130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

235/2022 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariak emana, 2022ko deialdiaren oinarriak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen Nafarroako Foru Komunitatean ehiza lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan garatu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Besteak beste, aipatzen du beharrezkoa dela prestakuntza ikastaro bat egitea, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probek honako hauei buruzko ezagutzak jasotzea: ehizaren lege arloko alderdiak, basa faunari buruzko ezagutza, ehizari eta segurtasunari buruzko metodoak, eta ehizarako arteak eta bitartekoak eta horien erabilera.

Xedapen horiek betez, bidezkoa da ezartzea zein diren aurtengo deialdiak eta baldintzak, ehizan estreinakoz aritu nahi dutenek froga dezaten beren ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezkoak diren ezagutzak dituztela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

Horrenbestez, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenak ematen dizkidan eskumenak (ebazpen horren bidez, besteak beste, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko titularrari eskuordetzen zaizkio Ingurumeneko zuzendari nagusiak zituen zenbait eskumen),

EBAZTEN DUT:

1. 2022ko deialdiak onestea Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko probak egiteko.

2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak eta betebeharrak, ebazpen honen eranskinetan ageri direnak, onestea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko ekainaren 13an.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

ERANSKINA

2022ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko diren gaitasun probak egiteko

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da prestakuntza ikastaroaren eta proben deialdia egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ematen du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehizarako gaitasun proba gainditzeko. Probara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

Bigarrena.–Inskripzioa.

1. Inskripzio epea.

Inskripzio epea, lehenbiziko lizentzia lortzeko egin beharreko gaitasun probak lehen deialdian nahiz bigarrenean egiteko eta aurretik prestakuntza ikastaroa egiteko, bakarra izanen da, eta deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 20 egunera amaituko da.

2. Inskripzio-eskabideak aurkezteko tokia.

Inskripziorako dokumentazioa bide telematikotik aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian dago eskuragarri (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, inskripziorako dokumentazioa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan aurkezten ahal da (González Tablas kalea 9, 31005 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

3. Inskripziorako aurkeztu behar den dokumentazioa

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko inskripzio eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12,48 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezarritakoa.

Tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkezteak ez du inola ere aldatuko inskripzio eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Ordaindu ezean, izangaia baztertuko da.

Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

–Eskaera orria eta ordainketa gutuna eskura egonen dira

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Caza/Licencia+y+examen+de+caza.htm eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan, Iruñean (González Tablas kalea 9).

Hirugarrena.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, 10 egun balioduneko epean, gutxienez, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da www.nafarroa.eus webgunean eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan(González Tablas kalea 9, Iruña).

Bazterturik gelditu direnek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastaroa egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Ikastaroa egin ondoren, azterketara aurkezteko betekizunak, deialdian ezarritakoak, betetzen dituzten pertsonen zerrenda argitaratuko da, azterketa egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Lehenbiziko deialdiko azterketa egindakoan, emaitzak eta bigarren deialdiko azterketarako onartuen zerrenda argitaratuko dira, azterketa horretarako eguna, ordua eta tokia adierazita.

Zerrenda horiek argitaratuko dira http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Caza/Licencia+y+examen+de+caza.htm) web-orrian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea 9, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Karlos III.a etorbidea 2, Iruña).

Laugarrena.–Prestakuntza ikastaroa.

1. “Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburuak (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburuak (2016ko bertsioa)” dituzten edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten. Gainera, ehizan aritzen direnean baliagarri izanen zaizkien ezagutzak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei.

2. Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, hamar orduko iraupena duena. Horretarako, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denean adieraziko den tokira agertu beharko dute, NANa aldean dutela.

3. Ikastaroa streaming-ean egin nahi izanez gero, aukera hori markatuko da inskripzio orrian, eta helbide elektroniko bat emanen da konexioa egiteko. Jarraibideak onartuen zerrendarekin batera argitaratuko dira.

4. Nahitaez joan behar da prestakuntza ikastarora, eta streaming plataforma erabiltzen duten izangaiei parte-hartze ez-presentzialaren kontrola eginen zaie.

5. 2008tik oraingo urtera bitarte prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa berriz egin beharko.

6. Ikastaroan parte hartzen duten izangaiek parte hartu izanaren frogagiri bat jasoko dute, azterketa egiteko beharrezkoa dena.

7. Ikastaroa goizez eginen da, 2022ko irailaren 3an eta 4an.

8. Ikastaroa egiteko tokia eta behin betiko ordutegia www.nafarroa.eus webgunean emanen dira aditzera, esteka honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Caza/Licencia+y+examen+de+caza.htm.

Bosgarrena.–Proben garapena eta edukia.

1. Egun hauetan izanen dira deialdiak:

–Lehenbiziko deialdia: 2022ko irailaren 10ean.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2022ko irailaren 24an.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan eta ordutan agertu behar duen.

Azterketara, aldean NANa eta boligrafoa dutela agertu beharko dute izangaiek.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

Izangai guztiek bi deialdietara aurkezteko eskubidea dute.

2. Probaren deskribapena:

Azterketan test moduko 30 galdera izanen dira, idatziz erantzutekoak, teorikoak, epaimahai kalifikatzaileak aldez aurretik aukeratuak 500 galderaren artean.

“Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburua (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburua (2016ko bertsioa)” hemen daude eskura: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Caza/Licencia+y+examen+de+caza.htm.

Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat lortuko da, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu galduko. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Azterketan “gai” kalifikazioa lortzeko 15 puntu lortu behar dira gutxienez.

Proba egiteko, ordubete izanen da.

Proba egiteko ez da inolako kalkulagailurik erabiltzen ahalko, ez eta sakelako telefono, smartwatch edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Azterketatik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere, edo identitatea behar bezala frogatzen ez dutenak.

Seigarrena.–Gainditu duten izangaien zerrenda eta erreklamazioak.

Probaren kalifikazioa amaitutakoan, bai lehenbiziko deialdian bai bigarrenean, epaimahaiak ikusgai jarriko ditu izangaiek lortutako emaitzen zerrendak www.nafarroa.eus webgunean eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.a etorbidea 2, Iruña).

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Paloma Troya Santamaría andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Ataleko burua.

Ordezkoa: Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Alejandro Esquíroz Tainta jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Ataleko burua.

Ordezkoa: Carmen Primo Alfageme andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Ataleko teknikaria.

Idazkaria: Celia Martínez Subiza andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Administrazio Laguntzako Bulegoko burua.

Ordezkoa: María Rosario Erviti Esparza andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko administraria.

2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208881