124. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdi murriztua, gizarte langilearen lanpostua oposizio bidez betetzeko

Burlatako Udaleko alkateak, 2022ko ekainaren 6an, onetsi zuen deialdi murriztu bat Burlatako Udalaren zerbitzura dagoen gizarte-langilearen lanpostua oposizio bidez betetzeko, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio murriztuaren bidez betetzea Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finkoen artean gizarte langilearen lanpostu bat, B mailakoa, funtzionarioen izaerakoa, baldin eta deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Lanpostua 6.24 zenbakiarekin identifikatuta dago plantillan, eta honako ezaugarri hauek ditu:

“Gizarte-langilea, euskarako hizkuntza-eskakizuna % 10; araubide juridikoa: funtzionarioa; B maila; sartzeko modua: oposizio murriztua; lanpostuko osagarria: % 6,73; bateraezintasuneko osagarria % 35.

1.2. Aplikatzekoa den araudia: deialdi murriztu hau gauzatzen da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan xedatutakoarekin (dekretu horrek onesten du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 6.). “Eraginkortasuna eta ekonomia arrazoiengatik, lanpostuen antolaketa eta eginkizunak aldatu eta, hortaz, langileak goragoko maila batean kokatu behar baldin badira, Nafarroako Administrazio Publikoek, salbuespen gisa, bertako funtzionarioendako hautapen proba murriztuetarako deia egin ahalko dute, betiere deitzen diren lanpostu horien ondorioz, plantillako lanpostu kopurua handitzen ez bada”.

1.3. Oinarrizko soldata izanen da B mailari dagokiona Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean araututakoaren arabera. Gainera, Udalaren plantilla organikoak 6.24 lanposturako ezarritako osagarriak izanen ditu, baita legez dagozkion ordainsariak ere.

1.4. Lanaldi osoa bete beharko da, zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Egutegiak urtero onetsiko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta lanaldiaren banaketa ere finkatu beharko da.

1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionario izaerako araubide juridikoa, eta lehengo lan araubide berari eutsiko dio.

1.6. Izendatutako pertsonak Burlatako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan beteko ditu bere titulazioarekin bat datozen eginkizunak eta zereginak, ezarritako oinarrizko edozein programatan, besteak beste:

1.–Banakoei eta taldeei zuzeneko arreta ematea, gizarte-premiekin eta sustatu beharreko zerbitzuekin lotutako edozein eskariren aurrean.

2.–Premia egoeretan giza baliabideak, baliabide sozialak eta materialak eratzea eta aplikatzea.

3.–Orientazioa, informazioa eta aholkularitza ematea gizarte-eskubideei buruz, gizarte-problematikan jarduteko gizartearen baliabideei buruz, beharrezkoa denean kudeaketa eginez.

4.–Gizarte lanean lortutako datuen bidez atzemandako gizarte-problematika aztertzea, baloratzea eta ikertzea, gizarte-ingurunea eta zioak eta arazoak aztertzea, diziplinarteko taldeetako kide izanik eta jarduketak koordinatuz.

5.–Aktiboki parte hartzea eta laguntzea plangintzan gizarte baliabideak sortzeko eta sustatzeko eta daudenak hobetzeko, beharrak asetzeko eta gizarte politika garatzeko.

6.–Jarduketak sustatzea herritarren prebentzio, sustapen eta garapenerako.

7.–Gizartean birgaitzeko helburuz jardutea banakoekin eta taldeekin, kontzientziatuz beren garapenean aktiboki eta arduraz parte har dezaten eta gizarte-problematika baten eraginpean dauden banakoen eta taldeen ekintza elkartua sustatuz.

8.–Boluntariotza sustatzea.

9.–Haurren eta nerabeen nahiz adinekoen tratu ona sustatzeko sareetan parte hartzea.

10.–Praktiketako ikasleen prestakuntzan eta programa komunitarioetan parte hartzea.

11.–Bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion guztiak.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartua izateko, izangaiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean honako baldintza hauek:

a) Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea.

b) Deialdiaren xede den lanpostua baino beheragoko maila batean egotea, hau da: E, D edo C mailan.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Egiaztatzea bost urteko antzinatasun onartua administrazio publikoetan.

e) Gizarte Laneko diplomadunaren titulua izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste bat, edo Gizarte Laneko graduaren titulua, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu arestiko betebeharrak, deialdi honetako 7.2 oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen administrazio honen esku dagoen dokumentaziorik aurkeztea.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udalaren erregistro orokorraren bidez aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 39/1992 Legearen 16. artikuluan jasotzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak oac@burlada.es helbide elektronikora igorri beharko ditu eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, betiere aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta udal web-orrian eskuratzen ahalko dira; era berean, udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea igarotakoan eta horiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta probak hasteko lekua, eguna eta ordua zehaztuko dira. Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartutako pertsonen behin betiko zerrenda, lehenengo proba noiz egin zen adierazita. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Gizarte Zerbitzuen Alorreko zinegotzi ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Unitateko burua.

–Ordezkoa: Burlatako Udaleko gizarte langilea.

–Epaimahaikidea: Eguesibarko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailea.

–Ordezkoa: Eguesibarko gizarte langilea.

–Epaimahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

–Ordezkoa: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

–Idazkaria: Burlatako Udalekoa edo legez haren ordezkoa dena.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak, eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6. oinarria.–Oposizioaldia: gehienez ere 100 puntu.

6.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehen ariketa.–Teoriko-praktikoa izanen da. Kasu praktiko bat edo batzuk garatu beharko dira, I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz.

Ariketa honetan gehienez ere 85 puntu lortu daitezke eta bazterturik geldituko dira 42,5 puntu eskuratzen ez dituen izangaiak.

Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.

6.2. Hizkuntza ez-diskriminatzailea: gehienez 5 puntu emanen dira hizkuntza ez-diskriminatzailea erabiltzeagatik (oposizio osoko puntuazioaren % 5).

6.3. Euskara: gehienez ere 10 puntu, C1 maila frogatzen denean. Gainerakoetan, proportzioan. Aukera ematen zaie hautagaiei maila proba egiteko; horretarako, eskabidean eskatu beharko dute.

6.4. Ariketa burututa, epaimahaiak Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.5. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitaratutako du, azken ariketa egin den lekuan, gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren eta gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, Udalaren Erregistro Orokorrean. Aurkezten den dokumentazioa jatorrizkoa edo kopia konpultsatua izanen da.

7.3. Proposatutakoak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta, orduan, probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo dagoen izangaia izendatuko da.

7.4. Aurreko 7.3. apartatuan aurreikusitako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta horrekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Hala ere, soilik eskatzen ahalko dira Administrazio honetan ez dauden dokumentuak aurkeztea, eta 2. oinarrian adierazitako dokumentazio guztia bertan bada, izendapena zuzenean eginen da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautaketa-prozesua amaituta, alkatetzak ebazpen baten bidez izendatuko du gizarte langile lanposturako Burlatako Udaleko funtzionario izateko proposatutako izangaia.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien kontra eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen/erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, organo deitzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Burlatan, 2022ko ekainaren 6an.–Alkate udalburua, Ana Góngora Urzaiz.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena.

3. gaia.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak garatzen dituena.

4. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena: testu artikuluduna.

5. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

6. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

7. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteari buruzkoa.

8. gaia.–8/2021 Legea, ekainaren 2koa, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legedi zibil eta prozesala eraberritzen duena.

9. gaia.–2/1998 Foru Legea, martxoaren 27koa, Nafarroako Boluntario Lanari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Boluntarioak. Gizartearen parte-hartzea.

10. gaia.–Gizarte eta Osasun Laguntzako Foru Plana. Nafarroako Gobernuak 2000ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez hasiera batean onetsitako dokumentua.

11. gaia.–Elkarrizketa gizarte lanean: ezaugarri eta fase nagusiak.

12. gaia.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

13. gaia.–Akonpainamendu soziala, esku-hartzeko metodoa inklusio prozesuetan: definizio adostua, ezaugarriak eta esku-hartze plana (agiria eransten da).

14. gaia.–Burlatako Udalaren oinarrizko gizarte-zerbitzua; antolaketa, programak, funtzioak, profil profesionalak.

15. gaia.–Burlatako Adinekoen Udal Zentroa: antolaketa, jarduerak, funtzioak, lanbide-profilak.

16. gaia.–Burlatako adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuak arautzen dituen udal ordenantza.

17. gaia.–Burlatako Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.

18. gaia.–Burlatako Udalaren banakako eta taldeko atsedenerako programak eta otorduetakoa.

19. gaia.–Burlatako Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorra.

20. gaia.–Burlatako Udalaren berariazko deialdiak; podologia zerbitzua, taxi-bonu zerbitzua, garraio egokituko zerbitzua, Burlatako ikastetxeetan elikatzeko dirulaguntza.

21. gaia.–Burlatako Udalaren garapenerako lankidetzarako dirulaguntzak; lau urteko proiektua, lankidetzarako senidetzeak, larrialdiak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren funtsa.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2208706