14. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 22an hartua, Allo herrian (Nafarroa) dagoen Alloko gurutzea-guruztokia izeneko monumentuaren babes eremuaren behin betiko mugaketa onesten duena.

Allo herrian dagoen Alloko gurutzea-guruztokia izeneko monumentua martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago, eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, bai eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren arabera ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 116/2020 Ebazpenak behin-behinekoz mugatu zuen Allo herrian (Nafarroa) dagoen Alloko gurutzea-guruztokia izeneko monumentuaren babes eremua, interes kulturaleko ondasun gisa babesteko, eta espedientea jendaurrean egoteko epe bat ireki zuen. Ebazpena 2020ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 29an.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ekainaren 21ean emandako 183/2021 Ebazpenaren bidez, espedienteari egindako alegazioak erantzun ziren, era honetan:

1. Interes kulturaleko ondasunaren izena aldatzea eta Alloko gurutzea-guruztokia izena paratzea.

2. Onartzea eraiki ahal izatea inguruneko 354. eta 333. lurzatietako 20 metroko zerrendan, Udal Plan berriak lurzati horietarako ezartzen dituen eraikigarritasun baldintzetan, bat etorriz Udalak 2021eko urtarrilaren 21ean onetsitako eta behin betiko onesteko izapidetutako dokumentuarekin. Hala ere, bertako eraikinek solairu bakarra izan beharko dute, lurzatiak mugatzen dituzten harlangaitz-hormak ukitu gabe, eta estalkiak horma horien garaiera gainditu gabe.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abenduaren 9ko 43/2021 Foru Aginduaren bidez, ezetsi zen gora jotzeko errekurtso bat, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ekainaren 21ean emandako 183/2021 Ebazpenaren aurkakoa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak mugaketaren aldeko txostena eman zuen 2021eko maiatzaren 21ean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Allo herrian (Nafarroa) dagoen Alloko gurutzea-guruztokia izeneko monumentuaren babes eremuaren mugaketa.

2. Alloko gurutzea-guruztokiaren babes eremua lurzati hauek zehazten dute: 106.a, 540.a, 20 metroko zerrenda bat 354., 333. eta 337. lurzatietan, eta 64. eta 65. lurzatietako eta 66. eta 69. lurzatietako eraikuntza nagusiak, denak Alloko udalerriko 3. poligonokoak, eta muga horien barneko bideei dagokien eremua.

Eremu horretarako babes neurriak honako hauek dira:

1. Gurutzea-guruztokiari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea esku hartzeko.

2. Inguruneari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea mugatutako eremuan esku hartzeko, eta ezartzen da eraikuntza eta jarduketa berriek harmoniari eutsi beharko diotela giro kultural horrekin.

3. 540. lurzatian ezin da eraiki. Egun diren biltegi osagarriak eta lurzatia mugatzen duten harlangaitz-hormak baizik ezin dira egon. 337. lurzatiko 20 metroko zerrendan, bolumen eraikigarria oraingo nabearena izanen da gehienez.

4. Inguruneko 354. eta 333. lurzatietako 20 metroko zerrendan eraiki daiteke, 2021eko uztailaren 22an behin betiko onetsitako Alloko Udal Planak lurzati horietarako ezartzen dituen eraikigarritasun baldintzetan. Hala ere, eraikinek solairu bakarra izan beharko dute, lurzatiak mugatzen dituzten harlangaitz-hormak ukitu gabe, eta estalkiak horma horien garaiera gainditu gabe.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea bukatzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkara daiteke, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2117989