141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena Tele Taxi San Fermín enpresan 2022ko uztailaren 1etik aurrera deitutako grebarako, zeina 7:00etan hasiko baita, mugarik gabe eta lanegun guztietan egun horretatik aurrera.

ELA sindikatuak grebara deitu du taxi zerbitzua ematen duen Tele Taxi San Fermín enpresan, 2022ko uztailaren 1etik aurrera. Greba 07:00etan hasiko da, mugarik gabe eta lanegun guztietan, egun horretatik aurrera.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 34. artikuluak ezartzen du taxi-zerbitzua telefonoaren edo bestelako sistema teknologikoen bidez hitzartzen ahalko duela erabiltzaileak, bai eta mugikortasun urriko pertsonentzat bereziki egokiak diren beste sistema batzuen bidez ere, hala nola telefaxaren, posta elektronikoaren edo antzekoen bidez.

Kasu honetan, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan jarduten duen zerbitzu-emaile bakarra Tele Taxi San Fermín da.

Horri dagokionez, kontuan izan behar da mugikortasun urriko pertsonek asko erabiltzen dutela taxi-zerbitzua, gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileentzat egokitutako ibilgailu guztien lizentzien titularrak Tele Taxi San Fermín elkarteko kideak direla, eta mugikortasun urriko pertsonei ematen zaizkien zerbitzu gehienak aldez aurretik telefonoz hitzartzen direla.

Gainera, badira nagusiki bide horretatik erreserbatzen diren beste zerbitzu batzuk ere, hala nola geltokietarako zerbitzuak eta zenbait udalek kontratatutako erabilera orokorreko zerbitzu erregularrak, eskatu ahala ematen direnak.

Bestalde, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko aireporturako eta espetxerako kontratatu dituen erabilera orokorreko garraio erregularreko zerbitzuak erabiltzeko, Tele Taxi San Fermín telefonora deitu behar da nahitaez aurretiazko erreserba egiteko. Zerbitzu horiek asteko egun guztietan ematen dira, goizez eta arratsaldez.

Azkenik, kontuan hartu behar da Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko bigarren eraztunean, hiriko continuumetik urrunago dauden herrietan, milaka bizilagun daudela eta horietan ez dagoela taxi-geralekurik, eta libre dauden taxien zirkulazioa oso txikia dela, edo ia zirkulaziorik ez dagoela.

Horregatik guztiagatik, eta taxi-zerbitzuak telefono bidez hitzartzeaz arduratzen den Tele Taxi San Fermín enpresako langileei egin zaien greba-deialdia ikusita, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko taxi bidezko bidaiari-garraio publikoa ezin da zerbitzuak hitzartzeko bide hori gabe geratu, horrek gizarteko beste sektore batzuetan izanen lukeen ondorio kaltegarriagatik, herritarrak lekualdatzea, oro har, nabarmen murriztu edo galaraziko lukeelako, bereziki garraio publiko horren beharra dutenak, hau da, mugikortasun urriko pertsonak edo espetxera nahiz osasun zentroetara joan beharra dutenak; horrek kalte handiak eraginen lizkieke gizartearen interes orokorrei, gatazka honekin zerikusirik ez dutenei, deitutako greba honek izanen lituzkeen ondorioengatik.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren ekainaren 23ko 289/2022 Ebazpenaren bidez (mankomunitatea da Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko toki erakunde eskuduna), Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatu zaio greba-deialdia dela-eta gutxieneko zerbitzuak ezartzea, mankomunitate horretako Garraio Departamentuak egindako txostenean azaldutakoa kontuan hartuta.

Txosten horretan aipatzen da Tele Taxi San Fermín elkarteko presidenteak eskaera bat egin duela 2022ko ekainaren 23an gutxieneko zerbitzuak ezartzeko. Eskaera horretan, zenbait gai hartzen dira kontuan, besteak beste uztaileko lehen hamabostaldian lan-karga handia izaten dela.

Jarraian azalduko dira Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Departamentuak horri buruz egindako txosteneko datu garrantzitsuenak.

Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuaren barruko hiri-taxiaren zerbitzua Iruñerriko 30 udalerrik osatzen duten eremuan ematen da. Erroldako azken datuen arabera, eremu horrek 371.683 bizilagun ditu, hau da, Nafarroako biztanleriaren erdia baino gehiago, eta bertan daude ospitale nagusiak, geltokiak, ikastetxeak, hiru unibertsitateak barne (NUP, NU eta UHUN), eta beste zerbitzu asko.

Jarduera gune eta zentro horiek guztiek joan-etorri ugari eragiten dituzte egunero. Horietako asko eta asko hiri-taxiaren zerbitzuaren bidez gauzatzen dira, eta horien kopuru handi bat Tele Taxi San Fermín bidez hitzartzen da.

Eskaintzaren ezaugarriei dagokienez, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan, gaur egun, 315 taxi-lizentzia daude, eta horietatik 309 Tele Taxi San Fermín elkartekoak dira. Gainera, elkarte horrek ordezko 3 ibilgailu ditu, eta, beraz, zerbitzuan dauden 318 ibilgailuetatik 312 elkarteko kideak dira, hau da, taxi-zerbitzuaren eskaintza mugikorraren %98 baino gehiago.

Bestalde, Tele Taxi San Fermín da eremuan taxi-zerbitzuak telefono bidez hitzartzeko aukera ematen duen elkarte bakarra, eta 365 eguneko eta 24 orduko zerbitzua bermatzen du; horrez gain, gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileentzat egokitutako ibilgailu guztiak ditu (24 gaur egun).

Eskariari dagokionez, pandemiaren aurreko eskariari eta asebetetzeari buruz eskuragarri dagoen azken azterketaren arabera (2018koa da), lanegun batean 4.345 zerbitzu egiten dira batez beste; horietatik, 3.600 baino gehiago telefono bidez hitzartzen dira lanegunetan. Telefono bidez hitzartzen diren zerbitzuen kopurua txikiagoa da, 3.000 zerbitzukoa, kontsultaren iturria elkartea bera bada, pandemiaren aurreko ekaineko datuak hartuta. Nolanahi ere, kopuru handiak dira.

Eskariaren eta asebetetzearen azterketan, gainera, Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Zerbitzuaren txostenean ere islatu den ordu-banaketa jasotzen da. Bertan ikus daiteke eskariaren zatirik handiena goizeko txanda dei dezakegunean gertatzen dela.

Hala ere, Tele Taxi San Fermín elkarteak emandako datuak, uztaileko lehen hamabostaldian zerbitzu-eskaera handiagoa izateari buruzkoak, bat datoz beste modu batzuetan atzemandako mugikortasun-eskari handiagoarekin, eta arrazoizkoa dirudi aldi hori bereziki kontuan hartzea.

Horrela, elkarteak berak emandako datuen arabera (funtsean, bat datoz Mankomunitateak dituenekin), uztaileko lehen hamabostaldian bidalitako zerbitzuen kopurua eta hartutako deien kopurua batezbestekoa baino askoz handiagoa da. Elkarteak datu hauek eman ditu:

–2019. urteko datuak:

• Eguneko bidalitako zerbitzuen batezbestekoa: 2636.

• Eguneko hartutako deien batezbestekoa: 2962.

– 2019ko uztailaren 1etik 15era:

• Eguneko bidalitako zerbitzuen batezbestekoa: 3181.

• Eguneko hartutako deien batezbestekoa: 4145.

–2018. urteko datuak:

• Eguneko bidalitako zerbitzuen batezbestekoa: 2556.

• Eguneko hartutako deien batezbestekoa: 2898.

– 2018ko uztailaren 1etik 15era:

• Eguneko bidalitako zerbitzuen batezbestekoa: 3109.

• Eguneko hartutako deien batezbestekoa: 4072.

Horregatik guztiagatik, elkarteak aurreikusita zeukan egun horietan langile gehiago izatea: goizez eta arratsaldez hiru operadore, eta gauez bi operadore.

Eskura dauden datuen arabera, gaueko zerbitzuen eskaria handiagoa da larunbat, igande eta jaiegunen bezperako gauetan, eta eskari handiagoa aurreikusten da uztailaren 6tik uztailaren 10era arte (igandea).

Beraz, ondoriozta daiteke uztaileko lehen hamabostaldiko eskaria nabarmen handiagoa dela urteko beste aldi batzuetakoa baino, eta hori aurreikusten da 2022rako ere.

Grebak taxi-zerbitzuan izanen lukeen eraginari dagokionez, Tele Taxi San Fermín enpresako langileen greba-deialdiak ez luke galaraziko kaleetan taxi-zerbitzua ematea. Hala ere, azaldutako datu orokorrak eta Tele Taxi San Ferminek sektorean duen garrantzia kontuan hartuta, zerbitzua ez litzateke normaltasunez emanen, eta eragin nabarmena izanen luke erabiltzaileengan, zerbitzua erabiltzeko geralekuetara edo bide publikora jo beharko luketelako taxia geldiarazi eta erreserbatzeko.

Kasu batzuetan, egoera hori deserosoa eta oso kaltegarria izan daiteke: osasun hitzorduak edo bestelakoak dituzten pertsonak, taxia erabiltzen dutenak beste aukerarik ez dutelako, ibilgailurik ez dutelako, garraio publikoarekiko konexiorik ez dutelako edo konexio zailak dituztelako; autobusa, trena edo hegazkina hartzera garraio-geltokietara joaten diren pertsonak, eta abar. Baina zerbitzua erabiltzea zuzenean galaraz lezake, eta garraio publikoko alternatibarik ez izatea, honako kasu hauetan, adibidez:

–Mugikortasun urriko pertsonak, bide publikoan taxiak bilatzeko zailtasun handiak izanen lituzketenak.

–Gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileen kasua aurrekoa baino zailagoa da; izan ere, eskaintzen diren eurotaxien kopurua askoz txikiagoa da, eta zailagoa bide publikoan horrelako ibilgailu libre bat aurkitzea.

Iaz 17.000 zerbitzu baino gehiago egin ziren gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileentzat; hala, lanegun batean, mota horretako 50 zerbitzu baino gehiago egon daitezke.

–Eremuko bigarren eraztunean, hiriko continuumetik urrunago dauden herrietan milaka pertsona bizi dira, eta horietan ez dago taxi-geralekurik, eta zerbitzurik gabeko taxien zirkulazioa oso txikia da, edo ez dago ia zirkulaziorik.

–Hainbat administraziok kontratatutako zerbitzu erregularrak, eskatu ahala erabiltzen direnak. Horien bidez konpontzen dira dentsitate txikiko herrietako mugikortasun beharrak (hala nola Altzuza, Badostain, Aranguren, Galar, Ezkabarte...), baita unean uneko eskaerak edo eskari txikiak dituzten zentro berezietara joatekoak ere, hala nola Iruñeko aireporturako edo espetxerako zerbitzua. Kasu horietan guztietan, erabiltzailearen zerbitzua erreserbatzeko bidea Tele Taxi San Fermínen telefonoa da; oro har, aldi jakin batean hitzartu daiteke, normalean prestazioaren egunean bertan.

Espetxeko zerbitzuei dagokienez, pandemia gorabehera, zerbitzu horiek nahiko egonkor mantendu dira, eta batez beste egunean 7 edo 8 erabiltzaile izan ditzakete.

Nabarmenagoa da aireporturako zerbitzuetan azken urtean izandako gorakada, pandemiaren eragin kaltegarrienak murrizten diren heinean gehiago erabiltzen baita. Hala, aurten, hilabete jakin batzuetan, %100etik gorako igoerak izan dira, eta, beraz, eguneko zerbitzuen kopurua 12 edo 15 erabiltzaile ingurukoa da batez beste, eta baliteke kopuru hori baino handiagoa ere izatea datozen egunetan. Hortaz, sanferminetan erabiltzaile asko aireportura irits daitezkeenez, zerbitzu hori bertan behera geldituko da uztailaren 6tik 14ra, eta eskualdeko hiri-garraioko autobus baten bidez emanen.

Ukitutako hiri-taxiaren zerbitzu horiez gain, badira larrialdi-egoerei erantzuten dieten beste batzuk ere, ohikoak, hala nola istripu batengatik edo egunez edo gauez ondoezik egoteagatik ospitalera taxiz joatekoak. Horren premia izanen luketen pertsonek ezin izanen lukete taxia erabili, zerbitzua hitzartzeko aukera etengabe eskaintzen duen sistema bakarrak ez funtzionatzeagatik.

Bukatzeko, Tele Taxi San Fermín elkartearen idazkiak berak beste zerbitzu batzuk aipatzen ditu, hala nola ospitalez kanpoko larrialdietako osasun-langileen joan-etorriak, eta azpimarratzen du hitzarmen-sistemak eguneko 24 orduetan eman behar dituela zerbitzuak, beste garraio-zerbitzu publiko batek estaltzen ez dituen espazioak eta ibilbideak estaltzen dituelako.

Beraz, beharrezkotzat jotzen da zerbitzua ematen jarraitzea, lehen deskribatutako erabiltzaile-taldeek erabili ahal izan dezaten, neurri handi batean zerbitzu horren menpekoak baitira. Gainera, arestian adierazi den bezala, zerbitzu horien eskaria nabarmen handiagoa da goizeko txandatzat har daitekeen horretan, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen da 07:00etatik 15:00etara bitarteko tartean beste tarteetan baino eskaintza handiagoa egitea.

Beste alde batetik, arrazoizkotzat jotzen da, halaber, 2022ko uztailaren 1etik 15era bitarteko aldian (urte osoko lan gehieneko aldia izan liteke) zerbitzu-eskaintza handiagoa izatea, eskarira egokituta.

Horregatik guztiagatik, Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzu hauek proposatu ditu:

a) 2022ko uztailaren 1etik 15era:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Larunbat, igande edo jaiegunaren bezperako gauetarako eta San Fermin jaietako lehen zatirako, hau da, uztailaren 1, 2, 6, 7, 8 eta 9ko 23:00etan hasitako txandak, 23:00etatik 7:00etara bitarteko gaueko txandan: 2 operadore kualifikatu.

–Gainerako gauetarako, 23:00etatik 07:00etara bitarteko gaueko txandan: operadore kualifikatu bat.

b) 2022ko uztailaren 16tik aurrera:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: operadore bat.

–Gaueko txanda, 23:00etatik 07:00etara: operadore bat.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako gutxieneko zerbitzu hauek egin beharko dira Tele Taxi San Fermín enpresan 2022ko uztailaren 1eko 07:00etatik aurrera lanegun guztietarako deitutako greban:

a) 2022ko uztailaren 1etik 15era:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Larunbat, igande edo jaiegunaren bezperako gauetarako eta San Fermin jaietako lehen zatirako, hau da, uztailaren 1, 2, 6, 7, 8 eta 9ko 23:00etan hasitako txandak, 23:00etatik 7:00etara bitarteko gaueko txandan: 2 operadore kualifikatu.

–Gainerako gauetarako, 23:00etatik 07:00etara bitarteko gaueko txandan: operadore kualifikatu bat.

b) 2022ko uztailaren 16tik aurrera:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: operadore kualifikatu bat.

–Gaueko txanda, 23:00etatik 07:00etara: operadore kualifikatu bat.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea greba batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko ekainaren 27an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2209403