141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Telelana arautzeko erregelamendua onestea

2022ko ekainaren 2ko osoko bilkuraren erabakiz, Lizarrako Udalerako telelana arautzen duen erregelamendua onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta kontuan harturik, orobat, onetsitako arauaren izaera, alde batera uzten da espedientea jendaurrean jartzeko izapidea, eta arau-testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen da, indarra har dezan.

Lizarran, 2022ko ekainaren 24an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

LIZARRAKO UDALERAKO TELELANA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

Atarikoa

COVID-19ak osasunean, ekonomian eta gizartean eragindako krisiaren ondorioz, administrazio publikoek ahalegin handia egin behar izaten dute zalantzarik gabe; ildo horretan, eskura dituzten giza baliabideak eta bitarteko materialak baliatu behar izan dituzte, funtzionatzen jarraitzen dutela bermatzeko, zerbitzu publikoei eusteko eta herritarren eta enpresen eskubideak betetzen direla zaintzeko.

Azalduriko gisan jardun da herritarrak etxean konfinaturik egotea komenigarria –baina ez nahitaezkoa– zenean ere, eta gomendio haren barnean sartzen ziren, bistan denez, enplegatu publikoak ere. Egoera horrek lan-metodo berri bat ezarri du: jokoan dauden interesak kontuan izanik, gizarte- eta osasun-babesari men egin behar zaio, hargatik eragotzi gabe zerbitzu publikoa errendimendurik onenean eskaintzea.

2020ko martxoaz geroztik bizi izandako gertakarien abiadurak bat-batean behartu zuen agertoki horretan jardutera, baina orain iritsi da “telelan pandemikoa” deritzonari forma eta esparru juridikoa emateko unea, eta egonkortasuna eman behar zaio ustekabean heldu zen figura hari. Izan ere, aitortu behar dugu funtzioak betetzeko modalitate bat dela, eta, hasierako kalifikatzailetik bereizi ondotik, geratzeko iritsi dela.

Pandemiaz haratago, enpleguaren egungo kudeaketak eta baliabide teknologikoek aukera ematen dute lana beste modu batean antolatzeko, bai eta lanean benetan ematen den denbora malgutasunez banatu ahal izateko ere. Horrek ez du izanen eraginik herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, eta langileen bermeek ez dute izan behar inolako kalterik.

Ildo horretan, beharrezkoa da ikuspegi eta jarduteko modu berri hori administrazio publikoan txertatzea, egoera sozial eta ekonomikora egokitzeko eta enplegu publiko moderno eta profesionala garatzeko, malgua kudeaketari dagokionez. Hala, etengabeko hobekuntza bilatzen jarraituko du eta bermatuko du egokiro ematen direla eskaintzen dituen zerbitzu publikoak, eraginkortasunerantz, efizientziarantz eta jasangarritasunerantz egin dezaten. Era berean, kontuan izan behar da formula hori lagungarria izanen dela karbono-dioxidoaren emisioak murrizteko, langileen joan-etorriak gutxitu eginen baitira, eta neurri horrekin, era berean, garraio- eta errepide-azpiegiturak hobeki aprobetxatzea lortuko da.

Are gehiago, 2030 Agendak planetako ekintza-plan bat jasotzen du, Garapen Jasangarrirako 17 Helburutan oinarritua. Haren xedea da mundu zabaleko garapen soziala eta ekonomikoa ziurtatzea, betiere ikuspegi ekologiko, sozial eta jasangarritik. Ildo horretan, telelana lagungarria da desgaitasunen batek eragindako muga fisikoetatik edo espazial zein geografikoetatik erator litezkeen mugikortasun-arazoak gainditzeko; esate baterako, landa-inguruneekin edo barnealdeko komunikazio-urritasunarekin loturiko inguruabarretan.

Azaldurikoaz gainera, telelanak badu eraginik lan-jardueraren antolaketaren beste alderdi batzuetan ere:

–Elementu garrantzitsu gisa eratzen da “soldata emozionala” deiturikoaren barnean, hau da, langileek jaso dezaketen ordainsari ez-ekonomikoa da, lan-giroaren gaineko pertzepzioa hobetzen duena, produktibitatea handitzen duena eta beharrizan profesionalak, pertsonalak edo familiarrak asetzen dituena. Denbora gisa emaniko pizgarria da, bizi-kalitatean eta motibazioan eragina duena.

–Laneko osasunaren ikuspegitik, modalitateak bereak dituen arriskuekin batera, badira alderdi positiboak ere prebentzioaren aldetik, hala nola “in itinere” istripuak izateko arriskua gutxitzea, murriztu edo ezabatu egiten baitira telelangilearen joan-etorriak, etxetik lantokira eta lantokitik etxera.

–Kontuan hartu beharreko arriskuen artean, hauek ageri dira:

  • Komunikazioaren eta informazioaren teknologiari esker, langileak egunean 24 orduz egon litezke lanerako prestu. Aukera horrek eragin dezake nolabaiteko gehiegizko esplotazioa ere, eta atea irekitzen die arrisku psikosozial berriei, hala nola estres teknologikoari edo lanari uzteko zailtasunei. Horregatik, beharrezkoa dirudi deskonexio digitaleko formulazioak txertatzea, lana ez dadin egin ezarritako ordutegietatik eta zereginetatik kanpo.
  • Telelanak aukera emanen du sare korporatiboen segurtasun-perimetroaren kanpotik sartzeko Udalaren informazio-sistemetara, eta horrek arriskuak ekarriko dizkie informazio-sistema horiei. Beraz, Lizarrako Udalak beharrezko segurtasun-neurriak ezarri beharko ditu Segurtasunaren Eskema Nazionalaren eta zibersegurtasunari eta datuen babesari buruzko araudiaren esparruan, ahalik eta gehien murrizteko gerta daitezkeen arriskuak.

Lanaren ikusmolde tradizionalaren aurrean, antolaketa-modu horrek eskatzen du lanaren balorazioa helburuak lortzean oinarritutako ikuspegi batetik ulertzea. Beraz, beharrezkoa da konfiantza; hots, telelanari ekiten dion pertsonak egoki kudeatuko duela denbora planifikatutako emaitzak lortzeko. Antolaketa-kultura horrek eskatzen du zehaztu egin behar direla epe laburrerako helburuak eta jarraipen-mekanismoak, eta beharrezko egiten du, orobat, aginteak ezarritako eta dagozkion tresnen bidez adostutako ebaluazio-parametroak zehaztea. Konfiantza eta komunikazioa dira telelana arrakastaz ezartzeko oinarri nagusiak.

Finean, administrazio publikoen eta langileen prozesuak kudeatzearekin loturiko antolaketa- eta kultura-aldaketa horren barruan ulertu behar dugu telelana. Neurri horrek lan-denboraren kudeaketa arrazionalizatzea eta, ondorioz, modernizatzea du xede: aipaturiko informazioaren teknologietan oinarrituta, enplegatu publikoek lanaldiaren zati bat beren bizilekutik gauzatu ahal izatea ahalbidetzen du, betiere eskaintzen duten zerbitzu publikoaren kalitateari muzin egin gabe.

Eskumenei dagokienez, ukaezina da erregelamendu honen tankerako erreminta bat toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluan jasotako toki-erakundeen autoantolaketarako ahalmenaren emaitza dela. Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak berretsia du ahal horren gaineko iritzia; ildo horretan, toki-erakundeek aitortuta daukate berezitasunak dituzten gaiak antolatzeko eskumena, eta, hagitz bereziki, haien antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa.

Araudiaren ikuspegitik, erregelamendu hau Estatuko eta Europako lege-esparruan kokatzen da, eta Europako Batzordearen ekimenez 2002ko uztailaren 16an Bruselan onetsitako telelanari buruzko esparru-akordioan du jatorria. Akordio hark ekonomiarako eta jakintzaren gizarterako trantsizioa prestatzen lagunduko zuten negoziazioak abiarazteko eskatzen zuen, zerbitzuak emateko modalitate hori bultzatzeko, betiere Lisboan eginiko Kontseilu Europarrean adostu zenaren ildotik.

Estatuan, sektore publikoko telelanak badu nolabaiteko arau-babesa aurreko hamarkadatik hasita; hain zuzen ere, indargabeturik dagoen 11/2007 Legearen azken xedapenetako seigarrenak (“Telelana arautzeko gaikuntza”) agintzen zuen arautu egin behar zirela Estatuko Administrazio Orokorrean telelanean jarduteko baldintzak. Garai berekoa da APU/1981/2006 Agindua, ekainaren 21ekoa, Administrazio Publikoen Ministerioarena, zeinaren bidez ministerioetan telelaneko programa pilotuak ezartzea sustatzen baita.

Hala eta guztiz ere, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua da lege-mugarri nagusia; izan ere, hark ezarri zuen lehenbizikoz urrutiko lanaren fenomenoa. Horretarako, beste idazketa bat eman zion Langileen Estatutuaren 13. artikuluari (urrutiko lanari buruzkoa), eta honela definitu zuen modalitate hori: “Lan-jardueraren prestazioa nagusiki langilearen etxebizitzan edo hark libreki aukeraturiko tokian gauzatzea, betiere enpresako lantokian aurrez aurre garatzen duenarekiko modu alternatiboan”.

Lan-eremuan ardaztua izanik ere, 2021eko uztailaren 10eko Estatuko Aldizkari Ofizialak, 164. zenbakian, urrutiko lanari buruzko uztailaren 9ko 10/2021 Legea argitaratu zuen, zeinaren esparrua alderdi hauek arautzea baita:

Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 1.1 artikuluan deskribatutako baldintzak betetzen dituzten lan-harremanei aplikatuko zaie lege hau, betiere urrunetik gauzatzen badira modu erregularrean.

Urrutiko lana erregulartzat jotzeko, urrunetik eskaini beharko da gutxienez lanaldiaren ehuneko hogeita hamar –edo lan-kontratuaren iraupenaren araberako portzentaje proportzional baliokidea– hiru hilabeteko erreferentzia-aldian.

Foru Komunitateko enplegu publikoaren esparruan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 36. artikuluak hondar-klausula bat du, zeinak Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei aitorturiko funtsezko eskubideak aitortzen baitizkie Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura dauden langileei ere.

Bestalde, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen duen otsailaren 7ko 6/2019 Foru Legeak, zeinaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten baita, hogeita bigarren xedapen gehigarri berri bat jasotzen du, eta hauxe ezartzen du 2. apartatuan:

2. Behar diren urratsak eginen dira honako neurriak Nafarroako administrazio publikoen esparruan ezartzeko:

a) Telelana, halako sektoreetan non zerbitzuak ematea bateragarria baita kasuko zentro edo lantokian presentzia fisikorik behar ez duen lanaldi-mota batekin.

b) Ordutegien bateragarritasuna eta arrazionaltasuna, lanaldia 18:00etan buka dadin, ematen diren zerbitzu publikoen izaerak horretarako bidea emanez gero.

c) Langileen atsedenerako denboran deskonexio digitala eta lanpostuaren eginkizunetarako arretari buruzkoa ahalbidetuko duten neurriak.

d) Halaber, arreta emanen zaio, lanaldi murrizketaren kasu guztietan, ordutegien egokitzapenari eta, bereziki, bertaratze-egunen egokitzapenari, norberaren bizitza, familia-bizitza eta lan-arloko bizitza bateragarri egiteko.

Aurreikuspen hori betetzeko, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatean telelana arautuko duen Foru Dekretuan jasotako ildo nagusiak aurkeztu ditu.

Enplegua arautzen duen lege-esparrutik kanpo, datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak lan-eremuan gailu digitalak erabiltzearekin lotutako eskubide-multzo bat arautzen du, Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluan jasotako manuaren arabera eta Espainiako, Europar Batasuneko eta nazioarteko jurisprudentziak dioenari jarraikiz. Eskubide horien artean ageri dira, besteak beste, negoziazio kolektiboko eskubide digitalak, intimitaterako eskubidea eta lan-arloko konexio digitalerako eskubidea, eta deskonexio digitalerako eskubidea.

2020an, ezinbesteko arrazoiek bultzatuta, agerikoa da krisia kudeatzeko onetsiriko araudiak modu irmo eta errepikakorrean sustatu zuela telelana, bereziki COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua onetsi zenetik (5. artikulua), harik eta behin betiko islatuta geratu zen arte sektore pribatuari bakarrik aplika dakiokeen irailaren 22ko 28/2020 Errege Lege Dekretuan.

Azkenik, administrazio publikoetako telelanaren eta Osasun Sistema Nazionaleko giza baliabideen arloko premiazko neurriei buruzko irailaren 29ko 29/2020 Errege Lege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko, aldatu egiten du urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena, eta, alde horretatik, 47 bis artikulua txertatzen du sektore publikoko telelanaren arloko oinarrizko manu arautzaile eta inspiratzaile gisa. Manu bakar horrek, bereziki laburra izaki irailaren 22ko 28/2020 Errege Lege Dekretuaren aldean, are indar handiagoz bultzatzen du telelanaren garapena, segurtasun juridikoa lortze aldera.

Azken buruan, telelanaren figura aukera ezin hobea da lana antolatzeko moduetan aldaketak txertatzeko, egungo koiuntura- eta antolaketa-behar premiazkotik harago; izan ere, aldaketa horiek hainbat hobekuntza ekarriko dituzte, hala nola zerbitzu publikoen prestaziora, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen ongizatera, 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuetara, eta administrazio irekiago, partizipatibo eraginkorrago eta efizienteago bat lortzeko bidera. Orobat, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea ekarriko du, bai eta administrazio digitalaren garapena ere. Eta horrek izanen du abantailarik, bai langileentzat, bai Administrazioarentzat, bai eta, oro har, gizartearentzat ere. Eta hori guztia Konstituzioan jasotako manua betetzeko; hau da, interes orokorrak objektibotasunez zerbitzatzeko eta eraginkortasun-, hierarkia-, deszentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera jarduteko, betiere legeari eta zuzenbideari irmo jarraikiz.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 80. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, estatutupeko langileak zein langile lan-kontratudunak dira erregelamendu honen aplikazio-eremua, eta negoziatu ere negoziatu da langileen ordezkariekin.

Erregelamendua bat dator, orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin. Hori horrela, arauak betetzen ditu premia, efikazia, proportzionaltasun, segurtasun juridiko, gardentasun eta efizientzia printzipioak, koherentea da ordenamendu juridikoarekin, ez du sartzen karga administratibo gehiagorik eta baliabide publikoen kudeaketa efizienteagoa ahalbidetzen du.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluak izaera orokorrez ezartzen badu ere herritarrek parte hartzea xedapen orokorrak onartzeko prozesuetan, salbuespen bat jasotzen du 4. apartatuan. Haren arabera, “Artikulu honetan aurreikusitako kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin gabe utz daitezke Estatuaren Administrazio Orokorraren, administrazio autonomikoaren, toki-administrazioaren edo haien mendeko edo haiei lotutako antolakundeen aurrekontuei edo antolaketari buruzko arauetan edo hala justifikatzen duten interes publikoko arrazoi astunak daudenean”. Hori horrela den heinean, ez da beharrezkoa izapide hori, ez baita antolaketa izaerako erregelamenduzko araua.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Lizarrako Udalaren zerbitzura diharduten langileek telelan-modalitatean lan egiteko modua arautzea.

2. artikulua. Kontzeptua eta ezaugarriak.

Telelantzat hartzen da zerbitzuak urrunetik ematean datzan modalitatea, zeinean lanpostuaren eskumen-edukia –edo haren parte bat, behinik behin– dagokion administrazioaren bulegoetatik kanpo garatu baitaiteke, guztia ere informazioaren eta komunikazioaren teknologiak baliatuz eginkizun horretarako.

Erregelamendu honen ondorioetarako, sinonimotzat jotzen dira “telelana”, “aurrez aurrekoa ez den lana”, “lan ez-presentziala” eta “urrutiko lana”, baina ez dira jotzen telelantzat aldian behin lantokitik kanpo joatea eskatzen duten lan-egoerak, hala nola aurkezpenak, ikastaroak, bilerak eta abar, nahiz eta lanaldi oso bati edo gehiagori egiten ahal dioten.

Zerbitzuak telelan-modalitatean ematearen helburua da langileek familia-etxebizitzatik edo hark askatasunez aukeratutako lekutik egin ahal izatea lanpostuari lotutako zereginak eta funtzioak; horrek lan-eraginkortasun handiagoa ekarriko du, lan horiek gogobetetze-maila handiagoarekin eginen baitituzte –izan ere, norberaren eta familiaren bizitza lan-bizitzarekin kontziliatzeko aukera ematen die, lana hobeki antolatzeari eta helburuen araberako kudeaketari esker–. Lan egiteko modalitate horrek bermatuko du betetzen direla laneko arriskuen prebentzioan, gizarte-segurantzan, pribatutasunean, datuen eta informazioen babesean eta konfidentzialtasunean eskatutako baldintzak, baita gainerako enplegatu publikoekiko legezko eta ohiko eskubideen berdintasuna ere.

Zerbitzua telelanaren bidez eskaintzeko, berariaz eman beharko da baimena, eta bateragarria izanen da aurrez aurreko modalitatearekin. Nolanahi ere, borondatezkoa eta itzulgarria izanen da telelan-modalitatea, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik. Funtzio publikoaren arloan indarrean dauden arauetan eta erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera jokatuko da, kasuan-kasuan dagokion negoziazio kolektiboaren kalte gabe. Araudi hartan eta haren garapenean, zerbitzua emateko modalitate horri atxikitzeko irizpide objektiboak jasoko dira.

Telelanak lana hobeki antolatzen lagundu beharko du; ildo horretan, helburuak identifikatuko dira eta aldian-aldian ebaluatuko da helburuok betetzen ote diren.

Telelan-modalitatean jarduten duten langileek aurrez aurre lan egiten duten gainerako langileen betebehar eta eskubide indibidual eta kolektibo berberak izanen dituzte, barnean harturik aplikatzekoa den laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia, eta salbuetsita egonen dira zerbitzua aurrez aurre emateari espezifikoki loturiko araudia bete beharretik.

Udal-zerbitzuak saiatuko dira beharrezko baliabide teknologikoak ematen modalitate horretan lan egiten duten pertsonei, betiere udal-zerbitzuon baliabide tekniko eta aurrekontu-baliabideen barruan.

Praktikaldiko kontratuek eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuek ez dute onartzen telelaneko akordiorik; horrek ez du galarazten, halere, azken horiei lotutako prestakuntza teorikoa telematikoki egiteko aukera.

Telelan-modalitatea zainketa-rolak eta genero-estereotipoak betikotu daitezen saihesten ahaleginduko da, eta kontuan hartu beharko da gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasunaren fenomenoa.

3. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Hauek dira telelanari loturiko oinarrizko printzipioak:

–Lan bat antolatzeko edo egiteko modutzat hartzea, eta, hartarako, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak baliatzea.

–Izaera mistoa, borondatezkoa eta itzulgarria.

–Berariazko baimenaren beharra, erregelamendu honetan aurreikusitako moduan izapidetua.

–Berberak izatea modalitate horretan lan egiten dutenen eta gainerako langileen eskubide legal eta konbentzionalak.

–Erabateko bateragarritasuna izatea aurrez aurreko modalitatearekin.

–Bereziki egokia izatea helburuen araberako kudeaketa eta jarduna gauzatzeko eta sustatzeko.

–Erakundearen administrazio elektronikoa garatzeko prozesuan txertatzea.

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

Erregelamendu hau Lizarrako Udalean zerbitzuak ematen dituzten langileei aplikatuko zaie –bai administrazio-araubidean ematen dituztenei, bai lan-araubidean dihardutenei–, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, betiere telelan-modalitatean partzialki behintzat gauzatzeko moduko lanpostuak badituzte.

Telelanaren bidez osorik edo partzialki bete daitezkeen lanpostutzat hartuko dira modu autonomoan eta ez-presentzialean bete daitezkeenak, bereziki zuzendaritzako lanpostuak eta izapidetze administratiboarekin eta bulegotika-ekipamenduen erabilerarekin loturikoak.

Beraz, telelan-modalitatetik kanpo geratzen dira haien ezaugarriengatik aurrez aurre eman behar diren zerbitzuei atxikitako langileak (obrak eta zerbitzuak, irakasleak, polizia, langile soziosanitarioak, eta abar).

Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, ez dira sartzen ahalko telelan-modalitatean beste lanpostu edo jarduera batekin bateragarritasuna onartu zaien udal-langileak.

5. artikulua. Baimena emateko baldintzak.

1.–Zerbitzua telelan-modalitatean emateko eskatzen ahalko dute erregelamendu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden enplegatu publikoek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jarduneko zerbitzuan aritzea.

Aurrekoa gorabehera, telelanean sartzeko eskaera jarduneko zerbitzuaz bestelako administrazio-egoeretatik egiten ahalko da, baldin eta egoera horiek lanpostua gordetzea badakarte. Eskatzaileak baimena badu modalitate horretan zerbitzua emateko, bere lanpostura itzuli beharko du, eta, hala, dagoen administrazio-egoeratik itzultzeko eskatu beharko du. Azken kasu horretan, langileak ez badu eskatzen bere lanpostura itzultzea, ondoriorik gabe geratuko da baimena.

b) Telelanaren bidez eman daitekeen lanpostu baten titularra edo langilea izatea. Administrariek edo aldi baterako langile lan-kontratudunek aurreikusi beharko dute urtebetez baino gehiagoz arituko direla modalitate horretan, eskaera aurkezten dutenetik.

c) Telelanean jarduteko ekipamenduak eta lekuak beharrezko azpiegitura eta konexioa izatea, komunikazio-sistemen funtzionamendua egiaztatu ondotik, eta, era berean, laneko segurtasun eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea.

d) Egin beharreko eginkizunen konplexutasunak hala eskatzen duenean, eta eginkizunok betetzea ohiko jardunetik nabarmen aldentzen bada, prestakuntzaren arloan eskumena duen organoak antolatutako berariazko prestakuntza-ikastaroak gainditzea.

e) Bi urte igaro izana telelaneko baimen bat ezeztatu zenetik –dela ebaluazioan ezarritako helburuak ez zirela bete ondorioztatzeagatik, dela larriki ez betetzeagatik segurtasunaren, zibersegurtasunaren, datuen babesaren eta konfidentzialtasunaren arloko konpromisoak–.

2.–Artikulu honetan ezarritako baldintzak zerbitzua telelan-modalitatean ematen den aldi osoan bete beharko dira. Horretarako, Lizarrako Udalak egiaztatzen ahalko du betetzen direla baldintza horiek, interesdunari aldez aurretik jakinarazita.

3.–Telelan-modalitatean lan egitea aitortzen eta baimentzen duen ebazpenak ezarriko ditu jarduera horren baldintza espezifikoak, hala nola aurrez aurreko dedikazioaren araubidea edo bete beharreko helburuak, eta, era berean, baldintza gehigarriren bat ere ezartzen ahalko du kasu jakinen baterako, betiere berdintasun-printzipioa errespetatuz.

6. artikulua. Zerbitzuak telelan-modalitatean emateko iraupena.

1.–Salbu eta beste eperen bat ezartzen bada baimena emateko ebazpenean, ulertuko da eskaera egin eta hurrengo hilaren lehen egunetik urte naturala amaitu arte ematen dela baimen hori. Epe hori luzagarri izanen da, baina berariaz eman beharko da.

2.–Baimena denbora jakin baterako ematen bada, langileak aurrez aurreko modalitatera itzuli beharko du baimendutako aldia amaitu ondotik, eta Lizarrako Udalak ez du eman beharko berariazko ebazpenik horretarako. Ez bada itzultzeko aurrez aurreko lanera adierazitako moduan, zerbitzua bertan behera uztetzat hartuko da, eta dagokion diziplina-espedientea jarriko da abian.

3.–Baimena amaitu aurreko bi hilabeteko epean, eta baimena eman ondorengo edozein unetan, enplegatuak beste baimen bat eskatzen ahalko du, zeina erregelamendu honetan aurreikusitako prozedura arruntaren arabera izapidetuko baita.

7. artikulua. Zerbitzua telelan-modalitatean ematearen ezaugarriak.

1.–Oro har, eta 20. artikuluan ezarritako helburuak betetzeari buruzko kontsiderazioen kalte gabe, berberak izanen dira telelanaren modalitateko lan-ordutegia eta aurrez aurreko modalitatearena, eta erregelamendu honen 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egonen da ezarrita.

2.–Telelana lanaldi partzialeko modalitate gisa antolatzen da, justifikatuta ezartzen diren salbuespenetan izan ezik. Horrek esan nahi du hilabetearen edo astearen barruan zehaztutako moduan banatzen ahal direla aldi baterako unitateak, baina eguneko lanaldi bera ez da zatitzen ahalko zerbitzua emateko bi modalitateetan –aurrez aurre eta urrunetik–, 19. artikuluan aurreikusitako salbuespenezko kasuan izan ezik.

Hala eta guztiz ere, telelan-modalitatea indarrean dagoen bitartean, izanen da aukera udal-bulegoetako lanpostura bertaratzeko, interesatuak komenigarritzat jotzen badu –eta betiere eguneroko lanaldi osoan egiten badu–, bai eta bertaratzeko eskatzen badiote ere.

3.–Zerbitzuaren beharrizanak behar bezala justifikatu ondotik, arduradun hierarkikoak eskatzen ahalko du telelan-modalitatean lan egiten duten langilea lantokira bertaratzea, eta gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko du eskaera hori.

4.–Kasuan-kasuan ageri diren inguruabarren arabera zehazturiko kasu hagitz berezietan izan ezik, aurrez aurreko modalitatean zerbitzuak ematea ez da izaten ahalko lanaldi osoaren % 25 baino txikiagoa, urteko zenbaketa osoa aintzat harturik.

8. artikulua. Behin-behineko langileen telelana.

Aitortzen da behin-behineko langileek betetzen dituzten eginkizunak helburuak betetzera eta emaitzak lortzera bideratzen direla berez; hori horrela izanik, erraztasunak emanen dira eginkizun horiek telelan-modalitatearen bidez bete ahal izateko, salbuespenak salbuespen, betiere bermatuta geratzen bada lantaldeak teknologien bidez behar bezala koordinatzeko aukera.

Langile horiei dagokienez, ez da izanen nahitaezkoa langileen ordezkariekin negoziatzea.

9. artikulua. Baliabide materialak, teknikoak eta estrukturalak.

Telelanean diharduten langileek konexio-sistema informatiko nahikoa eta segurua izan beharko dute beren etxean edo une bakoitzean zerbitzuak ematen dituzten lekuan, urrunetik egin ditzaten beren lanpostuari loturiko eginkizunak, lantokirako ezarritako baldintza berberetan.

Ez da inola ere onartzen galeria komertzialek, dendek, ostalaritzak, leku publikoek edo bestelako merkataritza-establezimenduek eskainiriko Interneteko konexioak erabiltzea, eta ez da onartzen, orobat, jendearentzat partekatutako komunikazio-sareak erabiltzea, ezta komunikazioaren segurtasuna arriskuan jar dezakeen bestelakorik ere.

Nolanahi ere den, telelan-modalitatean lan egiten duena bera arduratuko da datuak eman eta jasotzean konfidentzialtasuna bermatzeko behar den arreta mantentzeaz, guztia ere zibersegurtasunaren, Segurtasuneko Eskema Nazionalaren eta datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzeko. Gai horiei buruz behar bezala prestatuta eta informatuta egonen dira langileak.

Lizarrako Udalak beharrezko ekipamendu informatikoa ematen badu, telelangileak entregatu zioteneko egoera eta konfigurazio berean mantenduko du gailua, telelan-modalitatean jarduteko baimendutako denbora osoan. Udaleko Informatika Arloak noiznahi berrikusten ahalko ditu erabilitako ekipamenduaren baldintzak. Zerbitzuak telelan-modalitatean emateko baimen-aldia amaitutakoan, Administrazioari itzuli beharko zaio ordenagailua.

Telelana behar bezala egiteko beharrezko baldintza teknikoen artean ageri dira, esaterako, komunikazioak, baimenak eta sarbideak aurrez aurreko laneko baldintza berberetan mantentzea. Udaleko zerbitzu teknikoek zehaztuko dute, kasuan-kasuan, sistemara urrutitik sartzeko modurik egokiena, batez ere VPN bidez (Sare Pribatu Birtuala) edo VDI bidez (mahaigain birtualen azpiegitura).

Telematikoki eskaini ohi da Administrazioak emandako baliabideekin zerikusia duten gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa.

Hala ere, zuzeneko esku-hartze teknikoa behar bada ekipamenduetan edo aplikazioetan, aurrez aurreko lanegunetan eginen da. Arrazoiren batengatik gorabehera konponezina bada eta erabat galarazten badu lana urrunetik egitea, bertan behera utziko da behin-behinean lan egiteko modu hori arrazoi teknikoengatik, harik eta gorabehera konpondu arte.

Zerbitzuak telelan-modalitatearen bidez emateak barnean hartzen du langileak lanaldian zehar baliabide telematikoen bidez aurkitzeko moduan egon beharra, edo, kasuak hala eskatzen badu, ezartzen den prestasun-ordutegian lan egitea; era berean, beharturik egonen da deitutako bilera telematikoetan parte hartzera ere.

Lantokiko telefonoaren telefono-luzapena konfiguratzeko aukera aztertuko da, langileak nahi duen zenbakira desbideratzeko, baita PCan edo ordenagailu eramangarrian deiak jasotzeko eta erantzuteko software-alternatibak erabiltzekoa ere.

Telelanean ari diren pertsonak bere borondatez erabiltzen ahalko du ekipamendu informatiko pertsonala, eta uko egiten ahalko dio Lizarrako Udalak eskain diezaiokeenari, informatika arloak ekipamenduaren egokitasunari eta segurtasun-baldintzen betetzeari buruzko aldeko txostena eman ondoren.

Kasu horretan, jabeak ordainduko ditu gailu horiek erosi, erabili, mantendu, konpondu eta birjartzeak eragindako gastu guztiak, eta Lizarrako Udalak ez du emanen inolako konpentsazio ekonomikorik haietarako.

Kolektiboki adosten denaren kalte gabe, aitortzen da kasuan-kasuan hitzartzen ahalko dela telelan-modalitateari atxikita zerbitzuak ematen dituen pertsonak ordaindu behar izatea telelanak eragindako gastuak –batez ere konexioa–. Esanbidezko aipamenik ezean, Lizarrako Udalaren kontura direla ulertuko da.

Kasu horretan, sortutako gastuek urrutiko lanak jasandako gainkostuaren baliokidea den konpentsazio ekonomikoa ekarriko dute, eta zenbatespen bidez kalkulatuko da, ezinezkoa bada zehazki kalkulatzea edo zuzenean Udalari egoztea.

Udalak ez dio ordainduko gasturik artikulu honetan berariaz zehaztu ez den langileari.

10. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Laneko arriskuen prebentzioan, segurtasunean eta osasunean eskumena duen zerbitzuak egiaztatu beharko du, telelan-araubidean zerbitzuak emateko baimena eman aurretik, zerbitzuak ematen diren etxebizitzan edo lekuan lanpostuaren eginkizunak betetzeko baldintzek ez dutela eragiten arriskurik telelan-modalitatean diharduen langilearen osasunerako.

Izapide hori errazteko, aurreko paragrafoan aipaturiko egiaztapena jasoko da txosten batean, zeina galdetegi bat aztertu ondoko emaitza izanen baita. Galdetegi horretan, eskatzaileak erantzukizunez adieraziko du, autoebaluazio baten bidez, adierazitako lekuak betetzen dituela telelaneko lanpostuaren baldintzak.

Aurrekoa gorabehera, enplegatuek beren borondatez eskatzen ahalko diote laneko arriskuen prebentzioaren arloan eskumena duen organoari etxeko ikuskapena egitea, galdetegian alegatutako baldintzak egiaztatzeko, eta azken horri egokituko zaio eskaera horri buruzko ebazpena ematea.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan eskumena duen zerbitzuak segurtasunaren eta osasunaren arloan beharrezko prestakuntza eta informazioa emanen die telelanaren modalitatera biltzen diren langileei. Langile horiek, kasu guztietan ere, emandako prestakuntza eta informazioa aplikatu beharko dute.

Laneko kontingentzia posibleei dagokienez, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

11. artikulua. Prestakuntza.

Telelanaren bidez lan egiten duten langileek, gutxienez urtero, berariazko prestakuntza-ikastaro bat eginen dute telelanaren arloko funtsezko alderdiei buruz, bereziki zibersegurtasunaren, Segurtasunaren Eskema Nazionalaren eta datuen babesaren arloei dagokienez.

Pertsonaleko Arloa arduratuko da ikastaro hori urtean behin antolatzeaz, bai eta bertaratzea eta aprobetxamendua kontrolatzeaz ere, eta, ahal den heinean, lanorduetan egiten saiatuko da; bestela, konpentsazioa emanen du, prestakuntzari buruzko langileen akordioetan ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza-obligazioa ez betetzeak zerbitzuak telelan-modalitatean emateko baimena baliogabetzea ekarriko du.

Kasu guztietan ere, telelanaren bidez lan egiten duten langileen etengabeko prestakuntza sustatu eta bultzatuko da, honako gai hauetan:

–Helburuen eta proiektuen araberako lana.

–Plangintza eta denboraren antolaketa.

–Talde lana.

–Datuen Segurtasunerako eta Babeserako Eskema Nazionala.

–Zibersegurtasuna.

–Laneko arriskuen prebentzioa.

–Gaitasun digitalak.

–Komunikazio-tresnak erabiltzea.

II. TITULUA

Prozedura

12. artikulua. Zerbitzuak telelan-araubidean ematea baimentzeko prozedura.

1.–Lizarrako Udaleko langileek, Pertsonaleko Arloaren bitartez, zerbitzuak telelan-modalitatean emateko baimena eskatzen ahalko diote alkatetzari.

Horretarako, eskabide-eredu normalizatu bat ezarriko da, eta, harekin batera, erregelamendu honen 10. artikuluan aurreikusitako galdetegia aurkeztu beharko da.

2.–Eskaera jasotakoan, Pertsonaleko Arloak dagokion arloko buruzagitzari edo dagokion unitate organikoko arduradunari helaraziko dio eskabidea, bost egun balioduneko epean txosten ez-loteslea egin dezan, eta han ebaluatuko du egokia den ala ez eskaturiko baimena ematea. Txosten horretan, alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

a) Arrazoiak: arrazoituta eta argi jaso beharko dira eskatzailea gai ote den ala ez zerbitzuak telelan-araubidean emateko, eta, kasu guztietan ere, justifikatu egin beharko da zerbitzuaren beharrak beteta geratzen direla eta ez zaiola kalterik egiten zerbitzuaren kalitateari. Bereziki arrazoitu beharko da eskatzaileari urrutiko jarduera ukatzea.

b) Lanaldiaren ehunekoa: txostenak adierazi beharko du zein den egokitzat jotzen den lanaldiaren ehunekoa eskatzaileak bere zerbitzuak telelan-araubidean eman ditzan, egin beharreko eginkizunen eta zereginen izaera kontuan hartuta, eta emandako zerbitzuen kalitatean kalterik eragin gabe.

c) Eskatzailea organikoki atxikita dagoen zerbitzuburuaren oniritzia.

d) Telelanaren antolaketari dagokionez komenigarritzat jotzen diren beste alderdi batzuk, hala nola telelaneko egunen banaketa zehatza/departamentuko langileen arteko aurrez aurrekotasuna.

3.–Aurreko txostenaren ondotik, beste bi txosten hauek eginen dira:

–Laneko arriskuen prebentzioaren arloan eskumena duen organoaren txostena, erregelamendu honen 10.1 artikuluan aurreikusitakoa.

–Informatika Departamentuaren txostena, gailu informatikoen eskuragarritasunari eta egokitasunari buruzkoa, bai eta eskatzaileak zerbitzuak telelan-araubidean eman ahal izateko beharrezkoak diren gainerako baldintza teknikoei buruzkoa ere –edo noiz egoten ahalko diren eskuragarri–.

4.–Aurreko atalean adierazitako txostenak egin ondotik, eta langileen arloari buruzko proposamen-txostena egin eta gero, alkatetzak edo, eskuordeturik egonez gero, langileen arloan eskumena duen zinegotzigoak ebazpena emanen du, eta baietsi edo ezetsi eginen du zerbitzuak telelan-araubidean emateko baimen-eskaera. Eskaera hori eskatzaileari, arloko buruzagitzari edo unitateko arduradunari jakinaraziko zaio, bai eta Pertsonaleko eta Informatikako Arloei ere, baldin eta eskaera baiesten bada.

5.–Jarduera telelan-modalitatearen bidez egitea aitortzen eta baimentzen duen ebazpenak ezarriko ditu jarduera horren berariazko baldintzak, bereziki artikulu honetako 2. apartatuko b) eta d) letretan aipatutakoak, bai eta beste batzuk ere, hala nola erabili beharreko metodologia edo bete beharreko helburuak. Halaber, baldintza gehigarriren bat ere ezartzen ahalko du, kasu jakinen batean jardun ahal izateko, eta kasu guztietan ere berdintasun-printzipioa errespetatuz. Horretaz gainera, baimendutako lanaldiaren ehunekoa jasoko du, bai eta telelanaren araubideari buruz kasu jakin horretarako ezinbestekotzat jotzen diren alderdi guztiak ere.

6.–Aurreko apartatuetan aipatzen den ebazpena egintza araututzat hartuko da, eta, beraz, ez da ukatzen ahalko modu diskrezionalean, baldin eta txosten guztiak aldekoak badira eta enplegatu publikoak objektiboki betetzen baditu jarduteko modalitate horretan aritzeko eska daitezkeen baldintza funtzional, juridiko eta tekniko guztiak.

13. artikulua. Zerbitzuak antolatzea eta ebaluatzea.

Arduradun hierarkikoek antolatuko dituzte telelan-modalitatean diharduten langileek gauzaturiko zeregin zehatzak, Lizarrako Udalaren organigraman ezarritakoaren arabera, zerbitzuak aurrez aurreko modalitatean ematen dituzten langileen kasuan gertatzen den bezala.

Arduradun hierarkikorik ezean, baimen-ebazpenak zerbitzuaren antolamenduari buruz xedatzen duena beteko da.

Baldintza teknikoek ahalbidetzen badute, eta baimen-ebazpenean ezartzen diren baldintzetan, telelan-modalitateko langileek egiaztatu beharko dute betetzen dutela telelanerako esleitutako ordutegia, fitxaketa-prozesuaren bidez, ezarritako moduan.

Arduradun hierarkikoek gainbegiratuko dituzte, oro har, emandako zerbitzuak. Lantalde bat arduratzen denean proiektu transbertsal baten kudeaketaz, proiektuaren beraren lan-dinamikan jasota egon beharko dira autoebaluaziorako neurriak edo tresnak.

Alabaina, Lizarrako Udala saiatuko da pixkanaka ezartzen helburuak ezartzeko, planifikatzeko eta neurtzeko sistemak; esate baterako, helburuen araberako zuzendaritza, jardunaren ebaluazioa, edo helburu horien betetze-maila aldian-aldian neurtzea. Horretarako, plan espezifiko baten garapena diseinatuko da, eta hark ezarriko ditu beharrezko antolakuntza- eta funtzio-aldaketak.

Departamentu edo unitate organiko batean edo batzuetan hasten ahalko da aurreko apartatuan aipatutako helburuen araberako ebaluazio-sistemaren ezarpen mailakatua, proiektu pilotu gisa, ikusten baldin aldaketak azkarrago eta eraginkorrago ezartzen ahal direla haietan, dela haien egokitasunagatik, dela beraiek hala eskatuta.

14. artikulua. Langileak modalitate presentzialera itzultzea.

1.–Zerbitzuak telelan-modalitatean ematen dituzten udal-langileek aurrez aurre hasi beharko dute beren lanpostuan, dela beren borondatez uko egiten diotelako telelan-modalitateari, 16. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuta, dela haren baimen-aldia igaro delako.

2.–Ezeztatuta eta ondoriorik gabe gera daiteke zerbitzua telelan-modalitatean emateko baimena, honako arrazoi hauengatik:

a) Zerbitzuaren beharrizanak direla eta, behar bezala egiaztatuta eta justifikatuta; gutxienez astebete lehenago jakinarazi beharko dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

b) Ez betetzeagatik ezarritako helburuak edo betebeharrak.

c) Bi alderdiak ados jarrita.

d) Emandako ekipamendu informatikoa nahita edo larriki arduragabeki aldatzeagatik, hala nola konfigurazioa aldatuz, software maltzurra sartuz, aplikazio desegokiak instalatuz edo elementu periferikoak aldatuz Administrazioaren baimenik gabe.

e) Udalak emaniko ekipamendu informatikoa etengabe erabiltzeagatik lanekoak ez diren zereginetan.

f) Nabarmen ez betetzeagatik segurtasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloko arauak eta gomendioak.

3.–Aurreko apartatuan aurreikusitako prozedura kontraesanezkoa izanen da, eta entzun eginen zaio interesdunari; ebazpena arrazoitua izanen da. Arloko burutzak edo dagokion unitate organiko edo funtzionaleko arduradunak eskatuta ebatziko da.

4.–Kasu guztietan ere, telelanerako baimena agortu eta hurrengo lanegunean itzuli beharko da lanpostura aurrez aurreko modalitatean, salbu eta emandako ebazpenean ez bada adierazten zer egun zehatzetan bueltatu behar duen langileak modalitate hartara.

5.–Epe hori igaro eta ez bada itzuli lanera, zerbitzua bertan behera uztetzat joko da absentzia hori, eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

III. TITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

LEHEN ATALA

Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak

15. artikulua. Xedapen orokorra.

Zerbitzuak telelan-araubidean ematea borondatezkoa izanen da langileentzat, eta berez ez du izanen inolako ordainsari-ondoriorik, salbu eta langileak joan-etorri gisa diru-zenbatekoren bat jasotzen badu.

Langile horiek gainerako udal-langileen araubide juridiko, eskubide eta betebehar berberak izan dituzte ondorio guztietarako, zerbitzua aurrez aurre edo urrunean emateari lotuta daudenak izan ezik.

16. artikulua. Telelangilearen eskubideak eta betebeharrak.

Eskabidea borondatezkoa izanen da, eta langileek uko egiten ahalko diote baimenari, nahi duten amaiera-eguna baino bost egun lehenago jakinarazita.

Kasu horretan, Pertsonaleko Arloak telelan-modalitateko zerbitzuen prestazioa amaitzea ebatziko du, eta langileak aurrez aurreko lantokira itzuli beharko du, erregelamendu honen 14.4 artikuluan jasotakoaren arabera.

Era berean, Lizarrako Udalak baimena ezeztatzen ahalko du, 14.2 artikuluan aurreikusitako prozedurari helduz.

Modalitate ez-presentzialean zerbitzuak ematen jarduniko denboran bakarrik izanen du telelangile izaera; hau da, bere lanpostua modalitate horren bidez betetzen duenean edo aurrez aurrekoarekin konbinaturik eskaintzen duen aldian, eta indarrik gabe geratuko da bete lanpostu batean hasten baldin bada, hargatik eragotzi gabe lanpostu horretan ere telelan-modalitatea eskatzeko aukera.

Telelan-modalitatea baldintza pertsonala da, eta, beraz, langile horrek lanpostua utziz gero, lanpostu hori beteko duen hurrengo langilea aurrez aurreko modalitatean hasiko da automatikoki.

Telelangileek etengabeko prestakuntzako berariazko betebeharra dute, erregelamendu honen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, bereziki, beren lanpostua behar bezala betetzeko beharrezkoak diren gaietan trebatu beharko dute.

Era berean, arreta eta ardura berezia izan beharko dute datu pertsonalen segurtasunari, zibersegurtasunari eta babesari buruzko araudia betetzeko, eta une oro bermatu beharko dute komunikazioen konfidentzialtasuna.

17. artikulua. Deskonexiorako eskubidea.

Udal-langile guztiek eta, bereziki, beren eginkizunak telelan-modalitatean betetzen dituztenek deskonexio digitalerako eskubidea dute beren erabilgarritasun-ordutegitik kanpo, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 88. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Deskonexioa bermatzeko betebeharrak komunikaziorako baliabide teknologikoen erabilera mugatzea dakar, baita lanetik deskonektatzekoa ere atsedenaldi-garaietan. Errespetatu egin beharko da ordutegiaren edo prestasunaren gehieneko iraupena, bai eta aplikatzekoak diren legezko edo hitzarmenezko arauek lanaldiari buruz ezartzen dituzten mugak eta arreta-neurriak ere.

Eskubide hori baliatzeko modalitateak zerbitzu-harremanaren izaeraren eta xedearen araberakoak izanen dira, eta indartu eginen dute lan-jarduera eta bizitza pertsonala eta familiarra kontziliatzeko eskubidea; ildo horretan, negoziazio kolektiboan ezarritakoari men eginen diote, edo, halakorik ezean, Lizarrako Udalak eta langileen ordezkariek adostutakoari.

Lizarrako Udalak, ordezkaritza sindikalak negoziatu ondotik, barne-politika bat eginen du bere langile guztientzat, bereziki zuzendaritza-postuak betetzen dituzten pertsonentzat. Politika horretan definituko dira deskonexiorako eskubidea baliatzeko modalitateak eta langileak gailu teknologikoen erabilera arrazoizko eta metodologikoari buruzko trebatzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak, guztia ere neke informatikoaren edo estres teknologikoaren arriskua saihesteko. Bereziki zainduko da deskonexio digitalerako eskubidea urrutiko lanean osorik edo partzialki jarduten den kasuetan, batez ere enplegatuaren etxean kokatutako eta lan-erabilerari lotutako komunikabide telematikoei dagokienez.

Antolaketa-neurriek eta laneko akordio kolektiboek bitarteko eta neurri egokiak ezartzen ahalko dituzte urrutiko lanean deskonexiorako eskubidea benetan baliatzen dela eta lanaldia behar bezala antolatzen dela bermatzeko, guztia ere bateragarria izan dadin langilearen atsedenaldiak errespetatzearekin.

Prestakuntza-ekintza horiek Lizarrako Udaleko kargudun politikoei ere ematen ahalko zaizkie, deskonexiorako eskubidearen edukiaren berri izan dezaten eta Udalaren zerbitzura dauden langileen gainean dituen inplikazio praktikoen berri izan dezaten.

18. artikulua. Intimitaterako eta datuen babeserako eskubidea.

Baliabide telematikoak erabiltzeak eta lan-prestazioa gailu automatikoen bidez kontrolatzeak behar bezala bermatuko du intimitaterako eta datuen babeserako eskubidea, datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitako baldintzetan, eta betiere erabilitako baliabideen egokitasun-, beharrizan- eta proportzionaltasun-printzipioei jarraikiz.

Lizarrako Udalak ez du eskatzen ahalko programak edo aplikazioak instalatzea bere langileen jabetzako gailuetan, urrutiko lana garatzean.

Hala ere, telelangileak erabiltzen ahalko ditu, hala nahi badu edo onartzen badu, betiere instalazioaren segurtasuna egiaztatu bada.

Lizarrako Udalak eskuratzen ahalko ditu bere langileei emandako baliabide digitalen erabileratik eratorritako edukiak, dela lanbide- eta lan-betebeharrak betetzen direla kontrolatzeko, dela eskura jarritako gailuen osotasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko.

Helburu pribatuetarako erabiltzea onartua duten gailu digitaletako edukira sartzeko, beharrezkoa izanen da baimendutako erabilerak zehatz-mehatz definitzea eta langileen intimitatea babesteko bermeak ezartzea, hala nola zehaztea gailuak zer alditan erabiltzen ahalko diren helburu pribatuetarako –hala erabakitzen baldin bada, behinik behin–.

Langileei atal honetan aipatzen diren sarbide-irizpideen berri eman beharko zaie.

19. artikulua. Ordutegia eta lanaldiaren banaketa.

Hurrengo artikuluan araututako helburuen araberako ebaluazio-sistema behar bezala garatu eta ezarri arte, telelanaren lanaldiaren iraupena aurrez aurreko lanaldiarenaren berbera izanen da: gaur egun, 7 ordu eta 20 minutu.

Halaber, prestasun-ordutegi bat ezartzen da, aurrekoan bildua, eta, haren arabera, nahitaez 9:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian konputatuko da lau orduko interkonexioa, salbu eta berariazko lanpostuetarako bestelakorik ezartzen bada. Horren helburua da komunikazioa erraztea gainerako udal-langileekin eta gobernu-taldearekin.

Aurreko apartatuetan aipatzen diren ordutegien zenbaketa Lizarrako Udalean gaituta dauden eta behar bezala testatuta dauden ordutegi-kontroleko sistemen bidez kontrolatuko da.

Telelanerako baimena ematen duen ebazpenean finkatuko da modalitate ez-presentzialari dagokion lanaldiaren banaketa. Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, astean gutxienez egun bat eta gehienez lau egun ezartzen dira zerbitzua modalitate ez-presentzialean emateko.

Baldin eta enplegatuari edo zerbitzuaren premiei eragiten dieten inguruabarrak sortzen badira gerora, lanaldiaren banaketa aldatzen ahalko da hasieran ezarritako modalitate presentzialaren eta ez-presentzialaren artean, eta aukeran izanen da, orobat, hasieran finkatutako asteko edo hileko telelanaren egun-kopurua murriztea edo handitzea ere.

Oso salbuespenezko inguruabarrak gertatzen badira –eta eskatzaileak justifikatu egin beharko du hori–, eguneko lanaldia orduka zatitzen ahalko da, bi modalitateetan emateko, aurrez aurre eta urrunetik. Nolanahi ere, gehienez ere astean lau egunetan egiten ahalko da ordukako telelana.

Urrutiko lana baimentzen duen ebazpenean eta negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzen arabera, urruneko lanean jarduten duen pertsonak malgutzen ahalko du zerbitzuak emateko ezarritako ordutegia, betiere nahitaezko prestasun-denborak eta lanaldiari eta atsedenari buruzko araudia errespetatuz.

Aplikatu beharreko araudian eta negoziazio kolektiboan ezarritakoaren arabera ezartzen den ordutegi-erregistroaren sistemak zehatz-mehatz adierazi beharko du telelangileak lanean ematen duen denbora, aurreko apartatuan aurreikusitako ordutegi-malgutasunaren kalte gabe, eta, besteak beste, lanaldia hasteko eta amaitzeko unea jaso beharko du.

20. artikulua. Helburuak betetzea.

Telelanak lana hobeki antolatzen lagundu beharko du, eta, ildo horretan, helburuak identifikatuko dira eta aldian-aldian ebaluatuko da helburuok betetzen ote diren.

Era berean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazio publikoek honako printzipio hauek bete beharko dituzte: helburuen araberako plangintza eta zuzendaritza, politika publikoen emaitzen kudeaketa eta ebaluazioa kontrolatzea, eta finkatutako helburuak eraginkortasunez betetzea.

Telelana ezartzearekin batera, udalak plangintzarekin, ezarpenarekin eta helburuen neurketarekin lotutako sistemak ezartzeko prozesuak hasiko ditu, erregelamendu honen 13.3 artikuluan aipatutako planaren bidez. Plan hori Lizarrako Udalaren hobekuntza- eta berrikuntza-estrategia orokorraren barruan txertatuko da, eta beharrezkoak diren antolaketa- eta funtzio-aldaketak ekarriko ditu, helburuen araberako zuzendaritzarantz, jardunaren ebaluaziorantz eta helburu horien betetze-mailaren aldizkako neurketarantz aitzina eginez.

Helburuak ezartzeak, beste xede eta funtzionalitate batzuen artean, langileen errendimendua neurtzea eta ebaluatzea ahalbidetuko du, baita unitate organikoena eta kudeaketa-taldeena ere. Hori guztia egiteko, udal-langileen jarduna ebaluatzea ahalbidetuko duten sistemak garatuko dira.

BIGARREN ATALA

Arriskuen prebentzioa eta kontziliazioa

21. artikulua. Laneko arriskuen prebentziorako eskubidearen berezitasunak.

Urrutitik lan egiten duten pertsonek laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes egokia izateko eskubidea dute, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikuluan xedatutakoaren kalte gabe, telelanaren arriskuen ebaluazioak eta prebentzio-jardueraren plangintzak kontuan hartu beharko dituzte lan-modalitate horren berezko arriskuak, eta arreta berezia jarri beharko dute faktore psikosozialetan, ergonomikoetan eta antolaketari loturikoetan. Bereziki kontuan hartu beharko dira lanaldiaren banaketa, prestasun-denborak eta lanaldiko atsedenaldien eta deskonexioen bermea.

Arriskuen ebaluazioak zerbitzuak emateko egokitutako eremura soilik iritsi behar du, eta ez da hedatu behar etxebizitzaren gainerako eremuetara edo urrutiko lana egiteko aukeratutako tokira.

Lizarrako Udalak telelangileak dituen arriskuei buruzko informazio guztia eskuratu beharko du, emaitzekiko konfiantza ematen duen metodologia baten bidez, eta, haiekin loturik, kasu bakoitzean egokienak diren babes-neurriak aurreikusi beharko ditu.

Telelangilearen erantzukizuna izanen da 10. artikuluan aipatzen den autoebaluazioan adierazitakoa betetzea, bai eta autoebaluazio-galdetegiaren inguruan proposatzen zaizkion prebentzio-neurriak hartzea ere.

Telelangileak lan-istriputzat jotzen duen istripuren bat izanez gero, lan-arriskuen prebentzioaren arloan eskumena duen zerbitzuarekin eta haren zuzeneko agintariarekin harremanetan jarri beharko du; zehatz-mehatz adierazi beharko dio zer egoeratan izan duen istripua, eta egiten ari zen lana edo zeregin zehatza zerrendatu beharko du, bai eta istripua zerk eragin zuen ere. Informazio hori idatziz bidali beharko da ahal bezain laster, istripua izan duen pertsonak sinatuta. Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuko langileek istripu-mutualitateko laguntza-zentroa adieraziko diote langileari.

Ez da aurreikusten “in itinere” istripurik, nola eta langilea ez doan bere etxetik –edo telelana egiteko baimendutako tokitik– udaletxera, beste udal-eraikin batzuetara edo lanpostuarekin lotutako beste tokiren batera –edo haietatik bueltan jatorrizko tokira–.

22. artikulua. Kontziliazio-eskubideak.

Telelangileek, gainerako langileek bezalaxe, eskubidea dute bizitza pertsonala, familia eta lana kontziliatzen laguntzeko neurriak hartzeko. Ildo horretan, kontziliazio-neurritzat hartzen da telelana bera.

Baldintza berberetan izanen dituzte Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusten diren norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko baimenak, bai eta genero-indarkeriaren ondoriozkoak ere.

Telelan-modalitatea baimentzen duen ebazpenaren elementu motibatzaile gisa, kontuan hartuko da, besteak beste, kontziliazio hobeak telelangilearengan izaten ahal duen inpaktu positiboa. Modalitate hori aukeratzeak ez dio inola ere kalte eginen eskubide horren edukiari eta irismenari, ezta berdintasun-printzipioa urratuko ere.

IV. TITULUA

Telelana pandemien eta beste hondamendi-egoera batzuen kasuan

23. artikulua. Erregulazioa.

1. Salbuespenezko egoera kudeatzeko ematen den legediak arautuko du ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan araututako alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak deklaratzearen ondorioz garatzen ahal den telelana. Nahiz eta legeria horretan ezarritako neurrien artean ez aipatu berariaz telelana, aurrez aurrekoa ez den lana edo urrutiko lana, lehentasuna izanen du modalitate horrek.

Nolanahi ere, pandemia, epidemia, hondamendi edo lazeria publikoko egoerak gertatuz gero, ad hoc onetsitako araudi espezifikoan xedatutakoari jarraituko zaio. Halako araudirik ezean, ulertuko da telelanak lehentasuna duela enplegatu publiko guztientzat krisi-egoerak irauten duen bitartean, betiere funtsezko zerbitzuak eta aurrez aurrekoak antolatzearen eta ematearen kalterik gabe.

Erregelamendu honetan ezarritako araubide juridikoa artikulu honetan deskribatutako egoerei aplikatuko zaie, salbu eta bateraezina bada horri buruz ematen den araudiarekin; nolanahi ere, haren gehigarritzat hartuko da.

V. TITULUA

Telelanaren jarraipen-batzordea

24. artikulua. Eraketa.

Lizarrako Udalaren telelanaren jarraipen-batzordea eratzen da, negoziazio-mahai orokorraren mendeko mahai tekniko gisa.

25. artikulua. Eginkizunak.

Batzordearen eginkizuna izanen da telelanaren arloan lortutako emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Batzordeari kontsulta egiten ahalko zaio telelaneko programak kudeatzeko eta aplikatzeko prozedurei buruz.

Urtero, Lizarrako Udalean telelana aplikatzeari buruzko txosten bat egin beharko du, dagokion departamentuan lortutako emaitzei buruz arloko burutzek bidali behar dituzten txostenetan oinarrituta, eta txosten hori giza baliabideen alorrera bidaliko da.

26. artikulua. Osaera.

1.–Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute modu iraunkorrean:

–Batzordeburua: Alkateak, zeinak pertsonaleko zinegotziari ematen ahalko baitio eskuordetzan.

–Pertsonaleko arduradunak.

–Udal-idazkariak.

–Lan-osasuna zaintzeko eskumenak dituen langileak.

–Udal-organoetan ordezkaritza duten erakunde sindikalen ordezkari banak.

2.–Udal-talde bakoitzeko ordezkari bana ere izaten ahalko da batzordeko kide, taldeak hala irizten badio eta udal-idazkaritzan erabakiaren berri ematen bada.

3.–Batzordeburuak beste udal-langile batzuk deitzen ahalko ditu batzordearen bileretara, dagokion aholkularitza jasotzeko.

30. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.

1.–Batzordea urte natural bakoitzean behin elkartuko da.

2.–Batzordeak ezohiko bilera eginen du honako kasu hauetan:

–Batzordeburuak hala erabakitzen badu.

–Gutxienez kideen erdiek gehi batek idatziz eskatzen badute, bilera egin baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Idazki horretan aztertu beharreko gaien zerrenda jaso beharko da.

3.–Batzordearen bilerak aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke.

4.–Batzordea organo paritariotzat joko da, edozein izanik ere hura osatzen duten pertsonen kopurua. Beraz, botoen % 50 administrazioaren ordezkari horiei dagokie, eta gainerako % 50a, berriz, sindikatuetako ordezkariei.

Batzordea balio osoz eratuko da kideen erdia gehi bat agertzean (dela aurrez aurre, dela telematikoki).

Erakunde sindikalei dagokien botoen % 50aren banaketa haien ordezkagarritasunaren arabera eginen da.

Bozketan berdinketarik gertatuz gero, batzordeburuak emanen du kalitatezko botoa.

5.–Artikulu honetan aurreikusi ez den orotarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da subsidiarioki, kontraesanean ez badago.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. Aurrekontu erabilgarria

1.–Zerbitzuak telelan-araubidean eskaintzeko baimena emateko, ezinbestekoa da behar adinako aurrekontu-kreditua izatea, eskatzaileen eskura azpiegitura informatikoa, prestakuntza eta beharrezko gainerako betekizunak eskura jartzeko, betiere erregelamendu honetako 9. artikuluko 10. apartatuan jasotako salbuespenarekin.

2.–Ez bada behar beste aurrekontu, aurkeztutako eskabide bakoitzaren espedienteari erantsitako txostenak hartuko dira aintzat material informatikoa eskuragarri jartzeko lehentasuna zehazterakoan.

2. Administrazio elektronikoa

Telelana ezartzea berez lotuta dago administrazio eta prozedura elektronikoarekin. Bereziki, ahaleginak eginen dira bi ekimenek elkar bultza dezaten, proiektu bakar baten parte diren heinean.

3. Lehenespen-irizpideak

Administrazio-unitate bereko pertsona batek baino gehiagok telelan-modalitatean lan egin nahi badute, eta, antolaketa-arazoak direla medio, ezinezkoa bada haiei guztiei baimena ematea, honako inguruabar hauek balioetsiko dira txandakatzeko edo adosteko aukerak agortu ondotik, behar bezala egiaztatuta eta hurrenkera honetan:

–Genero-indarkeriaren biktimak.

–Desgaitasuna duten langileak.

–Bizitza familiarra eta pertsonala lanekoarekin kontziliatzeko arrazoiak, hala nola hamabi urtetik beherakoak ardurapean izatea, haurdunaldia, ardurapean izatea odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko senitartekoak –desgaitasuna, mendetasuna edo gaixotasun larria dutenak–.

–Bizilekutik lantokira arteko joan-etorriaren denbora eta distantzia edo zerbitzu edo garraio publiko bat erabiltzeko zailtasuna.

–Haurdun dauden langileak.

–Langilearen osasun-beharrizanengatik, osasuna zaintzeko txostenarekin.

–Titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasketak erregulartasunez egiten ari diren pertsonak.

Aurreko lehentasun-irizpideak aplikatu ondotik, antzeko egoerak gertatzen badira zenbait pertsonatan, lanpostuan antzinatasun handiena izatea hartuko da berdinketa hausteko irizpidetzat.

4. Ustekabeko egoerak

Erregelamendu honetan xedatutakoak ez die kalterik eginen Lizarrako Udalak oinarrizko zerbitzu publikoak, pertsonen segurtasuna eta osasuna defendatu eta bermatzeko hartu behar dituen neurriei, baldin eta salbuespenezko egoera hauek gertatzen badira: ezinbesteko egoerak, arrisku kolektibo larriak, hondamendi publikoak eta 26. artikuluan aipatutako beste egoera batzuk, betiere zerbitzu publikoen funtzionamendu normala nabarmen eragozten edo zailtzen badute.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu honen 20. artikuluan xedatutakoa garatzeko, eta, ahal den unean, telelanaren formularen bidez eginiko lanak kontrolatzeko, helburuak bete eta emaitzak lortu direla bakarrik hartuko da aintzakotzat.

Horretarako, garatutako zereginak kontrolatzeko irizpideak ezarriko dira, bai eta helburu horiek bete direla egiaztatzea ahalbidetuko duten adierazle-sistemak edo neurketa-mekanismoak ere. Idatziz jasoko dira alderdi horiek, eta behar bezala jakinaraziko zaie telelanean diharduten langileei.

Proposatutako helburuen jarraipen eraginkorra egiteko, administrazio-unitateko arduradunak plangintza bat eginen du hamabostean behin, eta, bertan, proposatutako zereginak, helburuak eta lortu beharreko emaitzak adieraziko ditu, bai eta garatutako zereginak kontrolatzeko irizpideak eta aurreko apartatuan aipatutako adierazle-sistemak edo neurketa-mekanismoak ere. Hamabostean behingo plangintza Pertsonaleko Arloaren esku egonen da dagozkion ondorioetarako eta eskatzen den guztietan, eta ulertuko da ez duela galarazten zehazturiko beste zernahi jarraipen- eta ebaluazio-mekanismo.

Urtero, bere eginkizunak eta zereginak telelan-modalitatean bete dituenak memoria bat eginen du, zeinean administrazio-unitatearen barruko helburuak edo emaitzen lorpena zehaztuko baititu, eta, arduradunaren oniritzia jaso ondotik, Pertsonaleko Arlora helaraziko du.

Jarraipen-batzordeak memoria horiek aztertuko ditu, telelanaren bidez modalitate ez-presentzialaren eraginkortasun- eta efizientzia-maila egiaztatzeko, eta, kasuak hala eskatzen badu, egiaztatuko du jarraipena beharrezkoa den edo berrikuspena egin behar ote den.

Alkatetza, zerbitzuak antolatzeko arduradun nagusia den aldetik, eta Pertsonaleko Arloa dira xedapen honetan aurreikusitakoa betetzeaz arduratzen diren organoak, eta hari buruzko jarraibideak ematen eta neurriak hartzen ahalko dituzte, betiere beharrezko aholkularitza legala eta teknikoa alde batera utzi gabe, eta langileen ordezkariekin dagokion negoziazioa gauzatuta.

AZKEN XEDAPENAK

1. Arauak emateko gaikuntza

Alkatetzari ematen zaio ahala –edo langileen ardura duen zinegotzigoari, alkatetzak eskuordetuta– erregelamendu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen eta jarraibide guztiak emateko, betiere osoko bilkuran dagoen erregelamendu-ahalaren erabileraren mugen barruan, eta, kasu guztietan ere, onetsi egin beharko dira bertan jasotako eskabideak aurkezteko ereduak.

2. Indarra hartzea

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2209307