155. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

709E/2022 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita, salbuespenez, makineria astuna erabiltzea eskatzen duten nekazaritzako lanak egitea Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik ematen dituen meteoalerta egoeretan (abisu-maila laranja). Makineria astun hori zein den zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 5. apartatuan (foru agindu horren bidez sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zen, oihaneko suteak prebenitzeko).

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez, arautzen da sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 1eko 152E/2022 Foru Aginduaren bidez aldatu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zuena, oihaneko suteak prebenitzeko. Hala, foru agindu horren 5. artikulua aldatu zen, eta 6., 7., 8. eta 9. apartatuak gehitu zitzaizkion 10. artikuluari.

Apartatu horien arabera, Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik ematen dituen meteoalerta egoeretan (abisu-maila laranja edo gorria), debekatuta dago makineria astunaren mota jakin batzuk erabiltzea, hala nola uzta biltzeko makinak, paketatzeko makinak eta nekazaritzarako xehagailuak.

Uztailaren 18ko 96E/2022 Foru Aginduaren bidez, prozedura hasi zen berriz aldatzeko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zuena, oihaneko suteak prebenitzeko.

Aldaketa prozesu bat berriz hasi behar izan zen zeren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 1eko 152E/2022 Foru Aginduaren bidez aldaketa onetsi zenetik, etengabeak izan baitira Estatuko Meteorologia Agentziak Nafarroako Foru Komunitaterako fenomeno meteorologiko kaltegarriengatik emandako abisuak eta ondoz ondoko zenbait egunetan mantendu baitira, 2010-2021 aldian ez bezala. Izan ere, urte jakin batzuetan izan ezik, muturreko tenperaturengatik abisu laranjaren mailan izandako alertak mugatuta zeuden egun jakin batzuetara edo bero-boladetara, baina intentsitate eta iraupen txikiagokoak ziren Nafarroan 2022ko uztailaren 12tik 19ra bitarte gertatutakoa baino.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, egoera horrek kalte larriak eragiten dizkio nekazaritza- eta industria-sektoreari, eta elikagaien hornidura ere arriskuan jar dezake.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta nahiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 1eko 152E/2022 Foru Aginduan planteatutako neurriak malgutzeak ekartzen duen onetsitako neurriak aplikatu ondoren lortutako prebentzio-maila murriztea, nekazaritza arloan salbuespenekoa izan den egoera horrek justifikatuta, zeina Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren eskumen eremutik kanpo baitago, uztailaren 21eko 167E/2022 Foru Agindua onetsi da, 222/2016 Foru Agindua aldatzen duena, 10. puntu hau gehitu baitzaio 10. artikuluari:

10. Indarrik gabe gelditzen ahal dira artikulu honetako 5. apartatuan zehaztutako makineria astuna erabiliz nekazaritza- eta baso-lanak egiteko debekuak, ezartzen diren baldintzak betetzen badira, kasu hauetan: aldez aurretik ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak berariazko baimen indibidualizatua edo orokorra ematen duenean, salbuespen gisa eta arrazoituta, Meteorologiaren Estatuko Agentziak muturreko tenperaturengatik emandako meteoalerta egoeretan (abisu-mailak; laranja edo gorria), eta debeku horiek kalte larriak egin ditzaketenean ukitutako sektoreen jardueran, bai eta ingurumen-arrazoiengatik beharrezkoa denean ere.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuak proposatu du indarrik gabe uztea 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako makineria astuna erabiltzea eskatzen duten nekazaritza-lanak egitearen debekua, uste baitu nekazaritza-jarduera ezin dela gehiago atzeratu ureztalurretan zein lehorrekoetan. Helburua da lan guztiak egin ahal izatea: zereal-uztak eta beste belar-labore estentsibo batzuk biltzea, alpapa edo beste bazka batzuk paketatzea, barazkiak biltzea, etab.

Ikusita Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena, bete beharreko baldintzak ezartzen dituena 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako makineria astuna erabiltzea eskatzen duten nekazaritza-lanak egiteko, baldin eta Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik emandako meteoalerta egoeretan egiten badira (abisu-maila laranja). Eta kontuan hartuta nekazaritza-lanen arriskua handiagoa dela makina horiek lehorreko nekazaritza-lurzatietan erabiltzean.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea, salbuespenez eta ondotik zehazten diren baldintzetan, makineria astuna erabiltzea eskatzen duten nekazaritza-lanak egiteko Meteorologiako Estatu Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik (abisu-maila laranja) ematen dituen meteoalerta egoeretan. Makineria astun hori zein den zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluaren 5. apartatuan (foru agindu horren bidez sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zen, oihaneko suteak prebenitzeko).

A) Ureztatzeko nekazaritza-lurzatiak:

1. Neguko belarki-labore estentsiboetan:

1.1. 10 ha-tik gorako zuhaitz-masen mugakide ez badira:

a) Traktore bat eduki beharko da, suebaki lanak egiteko egokia den lanabesarekin, eta/edo gutxienez 1.000 litroko edukiera daukan traktore bat, gauza izanen dena presiozko ura aplikatzeko, traktorearen indar-hargunera akoplatutako gailuen bidez. Ureztalurren kasu honetan, bi bitarteko horiek ordezten ahalko dira ukitutako lurzatia eta lurzati mugakideak ureztatzeko sistemak berehala aktibatzeko aukerarekin.

b) Makinak gidatzen dituenarekin beste pertsona batek joan beharko du, behaketa-lanak egin ditzan, hark sumatzen ez dituen suteez ohartarazteko.

1.2. 10 ha-tik gorako zuhaitz-masen mugakide badira:

a) Lan horiek ezin izanen dira 13:00etatik aurrera egin, edo meteoalerta hasten den ordutik aurrera, aurrekoa bada.

b) Traktore bat eduki beharko da, suebaki lanak egiteko egokia den lanabesarekin, eta/edo gutxienez 1.000 litroko edukiera daukan traktore bat, gauza izanen dena presiozko ura aplikatzeko, traktorearen indar-hargunera akoplatutako gailuen bidez. Ureztalurren kasu honetan, bi bitarteko horiek ordezten ahalko dira ukitutako lurzatia eta lurzati mugakideak ureztatzeko sistemak berehala aktibatzeko aukerarekin.

c) Makinak gidatzen dituenarekin beste pertsona batek joan beharko du, behaketa-lanak egin ditzan, hark sumatzen ez dituen suteez ohartarazteko.

2. Belarkiak ez diren neguko labore estentsiboetan:

2.1. Ukitutako lurzatia eta lurzati mugakideak ureztatzeko sistemak berehala aktibatzeko aukera dutenean, ez da baldintza gehigarririk eskatuko.

2.2. Ukitutako lurzatia eta lurzati mugakideak ureztatzeko sistemak berehala aktibatzeko aukerarik ez dutenean, aplikatu beharko da 10. artikuluko 9. apartatuko b) eta c) letretan xedatutakoa.

B) Lehorreko nekazaritza-lurzatiak:

Baimena emanen da lurzatiak 10 ha-tik gorako zuhaitz-masen mugakide ez badira eta 48 ordu igaro direnean Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik (abisu-maila laranja edo gorria) emandako meteoalerta hasten den eguneko 00:00etatik, baldintza hauekin:

a) Lan horiek ezin izanen dira 13:00etatik aurrera egin, edo meteoalerta hasten den ordutik aurrera, aurrekoa bada.

b) Traktore bat eduki beharko da, suebaki lanak egiteko egokia den lanabesarekin, eta/edo gutxienez 1.000 litroko edukiera daukan traktore bat, gauza izanen dena presiozko ura aplikatzeko, traktorearen indar-hargunera akoplatutako gailuen bidez.

c) Makinak gidatzen dituenarekin beste pertsona batek joan beharko du, behaketa-lanak egin ditzan, hark sumatzen ez dituen suteez ohartarazteko.

Ezin izanen da horrelako lanik egin Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko gehieneko tenperaturengatik (abisu-maila gorria) emandako meteoalerta egun batean.

Aplikatzekoak izanen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak eta mugak. Beraz, kasu guztietan, bi itzaltze-motxila izan beharko dituzte, gutxienez 15na litroko edukiera izanen dutenak, bai eta hasierako suari ekitea ahalbidetuko duten eskuzko erremintak ere (sua jotzekoak, palak, etab.). Eta debekatuta egonen da artikulu horren 5. apartatuan zehaztutako makineria astuna erabiltzea eguzkia sartu eta bi ordu igarotzen direnetik egunsentira arte.

Nekazaritza-lanak egitearen erantzukizuna eta ebazpen honek baimendutako jardueraren ondorioz sor daitezkeen kalteena, sute baten ondoriozkoena barne, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituz eskatuko da.

2. Ebazpen hau aplikatuko da ezertan galarazi gabe babes zibilaren arloko eskumena duen organoak Nafarroako babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloko araudia aplikatuta hartzen dituen gainerako esku-hartze eta/edo oneratze neurri guztiak.

3. Sinatzen den unetik aurrera izanen da aplikatzekoa ebazpen hau, bai eta onespena ekarri duten baldintzek irauten duten bitartean ere, ezertan galarazi gabe aldatu edo ondoriorik gabe utz daitekeela, hala behar izanez gero.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusira, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisiora, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzura (Seprona), Foruzaingora, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko Ingurumena Zaintzeko Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalera eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzura.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2210336