130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

30/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ez-beharrezkotzat deklaratzen baitira abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuaren 6. eta 11. artikuluetan ezarritako neurriak. Foru lege dekretu horren bidez ohiz kanpoko neurriak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten zuen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko lurralde nazional osoan, eta egoera hori Diputatuen Kongresuak baimenduta luzatu zen.

Alarma-egoera luzatu zen ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, eta bertan xedatu zen ezen, normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, ondoriorik gabe geldituko zirela dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoeran ezarritako neurriak. Gainera, ezarri zen autonomia-erkidegoek erabakitzen ahalko zutela, beren irizpide epidemiologikoen arabera, normaltasun berrian sartzea.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteak ezarri zituenak, prebentzio-neurriak hartu zituen osasun-krisialdia amaitu dela ofizialki deklaratzen ez zen bitartean, eta autonomia-erkidegoen esku utzi zuen neurri horiek ezartzea.

Nafarroan uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege Dekretua eta abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretua eman ziren, aparteko neurriak zituztenak COVID-19aren kasuak ugaritzearen ondoriozko arrisku bereziko egoerari erantzuteko. Arau horietan, besteak beste, arlo hauei buruzko neurriak hartu ziren: gaueko aisialdia, ostalaritza eta jatetxeak, eremu publikoan baimenduta ez dagoen alkohol-kontsumoa, zentro soziosanitarioak edo ekitaldi eta jarduera jendetsuak.

Ondoren, ekainaren 21eko 6/2021 Foru Lege Dekretuak indarrik gabe utzi zituen uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege Dekretua eta abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretua, salbu 6. artikulua (Baimenik gabeko alkohol kontsumoa eremu publikoan) eta 11. artikulua (Tabakoaren eta parekoen kontsumoa).

Ildo horretan, ekainaren 21eko 6/2021 Foru Lege Dekretuaren artikulu bakarraren hirugarren puntuak xedatzen duenez, 8/2020 Foru Lege Dekretuaren 6. eta 11. artikuluak indarrean egonen dira harik eta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena egin ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osasun-arloan eskumena duen organoaren adierazpen bat argitaratu arte, esaten duena COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak bilakaera positiboa izan duela eta, hortaz, neurri horiek ez direla beharrezkoak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, ekainaren 13tik 19ra bitarteko astean intentsitate ertaineko birusaren zirkulazio epidemikoa dago, maila baxuko larritasunarekin eta goranzko joerarekin.

Osasun Ministerioak ekainaren 24an argitaratutako datuen arabera, 14 egunetara eta 7 egunetara metatutako intzidentzia 60 urteko eta gehiagoko pertsonen artean, PCR edo antigenoen test azkarraren bidez diagnostikatua, 649,17 kasukoa eta 381,76 kasukoa da 100.000 biztanleko (arrisku-maila ertaina edo 2.a), 1,7ko ratioarekin, hau da, goranzko joerarekin, nahiz eta autonomia-erkidegoen batezbestekoaren azpitik egon, hura 755,71 eta 419,7 kasukoa baita 100.000 biztanleko, eta ratioa, berriz, 1,8koa.

Ospitaleko okupazioari dagokionez, COVID-19agatik ospitaleetan okupatutako oheen ehunekoa 4,42 da (arrisku-maila txikia edo 1.a), eta ZIUetan, berriz, COVID-19ak eragindako okupazioaren ehunekoa 2,9 da (arriskurik gabe edo 0 arrisku-maila), baina goranzko joera du.

Horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatea alerta-maila baxuan edo 1.an dago.

24. astean, kasuen %50 inguruk BA.5 azpialdaeraren susmo-patroi bat dute, eta horrek immunitatearekiko ihes handiagoa du.

5 urteko eta gehiagoko pertsonen %90ek txertaketa-jarraibide osoa du, 70 urteko eta gehiagoko pertsonen %95ek, 60-69 urteko pertsonen %98k, 50-59 urteko pertsonen %81,30ek eta 40-49 urteko pertsonen %65ei oroitzapen-dosia eman zaie. Txertoak %90etik gorako eraginkortasuna du COVID-19ak eragindako ospitaleratzeak prebenitzeko, baina eraginkortasun txikiagoa du, eskuarki, infekzio asintomatikoa eta sintomatikoa prebenitzeko, hau da, transmisioa prebenitzeko. Txertorik hartu ez duten pertsonen aldean, behar bezala txertatuta dauden pertsonei, infektatzen direnean, %90 baino gehiago murrizten zaie ospitaleratzeko aukera.

Txerto-estaldura horiei esker, behera egin du kasu positiboa izanik ospitale batean sartzen direnen ehunekoak.

Testuinguru horretan, pixkanaka kentzen joan ziren COVID-19aren kasu positiboen gorakadaren ondoriozko arrisku bereziko egoerari erantzuteko ezohiko neurriak. Bukatzeko, apirilaren 20an argitaratu zen 286/2022 Errege Dekretua, apirilaren 19koa, zeinaren bidez aldatu baitzen maskarak erabiltzeko betebeharra COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian, halako moldez non osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetan, zentro soziosanitarioetan eta garraiobide publikoetan soilik erabili behar baitituzte sei urte edo gehiagoko pertsonek.

Une honetan, indarrean jarraitzen dute 8/2020 Foru Lege Dekretuaren 6. artikuluak eta 11. artikuluak, eremu publikoan baimendu gabeko alkohol-kontsumoari eta tabakoaren eta parekoen kontsumoari dagokienez.

Gaur egun, eta SARS-CoV-2ren transmisioa komunitate-eremuan prebenitzeko esparruan, zehazki kanpoko espazioetan mantendu beharreko neurriei dagokienez, oraindik indarrean dauden neurri horiek isolatuta gelditu dira, eta ez dute beste neurri osagarririk eragin sinergikoa izateko.

Horregatik, birusaren transmisioa saihesteko beharrezkoak ez diren neurriak direnez, deklaratu behar da ez direla beharrezkoak, eta pandemiaren aurretik horiek arautzen zituen araudi espezifikoa aplikatu.

Beti bezala, beharrezkoa da transmisioari, osasun-okupazioari eta aldaeren presentziari buruzko datuak monitorizatzen jarraitzea, ikusteko aurretik aplikatutako neurriak berriz hartu behar diren.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena kontuan hartuta, ez-beharrezkotzat deklaratzen dira abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuaren 6. eta 11. artikuluetan ezarritako neurriak (foru lege dekretu horren bidez ohiz kanpoko neurriak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten zuen arrisku bereziko egoerari erantzuteko).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Ez-beharrezkotzat deklaratzea, SARS-CoV-2 birusaren transmisioa prebenitzeko esparruan, abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuaren 6. eta 11. artikuluetan ezarritako neurriak (foru lege dekretu horren bidez ohiz kanpoko neurriak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten zuen arrisku bereziko egoerari erantzuteko).

Bigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea

Iruñean, 2022ko ekainaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2209383