141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

90/2022 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira toki erakundeei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2022an. DDBN identifikazioa: 634265.

Nafarroako naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak 2.2 artikuluan zerrendatzen ditu naturaguneen kudeaketaz arduratzen diren administrazioek kudeaketa hori egitean bete behar dituzten printzipio orokorrak: “oinarrizko prozesu ekologikoak mantendu eta bizi-sistemak kontserbatzea”; “aniztasun genetikoa zaintzea”; “natur baliabideak taxuz erabiltzea, espezie eta ekosistemen etengabeko aprobetxamendua eta haien berritzea eta hobekuntza bermatuz, eta ukitutako biztanleriaren garapen sozioekonomikoa sustatuz”, eta “ekosistema naturalen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna zaintzea”.

Aipatu oinarriak aintzat hartuta, eta betiere eremu horien ukitutako populazioen garapen sozioekonomikoa indartzearen esparru zehatzean, 90eko hamarkadatik Nafarroako Gobernuaren eta naturaguneen jabe diren hainbat toki erakunderen artean lankidetza hitzarmenak egin izan dira, erabilera publikoaren kudeaketa zuzena bermatzeko, barnean direla antolamendu egokia eta bisitariei begirako ingurumen arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa.

Halere, eta aipatu hitzarmenek beren helburuak bete dituzten arren, 2018an bidezkotzat jo zen dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubide bat ezartzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen zituzten Nafarroako toki erakunde guztiek aukera izan zezaten naturaguneetan erabilera publikoaren kudeaketa, zaintza eta antolamendua errazten zituzten funtsak eskuratzeko.

Gune horietako asko natur eta aisialdi jarduerak egiteko ingurune paregabeak dira, eta herritarrak etengabe erakartzen dituzten lekuak dira, batez ere udako oporraldietan. Nafarroako naturaguneetara joaten diren bisitarien etengabeko jarioak neurriak hartu beharra ekarri du eremuen erabilera publikoa arautzeko, gaur egun eta etorkizunean ongi zaindutako naturaz gozatzeko aukera izateko eta, erabilera publikoaren aprobetxamenduarekin batera, leku horien balio naturalen kontserbazioa bermatzeko.

Ukitutako toki erakundeak jabetzen dira horretaz, bai eta berez sortutako turismo horren kudeaketa arautzeko dituzten mugez ere, eta badakite, jakin ere, tokiko erakundeekin elkarlanean ibili behar dutela, aipatu eremuen erabilera publikoa antolatzeko proiektuak arian-arian sendotuko badira.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza lerro bat ezartzea naturaguneetan erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2022ko urtarrilaren 1etik urte bereko azaroaren 3ra arteko epean, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasota dagoen bezala.

Diruz lagunduko diren jarduketak lotuta daude erabilera publikoaren antolamenduan, zaintzan eta ingurumen arloko informazio eta hezkuntza lanetan ariko diren langileen gastuekin.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikulua; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren 3. epigrafea, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeendako laguntzen deialdi bat onestea naturaguneetan erabilera publikoa zaintzeko eta kudeatzeko 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitarte.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea (ebazpen honen eranskinetan ageri dira).

3. 200.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeendako laguntzak, erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko” izeneko 740003 74300 4609 456309 partidaren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Toki erakundeendako laguntzak, naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko. 2022ko oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Dirulaguntzaren xedea.

Oinarri hauen xedea da beren udal-mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki erakundeendako dirulaguntzak arautzea, honako gastu hauen zati bat ordaintzeko: zaintza lanen kontratazioa, erabilera publikoa kudeatzea eta bisitariendako ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa.

Oinarri hauetan araututako laguntzen xede dira zaintza jarduerak eta bisitariei informazioa eta arreta emateko jarduerak, zehazki, Nafarroako toki erakundeek beren udal-mugarteetan dauden naturaguneetan egiten dituztenak, gune horiek kudeatzeko asmoz, erabilera publikoa modu jasangarrian sustatuta eta naturaguneen arloan indarrean dagoen araudia beteta.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua da naturaguneen erabilera publiko jasangarria eta haien ingurumen balioen zabalkundea sustatzea, laguntza emanda zaintza lanetarako, bisitariei arreta emateko eta ingurumen arloko hezkuntza eta informazio lanetarako, betiere bermatuta naturagune horien erabilera publikoa eta horien kontserbazioa bateragarriak direla.

3. oinarria.–Toki erakunde onuradunak.

Beren udal-mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki erakundeak izaten ahal dira deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin eta eremu horrek ingurumeneko babes kategoriaren bat badauka, edo balio natural handia, eta toki erakunde horiek jendearendako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko jarduketak edo programak gauzatzen badituzte, hurrengo oinarriko irizpideen arabera, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko hitza ematen badute.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte toki erakunde onuradunek:

1. 3. oinarrian ezarritakoa bete beharko dute, eta laguntza eskaera aurkeztu, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera.

2. Ez dira onartuko gunearen ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal dituzten jarduketak.

3. Espedienteek dirulaguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Naturaguneak erabilera publiko finkatua izan behar du.

b) Eskatzaileak egunean izan beharko ditu tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Ez du egon beharko laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoera bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Toki erakundeak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea, ez da laguntza eskaera onartuko.

5. Toki erakunde batek ezin du laguntzaren eskatzaile gisa agertu espediente batean baino gehiagotan, ez banaka ez beste toki erakunde batzuekin batera, baldin eta espediente horietan guztietan jarduera bererako dirulaguntza eskatzen bada.

Hori gertatzen den kasuetan, hurrengo epigrafean xedatutakoari kalterik egin gabe, toki erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan, argi eta garbi adierazita zein espedientetan egon nahi duen eskatzaile gisa. Horretarako, 10 egun naturaleko epea emanen zaio, eta, hala egiten ez badu, eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, eta espediente guztiak –baita beste jarduera gehigarri batzuei dagozkienak ere– ezeste ebazpena emanen da.

6. Toki erakunde bat beste toki erakunde batzuetako kide bada, honako irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Kontzeju batek ezin du bere izenean dagoen espediente batean laguntzaren eskatzaile gisa agertu, baldin eta dagokion udalerriak jarduera bererako dirulaguntza eskatzen badu.

b) Udalerri batek ezin du bere izenean dagoen espediente batean laguntzaren eskatzaile gisa agertu, baldin eta beste udalerri batzuekin elkartuta badago eta haiekin batera mankomunitate bateko kide bada, eta mankomunitateak jarduera bererako dirulaguntza eskatzen badu.

c) Udalerri batek ezin du bere izenean dagoen espediente batean laguntzaren eskatzaile gisa agertu, baldin eta udalerria eskualde baten parte bada eta eskualde horrek jarduera bererako dirulaguntza eskatzen badu.

d) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 1990eko uztailaren 2ko 16/1990 Foru Legearen 3.1.c) artikuluak aipatzen dituen toki erakundeen kasuan (ohiturazko elkarteak: Nafarroako Errege Bardearen Komunitatea; Aezkoa ibarreko Komunitatea; Erronkaribarreko Mankomunitatea; Zaraitzuko Unibertsitatea; Aralarko Elkartea eta gainerako korporazio tradizionalak, aipatu foru legea indarrean sartzean dauden herri-ondasunen titularrak edo administratzaileak): kontzeju edo udalerriren bateko kide den udalerri batek ezin du bere izenean dagoen espediente batean laguntzaren eskatzaile gisa agertu, baldin eta aipatutako ohiturazko elkarte batekoa bada eta jarduera bererako dirulaguntza eskatzen badu.

Toki erakunde bat banaka agertzen bada espediente batean laguntzaren eskatzaile gisa eta goian aipatutako a), b), c) eta d) letrek onartzen ez duten kasuren batean badago, toki erakunde horri eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, argi eta garbi adierazita zein espedientetan egon nahi duen eskatzaile gisa. Horretarako, 10 egun naturaleko epea emanen zaio, eta adieraziko zaio eskaera banakakoa ez ezeste ebazpena emanen zaiola.

Aipatutako errekerimenduari erantzunez, espediente batean baino gehiagotan laguntzaren eskatzaile gisa agertzen den toki erakundeak eskaera bere horretan uztea erabakitzen badu, instrukzio organoak ebazpena emanen du, adierazita ez duela ebaluatuko dagokion toki erakundearen eskaera, bi eskaeretan agertzen diren eta garatu behar diren jarduerei dagokienez, eta azken horri eskatuko dio bere eskabidea birformulatzeko, 11/2005 Foru Legearen 20 bis artikuluan xedatutakoaren arabera. Ebazpen hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra arte naturaguneen erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanak (ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa barne) kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Zehazki, honako ekintza eta baldintza tekniko hauen ondoriozko gastuak (BEZik gabe) dira diruz lagungarriak:

1. Langileak eta zerbitzuak kontratatzea, betiere zaintza edo kudeaketa lanek edo zerbitzuek sortutako gastua bada.

2. Lan arloko aholkularitzaren eta administrazio kudeaketaren kontratazioa, langileak kontratatzeagatik sortutako gastuak direnean.

3. Langileek naturaguneekin lotura duten eremuak eta azpiegiturak zaintzeko egindako joan-etorriak (kilometrajea). Gehieneko zenbatekoa: 0,34 euro/km.

4. Teknikari eskudun batek memoria teknikoa idazteko gastuak. Haren kostua izanen da, gehienez ere, erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintza lanen ondoriozko zenbateko lagungarriaren % 4.

Ez dira diruz lagungarritzat jotzen langileen dieta eta telefono gastuak, ez eta naturagunearen barnean egindako bisita gidatuak ere. Instalazioen mantentze-lanetarako, bulegorako eta antzekoetarako materialen erosketa ere ez da diruz lagungarritzat jotzen.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdian ezarritako epeari dagozkion zerbitzuak emateko kontratuan edo fakturan agertzen den zenbatekoaren % 90eko (BEZa kanpo) dirulaguntza emanen da.

2. Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. Espediente bakoitzeko 40.000,00 euro emanen dira gehienez, eta 5.000,00 euro gutxienez. Azkeneko kopuru horretarako iristen ez diren espedienteak baztertuko dira.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da nahitaez. Prozesua errazteko, fitxa bat sortu da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, APEL), eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez badira eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Eskabidea elektronikoki aurkeztu ordez aurrez aurre aurkezten duenari, bai eta eskaera dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete gabe aurkezten dutenei ere, gehienez ere 10 egun naturaleko epean eskaera zuzentzeko eskatuko zaie, eta ohartaraziko zaie hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta ezeste ebazpena emanen dela.

2. Eskabidea jaso ondoren, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betebeharrak bete ezean, toki erakunde interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta ezeste ebazpena emanen dela eta jakinaraziko zaiola.

3. Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntzak eskatzeko (laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera):

I. II. eranskineko eskabide inprimakia.

II. Erakunde eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

III. Egin beharreko lanen deskripzio memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Teknikari eskudunek idatzi beharko dute, eta naturagunea ez zik, erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintzak ukitzen duten eremua ere deskribatuko dute. Memoriak honako hauek bildu behar ditu:

a. Erabilera publikoaren kudeaketa lana eginen den naturagunea deskribatzeko apartatu bat, non, gainera, espedientea 8 oinarrian zehaztutako balorazio irizpideen arabera puntuatu ahal izateko behar den informazio guztia sartuko den.

b. Erabilera publikoaren kudeaketarako jarriko diren giza baliabideen zehaztapena eta justifikazioa, pertsona bakoitzak egin beharreko lanak azalduta (informazioa, ingurumen hezkuntza, zaintza, etab.) eta aldiak, ordutegiak eta lantokiak zehaztuta.

c. Erabilera publikoaren kudeaketari eskainiko zaizkion giza baliabideei erantsitako gastuen zehaztapena eta justifikazioa; konparaziorako, lan aholkularitzaren gastuak eta kudeaketa administratiboaren eta kilometrajearen gastuak.

d. Alde-aldera aurreikusten den bisitari kopurua, eta kopuru hori zein informazio iturri erabilita lortu den, kontrastatzeko aukera izateko.

e. Naturagune horretan erabilera publikoaren haritik azken 5 urteetan egin diren lanen zerrenda.

f. Finantzatu nahi den ekintza bakoitzaren kostuen aurrekontu xehatua eta aurrekontu osoa, kontzeptuak argi eta garbi adierazita eta zenbatekoak BEZarekin eta BEZik gabe zehaztuta, beharrezkoa denean.

IV. Oinarri honetan diruz lagundutako jarduerak osorik edo partez finantzatzeko bestelako dirulaguntza edo laguntzak jaso baldin badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, gastuen justifikazioa aurkeztu baino lehen. Memorian eta gastuen justifikazioan adierazi beharko da egoera hori, eta argi eta garbi adierazi beharko da deialdi honetan eskatutako zenbatekotik deialdi honekin gainjartzen den beste laguntzaren zenbatekoa deskontatzen dela. Hala ere, toki erakunde batek lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, ez zaio aplikatuko, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) naturagunearen erabilera publikoa zaintzea eta kudeatzea baldin bada, ez da laguntza eskaera onartuko.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Laguntza norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko denez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera.

ZENBAKIA

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Dirulaguntza eskatzen duen erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanaren helburu nagusia natura-erreserba bat edo lekune natural bat da.

30

2

Erabilera publikoko jarduera egiten da paisaia babestu izendatutako eremuren batean.

25

3

Erabilera publikoko jarduera egiten da kontserbazio bereziko eremu izendatutako tokiren batean.

25

4

Bisitariak urteko (1).

25

5

Laguntza eskatzen den jarduera egiteko erabiltzen den espazio fisikoa hainbat toki erakunderena da, eta eskaera eta dokumentazio bateratua aurkeztu dute (lankidetzarako pizgarria).

5

6

Erabilera publikoa zaintzeko eta kudeatzeko lanak egin dituzte azken 5 urteetan (2).

10

7

Erabilera publikoarekin loturiko azpiegiturak (3).

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

–1.500 bisitaritik behera = 0 puntu.

–1.500 eta 5.000 bisitari artean = 5 puntu.

–5.001 eta 20.000 bisitari artean = 10 puntu.

–20.001 baino gehiago = 25 puntu.

(1) Aintzat hartuko den bisitari kopurua laguntzaren eskaeran adierazten dena da. Egindako kontrolak, antolatutako jarduerak, sarreren salmenta edo aurkeztutako zenbatespena egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein formula erabiliz eginen da bisitari kopuruaren kalkulua. Zenbatespen hori erantzukizunpeko adierazpenerako formatuan aurkeztu beharko da, toki erakunde eskatzaileen idazkariak sinatua.

(2) Eskatzaileek azken bost urteetan egindako lan guztiak sartuko dituzte laguntza eskaeran, edozein dela ere horien finantzaketa iturria.

(3) Honako hauek hartuko dira erabilera publikoarekin loturiko azpiegituratzat: Eremuan edo inguruan kokatuta daudenak, haren kudeaketarekin lotura zuzena badute. Hauek dira, besteak beste: aparkalekuak, harrera egiteko etxolak edo antzekoak, bisitariendako kontrol edo informazio guneak, eremuaren erabilera publikoaren eskaintzan dauden bidezidor seinaleztatuak, erabilera publikorako ongi zaindutako atsedenguneak eta eremuaren eskaintza publikoan sartutako beste azpiegitura batzuk.

Bideak eta bidezidorrak ez dira erabilera publikoko azpiegituratzat hartuko baldin eta publikoaren erabilerarako eskaintzen ez badira eta seinalatuta ez badaude, ez eta beste azpiegitura batzuk ere, baldin eta beren eraikuntza edo xede nagusia erabilera publikoaren kudeaketa ez bada.

2. Puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauek aplikatuko dira berdinketa hausteko, lehentasun irizpide hauei jarraikiz:

a) 1. irizpidea: lehentasuna emanen zaie eskaeraren xedeko zaintza eta kudeaketa eremuaren barruan Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen arabera izendatutako naturagune babesturen bat sartuta duten eskaerei.

b) 2. irizpidea: aurreko irizpidearekin lotuta, lehentasuna emanen zaie natura-erreserba integralei eta lekune naturalei, gainerako naturaguneen aurretik.

c) 3. irizpidea: hala ere azken eskaeren arteko berdinketa hausten ez bada, zenbateko diruz lagungarria erabilgarri dagoen aurrekontutik hurbilen duena aukeratuko da.

d) 4. irizpidea: hala eta guztiz ere, azken eskaeren artean berdinketarik badago, zozketa bidez zehaztuko da horien arteko ordena.

3. Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

4. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzen ez badira, eta onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan horren berri emanik, askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan kontsignazio aski ez izateagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

5. Oinarri honen 8.4 puntua aplikatzearen ondorioz deialdirako dagoen aurrekontu kreditua aski ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura aski ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Ebaluazio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedurak tramitatzea.

10. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozedura tramitatzea.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera, eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean adierazi beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

11. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, zuzenbideko oinarriak eta egitateak labur-labur azalduta, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda ageriko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Laguntza emateak diruz lagundutako jarduketen ingurumen baimena ekarriko du berekin.

5. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek bilduko ditu: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

6. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Deialdi honetako 7 oinarrian aipatzen den aurkezpen epea amaitu baino lehen bakarrik eskatzen ahalko dituzte interesdunek aurkeztutako eskabideetan aldaketak egitea. Epe hori igarota, hala ere, eskaeran atzera egiten ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

13. oinarria.–Ordainketa eskaera: gastuak eta egindako ordainketak justifikatzea.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 14a izanen da. Egun horretatik aurrera ez da frogagiririk onartuko.

1. Egindako lanen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskaeran aurkeztutako memoria teknikoaren formatu berean, gauzatutakoaren benetako datuak adierazita. Egindako lanen memorian jasoko dira honako hauek, besteak beste: kontratatutako langile bakoitzak benetan egindako egutegia, kontratatutako langile bakoitzaren zaintza orduen kopurua eta ingurumenaren inguruko heziketa eta informazio ekintzak, bisitarien alde-aldeko kopurua hilabetez hilabete eta urteko kopuru osoa, edo laguntzari dagokion aldi osokoa. Egindako kilometrajea xehakaturik aurkeztuko da, taula batean. Adieraziko da zenbat kilometro egin dituen zaintzaile bakoitzak eguneko. Halaber, hilabetekako laburpen bat eginen da, baita guztizko datuen batura ere. Zehaztuko dira, era berean, dirulaguntzari dagokion aldian izandako gorabehera aipagarriak, hala nola eremu horretan atzematen diren mantentze beharrak. Erabilera publikoaren kudeaketaren balantze ekonomikoa ere aurkeztuko da, bertan zehaztuta naturagunearen kudeaketa aldi horretan lortutako diru sarrerak: aparkalekuak kobratzea, dokumentazioa saltzea, etab., kontzeptu guztiak argi eta garbi adierazita.

2. Gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak edota nominak aurkeztu beharko dira, 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitartekoak, edo horien fotokopiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzeko, bankuetako frogagiriak erantsi beharko dira. Fakturen kontzeptuek bat etorri behar dute deialdiaren xedearekin. Nominak aurkezten badira, argi eta garbi zehaztu beharko da denboraren zer portzentaje eskaintzen zaien diruz lagundutako jarduerei.

3. Toki korporazioaren idazkaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita, batetik, egin beharreko zerbitzu hori toki erakundearen organo eskudunak onetsi duela, eta bestetik, naturaguneen erabilera publikoa kudeatu eta zaintzeko lanen kontratazioa legearen araberakoa dela. Langileak kontratatuz gero, gainera, adieraziko da toki erakundearen eta langilearen artean sinaturiko kontratua kasuan-kasuan aplikagarria den araubide juridikoaren araberakoa dela, eta kontratuaren kopia bat erantsiko da.

4. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Beste laguntzarik ez badago, toki erakundeko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

5. Dirulaguntza honen bidezko finantzaketa iturriaren publizitatea egin izanaren frogak aurkeztu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarri bezala.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Beste laguntzarik ez badago, toki erakundeko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira. Prozesua errazteko, fitxa bat sortu da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin; esaterako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin. Hala ere, toki erakundeak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea, laguntza eskaera ez da onartuko.

2. Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

3. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Biodibertsitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradun ateratzen diren toki erakundeek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2209047