130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

257E/2022 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, langile autonomoendako dirulaguntzaren gastua baimentzen duena eta oinarri arautzaileak onesten dituena. Dirulaguntza Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herrietan dauden negozioen titular diren autonomoei emanen zaie, 2022an langabeak kontratatu ditzaten. DDBN identifikazioa: 631842.

Lan Zerbitzuak gehienbat autonomoen ardurapean dauden negozioak ixtea ekidin nahi du; horretarako, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Planaren 4.3 ildo estrategikoa garatuz (“Itxiera saihesteko eta erreleboa sustatzeko neurriak”), enpresa ondorengotzarik gabeko negozio poltsa bat sortu zuen.

Negozioen erreleborako poltsari ekonomikoki laguntzeko, 2022rako aurrekontu partida bat gorde da. Horrela, belaunaldi erreleboa sustatzeko laguntzen bi deialdi eginen dira, 2.000 biztanletik beherako herrietan erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioei aurrera egiten laguntzeko.

Laguntza honen bidez, modu autonomoan edo norbere kontura lan egiteko aukera sustatu eta bultzatu nahi da, negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egonik, poltsa horretan inskribatuta dauden langabeak kontratatzen dituzten pertsonei lagunduta, hala, bien artean negozioaren ezagutza transmititzea sustatzeko.

Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak Europako Gizarte Funtsarekin eta Gazte Enplegurako Ekimenarekin batera finantza daitezke, Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren 8.2.4 helburu espezifikoaren bidez.

Nafarroako Gobernuaren apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Langile autonomoendako dirulaguntzaren deialdia onestea, Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako negozioen titularrek langabeak kontratatu ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea, 810012 81500 4709 494100 PEP21/000328 partidaren kargura (“Autonomoendako laguntzak, belaunaldi erreleborako”), eta 20.000 eurokoa, 810012 81500 4709 494100 aurrekontu partidaren kargura (“Autonomoendako laguntzak, belaunaldi erreleborako”), deialdi honek sortutako konpromisoei erantzuteko. Hala ere, eskabideak aurkezteko epean aipatutako partidaren baten aurrekontua agortzen bada, behar diren zenbatekoak bien artean eskualdatzen ahalko dira.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2022ko ekainaren 2an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzak xede du kontratazioa sustatzea, ondorengotza aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioetan belaunaldi erreleboa bultzatzeko. Zehazki, kontratazioa lagunduko da diruz, laguntza honen oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzen arabera.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira lan kontratu mugagabeak, betiere langabeak kontratatzen badira eta negozioak Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta eta Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herrietan kokatuta badaude. Kontratuek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan behar dute, eta honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.

b) Urteko gutxieneko ordainsari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da izanen lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.

c) Kontratuak lan arloko legeriak aurreikusitakoa beteko du.

d) Ez dira inoiz diruz lagunduko kontratu mugagabeak, baldin eta zehapen prozedurak irekitzearen ondoriozkoak badira.

Autonomoak aurkeztutako kontratu bakarra lagunduko da diruz. Lan kontratu bat baino gehiago aurkezten baditu, hurrenkera kronologikoan aurkeztutako lehena aukeratuko da, zehaztutako baldintzak betetzen badira betiere.

Dirulaguntza emateak baztertu eginen du autonomoak hurrengo deialdietan beste eskabide bat egiteko aukera.

3. oinarria.–Onuradunak.

Dirulaguntza jasotzen ahalko dute langabe bat lanaldi osoz kontratatzen duten langile autonomoek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea.

b) Kontratua egiten duten negozioek Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egon behar dute (www.navarraemprende.com).

c) Negozioak Nafarroako Foru Komunitateko 2.000 biztanletik beherako herrietan egonen dira.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da.

4. oinarria.–Kontratatutako pertsonek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kontratatutako pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

b) Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan interesdun gisa inskribatuta egotea (www.navarraemprende.com).

4.2. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako laguntzak Gazte Enplegurako Programa Operatiboarekin batera finantza daitezke. Kasu horretan, 4.1 oinarriko baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte kontratatutako pertsonek:

a) 30 urtetik beherakoa izatea kontratua sinatzean.

b) Gazteen Bermearen Sisteman inskribatuta egotea.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. 6.364 euro emanen dira kontratu mugagabe bakoitzeko.

Kostu unitarioko baremo estandar moduan kalkulatu da dirulaguntzaren zenbatekoa, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 67. artikuluan aurreikusitakoarekin. Bertan, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dira, baita Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ere, eta Kontseiluaren 1083/2006 zenbakiko Erregelamendua (EE) indargabetzen da.

5.2. Kontratatutako pertsona emakumea bada edo %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta badu, zenbatekoa %10 handituko da. Bi egoera horiek bilduz gero, %10eko gehigarria besterik ez da aplikatuko; alegia, 7.000 euro.

5.3. Horrez gain, pertsona autonomo onuradunari 5.000 euroko zuzeneko laguntza bat emanen zaio, Europako funtsekin batera finantzatu gabea, negozioaren ezagutzen transmisioak dakartzan gastuak eta premiak estaltzeko, betiere 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen baditu.

5.4. 2022. urtean, deialdi honek sortutako eduki ekonomikoko betebeharrei erantzuteko erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua 50.000 eurokoa da; horietatik 30.000 euro Gazte Enplegurako Programa Operatiboarekin batera finantza daitezkeen zenbatekoak finantzatzeko erabiliko dira, eta 20.000 euro, gainerako zenbatekoak finantzatzeko. Hala ere, laguntza horiek banakako ebaluazioaren bidez tramitatzen direnez, aurkeztutako eskaerek ez badituzte betetzen GEPOrekin batera finantzatzeko bete behar diren baldintzak, bien artean eskualdatzen ahalko dira aurkeztutako eskaerei erantzuteko behar diren zenbatekoak.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta hurrengo egunetik hasita, baldin eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Beraz, 2022ko irailaren 30era arte sinatutako lan kontratuen eskaerak bakarrik onartuko direnez, 2022ko urriaren 30ean amaituko da eskaerak aurkezteko epea.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

6.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

6.3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta). Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

b) Autonomoaren eta langabearen artean izenpetutako lan kontratu mugagabea.

c) ESNren ziurtagiria, lan kontratua sinatu aurreko egunean kontratatutako pertsona lanik gabe zegoela egiaztatzen duena.

d) Hala badagokio, gutxienez %33ko desgaitasunen bat duen pertsona dela egiaztatzen duen agiria.

Kontratatutako pertsonak kontratua sinatzeko unean 30 urte baino gutxiago baditu, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Erregistroan onuradun gisa inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

6.4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6.5. Eskabidea aurkeztuta, pertsonek baimena ematen diote Lan Zerbitzuari dirulaguntza jasotzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen diren aztertzeko beharrezkoak diren egiaztapen guztiak egiteko.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

7.1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Gazte Enplegurako Programa Operatibotik finantzaketa lortzeko baldintzak betetzen badira, dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenean bertan adieraziko da. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 132. artikulua betez, kudeaketa agintaritzak zainduko du onuradunak gastu publiko diruz lagungarriaren zenbateko osoa jasotzen duela, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu zuenetik 90 egun igaro baino lehen, gehienez.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7.2. Instrukzio organoak emandako dokumentazioa egiaztatuko du, bai eta 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ere, eta, ondoren, dirulaguntza onartu eta ordainduko da, edo, hala badagokio, ukatu.

Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

8.1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena –Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua–, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

b) Langabearekin lan kontratu mugagabea sinatzea.

c) Kontratu hori gutxienez 6 hilabetez mantentzea.

d) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Lan Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

e) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

f) Jasotako laguntzari publizitatea egitea, hurrengo esaldia korporazioaren webgunean sartuta, hala badagokio, eta DIN A3 tamainako kartel bat jarrita establezimenduan, ikusteko moduko toki batean, gutxienez sei hilabetez, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du belaunaldi erreleboa sustatzeko”.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako betebeharrak.

8.2. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako laguntzak Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren 8.2.4 helburu espezifikoarekin batera finantza daitezke. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean adierazten denean laguntza batera finantzatuko dela, betebehar hauek bete beharko dituzte onuradunek:

a) EGIFren ekarpenari publizitatea egitea, hurrengo esaldia korporazioaren webgunean ikusgai jarrita, hala badagokio, eta DIN A3 tamainako kartel bat jarrita establezimenduan, ikusteko moduko toki batean, gutxienez diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean:

«Enpresa honek Europako Gizarte Funtsak eta Gazte Enplegurako Ekimenak batera finantzatutako laguntza bat jaso du, Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren bitartez”. Gainera, logotipo hau erantsi beharko da:

F2208520_0.pdf

b) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Lan Zerbitzuak jakinaraziko du epearen hasiera, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren informazioa jasotakoan.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeen kontrola, etab.

e) Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren produktibitate adierazleak emateko beharrezkoak diren datuak ematea. Adierazle horiek laguntza eskatzeko formularioan aurkeztuko dira. Emaitza adierazleak emateko beharrezkoak diren datuei dagokienez, interesdunei jakinarazten zaie kudeaketa agintaritzak behar diren datuak kontsultatuko dituela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuz.

9. oinarria.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

9.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

9.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

9.3. Ezinbesteko arrazoiengatik, borondatezko bajagatik edo bidezko kaleratzeagatik kontratu mugagabea amaitzen bada, dirulaguntzaren zati bat baino ez da itzuliko, diruz lagundutako kontratazioan eskatutako sei hilabeteko epea bete arte geratzen den denborarekiko proportzioan, berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere langile autonomoa 4. oinarrian ezarritako helburuak betetzen dituen beste batek ordezten badu, hilabeteko epean gehienez ere. Ordezkapena Lan Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), g) eta h) apartatuetan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzearen ondorioz uzten bada lana, ez da ordezkapenik eginen. Onuradunak emandako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu.

9.4. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

10.1. Laguntzen eskaera orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

10.2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako “de minimis” araubidearen barruan sartuko dira laguntzak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Kasu horietan, ezin izanen da laguntzarik eman enpresari emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak 20.000 euroko gehieneko muga gainditzen badu hiru zerga ekitaldiko edozein alditan.

13. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen webgunean (https://www.mites.gob.es/uafse/) argitaratuko den zerrenda batean, programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115.2 artikuluan xedatu bezala.

15. oinarria.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2208520