141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

68/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, kultur mezenasgoaren lehentasunezko jarduerak ezartzen dituena 2022. urterako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legeak lehen xedapen gehigarrian ezartzen du foru dekretu bidez ezartzen ahalko dela zergaldi bakoitzean kultur mezenasgoaren arloan lehentasuna duten jardueren eta proiektuen zerrenda bat. Nolanahi ere, jarduera eta proiektu horiek aipatu foru legearen 2., 4., 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte. Jarduera eta proiektu horiei dagokienez, kasuan kasuko foru dekretuak ehuneko bost gehitu ditzake, gehienez ere, 8/2014 Foru Legean ezarritako kuota-kenkarien ehunekoak eta mugak.

1972. urteko uda hasieran, nazioarteko “Iruñeko topaketak” jaialdia egin zein, Estatuan egindako abangoardia jaialdietan zabalena eta esanguratsuena. Artea bizitzan barreiatzearen ideiari eutsita, eta jakitun topaketak iragankorrak zirela, diktaduraren azken urteetan ezarritako ordenari buelta emateko aukera gisa bizi izan ziren.

“72ko topaketak” gogora ekarrita aldaketa bat sortu nahi da, abiapuntu sendo bat, orduko topaketa haien oroitzapena epe luzerako kultur proiektu serio eta irmo baten oinarria izan dadin. Hori horrela, erantzukizun sakonaz baino ezin da jardun, kultura, bere arlo guztietan, hausnarketarako eta aldaketarako elementu gisa iris dadin herritarrengana, eta ez aisialdirako modu gisa.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko ekainaren hogeita biko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da ezartzea, 2022. urterako, kultur mezenasgoaren lehentasunezko jarduerak eta haiek bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak.

2. artikulua. Kultur mezenasgoaren arloko lehentasunezko jarduerak eta proiektuak 2022an.

1. 2022an lehentasunezkoak izanen dira “Iruñeko Topaketak (1972)” delakoen 50. urteurren-ospakizunarekin lotura duten kultur jarduerak eta proiektuak.

2. Jarduera eta proiektu horietarako, ehuneko bost handiagoak izanen dira kuota-kenkarien ehunekoak eta mugak, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen III. kapituluko 4. atalean.

3. artikulua. Kultur jarduera edo proiektua lehentasunezkoa deklaratzeko eskaera.

1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen arabera kultur mezenasgoaren onuradun izan daitezkeen pertsona eta entitate guztiek eskatu beharko dute, aurreko artikuluan aipatu diren jarduerak eta proiektuak egiten badituzte, kultur jardueraren edo proiektuaren interes soziala deklaratu eta lehentasunezkoak direla berariaz aitor dadin.

2. Eskaera egiteko prozedurak men eginen dio Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduari, zeinaren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jardueren gizarte interesa deklaratzeko prozeduraren Erregelamendua, baina honako berezitasun hauek izanen ditu:

a) Eskaerak aurkezten ahalko dira foru dekretu hau indarrean sartzen denetik 2022ko irailaren 30era arte.

b) Proiektuaren deskripzio-memorian zehaztasunez justifikatuko da zer nolako lotura daukan gizarte interesekotzat deklaratu nahi den proiektu edo jarduerak foru dekretu honen 2. artikuluan aipatu diren jarduerekin.

3. Nolanahi ere, jarduera eta proiektuek beti bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 2., 4., 5. eta 6 artikuluetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.

4. Mezenasgorako lehentasunezko jardueratzat hartuko da, berariaz deklaratu behar gabe, Kultura eta Kiroleko Departamentuak berak eta haren mendeko fundazio publikoek garatuko duten “Iruñeko Topaketak 72-22” proiektua.

5. Nafarroako toki-erakundeek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek kultur proiektuak eta jarduerak egiten badituzte “Iruñeko Topaketak (1972)” delakoen 50. urteurrena ospatzearekin loturik, beren proiektuak edo jarduerak komunikatuko beharko dituzte, 8/2014 Foru Legearen 5.1.c) artikuluan ezarritako moduan, mezenasgoko lehentasunezko jardueratzat har daitezen.

4. artikulua. Betebeharrak betetzea.

Lehentasunezkotzat aitortutako kultur jarduera eta proiektuak egiten dituzten pertsona eta entitate onuradunek Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bitartez onetsi zen kultur proiektu eta jardueren gizarte interesa deklaratzeko prozeduraren Erregelamendua.

Azken xedapen bakarra.–Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2209198