130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak ekainaren 15ean hartua. Haren bidez, Adansa, Berroya, Iso, Murillo Berroya eta Usún biztanle-entitate bakanen euskarazko izena onetsi eta Murillo-Berroya izenari egun duen marratxoa kentzea erabaki da. Hortaz, Murillo Berroya izanen da haren gaztelaniazko izena.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan 2022ko martxoaren 17an sartu zen idazkiaren bidez, Erromantzatuko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion onets zezala Adansa, Berroya, Iso, Murillo-Berroya eta Usún entitateen euskarazko izen ofiziala eta, hortaz, izen elebiduna izan zezatela, hau da, gaztelaniazko izen ofiziala eta euskarazkoa. Hain zuzen, hauek dira euskarazko izen ofizialak: Adantsa, Berroia, Isu, Murillo Berroia eta Usun. Orobat, Murillo-Berroya izenari marratxoa kentzeko eskatu zuen, otsailaren 28ko 5/2018 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuta (Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko irizpideak ezartzen ditu foru dekretu horrek).

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Foru Komunitatearen toponimoak erabakitzea, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostenari jarraikiz. Hortaz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eskatuta, Euskaltzaindiak txostena eman zuen Erromantzatuko udalerriaren eta hango kontzeju eta biztanle-entitate bakanen euskarazko izenei buruz, eta dagozkien euskarazko izenak ezarri zituen.

Azaldutakoarekin bat etorriz, bada, bidezkoa da organo eskudunak –Nafarroako Gobernuak, alegia– aipatutako entitate bakanen euskarazko izen ofizialak onestea. Halaber, azalduko arrazoiarengatik, bidezkoa da Murillo-Berroya izenari marratxoa kentzea.

Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 28ko 5/2018 Foru Dekretuan xedatutakoaren bat, izen ofizial biak aldi berean idatzi behar izanez gero, honela eginen da, hurrenez hurren: Adansa / Adantsa, Berroya / Berroia, Iso / Isu, Murillo Berroya / Murillo Berroia eta Usún / Usun. Euskaraz eta gaztelaniaz berdin idazten diren entitate bakanek –Napal eta Orradre, alegia– izen bakarra izaten jarraituko dute.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea marratxoa kentzea Murillo-Berroya egungo izendapen ofizialari (aurrerantzean Murillo Berroya izanen da).

2. Biztanle-entitate bakan hauen euskarazko izen ofiziala onestea: Adansa, Berroya, Iso, Murillo Berroya eta Usún. Euskarazko izen hauek izanen dituzte, hurrenez hurren: Adantsa, Berroia, Isu, Murillo Berroia eta Usun. Izen ofizial biak aldi berean idatzi behar izanez gero, honela eginen da:

–Adansa / Adantsa

–Berroya / Berroia

–Iso / Isu

–Murillo Berroya / Murillo Berroia

–Usún / Usun

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki hau jakinaraztea Erromantzatuko Udalari eta igortzea Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusira (Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan sar dezan); Nafarroako Estatistika Institutura (Izendegian sar dezan); Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura (Nafarroako Toponimia Ofizialaren Datu Basean sar dezan) eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 15ean.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2208907