130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

403/2020 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, onesten dituena birgaitze integraleko proiektu teknikoak idazteko dirulaguntzak, 853/2021 Errege Dekretuaren araberakoak, eta haien oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 631224.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-bolada”ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. Programa horietako bat, 5. programa edo “Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburua prestatzen laguntzeko programa”, C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, Errege Dekretuaren VI. kapituluan dago araututa (50.etik 58.era bitarteko artikuluak), eta 54. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraikiz, oinarri hauek onetsi dira. Hala ere, horien helburua da birgaitze integraleko proiektuak idazteko dirulaguntzak ematea, ez besterik.

Dirulaguntza emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera –telematikoki aurkeztu beharko dira–. Hala ere, egon badaude eskualde jakin batzuen araberako erreserbak. Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Birgaitze integraleko proiektu teknikoak idazteko dirulaguntzen deialdia onestea, 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere. Testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuko “SEM Birgaitze babesturako Europako funtsen dirulaguntzak” izeneko 320000-32100-7800-261405 aurrekontu-partidaren kargura (PEP E-21/000433-01 elementua).

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek zilegi duten haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2022ko ekainaren 2an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

OINARRI ARAUTZAILEAK, BIRGAITZE INTEGRALEKO PROIEKTU TEKNIKOAK IDAZTEKO LAGUNTZAK EMATEKO, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOAREN ARABERA (PROGRAMA-PROIEKTUAK)

Lehena.–Xedea eta onura publikoko helburua.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman eraikinen birgaitze integralerako proiektu teknikoak idazteko dirulaguntzak bigarren oinarrian aurreikusitako azken hartzaileei, banakako ebaluazioaren araubidean, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, eta, bereziki, haren VI. kapituluaren zati batean (“Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburuak prestatzen laguntzeko programa”) jasotakoaren arabera. Aipatu errege dekretuak (aurrerantzean 853/2021 Errege Dekretua) Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak etxebizitzaren birgaitzearen eta etxebizitza sozialen arloan dituen programak arautzen ditu.

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat (“Next Generation EU”) abian jartzearekin. 2021etik 2026rako aldian, Espainiak 140.000 milioi euro inguru jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean SEEP) onetsi zen 2020ko urriaren 7an; Espainiako ekonomia modernizatzeko ibilbide-orria, alegia. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana geroago arautu zen –abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bitartez– eta herrialde-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-bolada”ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. 2021ean, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu-partidan, 1.151 milioi euro bideratu ziren errege dekretu horretan araututako 1etik 5era bitarteko laguntza-programetako dirulaguntzetara, eta Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Programa horietako bat, 5. programa edo “Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburuak prestatzen laguntzeko programa”, C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena (025 esku-hartze eremua), Errege Dekretuaren VI. kapituluan dago araututa (50.etik 58.era bitarteko artikuluak), eta 54. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraikiz, oinarri hauek onetsi dira. Hala ere, horien xede bakarra birgaitze proiektuak idaztea da, eta ez Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzea.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Honako hauek izan daitezke laguntzen azken hartzaileak, egoitza fiskala Espainian baldin badute eta etxebizitza kolektiboko eta bizileku tipologiako lehendik dauden eraikinak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatuta badaude:

a) Etxebizitza kolektiboko eta bizileku tipologiako eraikinen jabe edo gozamendun diren pertsona fisikoak, eraikinak lehendik badaude.

b) Jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eratu badira.

c) Jabeak, baldin eta, elkartuta, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinen jabeak badira eta jabetza horizontalaren titulu eratzailea eman ez badute.

d) Etxebizitzen edo eraikinen jabeek modu elkartuan osatutako sozietate kooperatiboak, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak; halaber, jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak osatzen dituzten jabeak, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eratu badira.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradunek eta hartzaileek aplikatzekoa zaien Europako eta Espainiako araudia bete beharko dute –eta, bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamendua–, baita Estatuko laguntzak erregulatzen dituen araudia eta aplika daitekeen Europako eta Espainiako gainerako araudia betetzearen ondoriozko betebeharrak ere, eta, gehienbat, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak hartu beharko dituzte; hori guztia, Batasunaren finantza-interesak babestearren.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat exekutatzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, eman litekeen laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharra izan eta horien ordainketa egin gabe dutenak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Horrekin loturik, azken hartzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, aditzera emateko ez duela dirulaguntza edo laguntzarik itzultzeke, edo dirulaguntza edo laguntzarik itzuli behar badu, betebehar horri erantzun diola 21. artikuluan ezarritakoarekin bat; erantzukizunpeko adierazpen hori eragile birgaitzaileak eginen duen laguntza eskaerari erantsiko zaio. Azken hartzaileak frogatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 22/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, salbu eta artikulu horietako e) letran ezarritako debekua (“indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea”).

3. Azken hartzaileek jasotako laguntzaren zenbateko osoa bideratuko dute, eragile birgaitzailearen bitartez, kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera. Jabeen erkidegoak eta jabeen erkidegoen elkarteak direnean ere arau hori aplikatuko zaie, kontuan hartu gabe laguntzaren zenbatekoa etxebizitzen eta lokalen jabeei jasanarazi behar zaien edo ez, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik legokiokeen zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

4. Dirulaguntzen azken hartzaileek, bai eta eragile birgaitzaileak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaz gain, berehala jakinarazi beharko diote Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari, eskaera izapidetzen ari den bitartean ere, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar lezakeen edozein baldintza aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izanen da bidegabe kobratu diren zenbatekoak itzultzeko espedientea hasteko.

Hirugarrena.–Eragile birgaitzailea.

1. Laguntza hauek kasuan kasuko eragile birgaitzailearen parte-hartzearekin izapidetuko dira halabeharrez; eragile horren definizioa 853/2021 Errege Dekretuaren 8. artikuluan dator, eta, kasu honetan, eraikinak zer udal-mugartetan dauden kokaturik, bertako toki-erakundea izanen da.

2. Eragile birgaitzaileak aurkeztu beharko du IV. eranskinean jasotako ereduaren araberako agiria, non egiaztatuko baita jabeak, jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak ados daudela eta eskumena eta baimena ematen dizkiotela eragile gisa jarduteko.

3. Aurreko apartatuan aipatu agiri horretan, laguntzen azken hartzaileek eragile birgaitzaile gisa jardunen duen toki-erakundeari lagako diote laguntza kobratzeko eskubidea.

4. Eragile birgaitzailearen parte-hartzeak ez du ezertan salbuesten azken hartzaileak bere gain dituen betebehar guztiak betetzeko beharra, ezertan galarazi gabe eragileari ere eska dakiokeen erantzukizuna.

Laugarrena.–Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak nagusiki bizitegi erabilerako eraikinen birgaitze integraleko proiektu teknikoak idaztera bideratuko dira, honako betebehar hauek betetzen badira, betiere:

a) Eraikinak 2000. urtea baino lehen amaitutakoak izatea.

b) Eraikinen sestra gaineko azaleraren %50ek, gutxienez, etxebizitzatarako bizileku erabilera edukitzea, beheko solairua edo beheko solairuak kanpo utzita, halakorik badago edo beste erabilera bateragarri batzuk badituzte.

c) Proiektuak ataria birgaitzeaz harago doan jarduketa koordinatua, programatua eta baterakoa aurreikustea, eta gutxienez etxebizitza kopuru hau aintzat hartzea:

  • c.1) 1.000 biztanletik beherako udalerrietan, gutxienez 20 etxebizitzak parte hartu beharko dute baterako jarduketan.
  • c.2) 1.000 eta 5.000 biztanle bitarteko udalerrietan, gutxienez 40 etxebizitzak parte hartu beharko dute baterako jarduketan.
  • c.3) 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, gutxienez 80 etxebizitzak parte hartu beharko dute baterako jarduketan.

d) Proiektua esku-hartze orokorreko proiektu gisa onestea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horretan arautzen dira etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuaren titularraren foru agindu bidez etxebizitzaren arloan babesgarriak diren jarduketak).

e) Jabeen erkidegoren batek bat egiteko konpromisoa hartzea, esku-hartze orokorreko proiektu horretan bildutako jarduketa eta prozedura horiek egiteari begira.

a) eta b) betekizunak eskritura bidez, erregistroko ohar soilaz edo katastroko datuen gaineko kontsulta deskriptibo eta grafikoaz frogatu daitezke.

2. Birgaitze integraleko proiektuaren irtenbide teknikoak abian jartzeak hauetarako bidea emanen du, gutxienez:

a) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez,

b) eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera; murrizketak honelakoak izanen dira gutxienez:

–D eta E zona klimatikoetan: %35.

–C zona klimatikoan: %25.

3. Proiektuan eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko azterlan bat erantsi beharko da, eta hori ondoren garatu beharko da kasuan kasuko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko planean, bat etorriz otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuarekin, zeinaren bidez arautzen baitira eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa. Baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz hondakinen hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako Batasunaren protokoloarekin.

b) Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz. Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan egitea lehenetsiko da.

4. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

5. Aurreikusitako jarduketek “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” (do no significant harm-DNSH) printzipioa eta printzipio hori aplikatzeko araudia errespetatuko dituzte, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

6. Laguntzen azken hartzaileek egindako jarduketak onartuko dira bakar-bakarrik 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera abiatu badira eta haien esku-hartze orokorreko proiektua foru agindu bidez onetsi gabe badago eskaera egiteko unean.

7. Laguntzaren xede diren jarduketek baldintzak bete behar dituzte, bai eta eskaera aurkezten den unean aplikatzekoa zaien indarreko araudia ere.

8. Kostu diruz lagungarritzat joko dira esku-hartze orokorreko proiektu gisa idatzitako proiektuaren onespen eragingarria lortzeko beharrezkoak direnak, bat etorriz 61/2016 Foru Dekretuarekin; honako hauek, besteak beste:

a) Teknikari eskudunak kasuan kasuko proiektua presta dezan ordaindutako ordainsari profesionalak.

b) Laguntza eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

d) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta ezin badira erabat edo partez berreskuratu edo konpentsatu.

Kostu diruz lagungarriak lanak egiten dituzten pertsonei edo erakundeei ordaintzeko, kreditu- edo zordunketa-txartelak, banku-transferentziak, txeke izendunak edo kreditu-erakundeetako kontuetan egindako diru-sarrerak erabili beharko dira. Ez dira inolaz ere justifikatutzat joko legezko eskudirutan ordaindutako kopuruak.

9. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitza edo laguntza zerbitzuengatik bada), eragile birgaitzaileak idazkariaren agiri baten bidez frogatu beharko du hornitzailea aukeratzerakoan men egin zaiela kontratazio publikoari buruzko legezko arauei.

Bosgarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdira 300.000 euro bideratu dira. Diru hori 2022ko gastu-aurrekontuko “SEM Birgaitze babesturako Europako funtsen dirulaguntzak” izeneko 320000-32100-7800-261405 partidan dago erabilgarri.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (300.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezezteagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 100.000 euro bitarteko kreditu osagarria aurreikusi da, Estatutik jasotako funtsen destino berria dela-eta kreditua sortzen bada. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izan dadin, aipatu inguruabarraren ondoriozko kreditu gehigarria baimendu beharko da.

Gastu gehigarria baimendu eta argitaratzeak ez dakar berez eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Batera 20 etxebizitza bitarte barne hartzen dituzten proiektuen kasuan: 3.000 euro, gehi 500 euro etxebizitza bakoitzeko.

b) Batera 20 etxebizitza baino gehiago barne hartzen dituzten proiektuen kasuan: 7.000 euro, gehi 300 euro etxebizitza bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 euro izanik.

Laguntzaren zenbatekoak inolaz ere ezin izanen du gainditu guztizko kostua, zergak kanpo utzita, eta BEZ edo zeharkako zerga baliokidea barne hartuz, hori diruz lagungarritzat jotzen denean, ezin izateagatik guztiz edo zati batean berreskuratu edo konpentsatu.

6. Emanen diren laguntzen zenbatekoak honela banatuko dira:

a) 2022ko azaroaren 1era arte, 20.000 euro erreserbatuko dira apirilaren 4ko 20/2019 Foru Legean adierazitako eskualde bakoitzeko toki-erakundeek aurkezten dituzten eskaeretarako, salbu honako hauetakoek aurkezten dituztenetarako: Iruñerria, Erribera, Estellerria. Izan ere, honako hauetako bakoitzerako 40.000 euro erreserbatuko dira.

b) 2022ko azaroaren 1etik aurrera, eman gabeko kopurua aurkeztutako eskaeren artean banatuko da, baina toki-erakundeek ezin izanen dute birgaitze integraleko 4 proiektu tekniko baino gehiago finantzatzeko dirulaguntzak jaso.

c) Deialdiaren kreditua handitzen bada, kopuru gehigarri hori proportzionalki hainbanatuko da aurreko letretan xedatutakoaren arabera, eta birgaitze integraleko 5 proiektu tekniko arte laguntzen ahalko zaizkio toki-erakunde bakoitzari.

Seigarrena.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrotz jarraikiz, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 54.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko zaizkie baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa bada, estatu-laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko da:

a) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

b) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo hortik gorakoa bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, energia-efizientziarako neurriak hartzeko inbertsioetarako laguntzetarako salbuespena aplikatuta (38. artikulua). Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak betetzen direla zehaztuz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute adierazteko enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan “krisian dagoen enpresa”rako ezarrita dagoen definizioaren arabera.

Zazpigarrena.–Eskaera aurkezteko tokia eta epea.

1. Laguntza eskaera eragile birgaitzaileak aurkeztu beharko du eredu normalizatuaren bidez (I. eranskinean dago jasota), eskatzaileak beteta eta sinatuta, eta eskaerari erantsi beharko zaizkio eskatzen diren agiriak, II. eranskinean aipatzen direnak.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2022ko azaroaren 30ean bukatuko.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

5. Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Zortzigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozeduraren antolamendu- eta instrukzio-eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Bederatzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

Hamargarrena.–Ebazpena eta laguntzaren ordainketa.

Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko eta justifikatzeko epea 2022ko abenduaren 10ean amaituko da. Oinarri hauetako III. eranskinean adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, behar bezala izendatuta eta ordenatuta, eranskin horren kasuan kasuko atalaren letrari erreferentzia eginez.

Behin egiaztaturik eragile birgaitzaileak jarduketari buruz egindako justifikazioa, bai eta eskatutako dokumentazio guztia ere, III. eranskinean ezarritakoaren arabera aurkeztu dela, dirulaguntzak ofizioz ordainduko dira, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat). Ebazpenean berariaz adieraziko da funtsen jatorria, eta horretarako aipatuko dira: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa (edo unean uneko ministerio eskuduna etxebizitzaren arloan) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana.

Hamaikagarrena.–Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Oinarri hauekin bat emandako laguntzak bateragarriak dira xede bereko beste laguntza publikoekin, baldin eta jarduketen guztizko kostua gainditzen ez bada eta Estatuko zein Europako beste laguntzen araubideek hori onartzen badute. Hala ere, oinarri hauekin bat emandako laguntzak bateraezinak dira Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan birgaitze babesturako aurreikusitako dirulaguntzekin, diruz lagunduko den jarduketa babesgarria bera baldin bada.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Edozein hedabidetan laguntzak jaso dituen jarduketari erreferentzia egiterakoan, programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritako betekizunak bete beharko dira, zeina eskuragarri baitago Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian (http://www.mitma.es), bai eta erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarrita dauden neurriak ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren xedeko laguntzen publizitate-betebeharrei dagokienez.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntza hauek argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (ww.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak edo sozietate-izena), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamabosgarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urte batean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek adierazita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Entitate onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, goian adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Hamaseigarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta emateko betebeharrak.

1. Finantzaketa bikoitza debekatuta dago, eta onuradunak informazioa eman beharko du diruz lagun daitezkeen kostu berberak finantzatzen lagundu dioten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

2. Onuradunak:

–Baimena ematen du Foru Komunitateko Administrazioak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Baimena ematen du informazioa trukatzeko sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu, bermatu dadin Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hain zuzen, laguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izanen da baimen hori (I. eranskinean jasota dago).

3. Onuradunak eskatzen zaion eta laguntza emateko beharrezkoa den informazio guztia emanen du, bai eta hura emateko baldintzak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan xedatutakoa betetzen dituela frogatzeko beharrezkoa den informazioa ere. Laguntzen azken hartzaileari buruzko datuak eman beharko ditu, hartzailea bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken hartzailea botere adjudikatzaile bat bada.

Hamazazpigarrena.–Aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa; 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa; eta 61/2013 Foru Dekretua, irailaren 18koa, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena.

Hemezortzigarrena.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago daude eskuragarri hemen:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

IV. eranskina.–Laguntzaren azken hartzailearen eta eragile birgaitzailearen arteko akordio-eredua.

Deskargatu I. eta IV. eranskinak (DOC).

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eragile birgaitzailearen eta laguntzen azken hartzailearen datuak, eta horien arteko akordioa, non eskumena eta baimena emanen baitzaizkio eragile birgaitzaileari eginkizun horietan jarduteko, IV. eranskinaren arabera.

b) Proiektuaren xede den eraikinaren edo eraikinen datuak: helbideak, katastroko erreferentziak, etxebizitza kopurua eta, hala badagokio, proiektuaren xede den eraikinaren lokalak, azalera eraikia eta altuera kopurua, beheko solairua barne.

c) Proposatutako jarduketaren justifikazio memoria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak edo haren ordezkariak sinaturik, halakorik badu, non agertu beharko baita dirulaguntzen azken hartzailea:

1. Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere; salbuespena da artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

e) Eraikinaren edo eraikinen egungo efizientzia energetikoaren ziurtagiria, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatzen den edukiarekin, teknikari eskudun batek sinatuta eta Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen S3 Zuzendaritza Nagusiko erregistroan (edo hura ordezkatzen duen organoan) erregistratuta.

f) Hala badagokio, birgaitze integraleko proiektua egitea onesten duen akta edo ziurtagiriaren kopia; agiri hori idazkariak edo administratzaileak sinatuta egonen da, eta erkidegoaren, behar bezala elkartutako jabekideen erkidegoen edo kooperatibaren batzarraren akordio jasoko du.

g) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo, bestela, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildotik (erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du).

h) Proiektuak ukituko dituen eremu guztien eta eraikin edo eraikinen fatxada nagusiaren argazki-erreportajea, ahal dela koloretan.

III. ERANSKINA

Egindako jarduketak justifikatzeko eskatzen den dokumentazioa

Laguntzaren xede diren jarduketak egin direla justifikatu beharko ditu azken hartzaileek instrukzio organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala). Horretarako, laguntzen azken hartzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa bete beharko du (2021eko otsailaren 12ko Erregelamendua, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena). Izan ere, horretan, honako hau ezartzen da: “Europar Batasuneko funtsen hartzaileek finantzaketa horren jatorria aipatuko dute, eta zainduko dute ikusgarri egiten dela Batasunaren ikurraren bidez eta finantzaketa behar bezala adieraziz, hala dagokionean. Hain zuzen ere, “Europar Batasunak finantzatua –Next Generation EU” adieraziko da, batez ere ekintzak eta emaitzak sustatzen dituztenean, eta informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanen da, zenbait hartzaileri zuzenduta, hedabideak eta publikoa barne”.

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, aurrez aurre edo telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dute telematikoki):

a) Eraikinaren edo eraikinen birgaitze proiektu teknikoa.

b) Identifikatu beharko da esku-hartze orokorreko proiektua onesten duen foru agindua, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuaren titularrak emana.

c) Gauzatutako jarduketaren fakturen eta banku ordainagirien zerrenda eta kopia. Justifikatu beharko da eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratzea edo konpentsatzea badagoen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Azken hartzaileei ematen zaizkien laguntzen kasuan, jarduera komertziala edo merkataritzakoa egiten duten pertsona fisikoak edo juridikoak badira, seigarren oinarriko 2. puntuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

e) Laguntza kobratzeko eskubidea eragile birgaitzaileari laga zaiola frogatzen duen agiria.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena, abiatzekoak diren jarduketak eginez gero, birgaitzeko integraleko proiektu teknikoan bildutako irtenbide teknikoen bitartez honako hauek lortuko direla gutxienez:

  • f.1) energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez,
  • f.2) eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:
  • %35, D eta E zona klimatikoetan.
  • %25, C zona klimatikoan.
  • f.3) eraikuntza- eta eraispen-hondakinetako hondakin ez-arriskutsuen pisuaren %70 gutxienez birziklatzen dela bermatzea; barne hartzen dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko EBko protokoloarekin bat hondakinen sorrera murrizteko aplikatzen diren neurriak.
  • f.4) justifikatzea eraikinaren diseinuak eta proposatutako eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde egiten dutela, eta mesede egiten diotela baliabideen erabilera eraginkorragoari, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak izan daitezen, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko (ISO 20887 arauaren edo beste batzuen arabera).

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/.

Iragarkiaren kodea: F2208300