155. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10764E/2022 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpena, deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” dirulaguntza publikoen bidez finantzatzeko. Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan dago. DDBN identifikazioa: 611539

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 11n eman 1316E/2022 Ebazpenaren bidez, deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren “Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa” dirulaguntza publikoen bidez finantzatzeko. Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan dago. DDBN identifikazioa: 611539, (2022ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa).

Diruz lagundutako programak gauzatzen hasi ondoren, zenbait gai argitu eta zehaztu beharra ikusi da, finantzatutako proiektuen garapenean interpretazio okerrak saihesteko eta oinarri arautzaileetan hutsune jakin batzuk betetzeko, horiek zuzendu egin behar baitira, hobetzeko asmoz. Zehazki, honako hauek zehaztu behar dira: parte-hartzaile artatuaren kontzeptua; zer zenbateko gehigarri jaso behar duen artatutako emakume bakoitzak lan-arloko orientazioko ekintzei dagokienez (horretarako, bi modulu finkatzen dira, banakako edo taldeko ekintzak diren); eta prestakuntza ekintzak.

Horretaz gain, eskaerak aurkezteko epe bat ezartzen da, eskaerak aurkezteko eredu bat azaltzen da (I. eranskina) eta programaren deskribapen-memoriaren eredu bat gaitu eta lotzen da (II. eranskina). Konturako ordainketei dagokienez, eredu ofizial bat ezartzen da gauzatze-memoria teknikoa aurkezteko (V. eranskina), eta haiek eskatzeko epea luzatzen da. Dirulaguntzaren azken likidazioari dagokionez, beste eredu ofizial bat eransten da justifikatzeko jarduketa-memoria aurkezteko (VI. eranskina), eta hura aurkezteko epea ere luzatzen da. Bukatzeko, baimendutako gehieneko azpikontratazioaren ehunekoa sartzen da, eta %100ekoa izan daitekeela finkatzen.

Hori dela eta, aldatu behar dira deialdi hori arautzen duten oinarri batzuk. Horretarako, 7. oinarritik 10.era (biak barne) eta 15. eta 16. oinarriak aldatzen dira.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lehen aipatutako deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea (aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak):

–7. oinarrian 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

“7. Parte-hartzaile artatua eta laneratua.

1. Parte-hartzaile artatutzat hartuko da 5.2 oinarrian ezarritako ekintzak (lan-arloko orientazio ekintzak) burutzen dituen emakumea. Ibilbide pertsonalizatua. Era berean, bukatutzat joko da ibilbideko ekintza guztiak amaitu ez arren, baldin eta 5.2 oinarrian aurreikusitako ekintzen %75 eginak badaude, hau da, lan-arloko orientazio ekintzen %75. Ibilbide pertsonalizatua; pertsonak enplegu bat lortzea, behar bezala egiaztatua; edo programa utzi behar badu, horretarako arrazoia behar bezala justifikatuta eta NL-NEZek baimenduta egotea.

Artatutako parte-hartzaileak programaren xede den banakako ibilbidea burutu edo gauzatu duten emakume parte-hartzailetzat hartuko dira.”

–8. oinarrian 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira eta 3. apartatua gehitzen da. Honela geldituko da testua:

“8. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

a) Artatutako emakume bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoak 1.200 euroko erreferentzia-zenbatekoa izanen du gehienez ere, eta zenbateko horri 515 euro gehitzen ahalko zaizkio, gehienez, artatutako pertsona bakoitzeko, behar bezala justifikatutako beste gastu batzuetarako, honela banatuta:

  • 400 euro, bertaratze-bekak. Entitate onuradunek 400 euro ordainduko dituzte onuradun bakoitzeko programa amaitutakoan, laguntza-beka kontzeptupean, baldin eta onuradunak ibilbide pertsonalizatuan bildutako jarduera guztiak bete baditu.
  • 115 euro, behar bezala justifikatutako gastuetarako; esaterako:
  • Materialak, teknikoak, publizitatekoak.
  • Parte- hartzen duten emakumeei arreta ematen dieten langileen prestakuntza.
  • Sentsibilizazio-kanpaina.
  • Programaren ondoriozko beste batzuk.

Orientazio, akonpainamendu eta aholkularitza ekintzetarako (5. oinarriko 2. apartatuko a), b), c), d), e) eta f) puntuetan eta 4. apartatuan daude jasota), 25 euroko modulua hartuko da kontuan orduko banakako ekintzetarako, eta 12 eurokoa taldeko ekintzetarako.

Kualifikazioko eta eguneratze profesionaleko prestakuntza ekintzetarako (5. oinarriko 3. apartatuan daude jasota), apartatu horren lehen paragrafoan adierazitako zenbatekoaren kargura finantzatzen badira, ezin izanen da 960 euroko zenbatekoa gainditu pertsona bakoitzeko, orduko 12 euroko modulua kontuan hartuta.

Parte-hartzaileek ez badute betetzen entitate onuradunak eskainitako ekintzaren %75, ez da ekintza horretarako ezarritako zenbatekoak kobratzeko eskubiderik izanen.

b) 7. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, laneratutako emakume bakoitzeko 2.500 euroko zenbatekoa gehitzen ahalko da lan merkatuan besteren konturako lanean sartzen bada, eta 6.000 euro arteko zenbatekoa jarduera ekintzailea aldi mugagaberako abiatu badu bere kontura edo besteren kontura. Lanean hasten bada bai bere kontura bai besteren konturako, mesedegarrien zaion laneratzea hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko. Entitate onuradunei ordainduko zaie, gehienez ere, parte-hartzaileen %20ren laneratzeei dagokien zenbatekoa.

2. Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 2.565 euroko kostu unitarioa parte-hartzaile bakoitzeko.

Zenbateko horiek modulutzat hartzen dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko eta justifikatzeko.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren III. eranskinean ezarritako kostu unitarioa kontuan hartuta konfiguratu da modulua.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuko da guztizko dirulaguntzaren zenbatekoa, kontuan harturik programako parte-hartzaileen kopurua, aurreikusitako moduluak eta entitate onuradun bakoitzak laneratzeei buruz egiten duen aurreikuspena.”

–9. oinarrian 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

“9. Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkez daitezke oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2023ko irailaren 30era arte.”

–10. oinarrian, 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira. Honela geldituko da testua:

“10. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Dirulaguntzarako eskabidea (I. eranskina), behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (https://www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

2. Eskabidearekin batera, programaren deskripzio-memoria aurkeztu behar da (II. eranskina), Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (https://www.nafarroa.eus) eskura daiteke.”

–15. oinarrian 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

“15. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Programaren %40 gauzatu eta gero, entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta (V. eranskina); eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Konturako bi ordainketa eskatzen ahalko dira gehienez, eta guztira ezin izanen dute emandako zenbatekoaren %80 gainditu. Konturako ordainketa hori eskatzeko azken eguna 2024ko ekainaren 30a da.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak, bi hilabeteko epean programa amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2024ko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria bat aurkeztu beharko du (VI. eranskina), egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Memorian sartu beharrekoak:”

–16. oinarrian 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

“16. Azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dute, osorik edo zati batean, 5. oinarriko 3. eta 4. puntuetan aurreikusi diren jarduera diruz lagungarrien %100, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2209859