155. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

326E/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022. urterako dirulaguntza baten deialdia, gazte kooperanteak sentsibilizatzeko “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programarako. DDBN identifikazioa: 636055.

Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Gidariak (2021-2024) beharrezko tresnak zehazten ditu garapenerako hezkuntzaren ardatz estrategikoa egituratzeko, eta eskatzen du gazte kooperanteen programa martxan jartzeko berriz, lehenago (1995-2011) egin zena Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera. “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programaren helburua da Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzea, parte hartuz nazioarteko lankidetza programetan boluntario gisa, edo garapenerako lankidetzari buruzko tokian tokiko ikastaro teoriko-praktikoetan, hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek sustatuta eta gauzatuta.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen bidez aldatutakoak, ezartzen du, besteak beste, zer printzipiok, helburuk eta bitartekok gidatu behar duten nazioarteko ekintza solidarioaren arlo hori. Izan ere, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Era berean, 26. artikuluan eta hurrengoetan, garapenerako lankidetzako langile gisa sailkatzen dira boluntarioak, eta honela definitzen: interes orokorreko jarduera altruistak eta solidarioak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, integratuta daudenak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, zeinek nortasun juridiko propioa izanen baitute eta parte hartuko baitute garapenerako lankidetzaren programa zehatzak kudeatzean edo gauzatzean. Era berean, zehazten da zer betebehar duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioei dagokienez. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluan adierazten denez, funts publikoak izanen dira, besteak beste, garapenerako lankidetza-ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da gazte kooperanteak sentsibilizatzeko “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programarako dirulaguntzen araubidea arautzeko oinarriak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko dirulaguntzen deialdia onestea gazte kooperanteak sentsibilizatzeko “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programarako.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3. 80.000,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontu-partida honen kargura aplikatuko dena: “(E) Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partida, 2022ko gastu-aurrekontukoa .

4. Foru agindu hau eta haren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko ekainaren 27an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

2022. urtean gazte kooperanteak sentsibilizatzeko “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programarako dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak dirulaguntza baterako deialdia egin du, “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programa finantzatzeko. Programa horren helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioa eta sentsibilizazioa sustatzea.

Laguntzen helburua da gazteak garapenerako arazoez sentsibilizatzea, nazioarteko lankidetza programetan edo proiektuetan boluntario lanetan parte hartuz edo garapenerako laguntzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoen bidez, garapen bidean dauden herrialdeetan praktikak eginez. Hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen bitartez (GGKE) sustatu eta gauzatuko da, gazteei garapen bidean dauden herrialdeetako populazio behartsuekin esperientzia bat izateko aukera eskainiz.

2. Interesa duten GGKE-ek egoki juzgatzen dituzten plazen finantzaketa eskatzen ahalko dute, deialdi honen oinarriak betez, bi modalitatetan:

–A modalitatea: “Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea”: Egonaldia ezin izanen da hiru hilabetetik beherakoa izan, ezta 12 hilabetetik gorakoa ere.

–B modalitatea: “Garapenerako laguntza ikastaro teoriko-praktikoak tokian bertan”, helburu dutenak praktikaren bidez gazteak proiektu baten zikloa gauzatzen eta kudeatzen trebatzea. Lekuan bertan eginen den esperientziak ez du 20 egun baino gutxiago iraunen, ezta 2 hilabete baino gehiago ere.

3. Garapen bidean dauden herrialdetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Esku-hartze guztiek aintzat hartuko dute genero ikuspegia beren diseinuan eta exekuzioan.

Bigarrena.–Aurrekontu erabilgarria.

1. Guztira, 80.000 euro bideratuko dira 2022an helburu horietara. Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorrean “(E) Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91100-4819-143102 partidaren kargura aplikatuko da, eta honela banatuko:

70.000 euro A modalitaterako eta 10.000 euro B modalitaterako, baldin eta partida horretan krediturik baldin badago.

10. oinarrian xedatutakoaren arabera eskaerak baloratu ondoren, modalitateren batean aurreikusitako kreditu guztia bukatzen ez bada, soberako zenbatekoa beste modalitatera pasako da, behar izanez gero.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xedeko laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE):

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratu eta izen emandakoak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Agentzia Espainiarreko (AECID) garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako.

b) Egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea.

c) Tokiko bazkide edo kontraparte bat edukitzea, boluntarioen egonaldia, mantenua eta antzeko gastuak segurtatuko dituena. Tokian tokiko bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Bat etortzea deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuekin eta martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin (foru lege horrek hizpide du garapenaren aldeko lankidetza).

b) Programa 2022an hastea. Hautatutako gazteen bidaia 2022an hasi beharko da, bi modalitateetan.

c) Programan parte hartzeko hautatutako pertsonen zerrenda Nafarroako Gazteriaren Institutuak onetsi behar du.

d) Hautatzen den plaza bakoitzerako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa bat etorriko da eskatzen denarekin A modalitatearen kasuan, eta, B modalitatean, gehienez ere 2.000 euro izanen dira plaza bakoitzerako.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok helburu berberetarako eman litzakeen beste batzuekin.

2. Ematen diren dirulaguntza guztiek ez dute sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako esku-hartzearen kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

1.1. Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a) Boluntarioak Nafarroatik proiektuaren destinora eraman eta ekartzea, aireportuko tasak barne.

b) Herrialdean egoteko baimenak berritzeko nahitaez egin beharreko joan-etorrien gastuak.

c) Txerto eta bisatuen gastuak, eta laguntza aseguruarenak, zeinak estaliko baititu, atzerrian dauden bitartean behintzat, gaixotasun eta istripu arriskuak estaltzen dituen laguntza aseguruarenak, aberriratze gastuak eta hirugarrenei sufriarazi edo eragindako kalteengatiko erantzukizun zibila.

d) Destinoko mantenu eta egonaldi gastuak (gehienez ere 200 euro hilabete eta plazako), boluntarioentzat. Tokiko bazkideak fakturatzen ahalko ditu.

e) Behar adina justifikatutako ustekabeak, dirulaguntza jaso dezaketen gastuekin loturik, 17.2.b) oinarrian ezarritako baldintzetan; gehienez ere eskatutako guztiaren %7,5.

1.2. Zeharkako gastuak:

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastu hauek justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuen kasuan. Izan ere, horrelakoetan, dirulaguntzaren GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du gaindituko zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3.

2. Kontzeptuen/partiden arteko konpentsazioak onartuko dira baldin eta behar bezala jusitifikaturik badaude.

3. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

–Parte-hartzaileek baja hartzen badute nahikoa justifikaturik ez dauden arrazoiengatik.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Prestakuntza-ikastaroekin lotutako gastuak (matrikula, material didaktikoa, hizlariak, etab.).

–Boluntarioen oporraldiei lotutako gastuak.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, erakundeak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera zuzenduta, eta Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxaren bidez sartuko dira. Fitxa hori Eskubide Sozialetako Departamentuaren webgunean egonen da eskura.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Erakunde eskatzaileek eskaera bidali dutela iragarriko dute, mezu elektroniko bat igorrita servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

3. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde eskatzaileek inprimaki ofizialean (teknikoa eta ekonomikoa) aurkeztuko dute eskaera, eskatutako plaza bakoitzeko, honako agiri hauekin batera:

A. Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKE-en Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: “Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak”.

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

e) Erakunde eskatzaileek nahi izanez gero aurkezten ahal dute, dirulaguntza eskaerarekin batera, gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoena. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B. Herrialdeko bazkidearen agiriak:

a) Estatutuak.

b) Tokiko bazkidearen legezko eratzearen egiaztagiria, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoa.

c) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

d) Tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatutako agiri bat, boluntario gazteei ostatua eta mantenua emateko konpromisoa bere gain hartzen duela agertzeko, eta bermatzeko jarduerak behar den segurtasunez eta higienez eginen direla, jardueraren eta ingurunearen ezaugarrien arabera.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, erakunde eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A eta B apartatuetan zehaztutako dokumentazioak akatsak dituenean.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

3. Hautatzen den plaza bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa bat etorriko da eskatu eta onartu denarekin A modalitatearen kasuan, eta, B modalitatean, gehienez ere 2.000 euro izanen dira plaza bakoitzerako.

4. Modalitate bakoitzean, baldin positiboki baloraturiko plazei dagozkien zenbateko eskatu guztiek gainditzen badute aurrekontuetan horretarako dagoen dirua, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Gainera, kasu honetan, eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 15.1 artikuluan jasotako ekitate-printzipioa aplikatuz, lau plaza izanen dira erakunde eskatzaile bakoitzeko diruz lagunduko direnak A modalitatean, eta bi plaza, berriz, B modalitatean erakunde eskatzaile bakoitzeko, lehentasun-hurrenkera hori kontuan hartuta.

5. Modalitate bereko bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaz gaineko kofinantzaketa-portzentajea, betiere, eskaeran adierazitako bera edo handiagoa izanen da.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2. Ebazpen bat emanen da bi modalitateetarako, non hau guztia azalduko baita: GGKE-en zerrenda, finantzatuko diren plazak eta horien ezaugarriak, eta dirulaguntzaren zenbatekoa, bai eta gainerako eskaerak ezesteko zergatiak ere, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ezetsitzat jotzen ahalko dira, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak berariazko ebazpena eman behar ez duenik.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Onartutako dirulaguntzaren aurrerakina ordainduko da, behin Nafarroako Gazteriaren Institutuak plazak gazte boluntarioei esleituta, eta hemezortzigarren oinarrian eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun-betebeharra beteta, bai eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa ere, baldin eta ez badu Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoaren kontra egiten.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. GKE onuradun bakoitzak amaierako txosten bat aurkeztuko du, modalitate bakoitzeko, azken boluntarioaren diruz lagundutako egonaldia amaitu eta hiru hilabeteko epean. Txosten horrek justifikazio-kontuaren forma izanen du, eta elementu hauek jasoko ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Gazteen mantenurako tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzen duen dokumentazioa, bai eta, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizunpeko adierazpena, tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua, zenbatekoa eta helburua zehaztuz.

c) Gazte boluntarioek egin dituzten jarduerei buruzko txosten teknikoa eta balorazio orokorra, eredu ofizialaren araberakoa.

d) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

e) Gastu moten arabera bereizitako gastuen zerrenda, barne hartuta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpenekin finantzatutako gastuen zerrenda, halakorik balego. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

Frogagiriek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

f) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori erakunde onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko dion ordainketa-gutun bidez eginen da, eta horren bidez ulertuko da erakundeak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, finantzatutako programaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

2. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira.

3. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, dirulaguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Programa honetarako dirulaguntza jasotzen duten GGKE-ek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Boluntarioei dagokienez:

a) Sustatzen dituzten programetan diharduten boluntario gazteekin hartutako konpromisoak errespetatzea.

b) Ostatua eta mantenua ematea eta jarduerak behar den segurtasunez eta higienez eginen direla bermatzea, jardueren eta ingurunearen ezaugarrien arabera.

c) Eginen duten jarduera gauzatzeko, argibideak, prestakuntza eta orotariko eta berariazko orientazioa ematea.

d) Laguntza-aseguru bat formalizatzea, seigarren oinarriko 1.1.c) apartatuan adierazitako baldintzetan.

e) Boluntarioen Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak, Boluntarioen Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 9/2006 Foru Legeak eta Garapenaren Aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak horri buruz xedatzen dutena betetzea.

f) Boluntarioaren egonaldiko esperientziaren zabalkundea sustatzea eta laguntzea.

g) Pertsonei buruzko datuak, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

2. Organo emaileari dagokionez:

a) Dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea programa. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzea eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, barnean direla aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak; kasu horietan, eskaera egin beharko dute diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak handitzeko.

c) Tokiko bazkideari berariaz jakinaraztea emandako dirulaguntza bidezkoa dela.

d) Tokiko bazkideari edo partaideari dirulaguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

e) Organo emaileari justifikatzea, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den dokumentazioaren bidez, betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta dirulaguntza zertarako eman eta helburu hori lortu dela.

f) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Nafarroako Gobernuari programaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak Garapenerako Lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Dirulaguntza nork eman duen adieraztea esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun izan diren erakundeen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horretan arau batzuk ezartzen dira, bete egin behar direnak zabaltzen denean Nafarroako Gobernuak parte hartu egin duela gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzuetan eta zentroetan egiten diren programetan, jardueretan, inbertsioetan eta jarduketetan.

i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da gertatu dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Entitate eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan erakundearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, erakunde onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa eginez gero 17. oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe, ez-betetzetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu honetan, emandako dirulaguntzaren %0,2ko penalizazioa ezarriko da atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, hiru hilabetez. Epe hori iragan ondoan, justifikatzeko betebeharra ez betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

5. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

Modalitate bakoitzean baloratzeko irizpideak

A modalitatea “Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea”:

A.–Egokitasun instituzionala (40 puntu).

A.1. Entitate eskatzailearena (20 puntu gehienez):

–Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

–Ahalmen finantzarioa (5 puntu gehienez).

–Ahalmen estrategikoa (5 puntu gehienez).

–Ahalmen operatiboa (5 puntu gehienez).

A.2. Tokiko bazkidearena (20 puntu gehienez):

–Boluntarioekin izandako lan-esperientzia. (10 puntu gehienez).

–Ahalmen finantzarioa (5 puntu gehienez).

–Eskaera egin duen GKEarekin batera egindako lanaren aurrekariak (5 puntu gehienez).

B.–Proposamenaren barne-koherentzia eta kalitatea (60 puntu gehienez):

b.1. Proposamenaren kontestualizazioa eta oinarria (10 puntu gehienez).

b.2. Helburu eta jardueren arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

b.3. Jardueren zehaztasuna eta xehetasuna (20 puntu gehienez).

b.4. Eskatutako profilaren egokitasuna boluntarioen esku-hartzearekin (10 puntu gehienez).

b.5. Aurrekontuaren egokitasuna (10 puntu gehienez).

B modalitatea “Garapenerako laguntzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoak tokian bertan”.

A.–Entitate eskatzaileak erakunde gisa duen gaitasuna (30 puntu).

a.1. Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

a.2. Ahalmen finantzarioa (5 puntu gehienez).

a.3. Ahalmen estrategikoa (5 puntu gehienez).

a.4. Ahalmen operatiboa (5 puntu gehienez).

a.5. Garapenerako laguntzarako prestakuntza proiektuetan duen esperientzia (10 puntu gehienez).

B.–Barne-koherentzia (25 puntu gehienez).

b.1. Proposamenaren kontestualizazioa eta oinarria (6 puntu gehienez).

b.2. Helburuen eta jardueren arteko egokitasuna (6 puntu gehienez).

b.3. Jardueren argitasuna eta zehaztasuna (6 puntu gehienez).

b.4. Aurrekontuaren egokitasuna (7 puntu gehienez).

C.–Prestakuntza-proiektuaren kalitatea: (45 puntu gehienez).

c.1. Ikastaroaren edukien egokitasuna (10 puntu gehienez).

c.2. Metodologia (10 puntu gehienez).

c.3. Hizlarien curriculuma eta esperientzia (10 puntu gehienez).

c.4. Murgiltze praktikoaren egokitasuna (10 puntu gehienez).

c.5. Praktikak egiten dituzten erakunde, instituzio edo taldeen tipologia eta kopurua (5 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F2209425