130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

254E/2022 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, langile autonomoendako dirulaguntzaren gastua baimentzen duena eta oinarri arautzaileak onesten dituena. Dirulaguntza negozio bat eskualdatzeagatik ordaindutako gastuetara bideratuko da, betiere negozioa Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herri batean kokatuta badago. DDBN identifikazioa: 631848.

Lan Zerbitzuak gehienbat autonomoen ardurapean dauden negozioak ixtea ekidin nahi du; horretarako, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Planaren 4.3 ildo estrategikoa garatuz (“Itxiera saihesteko eta erreleboa sustatzeko neurriak”), enpresa ondorengotzarik gabeko negozio poltsa bat sortu zuen.

Negozioen erreleborako poltsari ekonomikoki laguntzeko, 2022rako aurrekontu partida bat gorde da. Horrela, belaunaldi erreleboa sustatzeko laguntzen bi deialdi eginen dira, 2.000 biztanletik beherako herrietan erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioei aurrera egiten laguntzeko.

Negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuetarako laguntza honen bidez, erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioek aurrera egitea sustatu nahi da. Dena den, negozio horiek Nafarroako 2.00 biztanletik beherako herri batean kokatuta egon behar dute, eta negozioen erreleborako poltsaren bidez eskualdatu behar dira.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko martxoaren 30eko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Langile autonomoendako dirulaguntzen deialdia onestea, negozio bat eskualdatzeagatik ordaindutako gastuetarako, betiere negozioa Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herri batean kokatuta badago.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2022ko gastu aurrekontuko “Autonomoendako laguntzak, belaunaldi erreleborako” izeneko 810012 81500 4709 494100 partidaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2022ko ekainaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzak xede du erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioei aurrera egiten laguntzea, bai eta 2022an lan autonomoa edo norbere kontura lan egiteko aukera sustatzea eta bultzatzea ere.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroako 2.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak, baldin eta Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta badaude (www.navarraemprende.com) eta negozioak eskualdatzeko kontratuak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean sinatu badira (bi egunak barne).

Zehazki, diruz lagungarriak izanen dira 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era fakturatutako eta ordaindutako gastuak.

a) Negozioa eskualdatzeko kontratuan hitzartutako prezioa

b) Notario gastuak

c) Negozioa eskualdatzearen ondoriozko beste gastu batzuk

3. oinarria.–Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira norbere kontura gauzatzen den enpresa jarduera baten titularraren oinordeko diren langile autonomoak, betiere dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Negozioa eskualdatzeko kontratua sinatzen denean Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egotea.

b) Negozioa eskualdatzeko kontratua sinatzea 2022ko urtarrilaren 1aren eta 2022ko azaroaren 30aren artean.

c) Jarduera ekonomikoa zer herritan gauzatuko den, bertako ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea.

d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea hura ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

4. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea eskualdaketa kontratua sinatu ondorengo sei hilabeteetan, eta alta zein jarduera ekonomikotarako eman zitzaion, horretan berean jardutea aipatutako epean. Jardueraren aldaketarik gertatuz gero, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote, organo horrek baimena eman dezan aldaketa hori egiteko.

b) Jarduera ekonomikoa zer herritan gauzatuko den, bertako ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea eskualdaketa kontratua sinatu ondorengo sei hilabeteetan.

c) Laguntzaren xede izan zen jarduera ekonomiko berean jardutea sei hilabetez gutxienez, negozioa eskualdatu zenetik zenbatzen hasita. Jardueran aldaketarik gertatuz gero, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote, organo horrek baimena eman dezan aldaketa hori egiteko.

d) Jasotako laguntzari publizitatea egitea, hurrengo esaldia korporazioaren webgunean sartuta edo enpresan ikusteko moduko toki batean jarrita, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du belaunaldi erreleboa sustatzeko”.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli beharko da –onuradunaren heriotzaren, ezintasun iraunkor oso nahiz absolutuaren edo baliaezintasun handiaren kasuan izan ezik–, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, betebeharren bat hein batean betetzen ez bada, litekeena da dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarrien %70ekoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Onuradun bakoitzak 10.000 euro jaso ditzake gehienez.

Zenbateko hori %20 handituko da honako kasu hauetan:

a) Emakumeak.

b) Gutxienez %33ko desgaitasun aitortua duten pertsonak.

Bi egoera horiek bilduz gero, %20ko gehigarria besterik ez da aplikatuko.

2. 2022. urtean, deialdi honek sortutako eduki ekonomikoko betebeharrei erantzuteko erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua 50.000 eurokoa da.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko azaroaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontu kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez.

1. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

2. Langile autonomo bakoitzak laguntza eskaera bakar bat egin dezake.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta). Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Eskaera inprimakia, gardentasunari buruzko adierazpena barne; hain zuzen ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eskatzen dena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

c) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

f) Negozioa eskualdatzeko kontratua.

g) Hala badagokio, 2. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarrien fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak. Eskatzailearen izenean egon beharko dute.

h) Hala badagokio, desgaitasunen bat duen pertsona dela frogatzea, 5.1.b) oinarrian xedatu bezala.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

8. oinarria. Dirulaguntzaren ebazpena eta ordainketa

1. Lan Zerbitzuak bideratuko du dirulaguntzak emateko prozedura. Zehazki, proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta bertan adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea edo ukatzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena 2 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaera organo eskudunaren erregistroan aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Instrukzio organoak emandako dokumentazioa egiaztatuko du, bai eta 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ere, eta, ondoren, dirulaguntza onartu eta ordainduko da, edo, hala badagokio, ukatu.

3. Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako “de minimis” araubidearen barruan sartuko dira laguntzak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Kasu horietan, ezin izanen da laguntzarik eman enpresari emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak 20.000 euroko gehieneko muga gainditzen badu hiru zerga ekitaldiko edozein alditan.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki arte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Dirulaguntzak itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2208517