141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

64/2022 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onesten duena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuan aritzeko. Bekadunak Espainiako agintariek emandako edo homologatutako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua edo Lan Harremanen eta Giza Baliabideen gradua izan beharko du. DDBN identifikazioa: 633937.

Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak graduatu ondoko beka baten deialdia egitea proposatu du, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoan aritu dadin pertsona bat, zeinak Espainiako agintariek emandako edo homologatutako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua edo Lan Harremanen eta Giza Baliabideen gradua izan beharko baitu.

Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren ustez, beka hau ematean bekadunei esleitzen zaizkien azterlanak eta eginkizunak haientzako baliagarriak izan daitezke, aukera ematen baitzaie balio handiko esperientzia profesionala lortzeko; izan ere, ezagutzak eskuratuko dituzte prozesuak, prozedurak eta lan-baliabideak hobetzeko neurrien kudeaketa-jarduerei loturik eta barne-ebaluazioaren eta -kalitatearen esparruan ezarritako politika korporatiboarekin koordinaturik, kudeaketan bikaintasuna bultzatzeko.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onestea. Bekadunak Espainiako agintariek emandako edo homologatutako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua edo Lan Harremanen eta Giza Baliabideen gradua eduki beharko du. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskin gisa daude zehazturik.

2. Bekaren hamabi hilabeterako, 11.445,48 euroko gastua baimentzea, honela banatua:

2022. urtean, gastua, osotara, 6.676,53 euro izanen da. Kopuru hori 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000-70100-4809-411103 partidari egotziko zaio, eta honela banatuko da:

• 6.300 euro 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411103 partidari egotziko zaizkio, zazpi hilabeteren ordainketaren kontzeptupean.

• 376,53 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren zazpi hilabeteri dagozkio (53,79 euro hilean), eta aipatu aurrekontu partidari egotziko zaizkio, hots, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411103 partidari, zazpi hilabeteren ordainketaren kontzeptupean.

2023. urtean, gastua, osotara, 4.768,95 euro izanen da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Kopuru hori 2023rako gaitzen den gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren baliokidea den partidari egotziko zaio, eta honela banatuko da:

• 4.500 euro bost hilabeteren ordainketei dagozkie.

• 268,95 euro Gizarte Segurantzako bost hilabeteren kuotaren ordainketari dagozkio.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegora, Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazioa Kudeatzeko Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB).

6. Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Beka-deialdia, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoan aritzeko. Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduatu ondokoei prestakuntza beka bat norgehiagoka emateko modua arautzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuan aritzeko (González Tablas k. 9, Iruña). Bekadunak Espainiako agintariek emandako edo homologatutako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua edo Lan Harremanen eta Giza Baliabideen gradua izan beharko du.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadun edo gradudunen prestakuntza sustatzea, modu praktikoan eta zuzenean eskura ditzaten Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoan egiten diren lanen gaineko ezagutzak (bulegoa Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren barruan dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan).

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Aginduak onetsi zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetako atxikipenak eta eginkizunak, eta, horren arabera, honako hauek dira Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoaren eginkizunak:

a) Proposatzea eta martxan jartzea kasu bakoitzean eta une bakoitzean egokien diren sistemak, etenik gabe hobetu dadin ematen diren zerbitzu publikoen kalitatea.

b) Beharrezko diren lantaldeak sortu eta koordinatzea, protokoloak prestatzeari begira, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren prozedurak hobetzeko.

c) Zuzendaritza nagusiaren prozesu guztien arrakasta neurtzeko adierazleak proposatzea.

d) Martxan diren protokoloen urteko ebaluazioak egitea, ematen diren zerbitzu publikoak etenik gabe hobetzeko.

e) Zerbitzuak haren esku uzten dituen beste guztiak.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

1. Bekak 11.445,48 euroko zuzkidura dauka, 2022ko eta 2023ko gastu-aurrekontuetan gaitzen diren “Bekak” izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren baliokideen kargura; kopuru horretan daude, batetik, 2022ko partidari dagozkion 6.676,53 euro –900 euroko zazpi hileroko gehi Gizarte Segurantzari dagozkion 53,79 euro hilean–, eta, bestetik, 2023ko partidari dagozkion 4.768,95 euro –900 euroko bost hileroko gehi Gizarte Segurantzari dagozkion 53,79 euro hilean–.

2023-2024 eta 2024-2025 urteetan luzatzen diren beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partidei egotziko zaie, baldin eta horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

2023., 2024. edo 2025. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

2. Betiere, bekaren onuradunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete bitarte iraunen du, beka emateko ebazpenean ageri den egunetik zenbatzen hasita.

Beka luzatzen ahalko da, Zerbitzuak hala eskatuta, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Laugarrena.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka 900 eurokoa da hilean, Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 53,79 euroak gehituta. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Bosgarrena.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

Seigarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduaren edo Lan Harremanen eta Giza Baliabideen graduaren titulua edukitzea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko, bekarekin bateraezina dena.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Zazpigarrena.–Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta esleituko da, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa espedientea: Espedientearen batez besteko nota (graduatuaren osoko kalifikazioa) baloratuko da, honela:

–Nahikoa: 2 puntu.

–Oso ongi: 4 puntu.

–Bikain: 6 puntu.

–Ohorezko matrikula: 8 puntu.

b) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 3 puntu.

–Kontuan hartuko dira 20 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak, honela: 0,20 puntu kreditu bakoitzeko edo prestakuntzako 10 orduko.

–Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

–Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

c) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

d) Hizkuntzak: Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren arabera aitorpena duten erakundeetakoak, honela:

–A2 maila: Oinarrizkoa, 0,1 puntu.

–B1 maila: Oinarrizkoa, 0,3 puntu.

–B2 goi maila: 0,5 puntu.

–C1 goi maila: 0,75 puntu.

–C2 maila: puntu bat.

e) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 1 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

–600 ordutik gorako prestakuntza: puntu bat.

–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 0,75 puntu.

–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 0,5 puntu.

–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 0,25 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7koan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

a.–Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

c) Seigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

d) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten fotokopia.

f) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duena (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egiten diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak eta/edo jakinarazpenak egiteko.

6. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Bederatzigarrena.–Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunak kontuan hartuta. Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Gloria Giralda Carrera, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Leticia Mezcua Martín, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Rosana Pej Peña, Administrazio Laguntzako Bulegoko burua.

Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko langileak arituko dira, horri atxikita baitago Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoa, baldin eta deialdi honetan eskatzen den maila bereko edo altuagoko titulazioa badute.

Hamargarrena.–Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

1. Eskaerak hartutakoan, ebaluazio batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

2. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

3. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

4. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

5. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunari ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Hamabigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamahirugarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekaren onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).

2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamalaugarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunak egiten dituen zereginak Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoko buruak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabosgarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamaseigarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean beste batzuei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamazazpigarrena.–Bekaren bukaera.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamazortzigarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hemeretzigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2209000