117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 1ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela “Saneamenduko obra Elkarten, Ballarainen, Berriogoitin eta Berriobeitin” izeneko proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2021eko abenduaren 23an, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak honako hauek erabaki zituen: “Saneamenduko obra Elkarten, Ballarainen, Berriogoitin eta Berriobeitin” izeneko proiektua onestea, desjabetze espedienteari hasiera ematea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea, eta jendaurrean jartzea, hamabost egunez. Desjabetzearen onuraduna Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde iraunkorrak, 2022ko apirilaren 11n, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar erabilera publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua egiteko ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar dira, Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeiti herrietako hobi septikoen egoera kaskarrari irtenbidea eman behar zaiolako, eta Gipuzkoako errepidearen bi aldeetan dauden enpresa pribatuen araztutako hondakin urak husteko saneamendu sare publiko bat sortu behar delako, zeinak Urtxiki ibaiaren emari urri eta gorabeheratsuaren gainean zuzeneko ukipena izanen baitu.

Bestalde, beharrezkoa da obrak udan egitea, alorretan egin beharreko lur mugimenduak euri gutxien egiten duen sasoian egiteko eta, hala, laborantza-lurzoruak ahalik eta gutxien ukitzeko. Egun horietan eginez gero, gainera, gauzatze tekniko hobea bermatuko da, eta segurtasun handiagoa izanen da lurrak erauzten eta hodiak sakonera handiko zangetan jartzen aritzen diren langileentzat.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea “Saneamenduko obra Elkarten, Ballarainen, Berriogoitin eta Berriobeitin” izeneko proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaezko desjabetzea egiteko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2208150