141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

69/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, Ameskoabarreneko Udalaren Gollaoko Kontzejua iraungitzen duena.

2021eko ekainaren 28an Nafarroako Gobernuaren erregistro elektronikoan aurkeztu zen idazkiaren bitartez, Gollaoko Kontzejuko lehendakariak eskatu zuen aipatu kontzejua iraungitzeko prozedura abiatu zedin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluarekin bat. Kontzejuan erroldatuta dauden 16 bizilagunen sinadurak zeuden eskaera horrekin batera, toki-erakundeko idazkariak autentifikatuta.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.a) artikuluak xedatzen du kontzejuak iraungitzen direla bertan bizi diren bizilagunen gehiengoaren idatzizko eskaeraren bidez, udalari entzunaldia eman ondoren.

2021eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan, argitaratu zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 4ko 16/2021 Foru Agindua, Nafarroako kontzejuetako 2020ko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu zituena. Foru agindu horretan 30 biztanlekoa da Gollaoko Kontzejuaren populazio kopuru ofiziala, eta, horrenbestez, idazkariak ziurtatzen dituen 16 sinadurek bertako bizilagunen gehiengoa osatzen dute.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 8ko 197/2021 Ebazpenaren bidez, zeina 2021eko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urriaren 11koan, Gollaoko Kontzejuari eta Ameskoabarreneko Udalari entzunaldia eman zitzaien eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean jartzeko xedatu zen.

Ameskoabarreneko Udalak, 2021eko irailaren 20an, erabaki zuen Gollaoko Kontzejuko bizilagunen erabakia errespetatzea.

Beraz, aipatu lege-gorputzeko 44.1.a) artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnez Gollaoko Kontzejua iraungitzeko, aipatu artikuluko 2. apartatuaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio kontzejua iraungitzeko dekretatzea, Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena egin ondoren.

Lurralde Mugaketako Batzordeak, 2022ko ekainaren 14an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Gollaoko Kontzejua iraungitzearen aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko ekainaren hogeita bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Ameskoabarrena Udalerriko Gollaoko Kontzejua iraungitzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko, prozedurako arau hauei jarraituko zaie:

1. Gollaoko Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa eginen da Ameskoabarreneko Udalarenean sartzeko. Hala ere, Gollaoko Kontzejuarenak diren herri-ondasunen gozamena eta aprobetxamendua Gollaoko bizilagunena izanen da bakarrik.

2. Gollaoko Kontzejuaren kontuak itxiko dira, eta ordaindu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Ameskoabarreneko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den kontzejuaren baliabide finantzario guztiak udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Ameskoabarreneko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Nagusiari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan aurreikusitako ondorioekin bat. Urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, Gollaoko Kontzejuaren inskripzioa deuseztatuko da Nafarroako Toki Entitateen Erregistrotik.

4. artikulua. Foru dekretu hau Ameskoabarreneko Udalari eta Gollaoko Kontzejuari jakinarazi beharko zaie. Aditzera emanen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2209199