130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

64/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baita nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat Ribaforadako udalerrian, Ribaforada II (“La Dehesa”) eremuan lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalurrak modernizatzeko, eta adierazten baita jarduketa hori onura publikokoa eta presakoa dela.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 11ko 483/2017 Foru Aginduaren bidez, Ribaforada II eremuan –ureztalurrak– nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea onetsi zen.

Ribaforada II eremuak –ureztalurrak– “El Monte” (Lodosako ubideko Aguas Rodadaseko ureztatzaileen elkarteak kudeatua) eta “La Dehesa” (dagokion ureztatzaileen elkarteak kudeatua) grabitate bidezko ureztalurrak ditu.

Bi aldeak behin betiko bereiztea erabaki da, eta bi jarduketa independente egin dira, elkarrengandik hurbil badaude ere.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 494E/2022 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako “Ribaforada II-La Dehesa” eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola nekazaritzako azpiegituretako esku-hartze bat onestea, eta hori foru dekretu baten bidez eginen duela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko ekainaren hamabostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Onespena.

Onestea nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat Ribaforadako udalerrian, Ribaforada II (“La Dehesa”) eremuan lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalurrak modernizatzeko, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako moduan.

2. Onura publikoa eta presaz egin beharra adieraztea.

Adierazten da Ribaforada II (“La Dehesa”) eremuan lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalurrak modernizatzeko egin gogo den nekazaritzako azpiegituretako jarduketa onura publikokoa eta presakoa dela, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Burutu beharreko esku-hartzeen azalpena.

Aurreikusitako modernizazioa ureztatze sistema aldatuz eginen da, grabitate bidezko egungo ureztapenetik presio bidezko ureztapenera pasatzeko.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretako jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak eta, bigarrenik, modernizaziorako beharrezkoak diren obrak. Horretarako, honakoak egin beharko dira: Lodosako ubidea deribatzeko obra, erregulazio putzua, beharrezko ureztatze ponpaketa eta instalazio elektrikoak eta ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino ur emaria presioz banatzeko sarea; horiek lurzatiko ureztaketa sistemen parekotzat joko dira, eta nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie. Halaber, egungo bide sarea eta saneamendua hobetuko dira.

4. Ingurumen arloko alderdiak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 494E/2022 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako “Ribaforada II-La Dehesa” eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Adierazpen horretan ezartzen da jarduera garatu beharko dela espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzen arabera, eta, horrez gain, beste zenbait baldintza ere bete behar dira, arlo hauekin loturikoak: kontserbatu beharreko natura-balioak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, balio arkeologikoak, beharrezkoak diren obrako materialak eta soberakinak, ingurumena zaintzeko programa eta ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei.

5. Erabili beharreko prozedura.

Eremu honetan lurzatiak berrantolatzeko jarraitu beharreko prozedura izanen da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan datorren prozedura arrunta.

6. Jarduketaren lurralde-eremua mugatzea.

“La Dehesa” eremua Ribaforadako udal-mugartearen hegoaldean dago, eta geografikoki Ebro haranekoa da, Nafarroako Foru Komunitateko alderik hegoaldekoenean. Iruñerako distantzia 105 km-koa da, eta Tuterarakoa 14 km-koa. Eremuaren azalera osoa 549 hektareakoa da.

“La Dehesa” ureztatzaileen elkartea da ur-aprobetxamenduaren titularra. Bi goraguneren bidez, aprobetxamenduak beharrezko emaria hartzen du Lodosako ubidetik, eta eremua osatzen duten lurzatiak oinez ureztatzeko aukera ematen du.

“La Dehesa” eremuko mugak honako hauek dira:

–Iparraldea: Lodosako ubidea.

–Hegoaldea: Ablitasko udal-mugartea.

–Ekialdea: Cortesko udal-mugartea.

–Mendebaldea: Ablitasko udal-mugartea.

AP-68 autobideak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du eremua.

Azpiegituretako jarduketaren perimetroa aldatzen ahalko da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7. Ustiatzeko oinarrizko azalerak zehaztea.

Ribaforada II (“La Dehesa”) eremuan lehorreko lurrak ustiatzeko oinarrizko azaleren goiko eta beheko mugak 200 eta 40 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ribaforada II (“La Dehesa”) eremuan ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azaleren goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurren eta ureztalurren arteko bihurketa-indizea 8,0 da.

Ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azalera, gutxienez, ureztaketaren oinarrizko azalera bezalakoa izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak lehorreko lurretan 40 hektarea izanen dira, eta ureztalurretan 5 hektarea.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiatzeko oinarrizko azalerak osatzeko eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatu zuen horretan) lehenengo mailako lurrentzat ageri den balioa izanen da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulua. Izan ere, aipatutako 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.

10. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraztea.

11. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

12. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko ekainaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, Javier Remírez Apesteguía.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2208909