117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

127/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”) 3. inbertsio lerroan (“Espainia, lurralde irisgarria” plana). DDBN identifikazioa: 629641.

2020ko abenduaren 22an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratu zen Europar Batasunaren Suspertzerako Bitartekoa, zeinak, 750.000 milioi euroko zuzkiduraz, COVID-19ak eragindako krisiaren osteko susperraldiari lagundu nahi baitio. Bitarteko horretan hainbat laguntza-lerro daude jasota, eta horietako bat da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM), maileguak eta dirulaguntzak emateko 672.500 milioi euro erabilgarri dituena, EBko herrialdeek abiarazitako berritze-lan eta inbertsioak laguntze aldera. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araubidea.

2021eko apirilaren 27an, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluaren erabakiz, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onetsi zen. Hartan zehazten dira 2021-2023 aldirako inbertsioak eta berritze-lanak.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako funtsen kargura, 910,3 milioi euro eman zitzaizkion Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren 2021eko ekitaldiko aurrekontuari “Zaintzen ekonomia eta berdintasun- eta inklusio-politikak indartzea” ardatzerako (ardatz hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dago).

Abenduaren 30eko 36/2020 Errege lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak onetsi ziren administrazio publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko, eta zenbait tresna juridiko ezarri ziren Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko; tresna horietako bat dira lankidetza-hitzarmenak. Hori horrela, aipatu hitzarmenak esku hartzen duten administrazio publikoek erabiliko dituzten bitartekoak dira, proiektuak eta horien mugarriak eta helburuak eta bakoitzerako ezarriko den finantzaketa adosteko.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak hamar politika eragile ezartzen ditu, eta horiek zehaztuko dute herrialdearen etorkizuneko bilakaera, hazkunde jasangarri eta inklusibo baten bidez. Planaren garapen osoan irisgarritasun unibertsala hobetzea aurreikusten da, ikuspegi integral batetik. Ikuspegi honen oinarrizko printzipioa eskubide sozialetan oinarritzen da, pertsona guztiek mota guztietako zerbitzuak berdintasunez eskuratzen dituztela bermatzeko; beraz, inbertsioen zati bat irisgarritasun unibertsala indartzera bideratuko da zuzenean.

2021eko uztailaren 16an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko.

Hitzarmen horretan aditzera ematen denez, guztira 39.582.262 euro eman zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 22. osagaiari lotutako proiektuetarako. Proiektu horiek bat etorri beharko dute gizarte-zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuekin.

22. osagai honetan proposatutako berritze-lan eta inbertsioen artean, 3. inbertsioa dago, “Espainia, lurralde irisgarria” izeneko plana. Inbertsio hori irisgarritasuna ikuspegi integral batetik hobetzean datza.

Abenduaren 10eko 1100/2021 Errege Dekretuaren bidez, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei 50 milioi euroko dirulaguntza batzuk zuzenean ematea arautu zen, “Lurralde proiektu berriak, etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko” izeneko inbertsioaren jarduketetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Nafarroako Foru Komunitateari, guztira, 637.548,12 euroko zenbatekoa egokitu zitzaion.

1100/2021 Errege Dekretuaren zioen azalpenean adierazten denez, Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina, besteak beste, irisgarritasun unibertsalaren printzipioak zuzentzen du (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Aipatu legeak, bere 2. artikuluan, honela definitzen du irisgarritasun unibertsala: inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek bete behar duten baldintza, pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izateko, segurtasunez eta erosotasunez eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere.

Gainera, Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren 22. artikuluan ezartzen da desgaitasuna dutenek eskubidea dutela modu independentean bizitzeko eta bizitzako alderdi guztietan bete-betean parte hartzeko; horretarako, botere publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte inguruneetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko, gainerako pertsonen baldintza berberetan. Eskubide hori oinarri hartuta, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintza batzuk arautu dira eraikinetara sartzeko eta horiek erabiltzeko, eta epe eta baldintza jakin batzuetan eskatu ahal izanen dira.

Era berean, 39. artikuluan, irisgarritasunerako neurri publiko batzuk ezartzen dira, eta, hala, administrazio publikoek titulartasun pribatuko higiezinak egokitzea sustatu behar dute, laguntzak, salbuespenak eta dirulaguntzak ezarriz; horrez gain, azpimarratzen da neurri zehatzak ezarri behar direla diskriminazioak prebenitzeko edo ezabatzeko, bai eta desabantailak edo zailtasunak konpentsatzeko ere, kontuan hartuta desgaitasun-mota eta -maila desberdinak, horien arabera bideratu beharko direlako bai hasierako diseinua, bai lege horrek aipatzen dituen ingurune, produktu eta zerbitzuen arrazoizko doikuntzak.

“Espainia, lurralde irisgarria” planak helburu du oinarriak ezartzea inguruneak eraldatzeko, ibiltzeko modukoak edo irisgarriak izan daitezen pertsona guztientzat, salbuespenik gabe.

Inbertsio horiek erabiliko dira Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra betetzeko, pertsona horien eskubideak konpondu eta zabaltzeko, eta eskubide horiek eragingarritasunez egikaritzeko.

Erabilera pribatuko eraikinen irisgarritasuna ez da soilik pertsona guztiok ditugun eskubideekin lotzen, Espainiako Konstituzioak adierazten duen bezala, baita bizikidetza- eta elkartasun-printzipioekin ere. Izan ere, printzipio horien bidez arautu behar dugu beharrak dituzten pertsona guztiak ahalik eta modu autonomoenean bizi ahal izan daitezen, askatasunez aukeratzeko eskubidea egikarituz eta isolamendu-egoerak saihestuz.

Horri pertsonarengan zentratutako zainketen arreta eredua gehitu behar zaio. Eredu horrek arretaren muinean jartzen ditu pertsonak, eta laguntza ematen die beren ingurunearen, zainketen eta eguneroko bizitzaren kontrola izaten jarrai dezaten, etxean ahalik eta denbora gehien jarraitzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, agerikoa da etxebizitzetako irisgarritasun oztopoek eragin kaltegarria dutela adinekoen, desgaitasuna dutenen edo mendekotasuna dutenen ongizatean, gizarteratzean eta eskubideen erabileran.

Foru Komunitateari dagokionez, deialdi honen bidez eta 2022an eta 2023an garatuko diren beste zenbait jarduketaren bidez eginen da helburu hori lortzeko ekarpena.

Deialdiak bere egiten ditu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren berariazko kudeaketa printzipioak, Planari oro har zeharka aplikatzen baitzaizkio; kasu honetan, kudeaketa-txostenean hauei buruz adierazitako helburuak betetzeari dagozkio: etiketatze berde eta digitala, ingurumen-inpaktu negatibo nabarmena, iruzurraren prebentzioa, detekzioa eta zuzenketa, ustelkeria eta interesen arteko gatazka, Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta kostu bererako Europako finantzaketa bikoitza prebenitzea, funtsen amaierako hartzailea identifikatzea, eta, azkenik, plana gauzatzeari lotutako komunikazio-jarduketak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak ez dira Estatuko laguntzatzat hartzen, bat etorriz Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1.I) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira zenbait laguntza-kategoria, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat, baldin eta laguntza horiek ez badute eraginik Europar Batasuneko estatuen arteko merkataritza-jardunean.

Deialdiaren xedea irisgarritasun unibertsaleko jarduketak egitea da, pertsona fisikoei eta jabekideen erkidegoei laguntzak emanez, pertsona guztiek, bereziki adinekoek, desgaitasuna dutenek eta/edo mendekotasun egoeran daudenek, etxebizitzara sarbidea dutela ziurtatzeko.

Horrela, bada, dirulaguntza hauen interes publiko eta soziala irisgarritasunaren kontzeptuan oinarritzen da, hura oinarrizko elementua baita adinekoak, desgaitasuna dutenak eta/edo mendekotasun egoeran daudenak kalera irten ahal izan daitezen, beren etxeetan kalera joan gabe egotera behartzen zituzten arkitektura-oztopoak kentzen baitizkie.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko maiatzaren 25ean egindako bilkuran, baimena eman dio Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzen deialdi bat onets dezan etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”) 3. inbertsio lerroan (“Espainia, lurralde irisgarria” plana).

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia eta haren oinarriak onestea, foru agindu honekin bat, etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”) 3. inbertsio lerroan (“Espainia, lurralde irisgarria” plana).

2. 637.548,12 euroko gastua baimentzea, 2022ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko partida honen kargura, foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko:

AURREKONTUKO PARTIDA

2022

920005 93100 7800 231B00 “SEM Etxebizitzen irisgarritasunerako dirulaguntzak”

637.548,12 euro

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei emanen zaizkie dirulaguntzak. Eskaera bakoitzeko 10.000 euro emanen dira gehienez, eta aurrekontu-kreditu erabilgarriaren zenbateko osoa izanen da muga.

Bat etorriz 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 18/2021 Foru Legearen 58. artikuluan ezarritakoarekin (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkion gastu-kreditu exekutatugabeen txertaketak), deialdi honi esleitu baina 2022an exekutatzen ez den gastua 2023. urteari txertatzen ahalko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Deialdi honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, bai eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 26an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Dirulaguntzak, etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen
eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”) 3. inbertsio lerroan (“Espainia, lurralde irisgarria” plana). Oinarriak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, inbertsioak egin daitezen etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko obrak eta esku-hartzeak finantzatzeko, edozein pertsonak kaletik bere etxeko ateraino doan ibilbidea modu libre eta independentean egin ahal izatea ziurtatzeko.

2. Deialdi honekin betetzen da abenduaren 10eko 1100/2021 Errege Dekretua, “Lurralde proiektu berriak, etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko” delako inbertsioaren jarduketei buruzkoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautzeko, abenduaren 10eko 1100/2021 Errege Dekretuan araututakoaz gain, foru legean bertan eta oinarri arautzaileetan ezarritakoa aplikatuko da, bai eta honako hauetan ezarritakoa ere: 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta aurrekontuen eta dirulaguntzen arloan aplikagarri diren gainerako foru-arauak zein Estatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua eta 36/2020 Errege Lege-dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena.

2. Laguntzek bete beharko dituzte, batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, haren bitartez ezartzen baita Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa, eta, bestetik, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatu, jarraitu eta kontrolatzeko aplikatu beharreko barne-arauak, hauek zehazki: 36/2020 Errege Lege-dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena; HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurriei dagozkien mugarriak, helburuak eta aurrekontu zein kontabilitate arloan gauzatu beharrekoa betetzen dela jarraitzeko. Nahitaezkoa izanen da horien guztien aplikazioa.

3. Foru agindu honen bidez onetsitako deialdiaren babesean emandako dirulaguntzek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 56. artikuluan eta I. kapituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira laguntza-kategoria jakin batzuk, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat.

3. oinarria.–Laguntzak emateko araubidea.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

2. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, eta deialdiaren xederako 5. oinarrian adierazitako jarduketak egiteko erabiliko dira.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Foru agindu honen xedeko dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira deialdiaren 11. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak.

2. Eskatzaileak ezin izanen dira foru agindu honen babespean deitutako laguntzen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren baten ondorioz onuradun izateko debekuak ukitzen baditu eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik dirulaguntzak jasotzeko eskubideaz gabeturik badaude.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzen deialdi hau irisgarritasun unibertsaleko jarduketak finantzatzeko erabiliko da. Bi modalitate daude:

–A) modalitatea: “Familia bakarreko etxeetarako laguntzak”.

A. Jarduketa hauen xedea da bermatzea bide publikotik etxebizitzarainoko tartea irisgarria dela:

A.1. Kalearen eta higiezinaren arteko mailak eta eskailerak kentzea.

A.2. Etxebizitzara sartzeko ateak aldatzea.

B. Irisgarritasuna hobetzeko gailuak instalatzea edo helburu bera duten beste obra batzuk egitea:

B.1. Bideo-atezainak instalatzea.

B.2. Arrapalak eraikitzea eta egokitzea.

Deialdi honen ondorioetarako, familia bakarreko etxetzat joko da familia bakar batek osorik okupatzeko egiten den eraikina, eta isolatua, binakakoa edo atxikia izan daiteke.

–B) modalitatea: “Jabekideen erkidegoentzako laguntzak”.

C. Irisgarritasuna hobetzeko gailuak instalatzea edo helburu bera duten beste obra batzuk egitea:

C.1. Bideo-atezainak instalatzea.

C.2. Arrapalak eraikitzea eta egokitzea.

D. Jarduketak, helburu dutenak bermatzea bide publikotik etxebizitza bakoitzerainoko tartea irisgarria dela:

D.1. Kalearen eta higiezinaren arteko mailak eta eskailerak kentzea.

D.2. Atarietara sartzeko ateak aldatzea.

E. Eraikinen irisgarritasuna hobetuko duten gailuak instalatzea gune komunetan:

E.1. Jasotzeko plataforma bertikalak eta eskailera-igogailuak.

E.2. Detektatzeko eta ateak automatikoki irekitzeko sistemak.

2. Diruz lagundu beharreko jarduketa guztiek bai Estatuan, bai autonomia-erkidegoetan nahitaez bete beharreko araudian jasotako parametroak bete beharko dituzte. Zehazki:

a) Estatuan, Eraikingintzaren Kode Teknikoan jasotakoa bete beharko da (Erabiltzeko segurtasunari eta eskuragarritasunari buruzko oinarrizko agiria eta Suteetarako segurtasunari buruzko oinarrizko agiria).

b) Autonomia-erkidegoan, irisgarritasunari buruzko araudi autonomikoan jasotakoa bete beharko da.

c) Udalei dagokienez, kasu bakoitzean irisgarritasunari buruzko udal ordenantzan jasotakoa bete beharko da.

Bestalde, bide publikoa okupatzea dakarten jarduketek uztailaren 23ko TMA/851/2021 Aginduan ezarritako parametroak bete beharko dituzte (agindu horren bidez, irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa garatu zen, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen), bai eta, espazio publiko urbanizatuei dagokienez, irisgarritasunaren arloko erkidegoko eta tokiko araudiek ezarritako parametroak ere.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen bidez deialdi honetako 5. oinarrian (Jarduketa diruz lagungarriak) adierazitako jarduketak baino ez dira finantzatuko. Jarduketa horiek xede dute etxebizitzen irisgarritasuna erraztea eta bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea, deskribatutako inbertsioak eta egokitzapenak eginez.

2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira foru agindu honen 16. oinarriaren 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik egiazki ordaindutakoak, diruz lagundutako jarduketaren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean hasitako eta egindako jarduketekin bat datozenak.

3. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. Ondorio horietarako, honako kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:

–Gailuak erosteko kostuak.

–Egokitzapen-jarduketa gauzatzeko behar diren materialen kostuak.

–Jarduketari dagokion obra zibila gauzatzearen kostuak.

–Jarduketak eskatzen dituen instalazioak muntatzeko kostuak.

–Diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko beharrezkoak diren beste ondasun edo ekipamendu batzuk eskuratzea.

4. Oro har, gastu diruz lagungarriek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko Erregelamenduaren 5., 9. eta 22. artikuluetan xedatutakoa errespetatu beharko dute (erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du).

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua aplikatzetik eratorritako ingurumen-arloko arauak errespetatzen ez dituzten proiektuak edo gastuak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du), bereziki erregai fosilekin zerikusia duten inbertsioak, horiek gerora erabiltzea barne.

7. oinarria.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Ez da gasturik ordainduko baldin eta gastu horiek ez badute lotura zuzena eta beharrezkoa deialdi honen 5. oinarrian adierazitako jarduketekin edo jarduketa horiek gauzatzeko beharrezkoak diren obrak egitean sortutako gastuekin. Nolanahi ere, ez dira diruz lagunduko:

a) Finantza-gastuak.

b) Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta berariazko administrazio-gastuak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

8. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta Europako funtsen bidezko finantzaketa bikoitza prebenitzea.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek helburu bererako ematen dituzten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, baita Estatuko edo nazioarteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek ematen dituztenekin ere; aitzitik, ez da inolaz ere bateragarria izanen gastu beretarako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eta Europar Batasuneko beste programetatik finantzaketa bikoitza eskuratzea.

Diruz lagundutako jarduketetarako foru agindu honen babespean emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, foru agindu honen VI. eranskineko ereduaren araberakoa.

Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek.

9. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

9.1. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskabide bakarra aurkeztuko dute, A) edo B) modalitateei dagokien ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuaren webgunean eskuratzen ahal da, eta bertan adieraziko dira dirulaguntzaren xede diren jarduketa guztiak.

Pertsona fisiko partikularren kasuan, II.A) eranskineko eskabidea aurkeztuko da: A) modalitatearen eskabidea, “Familia bakarreko etxeetarako laguntzak”.

Jabekideen erkidegoen kasuan, berriz, II.B) eranskineko eskabidea aurkeztuko da: B) modalitatearen eskabidea, “Jabekideen erkidegoentzako laguntzak”.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko azaroaren 30ean amaituko da, edo deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa agortu denean, azken hori lehenagokoa bada. Egun hori iritsita, deialdiaren aurrekontua agortu ez bada, eskabideak aurkezteko epea luzatzen ahalko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez.

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra), horretarako prestatutako eskabide-eredua erabiliz, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak berariaz onartzea.

9.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Deialdi honen babesean emandako laguntza eskatzen duenak jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko du, Eskubide Sozialetako Departamentuan aldez aurretik aurkeztutako dokumentazioa izan ezik, laguntza-eskaera baloratzeko prozesua has dadin:

a) II.A) edo II.B) eranskinaren araberako eskabidea, behar bezala beteta eta eskatzaileak edo, hala badagokio, haren ordezkariak sinatuta.

Eskatutako laguntza-modalitateari dagokion eskabide-ereduarekin bat ez datozen eskabideak (horiek deialdiaren fitxan daude eskuragarri: II.A) eranskina edo II.B) eranskina) edo behar bezala beteta ez daudenak, edo eskatzailearen sinadura ez dutenak, ez dira zuzentzat joko, eta, beraz, zuzendu egin beharko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin.

b) Laguntza eskatzen duenaren eta/edo haren ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN), atzerritarren identifikazio zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopia.

B) modalitateko laguntza eskatzen bada, jabekideen erkidegoaren ordezkari gisa identifikatutako pertsonak, Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN), atzerritarren identifikazio zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopiaz gain, ordezkaritza hori egiaztatzen duen dokumentuaren kopia ere aurkeztu beharko du, baita jabekideen erkidegoaren identifikazio fiskaleko kodearen (IFK) kopia ere.

c) A) modalitatearen kasuan, eskatzailea bizi den lekuko udalak emandako erroldatze-ziurtagiria, eskatutako gutxieneko antzinatasuna jasotzen duena.

B) modalitateko laguntza eskatzen bada, jabekideen erkidego eskatzailean bizi diren pertsona guztien erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da, etxebizitzen %50 baino gehiago ohiko etxebizitza gisa erabiltzen direla egiaztatzeko.

d) Dirulaguntzaren xede den jarduketaren justifikazioko kontua, III. eranskinaren arabera.

Egindako jarduketetarako laguntza ekonomikoa eskatzen bada, diruz lagundu nahi diren gastuen faktura edo frogagiri guztiak adieraziko dira. III. eranskina behar bezala beteko da, eta hari erantsiko zaio justifikazioko kontuan aipatutako gastu-dokumentu guztien kopia bat, bai eta gastu horiek ordaindu izanaren frogagiri guztien kopia bana ere, deialdi honetako 15. oinarrian (“Finantzatu beharreko gastuen justifikazioa”) ezarritakoa betetzeko.

Eskatzaileak oraindik ordaindu ez dituen gastuak ordaintzeko eskatzen badu laguntza ekonomikoa –irisgarritasunaren jarduketa egiteko eta behar diren instalazio- edo egokitze-lanak egiteko–, aurreikusitako gastu guztien zerrenda adierazi beharko du aurkeztu beharreko justifikazioko kontuan (III. eranskina). III. eranskina behar bezala beteko da, eta egin beharreko jarduketaren aurrekontuaren kopia erantsiko zaio. Bertan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: enpresa hornitzailearen identifikazio-datuak, aurrekontua egiteko data, eskatzailearen datuak eta egin beharreko jarduketa gauzatzeko aurrekontuan sartutako gastuen kontzeptuak banan-banan zehaztuta.

e) III. eranskinarekin batera (“Jarduketaren justifikazioko kontua”), honako hauek aurkeztuko dira: egindako edo, oraindik gauzatu ez bada, aurreikusitako jarduketaren memoria, teknikari profesional eskudun batek egindako proiektuaren kopia (ikus-onetsia), eta beste txosten batzuen kopia, baldin eta beharrezkoak izan badira finantzatu beharreko jarduketa gauzatzeko.

Memoria horretan dokumentazio grafikoa jaso beharko da, ahal dela koloretako argazkiak, finantzatu beharreko jarduketaren xede den eremuaren aurretiko eta ondorengo egoera jasotzen dutenak.

f) Hala badagokio, helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzaren ebazpenaren edo emakida-dokumentuaren kopia. Dirulaguntza horiek eskatutako laguntzarekin bateragarriak izan beharko dute, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, Estatuko edo nazioarteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek emanak.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (IV. eranskinaren arabera), Nafarroako Gobernuarekin banku-konturik eduki ezean.

h) Laguntzaren onuradunaren edo haren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako debekuen eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko.

i) B) modalitateko laguntza eskatzen bada, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Jabekideen erkidegoaren akta edo erkidegoaren zuzendaritza-batzordeko idazkariaren edo presidentearen ziurtagiria, dirulaguntzaren xedeko jarduketa onesten duena, onetsitako aurrekontuaren zenbatekoa adierazita.

–Jarduketak ukitutako eraikinean dauden etxebizitzen eta bulegoen kopurua egiaztatzen duen agiria.

–Eraikinean bizi diren adinekoen, desgaitasuna dutenen edo mendekotasun egoeran daudenen Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN), atzerritarren identifikazio zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopia.

j) Dirulaguntzen eskatzaileek eranskin hauetako adierazpenak aurkeztu beharko dituzte:

–V. eranskina: Betekizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

–VI. eranskina: Finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena dirulaguntzen edo hirugarrenen laguntzen bidezko finantzaketak ez duela obraren edo jarduketaren %100 gainditzen eta ez dagoela Europar Batasuneko funtsen bidezko finantzaketa bikoitzik.

–VII. eranskina: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena, barne hartzen dituena ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko konpromisoa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitekoa.

–VIII. eranskina: Berariazko sarbide-baimena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

9.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Ez badira eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkezten, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

10. oinarria.–Prozedura eta organo eskudunak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da.

Eskabidea aurkeztu den egunaren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, baldin eta eskabidearekin batera deialdi honen oinarrietan eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu badira, eta horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Eskaera batek zuzenketa eskatzen badu, eskaera hori baloratzeko kontuan hartuko den data eskatutako zuzenketaren aurkezpen telematikoaren datari dagokiona izanen da.

2. Dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko ardura Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalarena da (atal hori atxikita dago Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari), eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu egoki jotzen dituen nahi beste jarduketa, kasuan kasuko ebazpen-proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.

3. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

11. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Foru agindu honen xede diren laguntzen onuradun izaten ahalko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) A) modalitateari dagokionez (“Familia bakarreko etxeetarako laguntzak”), eskatzaileak 75 urtetik gora izan behar ditu, edo desgaitasuna izan eta/edo mendekotasun egoeran egon; Nafarroako Foru Komunitateko edozein tokitan kokatutako familia bakarreko etxe batean bizi behar du, eta etxe hori izanen da ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen duena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen hildako pertsona fisikoak ezin izanen dira onuradun izan.

B) modalitateari dagokionez (“Jabekideen erkidegoentzako laguntzak”), eskatzaileak familia anitzeko eraikinetako jabekideen erkidego bat izan behar du, jabetza horizontalaren araubidean, eta bertan, gutxienez, mugikortasun urria duen pertsona bat bizi behar da, eta etxebizitzen %50, gutxienez, bere jabeen edo errentarien ohiko bizilekua edo bizileku iraunkorra izan behar da laguntza eskatzeko unean.

Deialdi honen ondorioetarako, pertsona batek mugikortasun urria duela ulertuko da, baldin eta:

–75 urtetik gora baditu.

–%33ko edo hortik goitiko desgaitasun maila aitortua badu.

–Mendekotasun aitortua badu.

B) modalitateko eskaeretan, birgaitzeko obrak edo esku-hartzeak eraikuntzako elementu komunetan, instalazioetan edo etxebizitzen zerbitzu komunetan eginen dira.

b) A) modalitateko eskaeren kasuan, eskatzaileak egiaztatu beharko du eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan dela, egiazki eta jarraian.

B) modalitateko eskaerei dagokienez, jabekideen erkidegoak egiaztatu behar du erkidegoan bizi diren pertsonetako bat, gutxienez, mugikortasun urria duen pertsona bat dela, eta Nafarroan bizi izan dela, egiazki eta jarraian, deialdiaren dataren aurreko bi urteetan gutxienez.

c) Bi modalitateetan, egiaztatu behar da beharra dagoela dirulaguntzaren xede den irisgarritasunaren jarduketa egiteko, eta horretarako, dokumentazio grafikoa aurkeztu behar da, jarduketa gauzatu aurreko egoerari buruzkoa, bai eta irisgarritasun oztopoa kentzeko diruz lagundu den jarduketa egin ondoko egoerari buruzko material grafikoa ere.

d) B) modalitateko eskabideen kasuan, diruz lagundu nahi diren jarduketek erkidegoaren adostasuna izan beharko dute beharrezko obrak egiteko, jabe bakarreko eraikinen kasuan izan ezik.

e) Eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga arloko betebeharrak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Eskatzaileak ezin izanen dira foru agindu honen babesean deitutako laguntzen onuradun izan baldin eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren baten ondorioz onuradun izateko debekuak ukitzen baditu eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik dirulaguntzak jasotzeko eskubideaz gabeturik badaude.

12. oinarria.–Kontzeptu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

12.1. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Deialdi honen 5. oinarrian adierazitako jarduketak baino ez dira izanen diruz lagungarriak, 6. oinarrian deskribatutako gastuak jasotzen badituzte.

Dirulaguntza honen xede diren obrak edo jarduketak hasi gabe, hasita edo amaituta egon daitezke dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean. Bukatutako jarduketen kasuan, obrak 2022ko urtarrilaren 1ean edo geroago amaitu beharko dira.

2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 30era bitartean jarduketa horiengatik egindako eta amaitutako gastua bakarrik laguntzen ahalko da diruz, baldin eta behar bezala justifikatzen bada; horretarako, gastua eta ordainketa benetan egin direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzaren eskatzaileak, deialdi honen 15. oinarrian eskatzen den bezala.

12.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Bi modalitateetan, dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileak behar bezala justifikatutako gastuen guztizko zenbatekoaren %80 izanen da, instrukzio-organoaren txostenaren arabera.

Onuradun bakoitzari emanen zaion dirulaguntza, gehienez ere, 10.000 eurokoa izanen da.

13. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza emateko ebazpena, instrukzio-organoaren proposamenari jarraikiz.

Ebazpena 3 hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko da, interesdunak eskabidea aurkezteko kontuan hartu beharreko egunetik zenbatzen hasita, deialdi honen 10. oinarriari jarraikiz. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, eskatzaileak ulertzen ahalko du eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

14. oinarria.–Ebazpenaren kontrako errekurtsoa.

Ebazpen berariazkoaren edo presuntziozkoaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan aurreikusita dagoenarekin.

15. oinarria.–Finantzatu beharreko gastuen justifikazioa.

15.1. Egindako gastuaren frogagiriak.

Egindako gastuak fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez frogatuko dira.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz, dirulaguntzaren eskatzaileak egindako gastua justifikatzen duten faktura guztiek honako datu hauek izanen dituzte:

i. Faktura zenbakia.

ii. Faktura egin zeneko eguna.

Fakturak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 30era bitarte igorria izan beharko du.

iii. Faktura egin behar duenaren nortasun-datuak:

  • a. Izen-deiturak edo sozietate-izen osoa.
  • b. Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • c. Helbidea.

iv. Fakturaren hartzailearen (dirulaguntzaren eskatzailea) nortasun-datuak:

  • a. Izen-deiturak edo sozietate-izen osoa.
  • b. Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • c. Helbidea.

v. Fakturaren xede den jarduketaren deskribapena, zergarik gabeko unitateko prezioa barne, baita unitateko prezioan sartzen ez den edozein deskontu edo beherapen nahiz guztizko kontraprestazioa ere.

vi. Eragiketari aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa.

Faktura bidez dokumentatutako erosketa BEZa aplikatzetik salbuetsita badago, salbuespen hori fakturan agertu beharko da.

15.2. Eskatzaileak egindako ordainketaren frogagiriak.

Auditoretzako arrastoa bermatzeko, fakturetan horiek ordaintzeko modua adierazi beharko da, eta ez da onartuko eskudirutan ordaintzea.

Dirulaguntzen deialdi honen justifikazioan honako ordainbide hauek baino ez dira onartuko:

–Eskatzailea titular duen kontuan kargua eginda,

–Bankuko transferentzia eginda enpresa hornitzailea titular duen banku-kontu batera,

–Laguntzaren eskatzailea titular duen banku-txartelaren bidez ordainduta.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, emandako dirulaguntza ordaintzeko, onuradunak egiaztatu beharko du dirulaguntzaren xedea bete duela, eta diruz lagundutako gastuak justifikatu beharko ditu, foru agindu honen 15. oinarrian ezarritakoaren arabera.

2. Laguntza ekonomikoen eskaera eskatzaileak dagoeneko egindako gastuetarako denean, dirulaguntza emateko ebazpenean ordainduko da onartutako dirulaguntza.

Eskatzaileak oraindik egin ez dituen gastuak ordaintzeko eskatzen badu laguntza ekonomikoa (irisgarritasunaren jarduketak egiteko), dirulaguntza emateko ebazpena ematean epe bat ezarriko da egindako gastua egiaztatzen duten agiriak eta dagozkien ordainagiriak aurkezteko, 15. oinarrian (“Egindako gastuen justifikazioa”) ezarritakoaren arabera. Diruz lagundutako gastuaren justifikazioa aurkeztu ondoren, aldez aurretik emandako dirulaguntza ordainduko da.

3. Nolanahi ere, diruz lagundutako irisgarritasunaren jarduketak justifikatzeko agiri ekonomikoak aurkezteko epea 2022ko abenduaren 30ean amaituko da.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzak aldatzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, eta, hala badagokio, oker jasotako dirua itzuliko da, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Bat-bateko gorabeherak direla medio proiektua gauzatzeko zailtasunak sortu eta ondorioz onuradunak ezin badu helburua bete, proiektua gauzatu edo dirulaguntza emateko oinarria zen jarduera gauzatu diruz lagundutako jarduerarako ezarritako irizpide, baldintza eta epeetan.

b) Jakiten bada onuradunak beste dirulaguntza edo laguntza motaren bat jaso duela dirulaguntzaren xede bererako eta ez duela horren gaineko aitorpenik egin, eta zenbateko guztiak batuta finantzatutako kopurua diruz lagundutako kostua baino gehiago bada, edo, kasua bada, dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren mugako ehunekoak baino handiagoa.

c) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen funtsezko aldaketa oro.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du aldaketaren gaineko erabakia.

3. Dirulaguntzak aldatzeko ebazpena emateko azken eguna 2022ko azaroaren 10a da.

18. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Foru agindu honen babesean emandako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan zen jarduketa gauzatzeko helburua betetzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Organo emaileari jakinaraztea beste administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.

e) Egunean edukitzea dagozkion tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu zain dagoen zorrik ez edukitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.

f) Organo emaileek egin ditzaketen kontrol- eta egiaztapen-jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatu jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.

j) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

k) Funtsen amaierako hartzaileak identifikatzea, dirulaguntzaren xedea kontratatzen den kasuan.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

19. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsek ezarritako beste betebehar batzuk.

1. Dagokien laguntza onartutakoan, onuradunek Eskubide Sozialetako Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartzen dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua betetzeko eskatzen zaizkien datuak eta informazioa eman beharko dituzte.

2. Mekanismoak ezarri beharko dituzte bermatzeko garatu beharreko jarduketak lagungarriak direla Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburu eta konpromisoak lortzeari begira, eta kasuan-kasuan beharrezkoa den informazioa emanen dute, plan horren adierazle, mugarri eta helburuen balioa zehazteko.

3. Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin bat etorrita, neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere.

4. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako irisgarritasunaren jarduketaren dokumentazioa gorde eta zaindu beharko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz.

Gorde beharko dituzte egindako jarduketaren eta jasotako funtsen erabilerari buruzko jatorrizko frogagiriak, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian. Kontabilitateko agiriak, erregistroak eta dirulaguntzaren baldintzak betetzearekin zerikusia duten gainerako agiriak gordetzeko betebeharra laguntza eman eta hamar urtez luzatuko da.

5. Onuradunek men egin beharko diete Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.

Dirulaguntza emateko nahitaezkoa izanen da onuradunek konpromisoa hartzea, idatziz, informazioaren gainean behar diren eskubideak eta sarbideak lagatzeko, bermatze aldera Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintaritza eskudunek beren egitekoak egin ditzaketela, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren 2. apartatuaren e) letran ezarritakoarekin bat. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen VIII. eranskina bete beharko dute, eta eskabidearekin batera aurkeztu.

6. Onuradunek bete beharko dituzte agintari eskudunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari loturik ezartzen dizkieten informazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34.2 artikuluan ezarritako informazio-, komunikazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa, deialdi honen 23. oinarrian adierazitakoarekin bat.

7. Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.

20. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenei jarraituko diete.

2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze-interesarekin, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.

Halaber, deialdi honetan jasotako funtsak itzuli beharko dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren printzipioak eta betebeharrak edo haren ondoriozko edozein alderdi betetzen ez bada, baita aplikagarri diren Europar Batasuneko gainerako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, eta, bereziki, “kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa urratzen bada.

3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

21. oinarria.–“Kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa betetzea. Hondakinen kudeaketa zuzenaren ziurtagiria.

1. Diruz lagundutako jarduketek bermatu beharko dute goitik behera betetzen dituztela, batetik, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa (do no significant harm –DNSH–), eta, bestetik, helburu klimatiko eta digitalak, hala ezarrita baitago Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (ministroen kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsia), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen otsailaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 241/2021 (EB) Erregelamenduan, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikuluan, eta azkenik, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren proiektuak diseinatu eta gauzatzeko ebaluazioa onesten duen Kontseiluaren Gauzatze Erabakiaren Proposamenean.

2. Berritze-lanak egiten badira, pertsona onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragitea” printzipioa (“do no significant harm” delakoa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

3. Berritze-lanak egiten badira eta hondakinak ezabatu badira, dokumentazioarekin batera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eraikuntza eta eraispenetako hondakinak (EEH) transferitu eta tratatzeko gunearen ordezkariak sinatuta, frogatuko duena hondakinak zuzen kudeatu direla, bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 2.D eranskinean ezarritakoarekin. Foru Dekretu horrek garatzen du otsailaren 1eko 108/2008 Errege Dekretua.

Ziurtagiriak, EEHen kudeaketan erabateko trazabilitatea bermatzeko aukera ematen duenak, honako informazio hau emanen du gutxienez:

–EEHen sortzailearen edo jatorrizko kudeatzailearen izena.

–Jatorrizko obraren deskribapena eta lizentzia-zenbakia, beharrezkoa bada.

–Jasotako kopurua, tonatan.

–Egindako eragiketaren kodea (D edo R, dagokiona).

4. Irisgarritasunaren jarduketaz arduratzen diren eragileek hondakinen hierarkia printzipioari jarraituko diote, eta lehentasuna emanen diete prebentzioari, berrerabiltzeko prestaketari, birziklapenari, balorizazio energetikoari eta, azkenik, ezabatzeari, baldin eta ingurumenaren ikuspuntutik posible bada.

Jarduera garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntza-materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso kezkagarririk ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskineko baimenaren menpeko substantzien zerrendan daude identifikaturik.

EBko hondakinak kudeatzeko protokoloan proposatutako neurriak gauzatuko dira, eraikuntza-lanetan hondakinen sorrera mugatzeko. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza-teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

22. oinarria.–Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurriak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren edozein fasetan parte hartzen duten pertsona guztiek, baldin eta edozein organoren, laguntzen entitate kudeatzailearen, gauzatzailearen edo onuradunaren menpe edo haren ordezkari gisa jarduten badira, zinpeko deklarazio bat egin beharko dute, zein bere esparruan, aditzera emateko dirulaguntza honen xedeko funtsak aplikagarri diren arauekin bat erabili direla, zehazki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, atzeman eta zuzentzeari dagokionez.

2. Balizko interes-gatazka dagoela ulertuko da, eta, hortaz, abstenitzeko beharra, honako inguruabar hauek gertatzen direnean, gutxienez:

a) Laguntza edo finantzaketa jaso izana, aurreko bi urteetan, ikerketa baterako edo ikerketa baten esparruan.

b) Lan-harremana edukitzea, edo azken bi urteetan eduki izana, aholkulari-lanetan, kasuan kasuko osasun-industriako konpainia batekin.

c) Akzioduna izatea edo interes ekonomikoak edukitzea kasuan kasuko entitate onuradunen batean, edo aurreko bi urteetan akzioduna izandakoa izatea.

d) Laugarren gradurainoko odol-ahaidetasuna izatea, edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna, prozeduran esku hartzen duten interesdunekin, entitate interesdunen administratzaileekin, aholkulariekin, mandatariekin edo, legezko ordezkariekin.

4. Espedientearen tramitazioan eta kudeaketan parte hartzen duen edonork zalantza badu ea, aurreko puntuaren eta/edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera, abstentzioa bidezkoa egiten duen inguruabarren batean dagoen, instrukzio-organoari jakinarazten ahalko dio, hark azter dezan.

23. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi honen ondoriozko jarduketen publizitatea egitean, edozein dela bitartekoa, bai eta instrukzio-organoak bere jarduketetan sortutako dokumentazio guztian ere, berariaz adierazi beharko da jarduketak finantzatuak izan direla Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, bat etorriz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin.

Honi dagokionez, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak, bai Nafarroako Gobernuaren webguneko laguntzen fitxaren bidez, bai Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunen zerrenda eta emandako laguntzen zenbatekoak.

Bai Nafarroako Gobernuaren webgunean, bai Eskubide Sozialetako Departamentuarenean, Europar Batasunaren ikurra agertuko da, bai eta deialdi honi erantsitako dokumentazio guztian ere, jarraikiz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Marka Eskuliburuaren argibideei.

24. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun direnak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

25. oinarria.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

26. oinarria.–Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzea eta benetako titulartasunetara sartzea.

1. Dirulaguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dago, martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.

2. Foru Komunitateko Administrazioak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan aurreikusitako organoek (erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) sarbidea izanen dute Benetako Titulartasunen Erregistroan eskatzaileei buruz jasotako informaziora, edo, bestela, Administrazioaren beste datu-base batzuetara, benetako titularren datu horiek baldin badituzte, bat etorriz apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege-dekretuan xedatutakoarekin. Errege Lege-dekretu horren bidez, Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa egiten da, gai hauetan: lehia, kapitalak zuritzearen prebentzioa, kreditu entitateak, telekomunikazioak, tributu arloko neurriak, ingurumen kalteen prebentzioa eta oneratzea, langileen joan-etorriak nazioz haraindiko zerbitzuak ematean eta kontsumitzaileen defentsa.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako datu-baseetako informazioa Europako Funtsen Sistemari lagatzen ahalko zaio, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II.A) eranskina.–A) modalitatea, “Familia bakarreko etxeetarako laguntzak”.

II.B) eranskina.–B) modalitatea, “Jabekideen erkidegoentzako laguntzak”.

III. eranskina.–Justifikazioko kontua.

IV. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

V. eranskina.–Betekizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena dirulaguntzen edo hirugarrenen laguntzen bidezko finantzaketak ez duela obraren edo jarduketaren %100 gainditzen eta ez dagoela Europar Batasuneko funtsen bidezko finantzaketa bikoitzik.

VII. eranskina.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena.

VIII. eranskina.–Berariazko sarbide-baimena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

IX. eranskina.–Interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA).

Deskargatu I. eranskinetik IX.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207919