14. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO, ARELLANO, ARROITZ, DEIKAZTELU ETA LERINGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Larrialdi sozialeko eta gizarteratzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mankomunitatearen Batzarrak, 2021eko irailaren 9an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larrialdi sozialeko eta gizarteratzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2021eko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 26an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Allon, 2021eko abenduaren 30ean.–Mankomunitateko burua, Laura Echeverría Azcona.

ORDENANTZA, LARRIALDI SOZIALEKO ETA GIZARTERATZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza honek arauak ezartzen ditu gizarteratze ibilbideetan sartuta dauden pertsonei prestazio ekonomikoak emateko Allo aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik. Laguntza horiek behin bakarrik hartzekoak dira, eta horien bitartez lehen erantzun bat eman nahi zaie herritarrek planteatutako behar sozialei.

1.–Xedea eta helburua.

Gizarte-larrialdiko laguntzak ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko finalistak dira, aparteko izaera dutenak, ustekabeko egoerei edo aparteko krisiei aurre egiteko. Beraz, gizarte zerbitzuek berehala eta unean bertan jardutea eskatzen dute, hala egin ezean egoera okertu edo larriagotu baitaiteke. Gizarte babeserako laguntza mekanismoak dira eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsona edo familiekiko esku-hartzea laguntzen dute.

Prestazio hauen xedea da berehalako eta premiazko eskaerei erantzutea. Bidez batez, pertsonak aktibatzen lagundu nahi da, beren aldaketa prozesuan inplikatu eta eragile izan daitezen. Ahal dela, laguntza emanen da gizarteratze programa pertsonalizatu bat dagoenean edo kasu-plan bat, laguntza justifikatuko duena. Helburua da garapen edo gizarteratze ibilbideak erraztea, laguntza ekonomikoa emanez, hura eragozten edo zailtzen duten egoera koiunturalak desblokeatzeko.

Laguntzak bateragarriak eta subsidiarioak izanen dira beste prestazio ekonomiko eta baliabide batzuekin, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen bete nahi den premia.

2.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

1. Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izan beharko da, edo adingabe emantzipatua, bi kasuetan bere ardurapean adingabeak dituena.

2. Familia-unitateak gutxienez bederatzi hilabetez egon beharko du erroldatuta, gizarte-zerbitzuen mankomunitatea osatzen duten herrietako edozeinetan, eta bertan bizi beharko du benetan eta etengabe. Gainera, gutxienez adierazi beharko du asmoa duela herri horietako edozeinetan modu iraukorrean bizitzeko. 9 hilabeteko betebeharretik salbuetsita egonen da balorazio sozialaren arabera gizarte-bazterketa larria bada.

3. Behar besteko baliabide ekonomiko propiorik ez izatea, halabeharrez eta nahi gabe sortutako egoerari aurre egiteko. Eskaera egiten denean, familia-unitatearen eta ondasun higiezinen diru-sarrera gordinak ez dira ondoko eskala progresiboan adierazitako kopuruak baino handiagoak izanen (familia-unitateko kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEAREN KIDE KOPURUA

HILEROKO GEHIENEKO DIRU-SARRERAK 2021. URTEAN

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

Zenbateko horiek urtero alda daitezke.

4. Egina izatea balorazio ekonomiko bat, diagnostiko bat edo sinatuta izatea gizarteratzeko hitzarmen bat, zeinetan jasoko baita konpromisoa prestazio ekonomiko hori erabiliko dela adostutako helbururako. Behar bezala justifikatu beharko da.

5. Allo aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen programa eta zerbitzuen erabiltzaileak izatea, eta esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean egotea, hura betetzeko konpromisoa hartuta.

6. Eskaera egiteko unean, eskatzailearen ondasun higigarrien eskuragarritasunak ez ditu gaindituko errenta bermatua jasotzeko eskubideak arautzen dituenak (4.864 euro 2021ean).

7. Ezarritako ereduaren araberako eskabidea aurkeztea, zeinaren bidez frogatuko baita adierazitako gastuei aurre egiteko zailtasunak dituela, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa dela gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

8. Ez izatea lehenagotik emandako laguntza bat itzultzeke, xedea ez zelako justifikatu, edo erreklamatutako zenbatekoa itzultzen aritzea, adostutako aldizkakotasunarekin.

9. Laguntzak kontzeptu beragatik ematen ahalko dira, ezarritako urteko gehieneko mugen arabera (urte naturala).

3.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Ordenantza honetan araututako laguntzak urteko aurrekontu-zuzkiduraren mende daude. Erreferentziako profesional bakoitzak zenbateko jakin bat erabiltzen ahalko du. Zenbateko hori izanen da: erabilgarri dagoen diru guztia zati laguntza horiek tramitatzen dituzten profesionalak, eta bider hamabi hilabete. Esleipen hori gainditzen duten zenbatekoak gehiengo osoz onetsi beharko ditu taldeak. Hortik aurrera, organo eskudunari igorriko zaio proposamena.

1. Dagokion partidan funtsik ez badago, eskaerari uko egiten ahalko zaio.

2. Prestazio hau aurrerakin gisa ematen ahalko da, beste prestazio batzuen ordainketan atzerapenik izanez gero. Kasu horretan, hartzaileak konpromisoa hartuko du dagokion prestazioa kobratu aurretik jasotako zenbatekoa itzultzeko, hura hartu eta hurrengo egunean. Aldizkako prestazio ekonomikoa jasotzen den tokian idatziko da. Ez da beste kontzesiorik emanen egoera hori konpondu arte.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Ostatuarekin lotutakoak.

a.1) Etxebizitzaren alokairuaren ordainketa, hipoteka-maileguaren ordainketa, etxebizitza partekatuko gelaren ordainketa, aldi baterako ostatua (ostatua, pentsioa eta abar), bizilagunen erkidegoko gastuak. (Gehienez 3.000 euro urtean, familia-unitateko).

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia izanen bada, hasierako ordainketa apartekoa badakar eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko. (Gehienez ere 2.000 euro urtean, familia-unitateko).

–Nolanahi ere, kontzeptu horrengatik ematen diren laguntzak osatzen ahalko dira helburu bererako beste laguntza batzuekin, baina horien baturak ezin izanen du gainditu ordaindu beharreko gastu osoa.

b) Oinarrizko hornidurekin lotutakoak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuenak (estolderia, zabor-bilketa eta abar).

b.2) Elektrizitate, gas, berokuntza, ur eta bestelako erregaien gastuak.

–b1 eta b2.–Gehienez ere 800 euro urtean, familia-unitateko, bi kontzeptuen artean.

b.3) Ohiko etxebizitzaren oinarrizko hornidura-kontratuen altak. (Kontzeptu honen gehieneko kopurua izanen da oro har ezarritako gehieneko zenbatekoa. 1.000 euro).

–Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak (telefonoa eta abar)

c) Nutrizioarekin eta higienearekin lotutakoak.

c.1) Eguneko elikadura eta higienea (norberaren higienerako eta etxekorako oinarrizko gaiak). Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

Lagun 1: 500 euro urteko eta familia-unitateko.

2 lagun: 700 euro urteko eta familia-unitateko.

3 lagun: 940 euro urteko eta familia-unitateko.

4 lagun edo gehiago: 1.220 euro urteko eta familia-unitateko.

–Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, jasotzen badu errenta bermatua, arautua dagoena Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean.

d) Prestakuntzarekin eta gizarteratze-laneratzearekin lotutakoak:

d.1) Gastuak, parte hartu ahal izateko prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean. (Gehienez ere 800 euro hilean, familia-unitate bakoitzeko):

–Bekarik gabeko ikastaroetako matrikulak.

–Eskolako materiala eta testu liburuetarako laguntzak.

–Laguntzak eskola-jardueretarako (txangoetarako, adibidez) eta eskolaz kanpokoetarako (eskola laguntza, kirola...).

–Garraiorako laguntza, baldin eta prestakuntzarako, lan-ibilbiderako edo oinarrizko gizarte-zerbitzuak proposatutako jardueretarako bada.

–Gidabaimena lortzeko laguntzak, baldin eta gizarteratzeko dagokion programa pertsonalizatuan aurreikusita badago.

e) Oinarrizko beste premia batzuk:

Apartatu honetan, aurreko apartatuetan zehaztu ez diren laguntzak jasoko dira, baldin eta justifikatzen bada aldeko balorazio tekniko baten bidez, zeina eginen baitu laguntza horiek tramitatzen dituen edozein profesionalek, kontuan hartuta salbuespenezko laguntzak direla eta familia-unitateari kalte konponezinak eragiten ahal zaizkiola.

Laguntza horiek emanen dira egoeraren larritasunaren eta berehalakotasunaren arabera; hala ere, laguntza osagarriak eskatu ahal izanen dira, halakorik balego.

Kontzeptu hauen konturako gehieneko zenbatekoa, urtean, honako koadro honetan azaltzen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

Lagun 1: 500 euro urteko eta familia-unitateko.

2 lagun: 700 euro urteko eta familia-unitateko.

3 lagun: 940 euro urteko eta familia-unitateko.

4 lagun edo gehiago: 1.220 euro urteko eta familia-unitateko.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek elkarrizketa bidez eginen dute eskabidea, laguntza horiek tramitatzen dituen edozein profesionalen aurrean.

Ordenantza honetan araututako laguntzak eskatzeko epea irekita egonen da urte osoan, baina urteko aurrekontu-zuzkiduraren mende.

Eskaerarekin batera, ordenantza honen 5. apartatuan aipatzen diren agiriak eta txostenak aurkeztuko dira.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak sinatuta eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz aurkeztuko dira, honako dokumentazio honekin batera. Eskatutako dokumentazioa Mankomunitateko artxiboetan baldin badago, ez da aurkeztu beharko.

1. Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren ordezkariaren NAN/AIZ edo pasaportea.

2. Bizikidetza eta erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

3. Familia-unitatearen azken 6 hilabeteetako diru-sarreren egiaztagiria (nominak, pentsioak, prestazioak edo legozkiokeen edozein motatako sorospenak). Lan-jarduera erregular baten ondoriozko nominarik edo diru-sarrerarik izan ezean, aurkeztuko dira diru-sarreren zinpeko aitorpena edo bere egoera sozioekonomikoa egiazta dezaketen bestelako dokumentuak.

4. Ondasunak dituen tokiko, nazioko edo nazioarteko edozein erakunderen katastro-ziurtagiria.

5. PFEZaren aitorpena, halakorik badago.

6. Egungo saldoaren egiaztagiria, bai eta familia-unitateko edozein kideren izenean dauden kontu guztien azken 6 hilabeteetako banku-mugimenduak.

7. Agiriak, justifikatzen dituztenak diruz lagunduko den kontzeptua eta zenbatekoa (fakturak edo aurrekontua), premia eta abar.

8. Bestelako agiriak, erreferentziako profesionalaren ustez aurkeztu beharrekoak, interesgarriak izan daitezkeelako laguntza emateko egoera justifikatzeko.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsak zuzen ditzala, gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsitzat joko dela.

6.–Dirulaguntzak tramitatu eta ebazteko organo eskudunak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek, aurkeztutako eskabidea baloratu ondotik, txosten-proposamen bat prestatuko dute organo eskudunari jakinarazteko zein den familia-unitate interesdunaren premia-egoera, eta eskatutako prestazioaren edukia eta egokitasuna zehaztuko dituzte.

Profesional bakoitzeko hileko gastuaren banaketa gainditzen duten proposamenak taldean baloratuko dira. Gehiengo osoz onesten direnean, organo eskudunari igorriko zaizkio.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko organoak eskaera onartu edo ukatu behar den baloratuko du, gehienez bost laneguneko epean, eskaera OGZko erregistroan sartua dela agertzen den datatik hasita, eskatutako dokumentazio guztiarekin tramitatzeko.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

7.–Ordainketak eta frogagiriak.

Aldeko ebazpena eman ondotik, ebazpena jaso eta hurrengo egunean ordainduko da prestazioa, laguntzak berehalakoak baitira. Epea zenbatzen hasiko da aurkezten direnean laguntza tramitatzen duenak eskatutako agiri guztiak.

Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ), pasaportea edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehatz emanda, eta horiei dagokien zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga barne, halakorik bada. Faktura edo frogagiriek jasoko dute prestazioaren onuradunak idatzitako eta sinatutako adierazpen bat; hona hemen:

“Nik, izena, abizena, identifikatzailea (NANa edo antzekoa), adierazten dut hemen jasotako zenbatekoaren gastua egin nuela”. Jarri data eta sinadura.

Frogagiri horiek nahitaez aurkeztu beharko dira oinarrizko gizarte-zerbitzuaren erregistroan, dirulaguntza eman ondoko hilabeteko lehenengo astean. Salbuespen gisa, epe hori luzatzen ahalko da, teknikari arduradunak hala irizten badio.

Onartutako gizarte-larrialdiko laguntzaren ordainketa dena batera edo zatika egin daiteke. Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da.

Prestazioa emateko proposamenak eta balorazioak erreferentziako profesionalak eginen ditu, zenbatekoak ez badu gainditzen hileko kopuru erabilgarria (aurrekontuaren guztizkoa zati hilabete kopurua eta zuzeneko arretako profesionalen kopurua). Kopuru hori gainditzen badu, asteroko bileran proposatuko zaio taldeari, eta gehiengo osoz baino ez da onartuko proposamena.

Kontzeptu guztiengatik emanen den gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da.

8.–Familia-unitateen betebeharrak.

Familia-unitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Emandako zenbatekoa eskatutako helbururako erabiltzea.

2. Hori egiaztatzeko frogagiriak aurkeztea.

3. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortu den, eskatutako eskariari erantzuteko.

4. Jasotako funtsak itzultzea, baldin eta eskatutako helbururako erabili ez badira edo ezarritako epean justifikatu ez badira (arau gisa, dirulaguntza eman eta hurrengo hilaren lehen astean), salbu eta erreferentziako profesionalarekin besterik adostu bada.

9.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

1. Justifikatzeko betebeharra ez betetzea erreferentziako profesionalarekin adostutako epean.

2. Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo eskabidean aurkeztutako informazioan edo dokumentazioan inkoherentziak daudela egiaztatzean.

3. Ez betetzea laguntza ematerakoan erreferentziako profesionalarekin adostutako baldintzak.

4. Kontzeptu beragatik prestazio edo laguntza ekonomikoak jasotzean, horien zenbatekoa eskatutako gastua baino handiagoa denean. Kasu horretan, aldea itzuliko da.

5. Ikuskatzearen eta kontrolaren ondorioz atzematen denean emandako dirulaguntza behar ez bezala lortu, baliatu edo erabili dela.

10.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntza honen arloko arau-hausteak dira:

1. Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea hura emateko baldintzen inguruko datuak faltsututa edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuta.

2. Jasotako zenbatekoak ez erabiltzea dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako, salbu eta diru hori itzuli bada errekerimendurik egin gabe.

3. Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

4. Jasotako funtsei emandako erabilera ez justifikatzea.

Arau-hausteen erantzuleak izanen dira aipatutako portaerak dituzten onuradunak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: behar ez bezala jasotako, aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa itzultzea. Dirulaguntza eman eta gehienez ere 4 hilabeteko epean.

Era berean, organo eskudunak erabakitzen ahalko du laguntza hori ezin izanen dela berriz eskatu, gehienez ere urtebetez edo itzuli arte bidegabe jasotako zenbatekoa.

Zehapenak administrazio-espediente bidez ezarriko dira. Espediente horretan, betiere, interesdunari entzunaldia emanen zaio dagokion erabakia hartu aurretik, eta tramitatuko da bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.

11.–Aurrekontua.

Laguntza hauen zenbatekoa egotziko zaio dagokion aurrekontu-partidan jasotzen den “Larrialdietarako edo gizarteratzeko laguntzak” izeneko aurrekontu-lerroari, zeinak emandako laguntzen kopurua mugatzen baitu.

12.–Datuak babesteko klausula.

Bete behar da xedatutakoa Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan. Eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datu pertsonalak, alegia, ordenantza honen xede den larrialdiko edo gizarteratzeko laguntzaren eskaeraren arabera emandako datu pertsonalak, Mankomunitatearen ardurapeko fitxategi batean erregistratuko direla, eta soilik erabiliko direla ahalbidetzeko laguntzen eta prestazioen kontzesioaren kudeaketa eta esku-hartzeak, Allo aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko taldeko edozein kidek gauzatu ahalko baititu.

Komunikazioei dagokienez, legezko betebeharrek ezarritakoak eginen dira soilik. Datuen titularrek datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka egiteko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, idazki bat aurkeztuz, NANaren kopiarekin batera, Allo aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzako bulegoetan.

Iragarkiaren kodea: L2200034