155. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

49/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Uraren kudeaketako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak alderdi garrantzitsuak eransten ditu gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari dagokienez, eta ukitzen ditu lanbide heziketari dagozkion hainbat alderdi, besteak beste, Lanbide Heziketaren sustapena; errazten du haren sarbidea araubide bereziko irakaskuntzetatik, eta gainera, berresten du Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeko aukera, beste hainbat gai garrantzitsuren artean.

Foru dekretu honen bitartez, Uraren kudeaketako goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum honek Uraren Kudeaketako goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen otsailaren 17ko 113/2011 Errege Dekretua garatzen du, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak egikarituz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Uraren kudeaketako goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jasotzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferentea arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek dira, alde batetik, Ur eta saneamendu sareen muntaketaren eta mantentze lanen antolaketa eta kontrola, abuztuaren 24ko 1114/2007 Errege Dekretuak arautzen duena, eta bestetik, osatu gabeko kualifikazioa, alegia, Uraren erabilera efizientearen kudeaketa, abenduaren 16ko 1788/2011 Errege Dekretuaren bidez arautua. Biek osatzen dute lanbide jarduketako esparru bat, hainbat gaitasunek definitzen dutena, eta haiei erantsi zaizkien lanbide modulu euskarriekin batera, zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa eskaintzen dute, goi mailako teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen testuinguruari buruz. Testuinguru hori bi dimentsio osagarri gutxienez dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza hainbat prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, prestakuntza eskaintzan berean integratzeko gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Uraren kudeaketako goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero; 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du; eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Uraren kudeaketako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Energia eta Ura lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Uraren kudeaketako goi mailako teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Uraren kudeaketa:

b) Maila: 3 – Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Energia eta Ura.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita produkzio sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Uraren kudeaketako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Helburu orokorrak, lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Uraren kudeaketako goi mailako tituluaren prestakuntza zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jaso dira.

2. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2B) eranskinean garatzen dira, Uraren kudeaketako goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen otsailaren 17ko 113/2017 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

4. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitza osoko prestakuntza sustatzeko asmoz. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

5. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Zientziak modalitateko batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, otsailaren 17ko 113/2017 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Uraren kudeaketako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Uraren kudeaketako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Otsailaren 17ko 113/2017 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluetako lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak 4. eranskinean zehazten dira.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako hezkuntzako irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, otsailaren 17ko 113/2017 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Uraren kudeaketako goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie, kasuaren arabera. Foru dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak, irakasleen espezialitatearen arabera, foru dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Espazioak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak aurrera eramateko behar diren espazioak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Espazio horiek behar den azalera doia izanen dute, haietako bakoitzean ematen den lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresnek behar dituzten segurtasun tarteak edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza espazioak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza espazioek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Prestakuntza espazio bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresnak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza espazio horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Beste lanbide trebakuntza batzuk.

1. Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, otsailaren 17ko 113/2017 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Uraren kudeaketako goi mailako teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F2207128