124. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez

Alkatetzaren ekainaren 8ko 1351/2022 Ebazpenaren bidez, deialdia bat onetsi zen, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

I. ERANSKINA

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren bi lanpostu betetzea kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez, barne igoeran eta txanda irekian, Nafarroako polizia guztietako kideen artetik. Deialdia gauzatuko da gai honi buruz arau hauetan xedatzen denari loturik: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

Deialdiko lanpostuek 0506C01801 eta 0506C01803 identifikazio kodea dute plantilla organikoan.

0506C01801: barne igoerako txanda, Tuterako Udaltzaingoko kideentzat.

0506C01803: Nafarroako polizia guztietako kideentzat, ezarritako baldintzak betetzen baldin badituzte.

1.2. Txanda irekian betetzen ez diren lanpostu hutsak barne igoerako txandari gehituko zaizkio, eta bete gabe gelditzen badira izangaiek hautaprobak gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, bete gabe deklaratuko dira.

1.3. Izendapenak Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena bilakatuko du izendatua; hala, izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean (Nafarroako Poliziei buruzkoa) eta aplikagarri zaizkion gainerako xedapenetan jasoriko eskubide eta betebehar guztiak.

1.4. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, eta aplikatu beharreko xedapenen araberako osagarriak.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan afiliatuta daudenek, bertan segitzea aukera dezakete edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, eutsiko diote aurreikuspen sozialerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, ikastaroan parte hartzeagatik jasotzen direnak baino handiagoak direnean.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A–Barne igoerako txanda:

a) Tuterako Udaleko udaltzain-agentea izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela hiri honetako udaltzain-agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

B.–Txanda irekia, Nafarroako polizia guztietako kideentzat:

a) Nafarroako polizietako bateko polizia-agente izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela polizia-agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

2.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Herritarrentzako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja 1), edo El Frontón kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, edo bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabide horretan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Udalak ofizioz aurkeztuko du Tuterako Udaltzaingoko udaltzain lanpostuan hiru urteko antzinatasuna gutxienez (jabetza hartuz geroztik) baduela frogatzen duen dokumentazioa, bai eta interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere; aldiz, Tuterakoa ez den beste polizia kidego batzuetan emandako zerbitzuei buruzko agiriak interesdunek berek aurkeztu behar dituzte.

–Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagiriak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak edo behar bezala autentifikatuak, indarrean den legediarekin bat).

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4. oinarria.–Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tuterako alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian.

Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian.

4.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan polizia edo agente zenbakia ageriko da soilik.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.

Ordezko epaimahaikidea: Javier Vicuña Lapuerta, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena eta bitarteko inspektoreordea.

Epaimahaikidea: Nacho Garbayo López, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena.

Ordezko epaimahaikidea: Ainhoa Lizuain Hernando, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena.

Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Langileen Batzordeak hautatutako ordezkaria.

Ordezkoa: Daniel Martínez Moreno, Langileen Batzordeak hautatutako ordezkaria.

Idazkaria: Marta Castellano Córdova, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko idazkaria: Inés Melero Marín, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu ezean. Gainera, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta azkenik trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak udaletxeko iragarki-tauletan eta Tuterako Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara, gutxienez 48 ordu lehenago, bai eta udal web orrian ere.

6.3. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta ondoko baremoaren arabera behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 77,5 puntu emanen dira. Hona hemen:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez ere.

c) Hizkuntzak: 15 puntu gehienez ere.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez ere.

Aurreko a), b), c) eta d) apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean alegatu beharko dira merezimenduak, eta agiri bidez frogatu. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz.

Fase hau bukatzean, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.

6.4. Bigarren fasea.

6.4.1. Bigarren fasean 220 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako proba hauek izanen ditu:

a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

6.4.2. Proba teoriko-praktikoek gehienez ere 150 puntu izanen dituzte guztira, eta test motako azterketa eginen da, hots, 100 galdera III. eranskineko gai zerrendari buruz, galdera bakoitzak balizko lau erantzun dituela. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.

6.4.3. Proba psikoteknikoen xedea da zehaztea izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondoren, profil profesiografikoari buruzko proposamena igorriko dio Alkatetzari. Alkatetzak onetsi eginen du profil hori, eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; hura lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

6.4.4. Fase honetako bi probetako bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu ohiko euskarrietan, eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan emanen ditu argitara.

Berdinketarik suertatuz gero irizpide hauen arabera erabakiko da: oposizioaldian puntuaziorik handiena ateratzea; probetan puntuaziorik handiena ateratzea deialdian ageri diren ordenari jarraikiz; baremoko ataletan puntuazio handiena ateratzea deialdian ageri diren ordenari jarraikiz; baremoko azpiataletan puntuazio handiena ateratzea eta, azkenik, zozketa egitea puntuazio berbera duten izangaien artean.

Berdinketak ebatzi ondoren, halakorik izan bada, aditzera emanen da gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, bai eta trebakuntza ikastarora onartutako izangaien zerrenda ere. Zerrenda, gehienez ere, 2 izangaikoa izanen da.

6.5. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

6.5.1. Izaera baztertzailea.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, eta eskolak berak ezarritako iraupena izanen du. Ikastaroa baztertzailea izanen da, eta baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak. Ikastaroa bukatzean, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta ezin izanen dira izendatu “ez gai” kalifikatutakoak.

Hautaketa prozesua gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen diren izangaiek Tuterako Udalari (edo beren jatorriko erakundeari) eskatuko diote zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren lanposturako ikastaroa egin ahal izateko Nafarroako Segurtasun Eskolan. Hori guztia, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Ondorioak izanen ditu Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehena izateko prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik aurrera.

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendan adieraziko da ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Trebakuntza ikastaroa egin bitartean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio izangaiak.

6.5.2. Ikastaroa bukatu eta gainditutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostu berera.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren aurreikuspen sozialeko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Tuterako Udalak zerbitzu berezietan deklaratu eta trebakuntza ikastaroan onarturiko izangaiek, Tuterako Udaleko Udaltzaingoko udaltzain-agente lehenaren lanpostuari dagokion hasierako soldata eta berariazko osagarria jasoko dute Tuterako Udaletik, bai eta beren jatorrizko lanpostuan onarturik dauzkaten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere. Alderdi horiek Tuterako Udalak egiaztatuko ditu.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Trebakuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, kalifikazio proposamena arlo bakoitzerako eta izangai bakoitzaren kalifikazioa (gai / ez gai).

7.2. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, lehiaketaldiko, proba teoriko-praktikoko eta proba psikoteknikoetako puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du aipatu baturan puntuaziorik altuena eskuratu duten izangaien alde, baldin eta prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu badute.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehen izendatuko ditu aurreko apartatuko proposamenean sartzen diren izangaiak, eta aginduko du izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

8.2. Izangai izendatuak deialdia egin duen organoak zehazten duen egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Karguaz jabetzen ez bada, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente lehen bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2022ko ekainaren 9an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1) Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia-agente lanpostuan.

2) Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3) Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia lanpostuan egindako urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: 2 puntu gehienez.

6) Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

c) Hizkuntzak: 15 puntu gehienez.

1) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

a) A2 maila: 1 puntu.

b) B1 maila: 2 puntu.

c) B2 maila: 3 puntu.

d) C1 maila: 4 puntu.

e) C2 maila: 5 puntu.

Titulazio eta ziurtagiri baliokideak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira.

Izangaiek hizkuntza bakoitzean frogatutako maila goikoenari dagokion puntuazioa emanen da, eta inolaz ere ez dira batuko bi maila edo gehiagori dagozkion puntuazioak.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez.

1) Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2) Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3) Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4) Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena, eta eguneratzeak.

3.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

4.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

5.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra. 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

6.–Udal ordenantza, terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duena.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

8.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

9.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa.

10.–Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta Tuterako espazio publikoen babesari buruzkoa.

11.–Udal ordenantza, merkatu eta azoka txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena.

12.–Trafikoaren gaineko ordenantza.

13.–Udal ordenantza, Tuterako Udalean lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duena.

14.–Udal ordenantza, Tuterako Udalean kuadrillen lokalak arautzen dituena.

15.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

16. gaia.–2822/2003 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onesten duena.

17.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

18.–Zigor Kodea. I. liburua: II. titulua: Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak, eta II. liburua: Delituak eta horiei dagozkien zigorrak: III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VIII. titulua: Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak; I. kapitulua: Ebasketak; II. kapitulua: Lapurretak; IV. kapitulua: Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa; VI. kapitulua: Iruzur egitea, 1. atala: Maulak, 2 bis atala: Bidegabe jabetzea. XVII. titulua: Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak; IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak, 1. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. 2. atala: Agiri pribatuak faltsifikatzea. XIX. titulua: Herri administrazioaren aurkako delituak. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea.

19.–Udal ordenantza, Tuterako taxien hiri-zerbitzua arautzen duena.

20.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2208716