124. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

427E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen diona Fustiñanako udal mugartean barazkiak manipulatu eta izozteko dagoen industria instalazio bati. Sustatzailea Congelados de Navarra SAU da.

Gaur egun funtzionatzen ari den instalazio hori ingurumen baimen bateratuaren araubidearen menpe dago, eta aurkeztu duen proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egotera igaroko da; hain zuzen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) kategorian sartuko da (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina).

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b) ii) epigrafean sartuta dago (testu bategina).

Instalazio proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoan sarturik daudenetakoa da (Elikagaien industriak, b) Animalia eta landare produktuak ontziratzeko industria instalazioak, [... ] landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak) [... ]). Horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 2ko 1197E/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurtzea, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lur azaleko uretan zuzenean isurtzeko baimena dakar, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa; ondorio horietarako, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman du.

Baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginarekin.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari eta Ebroko Ur Konfederazioari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Biek zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Fustiñanako udal mugartean barazkiak manipulatu eta izozteko dagoen industria instalazio bati. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Congelados de Navarra SAU da.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan zentroak hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa mantentzea (15P02108012362008 zenbakiarekin), eta, halaber, hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa inskribatzea, 15P03108012362016 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena gehitzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusia. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Seigarrena.–2023ko otsailaren 12a baino lehen, titularrak instalazioak egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakian ezarritakoa betetzeko asmoz. Betearazpen erabaki horren bidez, elikagai, edari eta esne industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.–Titularrak instalazioa abian jarri izanaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean gehienez, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industria isuriei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoarekin.

Zortzigarrena.–Abian jarri izanaren erantzukizunpeko adierazpenarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Laginak hartzeko sistema baten instalazioaren ziurtagiri teknikoa, 24 orduko lagin konposatuaren gainean 1. isurketa (prozesuko hondakin-urak) kontrolatu ahal izateko.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak hasiko dira aplikatzen irekitzeko baimena eskuratu ondoren eta, edozein kasutan, instalazioa handitzeko proiektatutako zatia martxan jartzen denetik aurrera. Bien bitartean, orain daukan ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aplikatzen jarraitu beharko baita.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Congelados de Navarra SAUri, Babes Zibileko Zerbitzuari, Fustiñanako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2207433