152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

XABIER

Xabierko oinezkoen guneetara ibilgailuak sartzeko eta horietan aparkatzeko mugak ezartzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Xabierko Udalak, 2022ko apirilaren 21ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Xabierko oinezkoen guneetara ibilgailuak sartzeko eta horietan aparkatzeko mugak ezartzen dituen ordenantzan.

2022ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu aldatua argitara ematen da jarraian, indarrean jar dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Xabierren, 2022ko ekainaren 23an.–Alkatea, Laura Guindano Taínta.

ORDENANTZA, XABIERKO OINEZKOEN GUNEETARA (XABIERKO ABADIA PASEALEKUA) IBILGAILUAK SARTZEKO ETA HORIETAN APARKATZEKO MUGAK EZARTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arautzen ditu Xabierko oinezkoen bide edo guneetan (Xabierko Abadia Pasealekua) ibilgailuak sartzeko eta horietan aparkatzeko mugak.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Oinezkoen guneak dira ibilgailuak zirkulatzeko eta aparkatzeko Xabierko Udalak erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak, Xabierko Abadia Pasealekuan, “Xabierko eremu turistikoa” deitzen den horretan daudenak.

3. artikulua. Seinaleak.

Bide edo gune horiek seinale bertikal eta horizontalen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

4. artikulua. Debekuak.

Oinezkoen guneetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Hartzen ahal ditu zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barneko bide guztiak.

b) Ordutegi batera mugatzen ahal du ibilgailuek zirkulatu eta horiek aparkatzeko debekua.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu, edo ekitaldi jendetsuetan, esate baterako Xabierraldia, eta Udalak zehazten dituen beste batzuetan.

5. artikulua. Baimenak.

1. Nolanahi ere, murrizketa horiek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute, hurrengo artikuluetan ezartzen diren arauei jarraikiz.

2. Bizikletetan ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen gunean ibiltzeko, hauen urrats arruntaren abiaduran dabiltzan bitartean. Oinezkoen etorria berebizikoa denean, beharrezko neurri murriztaileak hartzen ahalko dira.

6. artikulua. Lehentasunak.

Oinezkoen gune eta bideetan, oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdi zerbitzuan badabil eta, erregelamenduari jarraituz, hala ezarrita badago.

7. artikulua. Abiadura.

Xabierko oinezkoen gune eta bide guztiek murriztua izanen dute abiadura: gehienez ere 20 km orduko.

8. artikulua. Ibilgailuak.

1. Sarbide mugatuko oinezkoen bideetan eta guneetan honako ibilgailu hauek sartzen ahalko dira:

a) Xabierko Abadia Pasealekua kalean bizi diren bizilagunek erabiltzen dituzten ibilgailuak, aparkatzeko txartela eman ondoren, ordenantza honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Xabierko Abadia Pasealekuko hotel-establezimenduetan ostatu hartzen duten bezeroek erabiltzen dituzten ibilgailuak, aparkatzeko txartela eman ondoren, ordenantza honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Xabierko Abadia Pasealekuko edozein ostalaritza-establezimendutako edo merkataritza-establezimendutako langileek erabilitako ibilgailuak, bai eta bertako bulego publikoetakoak ere, aldez aurretik aparkatzeko txartela emanda, ordenantza honen 9. artikuluaren arabera.

d) Zerbitzuetako enpresen merkataritzako ibilgailuak, zamalanetan ari badira, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

e) Suhiltzaileak, anbulantziak, larrialdietako osasun langileak, Gurutze Gorrikoak eta DYAkoak, poliziak, kale garbiketako enpresa, lorezaintzako enpresa, hiri hondakinen bilketako enpresa, horiek guztiak zerbitzuan ari direnean.

f) Gremioak:

–Iturgintzako enpresak, larrialdietako matxurak konpontzeko.

–Etxegileak, oinezkoen kale edo guneetako eraikinetan obrak egiteko behar duten denboran.

–Beste gremio batzuk, oinezkoen kale edo guneetako eraikinetan obrak egiteko behar duten denboran.

g) Xabierren erroldatutako bizilagunak, sartu eta aparkatzeko, soil-soilik parrokian (Oblatuen parrokia zaharra) ospakizun erlijiosoak egiten diren bitartean, ordenantza honen 12. artikuluaren arabera.

h) Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

9. artikulua. Sartzeko txartela.

1. Sarbide mugatuko oinezkoen guneetan ibilgailuak sartu ahal izateko txartela eskuratzeko, Udalean eskaera egin beharko da, honako hauetarako:

a) Xabierko Abadia Pasealekua kalean bizi diren bizilagunek erabiltzen dituzten ibilgailuak (ordenantza honen 8.1.a) artikulua).

b) Xabierko Abadia Pasealekua kaleko hotel-establezimenduetan ostatu hartzen duten bezeroek erabiltzen dituzten ibilgailuak (ordenantza honen 8.1.b) artikulua).

c) Xabierko Abadia Pasealekua kaleko edozein ostalaritza- edo merkataritza-establezimendutako langileek erabiltzen dituzten ibilgailuak (ordenantza honen 8.1.c) artikulua).

2. Artikulu honen 1.a) eta 1.c) apartatuetan aipatutako ibilgailuei aparkatzeko txartel iraunkorrak ematen ahalko zaizkie, banakako matrikularik gabekoak, eta/edo baimendutako ibilgailuaren matrikula adierazita daukaten aparkatzeko txartelak, soilik ibilgailu horientzat izanen direnak baliozkoak.

3. Aurreko apartatuan aipatutako sartzeko eta aparkatzeko txartelak ordenantza honen 21. artikuluan ezarritako banaketaren arabera emanen dira.

4. Sartzeko txartela eskuratzeko, nahitaez aldez aurretik dagokion tasa ordaindu beharko da, ordenantza honen 20. artikuluan ezarritakoa.

5. Etxebizitzaz aldatu edo beste edozein baldintza aldatuz gero, auzoko izateari utziko zaio eta txartela itzuli beharko da, baita hura eskuratzeko arrazoi izandako obra edo zerbitzuak bukatzean ere.

6. Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

10. artikulua. Eskabidea.

1. Xabierko oinezkoentzako gunean sartzeko eta aparkatzeko txartela lortzeko, Xabierko Udalean eskabidea aurkeztu beharko da, honako agiri hauekin batera:

–Nortasun agiri nazionala, eskatzailearen gidabaimena, ibilgailuaren zirkulazio baimena eta horien guztien kopiak.

–Indarrean dagoen autoaren aseguru-polizaren jatorrizkoak eta kopiak, eta ibilgailuen azterketa teknikoaren aldeko txostena, nahitaezkoa denean.

–Ordenantza honen 21. artikuluan aipatzen den txartela emateko tasa ordaindu dela frogatzen duen agiria.

–Xabierko Abadia Pasealekua kaleko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduetako batean langilea dela egiaztatzeko, eskatu aurreko hilabeteko soldaten ordainagiria aurkeztu beharko da, gune horretan jarduerak garatzen dituen enpresaren batena.

2. Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen diren ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla egiaztatzeko.

3. Txartela erabiltzeko eskubidea galduko da, baldin eta txartela lortzeko eskatutako baldintzaren bat ez betetzea dakarten inguruabarrak aldatzen badira.

4. Bizilagun izatea eta helbidea ofizioz egiaztatuko dira biztanleen erroldan egiaztatuta.

11. artikulua. Ostatatutako bezeroak.

1. Xabierko Abadia Pasealekua kaleko hotel-establezimenduetan ostatu hartuta dauden bezeroen ibilgailuak egiaztatuko dira dagozkien hoteletan emanen zaien txartelen bidez.

2. Hotelean zenbat logela erregistraturik dauden gehienez ere aparkatzeko txartel kopuru bera eskuratzen ahalko dute beren bezeroentzat.

3. Ostatu-lekuetan ostatu hartuta dauden bezeroentzako sartu eta aparkatzeko txartelak emanen dira dagokion tasa ordaindu ondoren, hau da, ordenantzaren 20. artikuluan ezarritakoa.

12. artikulua. Erlijio zerbitzuak.

1. Xabierko udalerrian erroldatutako bizilagunek oinezkoen guneetan (Xabierko Abadia Pasealekua kalean) sartzeko txartel bat eskuratzen ahalko dute, Oblatuen parrokiaren ondoko eremuan aparkatzeko eskubidea emanen diena. Dena den, aukera hori izanen dute soilik bertan zerbitzu erlijiosoak egiten direnean (ordenantzaren 8.1.g) artikulua).

2. Txartel hori eskuratuko da Xabierko Udalean eskaera aurkeztuta. Eskaerari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

–Nortasun agiri nazionala, eskatzailearen gidabaimena, ibilgailuaren zirkulazio baimena eta horien guztien kopiak.

–Indarrean dagoen autoaren aseguru-polizaren jatorrizkoak eta kopia, eta ibilgailuen azterketa teknikoaren aldeko txostena, nahitaezkoa denean.

–Txartela emateko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Tasa horren zenbatekoa ordenantza fiskal honen 20. artikuluan zehazten da.

13. artikulua. Aparkalekuak Xabierko oinezkoentzako gunean (Xabierko Abadia Pasealekua kalea).

Aparkatzeko hiru alde ezarri dira Xabierko oinezkoen gunean:

a) Oblatuen parrokiaren ondoko eremua. Bertan, sarrera-txartela duten ibilgailuak aparkatzen ahalko dituzte, Oblatuen parrokiako zerbitzu erlijiosoetara joateko.

b) Abadia Pasealekuaren ezkerraldeko aparkatze eremua (denda eta hotelen ondoan ez dagoen bidearen aldea) hoteletan dauden bezeroen ibilgailuak aparkatzeko.

c) Abadia Pasealekuaren eskuinaldeko aparkatze eremua (saltokien eta hotelen eremuaren ondoko bidearen aldea), Xabierko Abadia Pasealekua kalean kokatutako merkataritza- eta ostalaritza-enpresetako egoiliar eta langileentzako eta zerbitzu- eta zamalan-enpresentzako.

14. artikulua. Zamalanak.

Xabierko oinezkoentzako gunean zamalanetarako merkataritza-zerbitzuetako ibilgailuak eta 8. artikuluko 1. apartatuko d) eta f) apartatuetan aipatutako gremioak aparkatzeko, zerbitzu publikoko baimena duten ibilgailuak bakarrik aparkatzen ahalko dira.

15. artikulua. Ez betetzea.

1. Baimenik gabe sartzea eta oinezkoen gunean egotea, horretarako bidezko arrazoirik ez bada, zehatuko dira. Era berean, zigortzen ahalko da Xabierko Abadia Pasealekua kaleko eremu batean aparkatzea, horretarako eskubiderik izan gabe.

2. Bide eta gune mugatuetara sartzeko eta bertan egoteko arauak behin eta berriz betetzen ez badira, Udalak indarrik gabe uzten ahalko du gaitzen duen txartela.

16. artikulua. Ofiziozko egiaztatzea.

Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz ea betetzen ote diren txartelak emateko ezarritako baldintzak, eta betetzen ez dituztenei txartelak indargabetuko dizkie, galarazi gabe bidezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak edo zehapenak.

17. artikulua. Zehapen araubidea.

Ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea trafikoaren eta zirkulazioaren antolamenduaren arau-haustetzat hartuko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren V. tituluaren arabera. Alkatetzak zehatuko du, lege horren 80. artikuluan eta hurrengoetan adierazitako eskumen eta prozeduren arabera.

18. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira:

a) Oinezkoen gune edo bideetara sartzea txartelik gabe.

b) Oinezkoen gunean gelditzea ordenantza honetan ezarritako denbora igarota edo, hori ezarri ez bada, hara sartzea justifikatzen duten lanak edo jarduerak bukatzeko behar den denbora baino gehiago egotea.

c) Ibilgailuak aparkatzea horretarako baimendu ez diren oinezkoen guneko aldeetan.

19. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

Ibilgailua ibilgetzen ahalko da edo bide publikotik kendu eta gero horretarako prestaturiko gordelekura eraman, oinezkoen bide edo guneetan aparkatuta dagoenean ordenantza honetan ezarritako ordutegitik kanpo, bidezko arrazoirik gabe.

Aurreko apartatuan aipatzen den ibilgailua bidetik kentzearen ondoriozko gastuak titularrak, errentariak edo ohiko gidariak ordaindu beharko ditu, kasuaren arabera, ibilgailua itzuli aurretik, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), salbu eta ibilgailua ostu bada edo titularraren borondatearen aurka erabili bada eta hori behar bezala justifikatzen bada.

20. artikulua. Tasak.

1. Txartelak emateari honako tasa hauek aplikatuko zaizkio:

–Sartzeko eta aparkatzeko txartela 8.1.a) eta 8.1.c) artikuluko ibilgailuetarako, banakako matrikularen identifikaziorik gabe: 20 euro urtean.

–Sartzeko eta aparkatzeko txartela 8.1.a) eta 8.1.c) artikuluetako ibilgailuetarako, banakako matrikularen identifikazioarekin: 5 euro urtean.

–Sartzeko eta aparkatzeko txartela 8.1.g) artikulurako: 5 euro urtean.

2. Tasa hauek aplikatuko dira bikoizketak egiten direnean ere.

21. artikulua. Kopurua

1. Behin betiko aparkaleku esklusiboak honela banatzen dira:

a) Sartu eta aparkatzeko txartelak (8.1.a) eta 8.1.c) artikuluak):

–El Mesón hotela: 6 aparkaleku.

–Xabier hotela: 15 aparkaleku.

–Regalos Ciprés saltokia: 1 aparkaleku.

–Turismo-bulegoa: 1 aparkaleku.

b) Gaua pasatzeko hoteletako bezeroendako aparkalekuak. Sartzeko eta aparkatzeko txartela 8.1.b) artikulurako:

Hotelek ezin dute lortu ostatatutako bezeroentzako aparkatzeko txartel-kopuru handiagoa beren instalazioetan erregistratutako gelen kopurua baino.

2. Banaketa hori aldatzen ahalko da Alkatetzaren ebazpenaren bidez, behar bezala arrazoitua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitzen ahalko den, beharrezkoa den horretan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2209432