan dagoen oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbidearekin.

Ibilbidea diseinatu da irisgarritasunari buruzko araudia errespetatuz zabalerari, maldei, babes-neurriei eta joan-etorriei laguntzeko elementuei dagokienez. Orobat, txirrindularientzako erabilera baldintzak betetzen dira.

Proiektu hau prestatzeko, kontuan hartu da PA-30aren etorkizuneko bikoizketa, zeina jasota baitago beste proiektu honetan: “Iruñeko ingurabidea bikoiztea. Tartea: Olloki-Ezkabako tunelen iparraldeko irteera”. Horregatik, oinplanoan, taularen estribuak jarriko dira etorkizuneko bazterbideen kanpoko mugatik 2 metro baino gehiagoko tartea utzita. Altxaeran, PA-30 errepidea bikoizteko proiektuak ez du aldaketarik eragiten egungo sestran.

Pasabidea metalezko egitura bat izanen da; euste-ardatzen artean 33,45 metroko luzera izanen du, eta 3,00 metroko zabalera erabilgarria eskudelen barne-sorgailuen artean. PA-30aren gutxieneko galiboa, egituraren azpian, 5,70 metrokoa da. Egiturak bi sareta ditu, ebakidura karratuko edo angeluzuzeneko profil tubularrak dituztenak, eta zeharka lotuta daudenak. Sareten goiko eta beheko kordoiak zuzenak dira. Pasabideak 3,00 metroko ertz konstantea du.

Oinezkoentzako pasabidea denez, kargak txikiak dira. Berezko pisu murriztua dela eta, azaleko zimendatzea egitea planteatzen da, horrek aurrekontuaren %15 aurreztea ahalbidetuko baitu.

Iparraldeko ertzean, pasabidea pentagono forma daukan hormigoi armatuzko estribu batean bermatzen da; aurrealdeko hormak 45 zentimetroko lodiera du, eta albokoek 25 zentimetrokoa. Pasabidearen euskarriaren eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbidearen artean kotan dagoen aldea 6 metro ingurukoa da, eta hurbiltzeko arrapalen bidez gaindituko da. Arrapalen luzera, guztira, 96,70 metrokoa da. 8,50 m-ko tarteak daude, %8ko maldarekin, eta 1,50 m-ko luzera duten tarte horizontalak. Arrapala horiek tarte horizontalekin bat datozen hormigoi armatuzko zutabeetan bermatzen dira.

Hegoaldeko ertzeko euskarria iparraldekoaren antzekoa da, eta hurbiltzeko arrapalen luzera 69 m ingurukoa da. Alde nagusia honako hau da: oinplanoan nahikoa espazio dagoenez, arrapalak luzetara diseinatu ahal izan dira Arretik Atarrabiarako aitzinamendu-noranzkoan; iparraldeko ertzean, berriz, joan-etorriko geometria bat erabili beharko da, koten arteko aldea gainditu ahal izateko.

Arrapaletan eta pasabide osoan, 1,30 metroko altuera duten barandak jarriko dira, eta eskudelak dituzte. Pasabideak eta hara iristeko sarbideek argiak izanen dituzte.

Eremu horretan ez dago proiektuak ukitzen ahal duen zerbitzurik, salbu eta Gas Natural enpresaren gasbide bat. Gasbide hori, hain zuzen, kontuan hartu da proiektua diseinatzean. Arrapalek eta gasbide horrek elkar gurutzatzen dute puntu bakar batean: hegoaldetik hurbiltzeko arrapalaren hasieran, alegia. Puntu horretan, dena den, jarduketa azalekoa da eta ez du inolako afekziorik izanen.

Proiektua jendaurrean jartzeko idatzi den dokumentuak jasotzen ditu Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak eskatutako agiriak.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da trazatu-proiektua behin-behinean onestea eta jendaurrean jartzea, hala proiektuaren eduki teknikoari dagokionez, nola lurrak okupatu beharrari dagokionez, desjabetu ahal izateko.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostenean jaso eta proposatu duenarekin bat etorriz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Behin-behinean onestea proiektu hau: “PA-30 errepidearen gainean oinezkoentzako pasabidea jartzeko proiektua Arren (Ezkabarte)”.

2. Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedientea abiaraztea (eranskinean ageri da ondasun eta eskubide horien zerrenda).

3. Proiektua jendaurrean jartzea hilabetez, bai proiektuaren eduki teknikoari, bai lurrak okupatu beharrari dagokienez, desjabetu ahal izateko. Epe horretan, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiten ahalko dira, idatziz. Interesdunek eskura izanen dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian eta Ezkabarteko udaletxean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari eta Ezkabarteko Udalari, eta azken hori premiatzea udaletxeko iragarki-taulan argitara dezan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 12an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

ERANSKINA

“PA-30 ERREPIDEAREN GAINEAN OINEZKOENTZAKO PASABIDEA JARTZEKO PROIEKTUA ARREN (EZKABARTE)”

Ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza

FINKA

Zk.

JABEA ETA HELBIDEA

DESJ.

AZALERA

KATASTROKO DATUAK

POL.

LURZ.

LABORANTZA MOTA

EZKABARTEKO UDAL-MUGARTEA

EZ-01

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

94

15

751A

Larreak

EZ-02

Nafarroako Foru Komunitatea (Errepidea)

42

15

851A

PA-30 Iruñeko ingurabidea

EZ-03

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

40

15

634A

Larreak

EZ-04

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

52

15

634B

Ibarbasoa

UKITUTAKO ARGITERIA ZERBITZUAK BERREZARTZEA

FINKA

Zk.

TITULARRA ETA HELBIDEA

ZORT.

EZARTZEA

DESJ. UNIT.

ALDIBAT

OKUP.

ZERBITZU

MOTA

KATASTROKO DATUAK

ml - m²

AP. - KUTX.

POL.

LURZ.

LABORANTZA MOTA

EZKABARTEKO UDAL-MUGARTEA

EZ-01

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

44 164

2

-

ARG.

15

751A

Larreak

EZ-02

Nafarroako Foru Komunitatea (Errepidea)

28 108

2

-

ARG.

15

851A

PA-30 Iruñeko ingurabidea

EZ-03

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

33 123

2

-

ARG.

15

634A

Larreak

EZ-04

Arreko Kontzejuaren herri-lurrak

34 127

1

-

ARG.

15

634B

Ibarbasoa

Iragarkiaren kodea: F2211200